20
Haritzen eskolako paper zaharrak nostalgiaz ordenatzen ari zela, atentzioa eman zion testu bat euskaraz egoteak; biok batera asmatutakoak ez beste guztiak espainolez idazten zituen. Letra oso txarra kontuan hartuta, kartzelara bisitak egiten hasi aurrekoa zen.
“Bazen behin neska bat Zarauzkoa zena eta Ama zuen izena. Ona zen baina poliziak persegitzen zuen eta Iparraldera eskapatzen zen eta bizi zen pisu txiki batean liburu askorekin. Semea zen dragoi baten laguna, dragoi oso jakintsua eta handia. Dragoiak Ama hartu zuen eta gaztelu gorri handi batera eraman zuen, izena Yeserias eta gero ere semea eraman zuen eta aita eta denak. Hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila Sodupeko plazan”.
Yeseriasen behin, autonomo batek ohartarazi zion askatasunik ez zela, emakumeek kanpoan beste kartzela bat zutela zain, mundua ez zela horretan batere aldatu. Eta arrazoi. Iparraldean, sofa partekatzen zuten Txumak eta umeak. Sodupen, berriz, senar-emazte oheaz gain, Haritzen ohetxoa besterik ez zegoen, eta egongelako sofa, txikiegia. Laster emango zizkioten asteburuko baimenak; zer egin, orduan? Txumaren aurrean burua makurtzea. Haren ohean sartu beharko zuen?
Zalantza, beldur eta hutsegiteen gainetik maite zuen Txumak, baina ezin izan hark nahi zuen pertsona. Betiko zegoen markatuta. Zamatuta.
Ez, Olatzek ez zuen maite eta ezin aukeratu; nahi bai! Semeak behar zuen lehentasuna, urteak ziren baztertzen ari zela, ama txarra izaten. Bide errealista bakarra irekitzen zitzaion Haritzi egindako mina sendatzen hasteko.
Bizi osoko zigorra: ez zen inoiz bere gorputzaren jabe izango; nola izango zen, ba, bere bizitzarena?
Goiz batean ez zioten ateratzeko baimenik eman; ezin gauera arte hots egin abisatzeko. Biharamunean ere ez. Astebete geroago komunikatu zion abokatuak hirugarren gradua erretiratu zitzaiola. Arrazoirik ez.
Larunbat hartan ez zuen inor espero. Bisita-gelara eraman zutenean, ustekabe bikoitza: nor eta aitona Manuel. Gogoratzen zuenetik agure-itxuraz, ez zen asko zahartu. Kopeta pixka bat luzatu, begi azpiko poltsak puztu, sudurra eta belarriak handitu, zaintxoz bete. Txukun zihoan, belarriko ileak eta bibote grisa ondo moztuta, alkandora zuriaren lepoak distiratsu, marra ondo lisatuta galtza zein mahuketan. Eta ezkontza-eraztuna, behatza itotzen.
Behin ere ez zuten patxadaz aurrez aurre jardun; aitona ere deseroso. Hizketan hasi zen: amona Brigidak ez omen zuen barroteen atzean ikusi nahi, eta ez zela etorri, baina esateko ez zuela gogotik kentzen. Ia bi urte aitona jubilatu zela; errutinak bizi zuen. Erosketak berak egiten omen zituen, aspalditik; amonari, eskailerak luzeegi. Eta, bestela, paseoak, erronda lagunekin, karta-partida.
— Mutilzaharren moduan —broman hasi eta mingots bukatu.
— Nirekin haserre zaude oraindik? —Olatzek.
— Haserre?
— Edo minduta edo...
Begirada baztertu zuen Manuelek, sorbaldak altxa.
— Buelta dezente eman dizkiot eta ni... ez naiz inor juzgatzeko. Neroni ere jardun nintzen tiroka gerran.
— Ez zenuen kartzelan bukatu, ordea.
— Horixe dauka gerrak! Teofilo egon zen, kartzelan eta trabajadoreetan. Egin al zuen nik egin ez nuen ezer?
— Gerra galdu.
— Hitzak —buruaz ezezka—. Bala berdinekin tiratzen genuen, haragi berdinera —arnasa bota zuen nekatuta, begirada horman pausatu.
— Ez duzu zeure burua haien mailan jarriko, ezta? Herriaren kontra altxa zineten.
— Ez da hain erraza.
— Bada, bai.
Isilean geratu ziren, elkarri begiratu ezinik. Azkenean, hitz egiten hasi zen aitona, minetik:
— Momentu batean, egoerak gainezka egin zidan. Ezin nuen tiro gehiago jo eta beldurrak ito egiten ninduen. Lemoan geunden, don Jose Belate kapitainarekin. Gizon ausarta zen, taxuzkoa. Metraileta batzuen aurrera ateratzeko agindu ziguten, beste konpainia batek sorpresan atzetik erasotu ahal izateko. Maniobra suizida zen. Posizioa birritan irabazia genuen egun hartan, birritan galdu. Banan-banan agurtu gaitu Belate kapitainak, isilik itxaron du seinalea eta han igo dute kementsu lubakiko aldapatxoa. Dute. Neronek ezin; izuak paralizatu ninduen. Metraileten tiro-segidak aditu nituen, oihuak. Irurtzungo mutil bat ordu erdiz jardun zen garrasika, errematatu zuten arte.
— Eta konpainiako besteak?
— Hilda —negarrarekin borrokan. Ezkerreko eskua erakutsi zion, artikulaziotik hiruzpalau zentimetrotara zeukan orban itsusia, Olatzen modura—. Tiro jo nion nire pistolarekin, ospitalera eraman nintzaten. Badakizu nola bukatu nuen gerra.
— Bizirik irten zinen, behintzat.
Irribarre egin zuen tristeziaz, burua astinduz:
— Zerorrek baino dezente zama handiagoa daramat bizkar gainean.
— Nahiago nuke eramango ez banu.
— Beranduegi. Bizitzak, batzuetan, bide zailak jartzen ditu gaizki egin dugula ikusarazteko. Gerra... gaiztoa da oso. Bukatuta ere, soldaduskan segitu behar izan genuen. Halako batean, lizentziatu eta etxera itzuli nintzen. Ba al dakizu zer egin nuen? Biharamunean lanera joan. Gerra aurretik Orion ari nintzen. Bizikletaz, goizeko seietan. Negarrez egin nuen bide osoa.
— Aitona Teofilok-eta ez zuten aukera hori ere izan... —amorruari eutsiz.
Begiak malkotan zituen aitonak. Poltsikotik atera zuen tentuz tolestutako mukizapia, aurpegia lehortu. Olatz mutu; ikasia zuen vis a visetan korapiloak baztertzen, zauri txikienak ere gaiztotzen baitziren ziegako ordu luzeetan.
Aitonak eztarria garbitu eta hasperen egin zuen:
— Beldur diozu...?
— Inork zerbait egiteari? Garbituz gero, akabo sufrimendua. Pena, zuentzat.
— Justiziarekin zorrak kitatuta irtengo zara. Ezin dizute ezer ere aurpegiratu.
— Justizia... —irribarre ironikoa—. Hutsik dago hitz hori. Bihar lege bat aterako balute zure bibotea debekatuz, kartzelara ekarriko zintuzkete. Legala bai; justua ez. Aterako naute halako batean, eta nik baino min gutxiago egin duten askok barruan jarraituko dute.
— Eta gehiago egindako beste batzuk, berriz, sartu ere ez.
Pentsakor geratu zen aitona beste zerbait aitortzeko, baina irekitako ahoa itxi, burua astindu eta irentsi egin zuen.
Irailean, semetxoarekin eta beste ume batekin paseatzen ari zen Yoyes, Ordizian. Herriko jaiak ziren. Gizon bat hurbildu zitzaion: tiro bat izterrean, tiro bat bularraldean. Lurrera erori zen; tiro bat buruan.
Ordurako, etsita zegoen Olatz: nahiz eta reinsertzioa erregutu, nahiz eta kideak saldu, zigor osoa beteko zuen. Fronte guztietan porrot.
Hilabete geroago itzuli zuten hirugarren gradura; ezein periodikok ez zion berriari kosk egin eta laster hasi zen errutinarekin: goizean goiz Sodupera, gauean Basaurira. Lehenengo asteburuko baimena ere etorri zen, bigarrena, hirugarrena; astero jasoko omen zuen. Denak Sodupen eman zituen, ez baitzegoen artean prest Zarautzera bueltatzeko. Eretza mendira igotzea maite zuen, horizontera begiratzea oztoporik gabe: Zalla, Otxaran, Galdames, beste bizitza batean euskaldundu nahi zuen Enkarterri osoa. Gauean, Txumari egiten lagatzen zion.
Handik agian haren paranoia. Goizero aztertzen zituen kotxe-azpiak eta, Olatzekin ezkaratzetik ateratzean, ezker-eskuinera begiratzen zuen larri. Bere buruak gehiago beldurtzen zuen Olatz: ederki zekien zer egin zuen; ez, ordea, zer egin zezakeen, zer egiteko prest zegoen.
Ramon Perez Ocaρa askotan gogoratzen zuen, batzuetan Rosa eta Sara alaba. Zortzi urte izango zituen. Gerrako biktima zen, gerraren mamia. Gainera, atzera bueltarik ez; damuak bere buruari besterik ez zion laguntzen, egindakoa bere buru aurrean disimulatzen, zuritzen.
Ezin Haritzi sendatu eragindako zauriak.
Baziren hamaika urte Xantiotik ihes egin zuela. Bilbora joan aurreko gau motz hartan besterik ez zen itzuli. Haizatu behar zuen iraganeko azken mamua.
Sanpelaioak ospatu ohi ziren Zarautzen. Festak hasteko, gauerdian, herri osoak Pelaio zaindariaren ereserkia kantatzen zuen. Haritzi oparitu nahi zion zarauztarra eta euskalduna izatearen poza, sustraiak.
Asteazken batean izango zen gauerdiko kantaldia, ezin astegun buruzuri batean kartzelatik kanpo lo egin, baina agian, ostegunean... Asteak hartu zizkion hiru gauetako baimen berezia negoziatzeak; lortzear zegoela, eta militarrak 21 pertsona hil zituen Bartzelonan, Hipercor supermerkatuan, eta beste hainbat zauritu. Pikulinek kontatu zioten eta azkar-azkar gehitu zuten, beldurrez eta tentuz, etak abisua eman omen zuela eta poliziak ez omen zuela supermerkatua hustu nahi izan. Olatzek baimena besterik ez zuen buruan, kinka larrian zegoela.
Sei egun geroago hasiko ziren Sanpelaioak.
Bost. Lau. Hiru. Bi.
Etsien zegoenean, miraria: eman egin zioten. Trenez bidaiatu zuten ostegunean, iluntzean iritsi ziren. Jendetza zebilen pareko San Pelaio baselizaren inguruan. Olatzek poz urduria sumatu zuen sabelean, nerabezarokoa, hantxe katigatuta geratu izan balitz bezala.
Urrutian, Karmelo. Traje handiegian gizen. Ez al zebilen aholkulari Espainiako gorteetan? Bi kankailu zeramatzan atzean, liktore. Ederra katea hura ere.
Aitona-amonen muxu-festaren ondoren, zuzenean abiatu ziren Xantiora. Aitona Teofilo ate aurrean, tente-tente hurritz-makilari esker. Mikelek bertso bat bota zion. Olatz, gogotik saiatu arren, negarrez hasi zen; ezin aditu. Ikaragarria zen: etxean zegoen semearekin, etxean.
Baserriko usain ezagunetan blai, sakon egin zuen lo bere gela zaharrean, umetan bezain lasai, bitartean mende bat igaro izan ez balitz bezala.
Berandu esnatu, eta, gosaldu ondoren, kalera joan ziren bizikletaz, batean amona Xexili, bestean ama eta Haritz. Nahiz eta euskaraz hala moduz moldatzen zen, konfiantza zuen senideekin, Txumari esker.
Amona Brigidari bisita, hasteko. Ustekabean harrapatu zuten aitona Manuel eta azpiko kamiseta zuria soinean ireki zien atea, tiranteak tripontzi azpian pintzazko galtzei eusten. Pixka bat makurtu zen, besoak zabal-zabalik:
— ΏDσnde estα mi gigante?
Olatzek amorrua frenatu eta, muxu ematean, belarrira xuxurlatu zion:
— Euskaraz, faborez.
— Bai, bai. Hi, atera ezak bola! Eneee! Laster Supermanen pare ibiliko haiz, ikusi al duk pelikula? —patrikatik bizpahiru galletatxo atera eta banan-banan luzatu zizkion, txanponen moduan.
— Paxientziak!!! —Haritzek, poz-pozik.
Lixiba-usaina airean, amona Joxepiren garaietan bezala. Memorian baino txikiagoa zen etxea; sukaldeak geruza sotila zuen, zahar eta oliotsua. Salan zegoen Brigida, sofan eserita leiho ondoan, eguzkitan. Laurogeita hemezortzi urte, burua erloju bat. Erdi itsu eta ilea zuri-zuria, urratsak aditzean, zutitzen saiatu zen, irrikan.
— Ama, zer egiten duzu? Ez altxatu, mesedez.
— Isilik egon hadi! Nahi dudana egiten diat, oraindik nire semea haiz-eta —eta begien ilunpetan Olatz bilatuz—: etorri hona maitea, etorri amonarengana.
Bizikletak Brigidaren etxe azpian aparkatuta, oinez abiatu ziren udaletxe-plazarantz. Kaleak lepo zeuden; zer izango zen hura! Plazara iritsita, Makatzareneko izkinan, bihotzekoak jo zion Olatzi: Zigordia kaletik zetorren dotore, lerden, irribarretsu, heldu, nor eta Xabi. Ipuinetako printzesa zen emaztea; haien aurrean, seme praka-motza eta alabatxo begiztaduna, bien arropa oihal berarekin josia.
Beranduegi tximak txukuntzeko. Gainezka egin zion lotsak; hainbeste denbora pasata, ezagutuko al zuen? Jende inportantearen airea zerion, gustura zegoen bere buruarekin, agian perfekzioan pittin bat preso. Kasu egin nahi zion, baina nola, emaztearekin arazorik sortu gabe? Ez zuen ezer jakingo haietaz.
Xexilik lepoa tentetu, plazako animazioari bizkarra eman eta Zigordia kalerantz bultzatu zuen alaba. Olatzek astirik ez Modelo zinema ikustean memoria mingarriak ekartzeko: bazterrean, Alfontso zegoen, udarako epelean jaka gris bat soinean. Amaren eta semearen artean kateatuta, aurrera jarraitu behar izan zuen.