17
“Haritzek faltan botatzen dio bere amari”, Txumak argazki baten atzealdean. Olatzek segituan hartu zuen papera erantzuteko: “Ikusi besterik ez dut nahi”. Ez zekien zer gehiago erantsi. Kamustuta zeukan mihia, ezin sentimenduak adierazi. “Munduan gehien maite dudana da”. Eta sinatu egin zuen.
Zergatik ez hots egin? Gogor eutsi zion tentazioari. Buruz zekien telefonoa, baina Txumaren oniritzirik gabe ez zen ausartu. Eta beste emakume batek hartzen bazuen?
Bi astetara iritsi zen erantzun-gutuna. Txuma idazten irudikatu zuen, egongelan, telebista aurreko mahaitxoaren gainean: bisitatzeko baimena tramitatzen hasia zela zioen eta, dena ondo bidean, Haritzen seigarren urtebetetzeko opari berezia izango zela.
Semearen marrazki bat atxikita: eskuinean, Olatz irribarretsu eta eskutik Haritz pozik. Betaurrekoekin! Ezkerraldean, dragoi bat sekulako ρabardurekin egina: ezkata beltzak, ahutz zorrotzak, atzapar erraldoiak, suzko bafada izugarria. Eta, halere, beraiek zoriontsu, elkarrekin. “Amatxorentzat” zioen izenburuak letra txarraz; “h” sinatzen zuen, hatxeren makilatik lore bat hazten zela.
Olatz zorabiatu egin zen minez. Bizitza ere emango zuen une hartan semea besarkatu ahal izateko.
Geroztik, beste berririk ez. Orriak bete zituen semearen izenarekin, Haritz Haritz Haritz Haritz Haritz Haritz Haritz Haritz Haritz... Harik eta konturatu zen arte irakurtzearen irakurtzeaz ez zuela zirrararik sumatzen eta nahiago zuela sabeleko kalanbrea.
Ekainaren 11 zen larunbata, urtebetetzea baino bi egun lehenago. Goizean, ilea elkarri mozten jardun zuten hainbatek, baina Olatzek nahiago izan zuen beste baterako laga. Bihozkada, agian.
Bisitak hastear, “Maria Herrero Palacio”-rik goxoena. Ama-eta izango ziren edo... Badaezpada, txandalik gabe zegoen, txukun jantzita; eskerrak! Txuma eta Haritz ziren. Ia konortea galdu zuen: altu-altu zegoen umea, flekillo horia ondo orraztuta, alkandora zuria eta praka motz urdinak soinean, betaurreko metaliko handien atzetik lotsati bezain jakin-mintsu, hortz handiak oker.
Olatzek eskua jarri zuen kristalean, eztarrian tapoia.
— Opari bat ekarri dizu —Txumak urduri. Haritzek kartulinekin enkoadernatutako liburu bat erakutsi zion: Amatxoren liburua—. Zu ondo?
Olatzek baietz, hitz egin ezinik. Ez zuen negar egin nahi.
— Maitea...
— Etorri da bide osoa zutaz gauzak galdezka.
— Tenemos que hablar en espaρol, Txuma.
Haritzek haurtzaindegia bukatu eta irailean hasiko zen Avellaneda eskolan, egbko lehenengo mailan. Txumak pena zuen haurtzaindegian euskaraz ikasi ondoren, espainolez jarraitu beharko zuelako, baina beste aukerarik ez.
Irribarretsu tentetu zen umea. Aitak xaxatuta, segituan kontatu zizkion amatxori mila gauza, hitz eta pitz, hainbat kanta barne, Aldapekotik Athleticen ereserkiraino.
Gurasoen bisitetan, adi kontrolatzen zuen Olatzek kronometroa, jakin eta esan nahi zuen guztia dosifikatu ahal izateko. Semeari begira erlojua ahaztu eta funtzionarioak dekretatu zuen bukaera, bat-batean, goizegi. Txumak Haritz jaso behar izan zuen besoetan, amari agur egiten ziola eskuaz, negarrez. Kristalaren bestaldean bakarrik utzi zuten, arnasestuka, sabelaldean min zehatza, zorrotza eta puntaduna zuela. Ia ito beharrean, belaunikatu egin zen arnasa hartzeko.
Semearen oparia entregatu zioten eta papera busti zuen. Hiru orri ziren, erditik tolestuta eta grapatuta, 6 orrialdeko ale potoloa osatuz. Hiru atal, izenburua ezkerraldean eta eskuinaldean marrazki bana. Itsasoa: Amatxo eta Haritz Zarauzko hondartzan toldo zuri-urdin baten azpian. Sodupe: Amatxo eta Haritz plazako platanondoen itzalpean. Xantio: Amatxo eta Haritz baserri aurrean. Denetan eskutik hartuta, denetan zoriontsu.
Bakerik ez: azken bi polimiliak mugitu nahi omen zituzten Lleidako kartzelara. Miliengandik banatzeko maniobra zen eta denak matxinatu ziren, barrikadak altxatu koltxoiekin, aulkiekin, sukaldeko mahaiekin.
Napoleon ematen zuen Agurrek, postu batetik bestera korrika, posizioak zuzentzen, animoak ematen. Denek zekiten, ordea, ezingo zietela aurre egin. Guardiak jo eta su etorriko ziren laster, egurrean.
Isiltasuna hedatu zen moduluan, Gerra Handiko lubakietan erasoaren aurretik bezala.
Indarrez sartu zen uholde berdea, ezkutuak, kaskoak, borrak, gas lakrimogenoak, fusilak. Erraz puskatu zituzten barrikadak, hondartzako gazteluen moduan.
Miren Egaρaren txaboloan gorde zen Olatz, harekin eta alabatxoarekin. Guardiek dinbi-danba, ondo baino hobeto zekiten nor astindu; ez zuten haien atea ukitu ere egin.
Errepresaliak: bisita guztiak bertan behera utzi zituzten. Sine die.
Eta hurrengo hilabetera arte luzatzen bazuten debekua? Zer pentsatuko zuen semeak? Beste hutsegite bat.
Askoz lehenago hartu zuen erabakia, seguruenik Haritz bisita-gelan ikustean, baina hurrengo aukera kolokan ikusi arte ez zen jabetu. Bizi egin nahi zuen, bizi, eta barkamen eske idatzi zion Txumari: bizitza korapilatzeagatik, traizionatzeagatik, arriskuan jartzeagatik, baztertzeagatik. Globoak, zama-zama eginda, lurra jo zuen. Indarrik ez herriaren izenean sakrifikatzen jarraitzeko. Berekoia izanez eragingo zien min gutxien maiteenei.
Gau oso bat eman zuen negarrez eta, malkoek barrenak garbituta, energiaz beteta esnatu zen, edozeri aurre egiteko prest. Topatuko zuen leku bat hondartzan, mareatik kanpo. Gauza mordo bat zeukan egiteko. Eskerrik asko, ama: bisitaz bisita, paketez pakete, dei, gutun, periodiko. Olatz putzura erori zen bakoitzean, haren kateak eutsi zion, haren katetik igo zen.
Ez zuen, ordea, Agurrekin kontatzen. Bazkalondo horretan, txaboloan zegoen eta susmo txarra hartu zion Olatzen irribarre berriari, kemenari. Begira-begira geratu zitzaion, pentsakor. Olatz dardaran hasi zen.
— Eta txima horiek? —Agurrek—. Ez duzu orain ilea luzatzen utziko, ez?
Aipatu arte, ez zeukan batere asmorik.
— Esan didate unibertsitatera joan nahi duzula... joan edo. Zergatik?
Olatz izerditan: zer zekien? Sorbaldak altxa zituen mantso, paralizatuta.
Agurrek begirasunaz arakatzen jarraitu zuen:
— Ez ikasi abokaturako; Espainiako justizia gezur bat da.
Beste hiru baja izan zituzten, hirurak epaitu ondoren askatutako prebentiboak. Agurrek indizio gehiegi ikusi zituen: gobernua konspiratzen ari zen azken greba eta istiluetan erakutsitako indarra apaltzeko. Diskurtsoka hasi zen patioaldietan: borrokaren beharraz, damutuek presoei egindako minaz, sakrifizioaz, garaipenaz. Aljer, Txina, Errusia, Kuba, Nikaragua, El Salvador... Ze herrik eskuratu du askatasuna iraultza edo gerrarik gabe?
Funtzionario batek ekarri zion Olatzi unibertsitateko sarrera-proba egiteko baimena. Liburuak eskatu eta, behingoagatik, azkar helarazi zizkioten. Pozik ordezkatu zuen partxisa; matematikaren erresuman borrokatzea... hura plazera! Eta historia, fisika, filosofia. Kanpoko helburu bat zuen, bizitza arrunten modukoa.
Agurrek ere horrela ulertu zuen: ihesbide bat zen, taldetik bereizi nahi zuen Olatzek. Klausura-komentuko ama nagusiaren grinaz hasi zitzaion jazartzen, nobizia haragiaren bekatutik aldentzeko. Xinplea zen ekuazioa: Olatzek ez zuen gogoan ez Erakundea, ez borroka, ezta herriaren askapena ere; beraz, bere burua ari zen aurretik jartzen.
Eta arrazoia zuen. Nerabeen modura ari zen aldaketa bizitzen: harriduraz, bere dimentsio eta aukera berriek beldurtuta. Txaboloan geratzeko aitzakia oparitu zion ikasteak. Urteak ziren bakar-bakarrik egoten ez zela. Bere kabuz, isilean; musika ederragorik! Gainera, liburuek paperezko zuloak zabaldu zizkioten horman, haietatik ihes egin zezan, txorien antzera. Eta txoriak, eskolako gelan hegan, umeak aztoratu.
Bi hilabete luze joan ziren bisitak atzera baimendu arte. Denbora sobran beste proiektu bat aurrera eramateko: liburuei denbora kenduz, igeltsuzko maskara bat egin zion Haritzi. Pintatu ere egin zuen, kolore biziz.
Txumak aldez aurretik abisatuta, larunbat hartan soineko loreduna jantzi zuen, amari propio eskatua. Agurrek aurpegi zinikoa jarri zuen:
— Semearen aurrean seduzitu nahi duzu Txuma? Txima horiekin?
Erantzunik ez. Beldur zen bero sargoriak ez ote zion izerdia besapeetan nabarmenduko.
— Maria Herrero Palacio!
Bihotza taupaka: bularrean, lepoan. Adituta zegoen vis a visak gela batean egiten hasiak zirela: denek ikusgai, ia pasilloan bertan, mahaia, sofa zahar bat eta ohea, baina gela bat. Lehenengoa omen zen maindirerik gabe zihoana.
Atea ireki eta umea korrika sartu zen, besoak zabal-zabalik. Salto egin zion gainera, besarkatu, musukatu. Hain txikia zen! Eta delikatua, baina aldi berean indartsua, erreala. Olatz negarrez hasi eta besoekin inguratu zuen Haritz, begiak itxita. Txumak biak besarkatu eta kopetan eman zion musu.
Haren lurrina.
Minak min, maite zuen Txumak, merezi ez arren. Zergatik?
Lasaitu beharra zuen, bisita negarrez ez itotzeko. Eskerrak semea mainati hutsa zen: magalean eseri zitzaion, burua bularraren kontra.
— Oso guapa zaude ile luzearekin —Txumak, eta gorritu egin zen.
Olatzek paketea hurbildu zion semeari.
— Zer da? —irekitzen ari zela—. Norena? Zergatik?
Horrelako jakin-minik! Umeak.
— Aurpegia estaltzeko. Inauterietan —ze tonu ibili hitz egiteko?
— Ipiniko diogu soka bat —Txumak—. Eta kolgatuko dugu zure gelan.
Semeak pentsakor aztertu zuen.
— Jon Xantiok horrelako bat erabiltzen zuen —Olatzek, Ixabelen kontakizunak gogoratu nahian.
— Nor da Jon Xantio?
— Mutil bat. Heroi bat. Pixka bat zure antzekoa. Ez esan Jon Xantioren abenturarik ezagutzen ez duzunik? —umeak ezetz—. Kontatu beharko dizut, ba. Jon Xantio Mollarriko erresuman bizi zen eta... eta... —kartzelako hormaren kontra jo zuen memoriak.
— Badakizu zer? —Txumak—. Zergatik ez diogu amatxori eskatzen ipuin hori idazteko? —eta Olatzi—: Gau guztiak irakurtzen dugu bat.
— Ze ideia ona! —Olatzek—. Gutunez bidaliko dizuet. Eta orain —kilimak egin zizkion—, txiribueltekin hasiko gara!
Muxuak, besarkadak. Haritzek pozik ematen zuen.
— Batzokian jarraitzen... laga dizute? —Olatzek.
— Oso zibilizatuak dira, ez... dizute inoiz esango ez joateko.
— Orduan?
Txumak ezetz egin zuen buruaz:
— Astirik ez. Ezin dut etxera joan gaueko hamaiketan —arnasa bota zuen etsita.
— Eta?
— Badakizu hango batzuk: zenbat eta astoago, orduan eta gorago.
— Alderdi guztietan gertatzen da.
— Beharbada, baina hau da nik ezagutzen dudana. Alderdian sinesten nuen, Franco hil aurretik eta gero. Migel Garairi hori egin...
— Diziplina-komitera eraman zintuzten azkenean?
— Bai. Abisu bat eman zidaten, baina ordurako berdin zen: zu joan ondoren, oso kritika erraza zeukaten beti. Ezin nuen eztabaidatu, hitz egin; etarraren senarra nintzen.
— Sentitzen dut.
Txumak beste aldera begiratu eta eskuineko sorbalda bat altxa zuen; ez zion axola.
Pospolo baten moduan kontsumitu zen ordua: zenbat eta gutxiago falta, hainbat eta gehiago erre. Azken besarkada; ez zuen aurreikusi aitorpenak orduan ihes egingo zionik:
— Reinsertzioa eskatu behar dut —xuxurlaka, lotsatuta.
— Benetan? Hori oso berri ona da!
— Ez diot inori esan; ez ditut etxekoak kezkatu nahi.
— Asko pozten naiz —beste besarkada bat, musua buru gainean.
— Eskatu ere ez dut egin oraindik.
— Konfiantza daukazu nigan? —Olatzek baietz—. Aldatu behar duzu abokatua. Eta tramiteak hasi... uf! —emozioak gainezka egin zion—. Utzi nire esku; ondo aterako da, ikusiko duzu!
Bisita moztu zuen funtzionarioak. Umea eta Txuma desagertzean, Olatzek esan zion zuzendariarekin hitz egin nahi zuela. Reinsertzioa eskatzeko.
Buru-keinu soil bat jaso zuen ordainean, ez alarmarik, ez tirorik. Eta munduak biraka jarraitu zuen.