Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

11

 

 

Erreketeen kamioiak. Barreka eta kantari etorri ziren. Oihuka. Bizardun gazte bikainak ziren, gurutze, estanpa eta detenteak ikusgai, baina inoiz entzundako biraorik gogorrena prest ahoan. Bat-batean, onddoak udazkenean bezala haziak ziren Espainiako banderak plazako balkoietan, udaletxea beltz-beltza.

         Ordubete eta Joxe agertu ez. Bi ordu. Jainkoari esker azkenean etxera sartu, eta kafea eman behar izan zioten hitza berreskura zezan. Txiripaz ez omen zituzten paredoian jarri; eskerrak Don Luisek haien alde egin zuen!

         Irene ausartu zen irtetera hurrengo egunetan. Xalesenekoa itxita, Laguntasuna kooperatibara jo zuen. Herria erori aurretik, ederki jaisten zituzten begiak orain kokotsa jasotzen zutenek, eta alderantziz. Labaderoan, Florentinak amorruz xuxurlatu zion militarrek komandantzia instalatu zutela Narrosko jauregian, markesak berak hala eskatuta. Eta, Aizarnazabaletik itzultzera behartuta, Santa Klarako komentuan atxilotu zutela Antonia, separatista izatea eta beste hamaika deabrukeria leporatuta. Hiru alabak bakarrik zeuden etxean, ume bat eta bi neska koskor, gainera hain apain...

         Gaixoa Antonia; Florentinak jana eramango zion arratsaldean, ez baitzioten papurrik ere emango.

         Irenek ez zuen etxean ezer aipatu. Bazkalostean, erosketen otarrea sukaldeko mahai gainean jarri eta zer janari sartu hasi zen pentsatzen.

         Bota-hotsak eskaileretan, norbait ate joka. Izututa ireki eta soldadu batek zakar baztertu zuen. Bost ziren. Ofiziala egongelara joan, mahaia eta sei aulkiak seinalatu eta paper batean apuntatu zituen. Soldaduek burrunbaka eraman zituzten, kanka edozein bazterretan jotzen zutela.

         Senarra ez zen logelatik irten. Zutik itxaron zuen, burua etsita, umea zigorraren zain bezala. Besteak joanda ere ez zen luze bere onera etorri.

         Armairuan gorde zuen otarrea Irenek. Pixka batean.

 

 

Biharamunean, Florentina falta labaderoan. Eta hurrengoan. Hirugarren egunean, Brigida Plantxadorarekin kointziditu zuen. Liberazioak ez omen zion beldurra askatu, jarraitzen baitzuen Manuelito semea praka motzekin mozorrotzen.

         — Florentina Azkue ikusi al dun, Brigida?

         — Santa Klaran zegon, sedizioagatik —eta zuzenegi begiratu zion—. Eta hi, argi ibili. Agian salatu egingo haut.

         — Ni? —bihotza geldi—. Ez... ez dinat ezer egin.

         — Eta?

         Brigida joandakoan, zurrumurruak: soldadu batzuk Salbide Txikira ganadua konfiskatzera joan eta Florentinak kargu hartu omen zion haien artean zegoen herriko seme bati. Hark salatu eta gauerdian eraman omen zuten Santa Klarara, arrastaka. Bazeuden beste hamar emakume han.

         Etxeko atean, irribarre egiten saiatu zen Irene. Egongela itxita zeukaten; txikiagoa ematen zuen eta oinetakoek oihartzuna ateratzen zuten. Joxe logelan topatu zuen, ohe gainean eserita eta horma zurira begira.

         — Antonia eta Florentina preso dauzkate Santa Klaran. Otarre bat eraman behar diet.

         Esnatu bezala egin zen senarra:

         — Ez.

         — Gosez akatuko dituzte... —Joxek buruaz egoskor ezetz—. Eta Paki eramaten badigute?

         — Ez dute eraman, ezta?

         — Han banengo, biak etorriko lirateke!

         — Inuzentea zara, gero! Ez litzateke inor ere joango.

         Sukaldera itzuli zen lasaituta, baina bera ere harrituta Joxeren agindua otzan onartzeagatik. Bere buruari errepikatu zion egina zuela ahal izan zuen guztia.

 

 

San Migel gauean, Itziar Olabeaga kalean harrapatu eta ilea larru-arras moztu zioten. Koitadua; hain ile ederra! Munstro bat ematen omen zuen, burua handituta. Ahizpak frai Garmendia frantziskotarraren laguntza lortu zuen, gaitz erdi: errizino-olioa ematekotan ziren, soinean eginda Munoan denen barregarri jartzeko.

         Haien aitarik gabe ere atzera zegoen irekirik Banco Guipuzcoano. Goizeko zazpietarako, errazionamendu kartillarena baino luzeagoa zen hango ilara. Irenek mila pezeta atera nahi zituen, aurreztutako bi mila eskasetatik. Joxe lanean hasi arte... Laster hipoteka ere kobratuko zieten eta etxean pare bat txakur handi besterik ez.

         Eguerdira arte zain egon ondoren, laurehun pezeta eman zizkioten. Gehiago ezin; halere, oilasko eder bat erosi zuen. Pakirekin gogotsu lumatzen ari zela, bota-hotsak, eta, atean, etxe osoa botatzeko moduko kolpeak.

         — ‘Arriba Espaρa! ‘Registro!

         Tiradera guztiak lurrera, koltxoiei buelta, arropan miatzen ibili... Joxe zutik logelan, soldaduek galtzontzillo bat jarri zioten buruan.

         Ofizialak Irenerengana jo zuen nagusikeriaz. Beste bat zen, berrogeiak pasatutakoa, bibote txikia, ilea gominaz atzerantz kaskoa eginez. Francoren idazkaria ematen zuen.

         — Irene Garmendia de Larraρaga? —buruaz baietz erantzutean, paper bat eman zion, makinaz idatzia.

         — ΏY usted? —Pakiri.

         Andoni ia besoetatik erori zitzaion, izututa.

         — Mi cuρada, seρor —Irenek.

         Goitik behera aztertu zuen. Isilunea. Takoiak dandaka batu eta ateko bidea hartu zuen.

         Krimen bakarra zekarren paperak, Irenek egindakoa: separatista. Eta zigorra: zortzi mila pezeta, biharamunean Narrosen entregatzekoak.

         Nesken aurrean negarrik ez. Paki, dardara zela-eta, ez zen gai lumak behatzekin hartzeko. Irenek eskua jarri zion gainean, laztandu. Kontsolatu egin nahi zuen: “Jainkoak estutu, baina ito ez”. Ezin, ordea.

         Eguzkia irten aurretik, jende-andana Narros parean. Neguko hotzean itzal gorrak tente, denak beltzez jantzita zeuden eta Irene koitaduak beroki zoragorria soinean. Kaskamotz errebeldearekin batera, nabarmentzen zen. Kolore berria: beldurgorria.

         Ezagutzen zituen jardin zabalak. Irail bukaeraren bueltan, markesak txokolatada antolatu ohi zuen herriko umeentzat udara agurtzeko. Juxtu garai haietan. Orduko algara eta pozetik, takoikada eta armen txilinera. Urtebeteko amildegia.

         Bulego ziztrin batera sartu zuten. Behe-lainoa: etxera joan zitzaien bigarren ofiziala haritzezko mahaitzarraren atzean eta soldadu bat idazmakinan, biak zigarro baten ipurdiarekin hurrengoa pizten. Xalesen idazmakina. Ze harro erosi zuen Donostian...

         Ofizialak patxadaz aletu zituen espedienteko karguak: gudarientzako alkandorak josi, alaba poxpolina, senarra batzokian, Emakume Abertzale Batza, koinatua gorri-separatistekin hilda.

         Koinatua...? Ziztada sabelean. Eutsi, hitzak besterik ez ditun.

         — Emakume, ez zenekien? —Nafarroako espainolez—. Horrela bukatuko dute denek. Ordaindu.

         Irenek billete-sorta atera, ofizialak zenbatu.

         — Daukagun diru guztia da —ahots-hari batez—. Ezin dugu kontutik atera.

         — Konfiskatuta, apuntatu —idazkariari—. Eta beste mila pezeta.

         — Beste isun bat? Ez dut ezer...

         — Kontribuzio boluntarioa.

         — Ez zaigu dirurik geratzen...

         Ofizialak gerturatzeko keinua egin zion. Esku txikia zuen, azazkalak garbi eta txukun moztuak. Eskumuturretik heldu zion Ireneri, estutuz: ezkontza-eraztunaz gain, jaspe bat zeukan, amarena.

         — Saldu —eta behatz potoloarekin laztandu zizkion behatzak irribarrez, bat, bi, hiru segundoz.

         Zorabiatuta aurkitu zuen irteerako bidea, negar batean pasatu ilarako begi jaitsien aurretik. Plazan esnatu zen, kolpetik esnatu ere: lau soldadu, haien ezkaratzetik ateratzen. Noren etxetik?

         Eskailerak ikusi ere ez: etxeko atea zabalik, koltxoiak lurrean, lapikoak, paperak, arropa. Alabak? Joxe? Paki!

         Egongelan topatu zituen, munduaren erdi-erdian. Alabak Paki besarkatzen, Joxe leihotik zelataka. Andoni, katuka, trapu batekin ari zen jolasten.

         — Paki hartzera etorri dira, ama! —Joxepik salto egin zion gainera. Hamahiru urte zituen, emakumetxo baten pisua—. Andonirekin igo da goiko eskailburura eta han geratu da soldaduak hemen bila ari zirela... Gure Andonik ez du txintik ere esan —Begok lehengusua hartu zuen lurretik, umetxoak barre-algaraka eskertu.

         — Sabinak ez igotzeko gehiago esan dio.

         Goiko bizilaguna zen. Batzokikoa, bi seme Bizkai aldean borrokan. Ordura arte, etxepean senideak bezala izan ziren.

 

 

Xebasena. Esan. Nola?

 

 

Maisu-maistrak aldatuta, Eskola Nazionalak ireki zituzten, eta Joxepi bidali behar. Cara al Sol kantatu beharra omen zegoen goizero, patioan formatu, ilara militar zuzen-zuzenetan. Bego etxean, Pakirekin, Joxerekin. Bi aste ez zutela kalea zapaltzen.

         Diru zikina. Gehiago exigituko ote zioten? Udarako errenta zor zieten Pakiren apopiloek; bazeukan eskatzea. Nahikoa estura pasatutakoak ziren herria hartu arte, baina, geroztik, ordaintzera etorri ez izana ere... Eta amaren harribitxiak saldu? Nori, baina? Aita santuari berari, ahal izanez gero. Kontribuzioa ordaindu ezean, Santa Klaran sartuko zuten.

         Errazionamendu kartillarekin arroz-apurrak besterik ez, ogi gogorra. Noiz jan zuten gatzarekin azkenengoz? Ezin ohitu gosez akabatzen bizitzera. Auxilio Sozialera jotzen ari omen ziren asko, goseak hil nahi ez bazuten. Hura lotsa!

         Orduak mantso zihoazen: ilaraz ilara, borrokaz borroka. Egunak, berriz, azkarregi. Eguerdi batean, etxera bueltan, Kale Nagusitik sumatu zuen tentsioa. Plazan, kamioitzar bat jendetzak inguratuta. Atzealdean, gizon eta gazte mordo bat zegoen, hala moduz eserita. Joxe! Ai, ama!

         Sigi-sagan egin zuen aurrera jende artean, esfortzuz, gero eta masa trinkoago batean bultzaka, senarraren azpian kokatzeraino. Altuegi zegoen eskua eman ahal izateko.

         — Gerrara garamatzate —Joxek, irribarre mingotsez—. Boluntario.

         Aldamenean, Sanson Azpeitia. Hark ama askatu nahiko zuen, baina ze arrazoi Joxek? Erotuta al zegoen?

         Abiatu zen kamioia eta Irenek pentsatu gabe jarraitu zion jendetzarekin batera. Senideak ziren. Joxe bezalako boluntarioei etxeraino joan omen zitzaizkien bila.

         Enkarguen zerrenda errepasatu zuen, aitzakia bila. Ezin aurre egin alaben begiradei.