Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peña
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

14

 

 

Pikulinen modulua zegoen, toxiena eta politikoena. Auzo obreroen modura, bi eraikinen artean zegoen patio estu eta luzea, sukalde txikia jangelan, egongela eta ziegak, beste patio txikiago bat. Leiho guztiek barrura begiratzen zuten; adreiluzkoa zen mundua. Horma, sabaia, kutxa; patioan zerurantz begiratzea zen bista luzatzeko aukera bakarra.

         Ezin loak hartu aurreneko gauean; halere, goizeko zortzietan, susto ederra eman zion txirrinak. Beheko preso guztiak bigarren solairura igo ziren, makarra begietan. Eskailburu zabalean banatu zituzten bi taldetan: grapoko komunista espainiarrak eta Euskal Herriko independentistak, miliak, polimiliak eta autonomoak. Mekanikoki zenbatu eta ziegetara itzuli zituzten, janztera.

         Agurri jarraiki jaitsi zen Olatz jangelara. Besoa bizkar gainean jarrita aurkeztu zizkion beste miliak banan-banan. Haren klabean adituta, doinu desafinatua hartu zuten animo, muxu eta besarkadek.

         Bukatu berria zuten gose-greba latza. Neguko hotzak hotz, merezi izan omen zuen: Yeseriasko emakumeek kartzeletako fronte aktiboa osatzen zuten, borroka barruan ere luzatuz.

         Talde bakoitzak zeukan bere eremua, bere mahaiak. Gutxi hitz egiten zen besteekin, are gutxiago polimilien buruzagiek amore eman, eta gobernuarekin negoziatzen hasi zirenetik.

         Goiz osoa jangelan pasatu ondoren, bazkalondoren ziegetara buelta eta, Agurren tregoari esker, siestatxo bat. Gero, patioa, afaria, ziegetara, errekuentoa, ziegetara.

         Iluntasunean, norbera geratzen zen bere buruan atxilo. Torturaren harresia poliki-poliki urtzen, tantaz tanta itzuli zitzaizkion oroitzapenak, zauriak. Ixabel etorri zitzaion gogora, sukaldean amari herriko kontuez galdezka, interesa gaizki disimulatuz. Bizirik jarraituko ote zuen?

         Ezin etxean egon eta, lagundu beharrean, Xantioko arazoak areagotzen ari zen.

         Kemenik ez bestean pentsatzeko. Bestearengan. Hamsterraren gurpilean harrapatuta zegoen, kanpoan munduak aurrera egin bitartean.

         Nahiz eta giroa erdaldun peto-petoa izan, euskara-ikastaroak antolatuta zeuzkaten. Olatzek bere burua laguntzeko eskaini zuenean, Agurrek mespretxuz begiratu zion:

         — Zure euskara ez da batua. Zu, sukaldera.

         Eta obeditu egin behar; alferrik zorioneko D titulua, alferrik esperientzia. Ez zegoen han irakasteko, baizik eta ikasteko, adibidez, ziegak txaboloak zirela. Ikasi zuen sukaldean jardun zezaketela, baina jakiak ekonomatoan erosten zirela, modulutik kanpo eta funtzionario baten bidez. Ikasi zuen nork ekartzen zizkien gutunak, nork bisitak iragartzen, nork jotzen zituen, nor zen onbera. Ikasi zuen debekatuta zutela preso sozialekin nahastea, hau da, eskulaneko tailerrik ez, eskolarik ez. Ikasi zuen modulua erortzeko zorian zegoela, udan labea zela eta neguan hozkailua, goiko txaboloetan kakalardoak zeudela eta behekoetan kakalardoez gain, arratoiak. Ikasi zuen zorua trapu zaharrez igurzten zutela belauniko eta arropa, eskuz garbitu ondoren, patiora begira zabaltzen zutela, leihoko barroteetatik zintzilik. Dekorazio hura lehen aldiz ikusi zuenean, Sodupeko kulero-festarekin gogoratu zen, muturluzeekin. Marisol, Koro. Irribarre egin zuen; tematia da bizirauteko sena.

 

 

— Maria Herrero Palacio! —funtzionario batek, patiotik. “Mariaerrero Palacio” ahoskatu zuen.

         Larunbata zen; bisitak zirela-eta, jaisterik ez. Jangelan zegoen, partxis-partida bat ikusten.

         — Herrero Palacio!

         — Zuretzat da, Maria Olach —Agurrek.

         Olatz geldi, ordea: zirkinik ez benetako izen legala errespetatu arte. Haien legalitatea zen, gainera!

         Bisita izango ote zuen?

         Eta ez erantzuteagatik aukera galtzen bazuen?

         Nor izango ote?

         Oraingoan bakarrik, badaezpada.

         Bisita-gelaraino jarraitu zion funtzionarioari. Kristal luze batek banatzen zituen alde bateko zein besteko aulkiak. Senideen aldean, urduri, txiki eta lekuz kanpo, gurasoak.

         Leku huts bakarrean eseri zen Olatz, haien aurrean malkoei eutsi ezinik eta bion lutuari erreparatu gabe. Ama ere ez zen gai hitz egiteko.

         — Ondo hago? —aitak, txikitako doinuaz—. Zerbait behar al dun?

         Funtzionarioak, espainolez egiteko.

         — Neguko arropa, aita. Eta argazkiak, batik bat... —izena eztarrian katigatu zitzaion.

         Funtzionarioak, bisita bukatu zela vascuencez jarduteagatik. Ramirok protesta egin zuenean, bultzaka kanporatu zituzten, atzera begiratzea eragotziz.

         Lur jota itzuli zuten Olatz txabolora: kakatzarra! Mila aldiz adituak zituen debekuaren inguruko istorioak eta, halere, hanka sartu. Gurasoak kezkatu egingo ziren, eta ezin lasaitu, ezin ezer esan, auskalo noiz lagako zieten itzultzen... Horretarako 800 km egitea ere!

         Negar batean sartu zen ziegara, makurtu, uzkurtu. Txikia zen, txikiegia. Agur agertu zen. Belaunikatu eta besarkatu egin zuen, lasaitu arte kulunkatu. Ez zen kontsolatzen saiatu.

 

 

Polimiliak erdibanatu egin ziren, Espainiako Gobernuarekin negoziatzearen alde ala kontra, vii. ala viii. asanblea. Agurrek Yeseriasko viii. asanbleako ahizpak bildu eta baikor hitz egin zien: Futbol Txapelketari esker, unibertso osoa izango zen atentatu-katearen ikusle, burua makurraraziko zien behingoz gobernuko putakumeei, herria bero-bero zegoen, mobilizazio eta istilu latzak ari ziren gertatzen...

         Ahal zuen guztietan errepikatu zuen mantra: patioko asanbleetan, otorduetan, jangelan, telebistan politikariren bat agertzen zen aldiro. Dena seinale, dena keinu. Gertu. Laster kalera. Edozein tentazio erreprimitu behar zen. Zailtasunetara zeramaten errazkeriek.

         Lauk besterik ez zuten bat egin vii. asanbleako zazpikiekin. Isolatuta eta mehatxua airean, ardiak otso-taldearen aurrean bezala mugitzen ziren leku guztietara. Agurrek jipoitu egin nahi zituen, ematen ari zitzaien mina garesti ordainarazi; bi egun lehenago irteteagatik saltzen ari ziren burua faxista putakume horiek.

         Olatz eta Agur eskailerak garbitzen ari ziren batean, zazpiki batek txabolotik muturra atera eta, inor ez ikusita, denak ausartu ziren kanpora. Bi miliak belauniko zirri-zarra deskubritzean, segundo batez egin zuten zalantza, beheraka jarraitu aurretik.

         Agurrek ez ikusiarena egin zuen, igurtzi eta igurtzi. Azpian zeudenean, baldeko ur grisa bota eta bete-betean harrapatu zuen azken neska, tolosar bat. Besoak ireki zituen gaixoak, ukondo eta behatzetatik ur-jauzi grisak. Kankailu lasaia zen, hitz gutxikoa. Begiak estutu eta gainerakoen atzetik abiatu zen, idien antzera.

         Tregoarik ez. Biharamunean, bazkaltzen hasi ziren denak, talde bakoitza bere erresuman. Agurrek patxadaz itxaron zuen ordu erdiz, funtzionarioa zigarroa erretzera irten zen arte. Sukaldeko zaborrontzi handian listua bota, bizkarrera igo eta atzetik hustu zion tolosarrari gainean: bezperako garbantzuak eta fruta-azalak, mila zigarro-mutxikin, errautsak, kafe birrinduaren hondar hezeak, likido zurixkak...

         Handikoteak burua jaitsita eutsi zion. Dutxa fekala bukatuta, ahal izan zuen moduan eskuekin garbitu, eta txabolora erretiratu zen, besteek platerak presaka zeramatzatela.

         Agurrek Olatzi keinu bat egin eta bien artean txukundu zuten zerrikeria. Jangelan, isilune glaziarra.

         Ekaitz aurreko barealdian joan zen larunbata. Bisitak egon ziren, baina ez zuten Olatzen izena aipatu: zigortu egin ote zuten? Gurasoak Madrileraino joan eta kartzelan bertan ohartaraziko ote zieten alabak baimenik ez zuela?

         Agurrek ez zuen familia-bisitarik jasotzen. Gurasoak aspaldi hilda, izeba zahar bat besterik ez zitzaion geratzen Bilbon, eajko atso bat Ensancheko bere hiru etxebizitzak Alderdiari herentzian oparitzeko tematuta.

         Gorriren argazkiek tapizatzen zuten txaboloko horma: handiak, txikiak, koloretakoak, zuri-beltzezkoak, Gorri bakarrik, lagunekin, hirian eta mendian, baina behin ere ez Agurrekin.

         Alcalako espetxean zeukaten orduan; ia lau urte elkarrekin egon gabe. Nahiz eta senar-emazteek vis a vis intimoak egiteko eskubidea izan, uko egin zioten, horrek ezkontzera behartzen zituelako, eliza edo estatuaren autoritatea onartzera.

         — Zergatik ez duzu onartzen? Ikusi egingo zenuke, behintzat —galdetu zion Olatzek iluntze bukaezin batean.

         — Zeditu zentimetro bat eta hamar berreskuratu beharko dituzu.

 

 

Egunak joan, egunak etorri, laxatu egin zen zazpikien lepo inguruko lazoa. Existituko ez balira bezala jokatzen zuten besteek, izan polimili, autonomo edo mili. grapokoek, berriz, bereizketarik ez: hitz urriak denei, keinu hotzak, begirasunak. Stalinen klausura-mojak.

         Kanpoko lagun batek egiten zizkion Agurri zubi-lanak Iparraldearekin eta Gorrirekin. Maiatzeko azken larunbatean eman zioten kartaren abisua. Txaboloan ireki eta biraoka hasi zen.

         Ezer galdetzeko astirik gabe, bisiten izenak esaten hasi ziren kanpoan eta Olatzek “Maria Herrero Palacio” harrapatu zuen. Zeruko kerubinek ere ez zuten izena gozoago esango! Korrika batean jaitsi zen bisita-gelara, hantxe aita eta ama. Berastegiko mili bat ba omen zegoen bisitak isilik sufritzera kondenatuta, amak ez zekielako espainolez. Joan eta elkarri begira egoten ziren denbora agortu arte.

         — ¿Qué tal?

         Zarauzko berri onak braust: dena pozgarria, dena polita. Ama berriketan zoriontsu, aitak irribarretsu buruaz lagundu. Ze aktore txarrak.

         — Zer moduz Ixabel?

         Ziplo isilik. Amak aurpegia estali zuen, aitaren besarkada onartu. Hura ausartu zen:

         — Hilabeteak ditun... —buruaz ezetz—. Urte erdiz eutsi zionan hi berriro ikusteko itxaropenaz. Mediku jauna ere harrituta, pentsa!

         — Ba al dakizu gure Mikeltxo bertsotan hasi dela? Sekulako afizioa dauka!

         Gurasoak bistatik kendu zizkiotenean, agudo agertu zen frenatutako negarra. Berrogei minutu pozez eta auskalo noiz arte ondoezik; halere, merezi zuen. Hari haiek lotzen zuten zentzuarekin, bizitzarekin.

         Bueltan txaboloan, Agurren arrastorik ez. Ezin literan etzanda geratu; kandela bat bilatu zuen Ixabeli omenaldia egiteko. Etxean bildumen zeuzkaten, meheak eta luzeak, ohol berezi batzuen inguruan bilduta, argizaiolak. Bildumen, argizaiola, mantelina... magiaz kargatuta gogoratzen zituen hitz horiek Ixabelen ezpainetan. Haren haurtzaroko parrokian, emakume guztiak bazter batean esertzen omen ziren familiaren sepultura gainean eta neska koskorrek bildumenen argizari beroaz luzatzen zituzten azazkalak.

         Mundualdi gogorra izan zuen Ixabelek, eta Olatzek ez zion batere eztitu. Gurasoei ere, kale. Zer ez zuten jasango berari dirua kartzelako kontuan sartzeko, ekonomatoan bizio txikiak eros zitzan.

         Agur atzera txabolora sartu zen.

         — Gutunez esan didate polimilien komando oso bat harrapatu dutela Madrilen, viii. asanbleakoak. Dena instalatzen ari ziren Espainiako Mundiala behar bezala ospatzeko. Salatu egin dituzte, seguru nago!

         — Polimiliak besterik ez dira —Olatzek, mespretxua antzeztuz.

         — Zu ere bazinen eta zure Alfontso eta Apala. Inor ez da honetan sartu sigla batzuk defenditzera: Euskal Herria askatu nahi dugu; poltsa berean gaude polimiliak, gu eta autonomoak... eta, nahi baduzu, grapoak ere bai. Denak hasten badira amore ematen eta besoak jaisten, zertarako borrokatu gara orain arte?

         Literara igo zen Olatz, sabaiari begira etzan.

         Porlanezko zerraldo batean atxilo zegoen. Bizirik.