2
Maite zuen Xaleseneko usaina. Lehen kolpean, bakailao gazituak hartzen zuen sudurra, xerra beltzak mostradorearen gainean zintzilik zeudelako. Ondoren, mirariz bezala, arpegio sotil bat: kafea, kuminoa, kanela, Lagarto xaboia, karameluak...
Sabai alturaino zeuden beteta paretetako apalategiak: kristalezko potoak, latak, zakutxoak, botilak... den-denek letra ederrez idatzitako prezioa azpian zutela. Ultramarinos baten produktuez gain, oihalak ere saltzen zituzten; denda hondoan zeuden, telefonoaren ondoan, egurrezko mahai trinko baten gainean zilindroetan bilduta.
Irene barruratu zenean, Paki koinatak irribarre egin zion, dendako bata urdina itxi ezinik tripatzarra zela eta. Zazpigarren hilabetean, txarrena pasatua zeukan. Lau aldiz umea galdutakoa, ordea, inoiz baino beldurtiago zebilen, inoiz baino santujaleago. Kolore txarra zuen; halere, aukerarik ez ezer galdetzeko, Miren Xalesek sartu baitzuen beste bezero batzuekin izaten ari zen elkarrizketan:
— Eta hiri zer iruditzen, Irene? —astebetea zen hamabi gazteak atxilotu zituztenetik aurreko udalbatzan alkate jauna iraindu zutelakoan. Lapurren pare iluntzean etxetik eraman, lapurren pare kamioi batera igoarazi eta lapurren pare giltzapetu zituzten Ondarretako kartzelan—. Batzokia antolatzen ari den jaialdiarekin askatuko al ditinagu?
— Dudarik ez.
Behin eta berriro galdetzen zion iritzia Xalesek, behin eta berriro txepelkeriaren bat erantzun Irenek. Etxean, lasaiago, hamaika argudio bururatzen zitzaizkion, hamaika iruzkin puntadun. Ez, ez zeukan Mirenen abilidadea. Hark El Dνa-ko Euskal Orria-n idatzi ohi zuen, antzezlan batekin sari bat eman zioten, hitzaldiak ematen zituen... Zer egiten zuen ondo Irenek?
Elkarrizketa sutsuan kontzentratu zen. Goxoa zegoen herria; nahiz eta jeltzaleen buru gorenek egunkariak dantzan jarri eta alderdiko diputatuei ere laguntza eskatu, neska-mutil gaixoak kieto itzalean. Lau egunez, sei, astebetez. Injustizia handiagorik!
Bezperan komentatu zuen Joxek anaia bizkiarekin. Joxeren kopia zen Xebas aurpegian; maneretan, berriz, Paki emaztearen bizkia ematen zuen.
Batera bazkaltzen zuten bi familiek Irenerenean eta beste gairik ez zuten gizonek, politika eta politika, demoniozko Azaρa lodikote hura egunero mahai bueltan izango balute bezala.
Batzokiak demostratu nahi zuen herria gazteekin zegoela: otsailaren 25ean, igandean, meza nagusiaren ondoren, poxpolinek dantza egingo zuten herriko plazan txistularien doinuan, gero bertsolariak eta, arratsaldean, hizlariak batzokian eta euskarazko antzerki bat.
Xalesek kobratu ohi zuen dendan, biltzeko paperean kontuak idatziz. Dirua jaso ondoren, ahizpei keinu bat egin eta besotik hartu zuen Irene, kaleraino laguntzeko.
— Gauza bat eskatu behar dinat.
Eta ikastolarena bota zion, aspaldi ari zirela beste maistra baten bila Miren Garaterekin batera jarduteko eta hura Ondarretako gazteetako bat izatea seinalea zela, Irenek Beasaingo mojetan ikasia zuela, ederki egingo zuela, Emakume Abertzale Batzan beste izenik ez zela aipatu eta mesedez onartzeko.
— Pentsatuko dinat —harrotuta.
— Senarrak adina irabaziko dun ia-ia.
Plazerezko zirrara batek zeharkatu zuen. Sei mila duro. Nola hartuko zuen Joxe burugogor horrek?
Handia izango zen Joxepiren estreinaldia, herri osoaren aurrean. Joxeri adituta, bazirudien batzokikoek horretarako propio prestatua zutela jaialdia. Egia esan, edozein aitzakia ona zen karlisten inguruan bereak eta bi botatzeko. Hango biraoak... taberna-zuloan bezala, alaben aurrean. Joxe!
Irenek bi egun zeramatzan hausnartzen. Irrikan zegoen ikastolan hasteko, baina nola, senarra umiliatu gabe? Ondo ezagutzen zuen. Edo ez; azkenaldian, gero eta sarriagotan iruditzen zitzaion ez zuela batere ezagutzen gizon hura.
Joxepi sukaldean jirabiraka ari zen afaria bukatu ordez; gutxi behar zuen! Ederra parea: segituan desagertu ziren biak, aita lagunengana eta alaba egongelara, auskalo zer dantza entseatzera. Sukaldean, Bego bakarrik geratu zen amari laguntzen.
Aurreko astean, halako batean, Irene bigundu eta baimena eman zion Begori margaritekin dantzan hasteko. Neska-kontuak besterik ez ziren; Joxek ulertuko zuen, momentu egokian harrapatuz gero.
— Neronek ere dantza egin behar dut igandean, meza ondoren.
— A, bai? —platerak harraskan pilatzen. Meza ondoren bazen, arazo bat gutxiago: Joxek ohitura zuenez batzokira joateko, beharrik ez aldez aurretik dena kontatzeko.
— Soinekoak ordurako bukatzeko astia izango duzu?
Arnasari eutsi zion Irenek: lo gutxiko astea zeukan aurretik, beste bat.
Itxaron. Ez al ziren Joxepiren egun, ordu eta leku berberak?
Kaleko atean jo zuten, etxe osoa txikitu beharrean. Xebas zen, begiak erotuta:
— Paki umea galtzen ari da.
Zinkunegi mediku jaunarekin batera iritsi ziren. Maindireak odoletan blai, buru-belarri ari zen Maria Etxetxiki emagina. Neskatxo bat atera zuen: zazpikia, hilda. Bosgarrena.
Mesanotxean, kartoizko maletatxo bat zegoen zabalik, umea janzteko prest: arropatxoa, mantak, artilezko oinetakoak... Pakik gauez gau josiak, aurreko umeentzat gehienak. Batzuk zeharo bukatuta, beste batzuk erdizka, segun noiz galdu zuen. Hilkutxa isil eta hotz bat zen etxebizitza, noiz eta bost haurrekin biziaz gainezka egon behar zuenean.
Epaiketaren zain dagoenaren moduan bukatu zitzaion Ireneri dantzaldien astea. Itxaropena jarrita zeukan larunbat arratsaldean: alabak lagunekin kalean, Joxek ikaragarri maite zuen emazteak pare bat orduko siestatik esnatzea, batik bat goxo esnatzea. Izerditu ondoren, biluzik geratzen zen gizona, harropuzkeria eta bestelako keriak erantzita, entzuteko prest, arrazoitzeko, eraikitzeko. Aspaldiko Joxeren moduan.
Misteriotsuak dira, ordea, Jainkoaren bideak: larunbatean bertan, goizean goiz, mandatua pasatu zieten Beasaindik, ama bisitan etorria zela Frantziatik eta bazkalondoan joateko. Otsailean? Normalean, udara arte ez zen agertzen.
Joxepi jaio aurretik ere, abisatu gabe etorri zitzaien gurasoen etxera bisitan joateko agindua. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Bukaeran, aitak billete sorta potolo bat eman zion enpresako gutun-azal batean eta horrela finkatu zen tradizioa: nahieran gortera deituta, poltsikoa bero bidaltzen zituzten bueltan, batzuetan lau hilabeteko alokairua ere kitatzeko adina.
Halere, iraingarriak ziren propinak. Limosnak. Nahiz eta ederki etorri, nahiz eta jaiotzetik zegokionaren zati bat besterik ez izan, ispilua jartzen zioten parean.
Ohiturari jarraituz, aitaren txoferrak jaso zituen. Bozina aditzean jaitsi eta meza nagusiko arropaz desfilatu zuten, txukun eta ondo orraztuta. Tira, txukun: Irenek amona zaharra ematen zuen, beroki higatua soinean. Baietz amak zerbait esan.
Joxe tente-tente eseri zen txoferraren bizkarrean zegoen lekuan, solemne, jakinda herri osoa ari zela automobil eleganteari begira.
— Egin aitonarena, aita! —Joxepik, txikitan bezala.
— Eulogio Gar-mendia Gar-cia nauk; sue zaukeat zainetan!
Txoferrak ere gustura egin zuen barre. Joxe arraio hori! Eta bestea aitarengana joaten bazen kontuarekin? Eskolara bueltan sentitzen zen Irene, azterketa batera lezioa gaizki ikasita. Ordubete geroago, haurtzaroko etxaldea agertu zenean, mirarik ez. Trantzea lehenbailehen bukatzea nahi zuen.
Barrutik baztertu zuten jardineko atetzarra. Kotxetik ateratzean, Joxek besoa eskaini zion, Zarauzko malekoitik paseatzean bezala, periodikoetako argazkietakoak bezain serio. Koitadua: ze hutsal sentitzen zuen bere burua diru hotz haren magalean.
Neskame gazte batek berokiak hartu zizkien, beste batek egongelaraino gidatu. Gazte-gazteak biak. Ama zain zegoen, hain maite zuen diva mozorroan: harribitxiak lepoan, eskumuturretan eta behatzetan, zetazko soineko urdinxka zoragarria, zapata altuak eta begi berdeak pintatuegi. Ile luzea solte zeraman, ze inbidia! Bego ekarri zuenetik, mototsari lotuta bizi zen Irene, herriko beste emakumeen modura. Astirik ez bere burua zaintzeko, sosik ere ez.
Amak muxua emateko sorbaldetatik heldu, aurpegia hurbildu eta ezpainekin atera zuen hotsa: mua, mua, mua. Kikilduta zeuden Bego eta Joxepi, lotsa-lotsa eginda. Opera-kantaria Parisen, politikarien laguna, artisten intimoa. Larrua behar zen! Kolpe zorrik jo gabe ematen zuen eguna, senarraren kontura.
Eta otsoa aipatuta, non ote? Ez zituen familiako zera haiek batere maite edo, agian... Auskalo. Emaztea bisitan izanda ere, berdin-berdin jarraitzen zuen lantegian goizetik iluntzera, astelehenetik igandera. Hogeita hamaikan promulgatu zuten dibortzioaren legea, zergatik ez zuten...?
Hitz eta pitz ari zen amona Anette, neskatilak liluratzeko borrokan: soinekoa Italiako ze jostunek egin zion, harribitxiak ze dendatan erosi, zapatak... Laguntxoak balira bezala tratatzen zituen, eta tuntun haiek, hasierako ezinegona joanda, aho zabal-zabalik aditu, sorginduta.
— Irene —amak, erre eta ahoskera frantsesa nabarmenduz. Pianoa seinalatu zion dotoreziaz.
Obeditu beste erremediorik ez. Gorroto zuen haren antzerkian aktore izatea, baina are gehiago gorroto zuen amak frantsesez egitea. Kontraesan guztiak nabarmentzen zizkion palazio hark, orbandutako arantzak berriro mugitu.
Isats-piano beltzera hurbildu zen, okasiorako aretoaren erdian kokatuta. Eskala batzuk jo zituen behatzak berotzeko eta plazerak disolbatu zizkion beste sentimendu guztiak. Maite zuen fondo akoltxaturaino sakatzea, soken bibrazioak petxu barruan igartzea. Pianoan beste pertsona bat zen.
Mesdames et messieurs, voici Anette du Peyrer kantari famatua. Muturrean kokatu zen, infinitura begira, inspirazioa jasotzen. Bat-batean Lurrera itzulita, irribarre egin zien biloba eta Palais Garnierreko ikusleei:
— Carmen-en habanera: L'amour est un oiseau rebelle. Barka, otoi, xinpletasuna. Orkestra arras handi batekin kantatzekoa da —eta Ireneri, frantsesez erosoago jarraituz—: Ea aurrekoan baino hobeto ateratzen zaizun, mon ange.
Beharrezkoa al zen? Nola nahi zuen ondo jotzea etxean pianorik ez bazuten?
Bukatzean, txalo-zaparrada eta publikoa zutik; amona Anette zeharo hunkitu zen. Joxepi sorgin hori miresmeneko txistuak jotzera ausartu eta aitaren begirasuna jaso zuen. Orduan agertu zen aitona Eulogio. Arrantzalea argi eta garbi baztertuz, bilobengana jo zuen eskola-inspektore baten antzera galdekatzera. Bizpahiru minutu bakoitzarekin. Gero, Luis xv.a estiloko komoda ireki zuen: marfilezko kutxatik bi puru aukeratu zituen, bat suhiari luzatu. Ume txikien irrikaz onartu zuen kaikuak, umiliazioa zela ohartu gabe.
Beste bi aria: Pucciniren O mio babbino caro eta Rossiniren Una voce poco fa, lehenengoan begirada sumindu eta guzti, Irenek konpas bat nahasteagatik.
Begoren begi irekiak harrapatuta, konplize aldameneratu zitzaion amona:
— Musika laket zaizu, chιrie?
Bilobak txintxo baietz buruaz.
— Piano bat opari egingo dizut, ba —aitonak—, familia oneko ingeniari bat aurkitzeko. Abokaturik ez, entzun? Horiek ez dute batere lanik egiten —neska motzak, zer esan ez zekiela, amari begiratu zion lotsatuta—. Horri kasu eginez gero, beste sardina-zale batekin bukatuko duzu.
Audientzia ixtean, berokiak itzuli zizkieten. Ohiko ekitaldia falta, ordea: aitak bulegora gidatu zuen Irene. Hantxe ematen zien paga Mecanizados Garmendiako langileei, banan-banan, eta haien modura itxaron behar izan zuen poltsa zabalik. Billete-sorta txukun zeukan lotuta espartzu-sokatxo batez.
— Azken hau zerorrentzat —100 pezetako billetea erakutsi zion sartu aurretik—, beroki berri bat egiteko.