8
Iparraldean atzera ere. Alfontsoren itzalean errefuxiatu zen: hark gidatu zuen mugaz bestaldera, hark mugitu gordelekutik gordelekura. Gehienetan, ganbara txikiak ziren: ezin leihotik begiratu, ezin zarata egin, ezin argia piztu... Janaria eramaten zion, noizbehinka egunkari zaharren bat. Eta, bitartean, egon, besterik ez, atxilo, semearen absentzia lagun. Atzera-bueltarik gabe.
Eternitate bat igarota, Donibane Lohizuneko etxe arrunt batera eraman zuen. Debeku bakarra, Hegoaldearekin komunikatzea. Kalera ateratzen utzi zion, baina diskrezioz eta kontuz, ingurua Espainiako paramilitarrez lepo omen zegoelako.
Beste nonbaitera joaten zen Alfontso goizetik gauera. Hasieran, harekin batera besterik ez zen Olatz kalera ausartzen. Urduri itxaroten zuen besteak metodikoki kotxe azpiak aztertu bitartean eta haren atzetik flotatzen zuen karrikan, mamu isil bat.
Enkarguek behartu zuten azkenean bere kabuz kalean arriskatzera. Alfontsori eskatu behar izan zion dirua, baina umiliazio hark ere ez zuen mugitu; izoztuta zegoen kanpotik eta barrutik. Eta hobe: bazterrak emakume haurdunez beteta zeuden, milaka haurtxo hemendik harat, usainduko balute bezala bera ere ama zela, semea abandonatu zuela.
Gauero izaten zuen amesgaizto bera: lorategi batean, ezkutuan, txalet bat zaintzen. Bonba bat jarrita dago; ikusgai du atzera-kontua: zenbaki digital bat, gorria. Bederatzi Zortzi Zazpi eta agertu da leiho batean Haritz eta ama eta Ixabel eta izeba Esti oihuak eta katakume-marrakak Sei Bost baina Olatz ez da gordelekutik mugitzen Lau saiatu dira leihoak irekitzen Hiru Olatzi garrasika eta kristaletan kolpeka Bi Bat eztanda latza eta etxea txikitu du hautsa hautsa hautsa eta atera da aitona Teofilo Xantioko hondakinen artetik kea dariola eskopeta eskuan Olatzi apuntatzen serio suminak jota negarrez.
Egonean bizi zen, bizitzari leiho eta oroitzapen zirrikituetatik begira, etxe batetik bestera aldatzera behartuta eta denak etxe bera. Sedimentatu egin zen: flotatze hartan zenbait gauza pisutsu bereizi eta nabarmendu ziren, beste batzuk disolbatu. Oinaze gorra zen, etengabea: horrekin ere bizitzen ikasi behar, nahitaez ikasi ere, semea eta etxekoak gogoan iltzatuta, Notre Dameko konkordunak bezala maitearen aurpegia.
Errefuxiatu gazteak ekartzen hasi zen Alfontso, Bidaxunekoen antzeko ume handiak: hiruzpalau egun pasilloan edo egongelan lotan, eta desagertu. Bi geratu ziren luze sofan txandaka, Amezketako bat eta Bermeoko bat, edo, agian, Idiazabalgo bat eta Berastegiko bat, azkenean nahasi egiten baitzituen, aurpegiak gogoratu ezinik. Haiei esker jakin zuen Alfontso ezkonduta zegoela. Donostiar batekin. Aspalditik.
Politikak bete zuen etxea, eztabaida amaiezinek. Zenbat ordu Espainiako Konstituzioaren erreferenduma aztertzen! Estatuan, aldekoek %58 lortu zuten, kontrakoek %5 eta abstentzioak %32, baina Euskadin, ai, Euskadin!, abstentzioak irabazi zien aldekoei 55-30, eta abstentzioa eskatua zuten miliek, polimiliek, eskuin espainolistak... Baita eaj epelak ere!
Olatzek ez zuen inoiz hitz egiten. Zenbaki-dantza urruna. Zapore gabekoa. Kolorgea.
Agudo esleitu zizkioten ama eta neskame papera: garbitu, otorduak prestatu, txukundu, aholkatu, kontsolatu, errieta egin. Luzeegiak ziren orduak eta motzegia zereginen zerrenda; ederra egoera-aldaketa.
Haiei, behinik behin, familiak laguntzen zien, batik bat Idiazabalgoari, baserri oparo bateko semea baitzen; iritsi zenetik, jatekorik falta ez. Haren senideen bitartez helarazi zioten lehenengo gutuna. Ama. Orrialdeak txingar-usainez lurrinduak, sukaldean berriketan arituko balira bezala.
Kontuak eta kontutxoak aletu zizkion, baina Haritzen inguruko aipamenik txikiena ere kontuz kimatuta, letra iharrak pazientziaz eskuinerantz etzanak, haizeak makurrarazitako arantzen modura.
Alfontsok aholkatu zion momentuz hobe zela ez erantzutea.
Hamazazpi urteko zarauztar bat ekarri zuen. Iritsi eta astebetera, Aljeriako botila ardo batekin etxeratu zen, Bordeleko salda garestia erosi ezinik. Egongelan ireki zuen, besteei deitu, basoak banatu. Altxa, topa eta barrura. Olatzen lehenengo tragoa haurdun geratu zenetik.
— Bazekiat! Poteoa egingo diagu! —zarauztarrak, besteek hariak lotu ezinik begira—. Goazen taberna itxuroso batera... Mondragonesera! —sukalderantz, eskuarekin gonbita. Beste erronda bat atera zuen—. Zer moduz? —aireari—. Hi, aspaldiko! Bai, hemen, bueltatxo bat ematen. Aupa, Mikel! Ederra zegok gure kioskoa, e? Polita duk etxera bueltatzea, bai, jauna! —basoa hustu eta botilarekin seinalatu zuen atea—. Orain... Joshemarira! Olatz, taberna hori maite duzu, ezta? Kuadrillan beti ordena honetan egiten dugu: gora gu eta gutarrak!
Alfontso itzuli zenerako, denak mozkor-mozkor.
— Ez da afaltzen etxe honetan edo zer? —broma-doinuan.
— Bordatxon hartuko diagu zerbait —zarauztarrak.
Alfontsok ulertu ez zuenez, barrez lehertu ziren, baina pasatu gabe. Zenbait periodiko espainiarrek kupulatik gertu kokatu ondoren, Iribar edo Inaxio Kortabarria balitz bezala begiratzen zioten gazteek: graziak ospatu, itzalari jarraitu, zerbitzatu eta edozein esaldi aditu Mendiko sermoiaren moduan.
Orain miliak ziren. Polimiliak flakiarekin hasi eta miliekin adiskidetu zen Alfontso. Batzuetan, gau osoa ere ematen zuen kanpoan. Goizean, tabako eta alkohol kiratsak zeramatzan ainguratuta. Hegoaldean ez zen horrela ibiliko.
Sukaldera joan zen Olatz, afaria jartzen hastera. Hozkailuak triste islatzen zuen haien egoera: apal guztiak hutsik, atean bost arrautza. Patata-tortilla prestatu zuen. Biharamunean, dirua eskatu beharko zion Alfontsori. Berriro.
Oilarra itzuli eta otzandu egin zen oilategia. Ederki zekien hark jendea tratatzen, nahi zuenean. Espainolez ari ziren, xuxurlaka.
— Hankaz gora? Hori ere bai? —idiazabaldarrak.
Ekintza batez ari ote ziren? Festa-doinua ez zetorren bat, ordea.
Barreak. Atera itsatsi zen Olatz, adi.
— Gauza bat esango dizuet —Alfontsok, konfidentzian. Seguru keinuren bat egin zuela sukaldera begira, besteen konplizitatea estutuz—. Edukazio sexuala da iraultzaren zatirik onena, neskei praktika ohean ematea.
Zerri zikina. Hori al zen gizarte-eredu berria?
Tortilla hartu eta egongelara sartu zen. Segituan antzeman zioten haserrea; arrazoia ez. Isilik afaldu zuten, “emakumeak-ezin-ulertu” aurpegiak jarrita. Neskameak platerak jaso, neskamea garbitzen hasi. Ia-ia ez zituen ikusten, hain zen handia bere amorrua.
Amorrua: lehen sentimendua aspalditik. Bizirik zegoen.
Mutilek irteteko baimena eskatu eta Alfontsok, behingoagatik umore onean, eman egin zien:
— Ez eman atentzioa eta ez egin lelokeriarik —bi aldiz errepikatu zuen.
Sukaldera itzuli zen.
— Haserretzen zarenean ez zaude hain guapa.
— Edukazio sexualik ez didate eman eta... badakizu —serio.
— A ez? —atzetik jarri zitzaion, gerriarekin Olatzen ipurdia bultzatzen. Harraskaren kontra estutu zuen. Erekzioa.
Atzetik besarkatu eta ilea baztertu zion.
— Utzi.
Lepoa musukatzen hasi zitzaion.
— Uzteko!
Buelta ematea lortuta, besoekin bultzatu zuen atzerantz.
— Zein da zure arazoa? —Alfontsok—. Banekien kristoren moja zinela...
Sorpresan ireki zuen ahoa Olatzek eta hark musu batez itxi, erakarri, besarkatu. Zerbait esnatu zitzaion barruan; nola liteke Alfontsok bero jartzea? Errabia bueltatu zion hortzaka, azazkalak iltzatuz, eta Alfontsok, hauspotuta, altxa, logelara eraman eta ohe gainera bota zuen, dardaran biluztu, ukitu, zakila sartu eta astinaldi batzuen ondoren, sabel gainean isuri.
Plazerik ez. Eta tristeena: damurik ere ez. Miraria, ordea, ondoren: Alfontsok maitekor garbitu zion mantxa, mantarekin biak tapatu eta besoekin babestu. Olatz, begiak itxita, lasaitu egin zen. Aspaldiko partez.
Alfontsoren maitale ofiziala eta, opari, haren arropa garbitu, haren arropa lisatu, haren arropa ordenatu, harekin lo egin, harekin txortan egin, harentzat erosketak egin, otorduak ordu-orduan mahaigaineratu, hautsa garbitu, etxea txukundu eta, halere, denbora, egunak hogeita lau ordu baino gehiago balitu bezala, izugarri luzatzen zen, itsasoko uraren antzera dena urperatuz, bizitzaren hankak pisutsu, bizitzaren hankak geldo, zeren eta mugitzea ere astuna egiten zitzaion, baina are astunago pentsatzea eta are astunago sentitzea, batik bat Txumaren gutun bakarra ekarri ziotenetik, non haien artekoa bukatutzat jotzen zuen ez ziolako inoiz barkatuko semearen bizitza arriskuan jarri izana eta harengan batere pentsatu ez izana, ezta berak sufritutakoa ere, egun oso bat, 1.440 minutu bukaezin komisarian, galdeketan, bere existentziako esperientziarik latzena eta, gainera, batere merezi gabe, justua izaten ahalegindu baitzen beti, eta, horregatik, umearentzat onena zen pentsatzea ama urrun zegoela, komunikatzeko inolako biderik gabe, eguneroko galderak bakandu ahala, gabeziarekin bizitzen ikas zezan.
Lerro guztiak espainolez, eta euskarazko bakarra sinaduraren gainean: “Ondo izan”.
Euskara-irakasle bezala ere, porrota. Alfontsok, lehen, Olatzi besterik ez zion egiten euskaraz. Saria lortuta, gero eta maizago jotzen zuen espainolera.
Bestela, kalean ere hizkuntzak isolatzen zuen, frantses txobinistak. Alfontsok etengabe goraipatzen zuen Iparraldeko jendearen laguntza, ezinbestekoa omen zelako etxeak alokatzerakoan, errefuxiatuei lana bilatzerakoan, paperak eta sostengua lortzerakoan. Olatzek ifrentzuari erreparatzen zion, esne zuri-zuria baitziren iparraldekoak eta beraiek, olio-tantak. Hangoa ezin izanik, ez zen hemengoa.
Alfontso mili peto-peto bihurtuta, konbertituen fedeaz larrutzen zituen lagun ohiak, haien akats estrategikoak. Adibidez, Madrilgo Atocha eta Chamartingo tren-geltokietan egindako ekintza okerraren eraginez beste turista alemaniar bat hil izana. Atzerritarrak eta garrantzi gutxiko helburuak garbituz ez zuten ezertxo ere lortuko.
Bi arerio pertsonal zituen. Alde batetik, Karmelo; ze urrun pailazo-garaiak Mertxerekin! Biak polimilien lubakian zeudenean ere ez zuen asko maite: Olatzek ez zion zehazten Karmelorekin lotzen zuen iragana. Gainera, Alfontso antolatzaile argia izan arren, Karmeloren gorpu-pilak itzala egiten zion. Entzutekoa zen Alfontsoren sumina, polimiliek pauso bat atzera egiten zuten bakoitzean: borroka armatua bigarren planoan jarriko zutela iragarri, tregoa-zurrumurruak, negoziazioak... Traidore putakumeak.
Txapela zen bigarren obsesioa. Argala aurreko urtean erailda, Txomin Iturbek bakar-bakarrik zeraman eta militarreko aginte-makila, baina polizia gero eta estuago ixten ari zen soka. Maiatzean saiatuak ziren berriro atentatu batez garbitzen eta, hamaikagarren aldia zenez, Alfontso lekukoa hartzearekin amesten hasi zen.
Txapelak enbarazu egiten zion; gainera, haren ondoan hutsal sentitzen zen, ez zuen ausardiarik kontra egiteko. Etxera itzuli eta epelak botatzen zizkion Olatzi, erretxinduta bestearen hitzak disekzionatuz. Txapela emazte eta alabekin bizi zenez, ez omen zion Erakundeari dena ematen, hogeita lau orduz baitziren soldadu... Txomin ere hala bizi zen, baina potrorik ez hari ezer esateko.
Ekitaldi bat antolatu zen Baionan, katedralean gose-greba egiten ziharduten errefuxiatuei laguntzeko. Alfontsorekin joan zen Olatz; polimili-multzo batean Karmelo ikusita, haren bandora gerturatu eta bi muxu eman zizkion. Alfontsok zurbil itxaron zuen urrutian, erretzen.
— Hurrengoan etxetik bidaliko zaitut —Olatz itzulitakoan.
Hotzikara. Alfontsok haserrea mozorrotu, eta bizkarreko samurrak banatzen hasi zen ezagunen artean, jator-jator.
Kotxean mututu eta afaldu arte iraun zuen zigorrak.
— Badakizu Txapelaren azkena? —Alfontsok—. Arduratuta dago paramilitarrak neska gazteak bortxatzen eta hiltzen dabiltzalako. Txapelak begiak tapatzen dizkionez ez du ikusten probokazio hutsa dela, despiste-maniobra bat. Denok sufritu behar dugu, zuok emakumeok ere, baina alaba bi dauzkanez...
Mespretxuzko irribarrea azaleratu zitzaion Olatzi:
— Euskal Herria ederra lortuko duzu emakumerik gabe.
— Popatik hartzera zure emakumeekaz...
— Gainera, denok sufritu behar dugula... Ez zaitut batere sufritzen ikusten hemen, paperen artean. Herria defendatzeko barrura sartzen direnek, horiek sufritzen dute!
— A, bai? Oso erraza da ulertzen ez duzunaz berba egitea.
Putaseme halakoa! Muturtu egin zen Olatz. Etxera iritsi eta zuzenean jo zuen ohera; presta zezala Alfontsok bere afaria. Loa hartzerik ez, ordea: sumendi bat zen. Ezin ez-bizitza horrekin jarraitu. Gelatik irten eta pasilloan egin zion aurre:
— Barrura sartu nahi dut.
— Talde batean? —irribarre ironikoa aurreratu zitzaion Olatzen baietzari—. Ederto; egin bihar argazki bat. Badakizu gero nora joan.
Sofan eman zuen gaua Alfontsok, goizean ere ez zegoen. Mahai gainean utzi zituen franko batzuk, argazkilariari ordaintzeko.
Erakundekoek karnet faltsuak egiteko nahi zuten argazkia. Eta badaezpada, zerbait pasatuz gero. Aukera hor zegoen: bizitza emateko prest egon behar zuen sartzen zenak, bizitzak kentzeko prest.
Olatz azaldu eta hantxe jakinarazi zioten entrenamendu-kanpalekura joango zela Gabonetan, eta, ordura arte, beste kide batzuekin biziko zela.
Bidaiatu aurretik, errefuxiatuen mundu txikitik iritsi zitzaion oihartzuna: Alfontsoren emaztea Gabonak pasatzera joatekoa omen zen.
Entrenamendutik bueltan, geratzeko plana egin omen zuela.