Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

19

 

 

Burua okupatzeaz gain, opari ederra egin zion ikasteak, unibertsitateko sarrera-froga gainditu baitzuen. Baimena eman zioten Filosofiako matrikula tramitatzeko uned urrutiko unibertsitatean; irailetik aurrera hasiko zen.

         San Juan bezperan, zuzendari jaunarengana eraman eta izenak bota zizkion, lekuak, kopuruak, helbideak. Espero baino hotzago, espero baino zehatzago. Trukean, buruko mugimenduak baiezka; besterik ez. Traidore izateaz gain, tuntuna eta ergel hutsa zen.

         Alfontsori iritsiko zitzaion.

         Agurri.

         Udara beste berririk gabe eman zuen hilkutxan. Irail bukaeran, patioaldi sargori batean, bilerara deitu zuen Agurrek. Pasiera eten behar izan zuen Olatzek, pareta batetik bestera eta buelta, eta buelta, eta buelta. Haserretzeko lanik hartu gabe, taldeko borobilera gerturatu zen, ea ze ostia nahi zuen.

         Agur, diskurtsoka: galek lau errefuxiatu hil omen zituen bezperan Baionako hotel Monbar-en. Sartu, eta tiroka hasi omen ziren. Deklamatzen ari zela, Olatzi hurbildu zitzaion, eta borobila automatikoki soildu zen haien inguruan. Dilista ustela, orain nabarmenago.

         — ...eta gure heroiek bizitza ere ematen duten bitartean, beste batzuek, egoista nazkagarriek, Espainiarentzat egiten dute lan, gure lepotik, zorrien moduan gure odolaz elikatzen.

         Kolpatuko ote zuen? Eskuak itxi zituen Olatzek, tentsioan eta prest edozein eraso desbideratzeko. Agurrek, ordea, bizkarra eman zion:

         — Hau da fronterik gogorrena eta herriak badaki metraileta daukatenak bezain kementsuak garela hemen eusteagatik, arazoak sortzeagatik. Estatuari min egiten diogu barrutik. Traizioa da irtenbide pertsonala bilatzea, traizioa da borroka uztea, traizioa da... —eta, ustekabean biratuta, eskuaren atzealdeaz kristoren belarrondokoa eman zion Olatzi.

         Odola ahoan, ezpaina minez taupaka.

         Agurrek paper-puskatxo eskukada bat bota zion aurpegira; zatitxoak mila norabidetan sakabanatu ziren beherantz, kiribilak eginez. Argazki-papera. Semearen aurpegia ezagutu zuen, urratuta.

         — Saldu egin gaituzu, txibata putakumea...

         Iletik heldu zion Agurrek, muturrekoa jo, burua leiho baten barroteen kontra jo, paretaren kontra, lurraren kontra, ostiko, ostiko, ostiko, tevoyamatar, eta hil egin nahi zuen, baina handik aurrera Olatzek minik ez, marruak besterik ez, Agur besteak jotzera behartzen, traidore bat da, saldu bat, baina kolperik ez eta Agurrek orrazi puntaduna atera zuen, idi-probetako zirien antzekoa, txikitan aitona Teofilorekin ikusita zegoen nola xaxatzen zituzten idi erraldoi gaixoak ezten zorrotzez zirikatuz, gero Xantiora itzuliko ziren bazkaltzera, eta atzealdeko muinotik baserriko teila gorriak ikusten ziren, konpondutako zuloak kolore biziagoan markatuta, tetengoquematar, hiltzeko beharra zuela edo behartuta zegoela edo auskalo, ziria eskuan, ziztada bat besterik ez bihotz gainean eta akabo sufrimendua, akabo kartzela eta berdin du...

 

 

Esnatzean, minak konortea galarazi zion. Hurrengoan, pixka bat luzeago esnatu zen: areto zuri bat. Dena ilundu zen atzera. Argialditik argialdira sumatu zuen enfermerian zegoela, hainbat hezur puskatuta zeuzkala, saihetsen bat. Zulorik ez.

         Agurrek ez zuen hil.

 

 

Ahora ematen zizkioten pureak, Haritzi txikitan bezala. Bi argazki ekarri zizkion zaintzako funtzionarioak, norbaitek garaiz gordeak. Ez zuen izenik aipatu. Txumak bidalitako lehenengoak ziren, maiteenak.

         Erizainak, mutu. Osatu ondoren, txabolora itzultzean, berriro barkatuko ote zuen Agurrek?

         Zalantzak janda eman zituen egunak, asteak, telefono-dei eta bisitarik gabe, idazteko ahulegi. Ohatilan bermatuta hasi zen poliki-poliki ibiltzen; leihotik beste bi moduluren patioak ikusten ziren, hango emakumeak pasieran edo lurrean eserita.

         Txandalak ekarri zizkioten janzteko. Horrek esan nahi zuen laster jaitsiko zutela Agurrengana.

         Goiz batean, anbulantziako ohatilan etzanarazi eta, bidean ordu mordo bat egin ondoren, erietxe batera sartu zuten. Kalean, zirimiria ari zuen.

 

 

Osasun-azterketaren ondoren, Basauriko kartzelara. Aldatuta zegoen. Pikulinak beste batzuk ziren, nahiz eta betiko istorio eta miseriak kontatu. Olatz ere ez zen lehengoa. Yeseriastik egina zuen ihes, baina ezin pozik sentitu.

         Bakarrik jarri zuten ziegan. Bere liburuak pilatuta zeuden bazter batean; ohea eta komunaz gain ez zegoen beste altzaririk. Ohitzeko astirik gabe, funtzionario bat etorri zitzaion bila. Ondo ahoskatu zuen Olatz: euskalduna ote? Ahots leunez esan zion mesedez jarraitzeko eta gela batera eraman zuen.

         Ez zen larunbata, ezin vis a visak egiteko erabiltzen zutena izan. Txikiagoa zen, gainera, iluna. Mahai metaliko bat zegoen, bi aulki. Eta Basaurikoa horrelakoa bazen?

         Eseri eta itxaron egin zuen. Handik bost minututara, atea ireki eta emakume bat sartu zen, beltzez jantzia eta aurpegia zurbil. Hitz egin aurretik asmatu zuen Olatzek zein zen; bost urte zeramatzan lutoz, eta bazirudien betiko jarraituko zuela.

         — Rosa naiz, Ramonen emaztea —espainol neutroz hitz egin zuen, mantso. Mahai ondoan geratu zen zutik—. Etorriko zinela entzun nuen. Barakaldokoa naiz, eta hemen bizitzen jarraituko dut.

         Zenbat urte izango zituen? 30? Eta halere, askoz zaharragoa ematen zuen. Adinekoen gaitasuna zuen sufritzeko, sinesteko, fidela izateko. Segurtasunez begiratu zion, goitik behera, sakon, zintzo. Tente zeraman burua, penak harrotuta. Halere, bat-batean, mahaian bermatu zuen eskua; oso berria zeukan mina, berriegi.

         Olatz dardaran hasi zen, beldurrez.

         — Zu zara, orduan —Rosak, gorrotoaren partez, errukia.

         Olatzek jaitsi egin behar izan zituen begiak.

         — Nola izan zen?

         Zer erantzun, ordea? Zer jakin nahi zuen? Sorbaldak jaso zituen, galduta, burua astindu:

         — Tiroketa...

         Ez zen begirada altxatzeko gai.

         Rosa isilik geratu zen tarte batez, Ramonen azken momentuak errepasatzen arituko balitz bezala.

         — Ondo portatu zen?

         Olatzek baietz. Burua bularrean iltzatu zuen, eztarria garbitu:

         — Zaurituta zegoenean topatu nuen eta... —begiak itxi zituen malkoak frenatzeko. Hiltzaile deituko zion, bukaeran lagundu ez izana leporatu—. Bere azken momentuetan...

         — Berarekin zinen? —poz harrituaz—. Esan zidaten bakarrik hil zela. Bakardade horrek ez nau...

         — Azkenera arte.

         Rosa pixka bat hurbildu zen, aurpegian distira, gelan falta zen argia hantxe kontzentratuko balitz bezala.

         — Zerbait esan zuen?

         Isildu egin zen. Senarraren azken minutu agoniko haiek lotzen zituzten. Indarrak bildu zituen berriro:

         — Entzun zenuen? —Olatzek baietz buruaz, begirada lurrean—. Errepika ezazu —xuxurlaka—. Zerbait... zerbait behar dut... bizitzeko. Nik... nik...

         Mamu bat zen Olatz. Arnasa hartu zuen. Ez zen ausartuko.

         — Zu... zu... zure izena.

         Oihu egin zuen Rosak, ikaragarrizko poz eta minez.

         — Banekien! Seguru nengoen!

         Arinduta, negarrez hasi zen, aurpegia eskuetan ezkutatuz. Olatzek beldurrez begiratu zuen sabaira, paretetara. Ez zen ezer gertatu. Malkoak lehortu zituen; ez zeukan eskubiderik Rosaren aurrean negar egiteko. Burua umiliatuta itxaron zuen.

         — Ez zaitut gorroto —Rosak—. Baina hemen usteltzea opa dizut. Justizia egingo da.

         Atera hurbildu eta birritan jo zuen ukabilaz. Atzera begiratu gabe irten zen.

 

 

Hiru aste eman zituen desorientatuta. Txotxongiloak ziren denak: esnatu, jan, paseatu, lo. Eta, ia abisatu gabe, ia konturatu gabe, egun bateko baimena eman zioten, Sodupera joan eta buelta, proba moduan.

         Kalera.

         Ez zuen gutxitan liberazioa irudikatu: makutoa aldean, Txuma, Haritz eta gurasoak atean, noiz besarkatuko. Askoz ere itsusiagoa izan zen: hamarretarako itzultzeko agindu eta kalekoz jantzita utzi zuten ate nagusiko beste aldean. Txumak oparitutako larruzko poltsa txikia zeraman zintzilik. Inor ez inguruan.

         Euria ari zuen. Dardarka eta hoztuta, pribilegio hutsa zen bustitzea. Kale sakonetan, ez zuen inork ezagutu eta bera edozein zen. Ez zekien ze autobus hartu Bilboraino joateko eta, lortu ondoren, galduta zegoen han ere. Blai eginda iritsi zen tren-geltokiraino.

         Sodupe. Ez zitzaion hain gris, hain txiki, hain itsusi egin. Semearen herria. Bere bizitzako zati bat gozatu zuen han, eta majo sufritu ere. Esperantza galduen zeukanean, itzuli. Prest ez zegoenean.

         Ibaiaren korronte marroixka, apar zuriko irlak. Hori ez zen aldatu. Amaginarreba zuen geltokian zain; ze ordutatik ariko zen itxaroten? Andreak besarkatu eta besotik heldu zion. Urrats txikitan gidatu zuen, zubia gurutzatu, fabrika zaharraren aurretik igaro, elizan biratu eta Txumaren kalea hartu, haien etxera zeraman aldapa.

         Begiak jaitsita zihoan, inor ez ezagutzeko. Ezkaratza, berdin-berdin. Eta etxeko atea. Barruan, dilista-usain epela, babesa: Olatzen argazkia, semearen absentzia eta, nonahi, bizitza-zantzuak. Etxe bat.

         Amarekin hitz egin zuen telefonoz, amona Brigidarekin. Amaginarreba huskeriez ibili zen, biak sukaldean kafe zoragarri banaren aurrean. Gaixoa lotsatuta zegoen ez ziolako bisitarik egin kartzelan.

         Haritz uzkur iritsi zen eguerdian; segituan piztu zuten amamaren galderek. Txumak ere etortzeko modua bilatuta, familia-bazkaria egin zuten. Etxeko gizonak joan ondoren, hitz eta pitz jarraitu zuen amaginarrebak. Bai, emakume ona zen.

         Bostetan, umea eskolan jaso eta plazako kolunpioetara eraman zuten. Bien artean errazagoa zen beste amen begiradei ez ikusiarena egitea, lasaitasun-plantak antzeztea.

         Hurrengo baimenean, bakarrik laga zuen amaginarrebak arratsaldean, enkargu bat zela eta. Bokadiloa prest itxaron zuen sarreran eta kontu txikiez hizketan joan ziren, umea harro bere eskutik. Plazan, semea beste umeekin biltzean, banku batean eseri zen Olatz. Bakarrik. Segituan bete ziren gainerakoak. Harengana ez zen inor hurbiltzen. Ibai marroiko apar zuriko irlak.

         Ordu erdira azaldu zen agure argal bat, haur txiki bat zekarrela. Inguratu eta ondoan eseri zitzaion. Berehala kontatu zion biloba nagusia Haritzen gelakoa zela, ziklista amorratua, eta egunero eramaten ziola eskola-ateraino arrastaka trialsineko bizikleta. Serafin Vivanco zen eta lehengusu txikia zuen Txumaren aita zena.

         Beste bi gelakideren amak bildu zitzaizkion, segituan hirugarren bat. Elkarrizketan kontzentratuz eutsi zion negar egiteko gogoari. Haurdunaldian baino are aztoratuago zeuzkan emozioak.

 

 

Bi egun geroago izan zuen Haritzekin bakarrik bazkaltzeko aukera.

         — Jan, maitea —haren plateraren hondarrak erdira bultzatuz.

         — ΏPor quι?

         Ezin gehiago esan, hain “zergatik?” soilarekin.

         Konfiantza irabazi ahala, semea aukeratzen hasi zen noiz izan maitekor, noiz gaizto. Jendearen aurrean, batzuetan, kristoren kasketak harrapatzen zituen eta Olatzek apaltzerik ez. Etxean, berriz, negar-atakeak, mimoak eta mainak, amaren aupitan egoteko premia bazkaria prestatzen ari zela edo zerbait urgentea bukatu behar zuenean. Eta Olatzek ez zeukan ez armarik, ez ezkuturik.

         Aurreneko astean, ama perfektua izaten saiatu zen; gero, etsi: umeak nahi zuena jaten zuen, nahi zuena mahaira eraman, nahi zuenean tentetu. Izaera apaleko irakaslea zen Olatz, kasu pitorik egiten ez zion gela erdian. Amama bertan zegoela, ordea, txintxoa zen Haritz, lasaia. Kemenik ez amaginarrebari eskatzeko egunero haiekin egon zedin. Gerra galdu batean harrapatuta zegoen, egunero Haritzen mendekua sufritzen.

 

 

Amaginarrebak notiziak: Amparok laguntza behar omen zuen mertzerian, etxe ondoan. Hiru pezetaren truk, egia da, baina nahikoa eguneroko baimena eskuratzeko.

         Hirugarren graduarekin, gogotsu lotu zitzaion errutinari: Sodupera iritsi, bazkaria prestatu, mertzerian lanean ordu bata arte, semearekin bazkaldu, ordu eta erdiz ikasi, mertzeria, han egon bitartean merienda eman eta kartzelara lotara.

         Atentzioa ez ematen saiatzen zen, jasotako gutxiesteak ahazten. eajkoek terroristatzat zuten; euskara-irakasle xumearen garaietan ere, nahiz eta Txuma batzokikoa izan, juxtu-juxtu agurtzen zuten. hbkoek, egun zoriontsuagoetan ikasle eta lagun, agurtu ere ez: beste alde batera begiratu, ez ikusiarena edo ziplo isildu Olatz denda batera sartzean. Txibatoa.

 

 

Erresumako lumarik gorenetako batek jarri zuen Olatz atzera modan. Eta estatu-afera bihurtu zen argazkilari trebe batek harrapatu zuenean semearekin eskolatik irribarretsu ateratzean. Telediarioan ere polemika aipatuta, ez zekien zer egin. Alfontso ez zen ahazten zuen horietakoa, baina, etaz gain, galen jomugan ere jartzen ari ziren, damua nola interpretatu.

         Zortzi egunez iraun zuen enbatak. Haizea zeharo aldatu zen Cambio 16 aldizkariak Yoyes azalera ekarri zuenean, Donostian libre bizi zela zabaldu.