Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

4

 

 

Zenbat negar eta zenbat ernegu haurtzaro eta gaztaroan, ditxosozko Ximaurras gora eta behera. Santa Anako neska finen arabera, kiratsa omen zerion Olatzi. Izeba Esti Xantiorenera aldatu ondoren, haren lurrin-tanta batzuk bota zituen behin. Alferrik: iristerako, Ximaurras agurra. Mertxeri ere bai, baina kalera bizitzera joateak lurrindu omen zizkion baserri-perfumea eta iraina. Olatzek, berriz, loratu arte itxaron behar. Begiek sudurra estali omen zieten mutilei eta ahoa zuritu; hitz itsusietatik lausenguetara pasatu ziren. Bidaxunen, behingoagatik, ez zion bentaja eskasa emango baserritar petoa izateak.

         Serio hartu arren, hango formazio politikoko saioak idiak bezain astunak ziren. Kristalezko hitz mordo bat: langileria, justizia soziala, kapitala, plusbalioa... Begira eta begira egonagatik ere, ez zuen haien barruan ezer ikusten.

         Euskarazko saioetan aspertu egiten zenez, baratzeko lanari ekin zion. Baserriko gehienak galipota baino kaletarragoak ziren eta berehala zabaldu zen bere trebezia. Horri esker eskaini zioten Etxepare baserrira mugitzea, Mugerre izeneko herri batera. 30 kilometrotara. Bere kabuz.

         Alfontsok eraman zuen Mugerrera eta hura izan zen kontaktua mantentzen saiatu zen bakarra, noizbehinkako agerpenak zirela medio.

         Etxeparen, hobeto: Xalbat aita euskualduna zen; hiru semeak eta ama, ez. Halere, hitz egiteko behar handirik ez: Olatz barrurantz bilduta bizi zen, lan eta lan familiaren bisiten zain.

         Horrelako batean, eskutitz bat eraman zioten, Mertxerena. “Querida Olach” bromaren azpian, letra borobil eta arduragabez ematen zion herriko txutxu-mutxuen berri, nork egina zuen bere galde, zenbat sumatzen zen bere falta... Testua hamaika bihotzez apainduta, bazter batean zekarren Olatzi irriarazi zion posdata, presaka erantsita: “Maja: iparraldean nahi adina arropa erostea daukazu. Levis pare bat lortuko, faborez? Botoidunak, badakizu”. Karmeloren inguruan txintik ere ez.

         Baserrian zer egin franko zegoenez, gutxitan hurbiltzen zen Baionara, nahiz eta oinez joateko moduko distantziara zegoen. Mertxek arrazoi: mundu zabala zuen eskura; hartzeko gogoa falta, ordea.

         Hizkuntzak isolatuta zegoen, nekatuta, bihozgabetuta. Gero eta ahalegin handiagoak bildu behar izaten zituen etxekoen aurrean malkoei eusteko, primeran zegoela itxuratzen jarraitzeko, are gehiago etapm-k Aingeru Berazadi bahitu zuenetik.

         Hendaiako hondartzan elkartu ziren igande hartan. Ama, aita, Mikeltxo eta Ixabel mutu; aitona Teofilok muxurik ere ez. Tregoarik gabe, brausta egin zion tiro:

         — Esan berehala askatzeko! Gure Aingeru euskalduna dun, abertzalea.

         Amak ez zuen kemenik izan esku hartzeko; begiekin zirikatu zuen aita, hark “osaba, faborez” ozen erregutu ziezaion.

         Olatz, hitzik gabe; nola adierazi? Pendulu bat zen, inpotentziatik tristeziara, dezepziotik desesperaziora.

         — Ez omen dago ezer ere zure kontra, maitea —amak, asteroko erretolika aurreratzen—. Berriro esan digute. Gainera, Franco hilda... denak hobera egingo du. Etorri etxera.

         Etxera.

         — Zer moduz amona Brigida? —Olatzek, ahots-hari batez.

         Amak buruaz egin zuen ezetz:

         — Haserre dago... baina lasai, ez da zure errua; esan nahi dut, badakizu nolakoa den. Nirekin beti izan da hain zorrotz... eta bere begietan zu ni zara, horregatik...

         — Caudilloaren garaian jarraitzen dute —aitak, broma-doinuan.

         Aitona Teofilok arnasa bota zuen sudurretik, pazientzia galduta.

         — Ez diozue inoiz kontatu behar? —eskuaz apuntatu zuen biloba—: Hire senargai eder hori lasai asko bizi dun. Aitatxok kanpora bidali zinan noiz eta elkarrekin ihes egitekoak zineten gauean. Coruρako barnetegi batean zaukan estudiatzen. Idatzi al din?

         Agurra ohi zen bisiten zatirik mingarriena. Etxekoak bizitzara bueltan eta Olatz portuan ainguratuta, txalupa zaharrekin batera. Egun hartan, bakarrik geratzean, arinduta sentitu zen. Eta triste: familiaren kontsolamendua ere ez zeukan.

 

 

Hurrengo bi igandeak, latzagoak: aitona Teofilok Aingeru Berazadi gora eta Aingeru Berazadi behera, bere laguna, bere soziedadea, bere herria. Olatz hartzen zuen polimilien bozeramailetzat. Marka zen: inoiz baino urrutiago zegoen etatik.

         Astelehenean, preso mordo batek ihes egin zuen Segoviako kartzelatik. Espainiako irratietan ez zuten kopurua zehaztu. Orduak inolako berririk gabe, euforia lotsatia: lortuko al zuten?

         Asteartean harrapatu zituzten haietako gehienak. Berri nahasiak: borrokak omen, tiroketak, presoetako bat hil. Ostegunean, hilda aurkitu zuten Berazadi, tiro bat buruan.

         Eten bat sentitu zuen Olatzek, portura lotzen zuen txikota moztu ziotela. Bela edo arraunik gabe, itsasoaren menpe iraun beharko zuen. Iraun edo.

         Hurrengo igandean, aitona ez zen azaldu; halere, bakerik ez. Ondorengoan bai. Deabruaren antzera, begiak piztuta eta masailak gorri-gorri, ezpain fin estutuek haserrea azpimarratzen zutela. Periodikoa bota zion: “Angel Berazadi, asesinado”.

         Argazkikoa zen, zalantzarik gabe: txikitan ikusten ohi zuena, Gure Kabiya soziedadean. Aitona Teofilok bigarren behatzarekin zulatu zuen “Francia” hitza.

         — Akordioa lortu omen zenuten —suminak totelarazita. Eta, orduan, urtu bezala egin zen—. Zergatik?

         Begiak malkoz beteta, buelta eman zuen. Olatz ere, eutsi ezinik, negarrez hasi zen. Amak ez zuen berehala besoekin babestu, pixka batean ordain zezan.

         — Hurrengo astean zuekin bueltatuko naiz —Olatzek, usain ezagunaren kemenaz.