8
Arratsalde batean, Brigida Plantxadora bisitan. Senarra hil ondoren, Erreustaneko etxebizitza laga eta Zigordia kaleko ganbarara joan behar izan zuten bizitzera, lisatzeko plantxak zirela-eta lekurik ez zutela. Eskean al zetorren?
— Ze moduz hago? —Brigidak.
— Ondo, eta zuek? —hika egitea saihestu nahi zuen kosta ahala kosta.
— Zera batekin natorren, proposamen batekin. Gure Ramonen lagun baten bitartez, aukera atera zaidan altzari-fabrika batentzat brodatzeko. Zati txikiak ditun, etxean erraz egiteko modukoak. Semeak materiala ekarri, bukatutakoak eraman eta ordainketaz arduratuko luken. Alabak hirekin batera jardunez gero, baietz senarrak baino gehiago irabazi.
Irene, ustekabeak mutu. Larrua behar zen, gero, etxera etorri eta brausta hori botatzeko. Bego Donostiako akademia garesti batera bidali nahi zuela imajinatuko al zuen? Nola zekien Migel anaiak ez ziola artean 1935. urteko dibidendoa bidali?
— Ondo pentsatu eta lehenbailehen erantzun, bestela beste bati eskainiko zionat.
Joxeri, jakina, txintik ere ez, nekatuta baitzegoen harekin borrokatzeaz. Borroka antzuak ziren, gainera, uretan ibiltzea bezalakoak. Begoren urteak zirela-eta, adibidez, bezperan ohean aipatu zion olabeagatarrek jatetxean ospatu ohi zituztela. Senarra isilik, Irenek lo hartu zuen Gran Hotel edo Hotel Miramarrekin ametsetan.
Nahi bai! Egun seinalatuan, aberats-planta asko, baina turisten hondartzari bizkarra eman eta trenbideaz bestaldera gidatu zuen familia. Azken Portuko bentara, baserritar guztien artera.
Kasualitatez, bertan zegoen etxeko seme nagusia, Basarri bertsolaria. Bizkiak berehala hurbildu ziren agurtzera, Xebas haren lagun ona eta Joxe mundu guztiarena. Emakumeak mahai batean eseri ziren; segituan etorri zitzaien Maria etxekoandrea. Irene irribarrez hartzen saiatu zen, hark ez baitzuen ezeren errurik.
— Gure seme gazteak sardinak ekarri ditu gaur goizean. Juli, etorri!
Joxepiren adinekoa zen mutila, altua eta zabala, ezkerreko masailean mantxa gorri handi bat zeukala.
— Zer duzu aurpegian? —Joxepik.
— Ama astotik erori zen nitaz haurdun zegoela —gorria aurpegi osora zabalduta.
Sukaldera itzuli zirenean, Irenek errieta egin zion alabari. Lotsagabea!
— Txirrita joan zaigunetik, hauxe da gure txapelduna, Uztapiderekin batera —Joxek, mahaira etorrita—. Isil-isilik zaudete; Calvo Sotelo ikusi duzue, ala?
— Zerri hori aipatu ere ez nire aurrean! —Xebasek—. Amak miaztu gabekoa...
— Ito egingo haiz! —Joxek, barrez.
— Ito? Ez ahal dik suge pozoitsu horrek mihian kosk egingo!
— Lasai, motel: estatutuarena eginda zegok, baietz aurten aprobatu. Lapurtzen besterik ez zakik eskuinak, Lerrouxek demostratu dik. Ez dituk itzuliko, ikusiko duk. Ezkerrarekin aurrera aterako diagu estatutua; hogeita hamaseia gozoa izango duk.
— Ez zakiat, ba. Espainian anarkiak agintzen dik, Gil Roblesek horretan arrazoi —Xebasek—. Tira, guretzat, hobe. Errepublika zenbat eta okerrago, orduan eta gertuago gu Kubatik.
Irenek eskua jarri zion senarrari besoaren gainean:
— Alabak, faborez... —ez ahal zuten momentu batez politika alua ahaztuko?
— Eta? Emakume Abertzale Batzan emango dute izena noizbait, hobe lezioa ikasita joatea.
Akabo, ba! Eskolako notarik onenak lortuak zituen Begok. Zer egin zuen Joxek? “Zorionak” ziztrin bat. Zorionak!? Harri azpietatik atera ezak dirua, motel! Comercio ikasi nahi zuen Begok; ama takigrafia edo mekanografiarekin ere pozik.
Gaixoa Bego. Han, txintxo-txintxo isilik, Andoni txikia besoetan. Umeak lehengusinari titia bilatu eta neska gorritu egin zen. Alde ederra, bular oparo haiek eta ez Irenerenak, esperantza bezain eroriak. Laster amona.
Ez, Begok bere aukera izango zuen; amak emango zion. Behar izanez gero, senarraren bizkarrean jardungo zuen Brigidarekin lanean.
Lotan zegoen, Joxe batzokitik etxeratu zenerako. Poz-pozik sartu zen ohera, muxuka eta laztanka, gehiago nahi zuenean bezala.
— Izetak esan dit laster izango direla hauteskunde probintzialak —ardo-hatsaz— eta badakizu Izetak beti daukala informazio ona. Diputaziora eramango dute Beristain; ezetz asmatu zeinentzat izango den haren udal idazkari postua?
— Oposiziorik egin gabe?
— Eta, Jainkoa lagun, bizitza osorako.
Lapurtzea zen meriturik egin gabe postua okupatzea. Eta lastima, soldata eder hura pasatzen uztea.
— Non jarriko zenuke pianoa? —besarkatu egin zuen, eta Irenek utzi—. Villa bat ez, baina bizpahiru urte barru, etxebizitza handiago bat erosteko moduan izango gara, agian neskame bat zuri laguntzeko...
Sinetsi nahi diren gezurrak dira goxoenak. Amaz oroitu zen, Beasainez, liburuez.
Joxek nahi zuena eskain zezala; erabakia hartuta, pixka bat libreago sentitu zen.
San Fermin bezperan, afari bitxia: Begok zerbait nahi zien eskatu, susara dagoen behia baino aztoratuago baitzebilen. Postrean, aingeru-aurpegiz atera zuen patrikatik egunkariaren orri-muturra: Arantzazuko Amari bisita egiteko erromesaldi jendetsua, bi larunbaten buruan, uztailaren 18an.
— Periodiko deitzea ere! —Joxek—. La Constancia hau karlisten panfletoa da. Artaldean joango dira; Joxe Bizkiaren alaba ez da haiekin nahastuko. Erromesaldia egin nahi baduzu, zatoz nirekin.
— Ez da justua! —aurpegi zuriz.
— Ez erantzun aitari! —Irenek inertziaz, eta segituan damutu. Txintxoa zen alaba, ikasle ona. Haren alde hitz egingo zuen—: Ea, ba. Pentsatu al duzue...?
Joxek eskuarekin moztu zion, Begori amorratuta begira:
— Gauza bat esango dizut: Silvinorengandik urrun nahi zaitut, aditu? Tiroka jardun da gainerako errekete gazteekin Azpeitia aldean. Ez da parte onekoa; egunen batean, disgustu latza emango du.
Alaba negarrez altxa eta korrika sartu zen logelan, ateari danbatekoa emanda. Joxek begirasun gogorra bota zion emazteari, ezer aurpegiratzeko beharrik gabe.
Hurrengo ostiralera arte betiko moldean jarraitu zuen Begok, otzan eta esaneko. Noizbait ulertu horrek ere ez zuela Arantzazura eramango eta muturtu egin zen. Joxepi handi bat zirudien, baina irmoagoa, leherkorragoa. Aitak pultsua onartu eta kalera irten gabe zigortu zuen. Asteburu osoan. Zapatuan, ohituraren kontra, periodikoa erosi ondoren etxeratu zen, egun osoa atxilotuarekin emateko. Hura tentsioa! Gauean, andreari aitortu zion ezin zuela gehiago, eta biharamunean Irenek zaindu beharko zuela.
Astelehenean, don Cesar Mendoza-eta iritsi zirenez, Xebas, Paki eta Andoni txikia ere Irenerenean. Xalesenean komentatu zuten beste sozialista bat tirokatu zutela Madril aldean, asaltoko teniente bat. Etxean ere nahikoa liskar; Madril urrun zegoen eta bost egun falta ziren Arantzazuko larunbaterako.
Gertuago harrapatu zuen hurrengo erailketak; Xebas papera bezain zuri etxeratu zen bazkalorduan:
— Calvo Sotelo garbitu ditek.
— Ze esaten duk? —Joxek. Eta emazteen kezka ikusita—: Egon lasai; hildako bat baino gehiago behar da zerbait serioa pasatzeko.
Uztailaren 18a, erromesaldiaren larunbata. Begok, asteazkenetik histerian, negarrez hasi zuen eguna. Sukaldean denak kabitzen ez eta otorduak egongelan egiten zituzten. Paki eta Joxepi bazkarirako mahaia prestatzen, Bego eta Irene bakarrik suertatu ziren sukaldean.
Ulertzen zuen alabaren mina. Alde batetik, lagundu egin nahi zion; bestetik, mutil hori ez zitzaion komeni, eta ez Joxek esaten zuelako. Gazteegia zen Bego, burua hotz izan behar zuen ondo aukeratzeko, amak egindako akats berdina ez errepikatzeko.
Harraskan ari zen gaixoa, eskuak baino bustiago masailak. Amak burua laztandu zion:
— Zer dun? —ea hitz eginez arintzen zitzaion pena.
— Silvinok lagun falangistak dauzka eta Donostian egon da, Calvo Soteloren aldeko hiletan. Artzain Onaren katedrala txiki geratu... omen da: Maura ministro izandakoa, Romanoneseko kondea... denak han —nolatan ezagutzen zituen izen horiek?—. Bukatutakoan, gazteek pasilloa osatu dute falangisten agurra eginez. Irten dira manifestazioan eta, Loiola kalean bertan, asaltokoak zain. Hasi dira oihuak eta bultzadak, jendea haserre, Silvinok buila egin die guardiei eta beldurtu egin naiz... —begi gorrituak ezkutatu zituen.
— Nola “beldurtu egin naiz”?
— Neroni ere joan naiz —barkamenik ez. Pausa—. Hasi dira tiroka eta Silvinok besoekin babestu nau. Abiatu gara korrika. Espaloian botata, mutil gazte bat. Eskuak odoletan, ezin mugiturik. Saiatu da tentetzen eta, bat-batean, lasaituta bezala geratu da. Hiltzen ikusi dut, ama, aditu? Hiltzen...
Zerk ematen zion amorru handiagoa, Begok bere kabuz erabakiak hartzeak edo oker hartzeak?Besarkatu egin zuen. Bera baino altuagoa zen, emakume koxkor bat. Nolatan ausartu...?
Bazkaltzera eseri ziren; ezin hasi, ordea: non demontre zegoen Joxe? Berandu zetorren. Ireki zen, azkenean, etxeko atea eta Joxeren alpargata-hotsa pasilloan, serio demonio Xebasengana:
— Franco matxinatu omen duk.