Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

5

 

 

Goizean goiz zabaldu zen bidean Zarautz zeharkatuko zutela eta, hamarretarako, greba-egunean bezain hutsik zeuden fabrikak, langile gehienak plazan, txistulariak, ezpata-dantzariak... Abuztuko Amabirjinaren egun handia ematen zuen.

         Udaletxeko fatxadak lau zutabe potolo zituen, tenplu erromatarren antzera triangeluan bukatuta. Goiko solairuan zegoen balkoia, zutabeen arteko bost hutsunetan enkajatuta eta, momentu hartan, jendez lepo.

         Sukaldeko balkoitxora atera zen Irene, alabekin estutuz ez zirelako hirurak sartzen.

         — Etorri gurera, emakume! —Antonia lagunak, aldameneko eraikinetik—. Hobeto ikusiko duzue eta!

         Berez, urrutiago zegoen haren etxea udaletxetik, baina hango miradoreak! Zalantza-plantak egin zituen Irenek onartu aurretik. Antoniarekin batera antolatutako txokolatada ederrean egona zen olabeagatarren palazioan. Banco Guipuzcoanoko zuzendaria zen Patxi etxeko jauna eta bistan zegoen: pasillo zabalak, aretoak, Vatikanokoen pareko altzariak... Eta dena txukun-txukun, goizeko hamaikak ez ziren arren. Zer ikusirik ez Ireneren kobazuloarekin, Joxepi urakanaren opari.

         Ai, Joxepi! Ezin arrastoan sartu. Azkena, San Inaxio martxarena. Udaberrian, letra berri bat ekarri zuten batzokikoek herriko umeek abesteko. Euskara ederragoan idatzita zegoen, adibidez, “Lur” esan beharrean, “Ludia”, eta horrelakoak. Ba, Joxepi temoso hark, ezetz, ez zuela nahi. Hango negarrak! Non eta batzoki erdi-erdian. Oparien bitartez konbentzitu behar izan zuten. Iritsi da uztailaren azkena eta ekin dio ume-abesbatzak ereserkia kantatzeari: Iρaki / Jainkoak bialdua / Ludian izateko / Josuren gudarien burua... Koru harmonikoaren atzetik, ordea, ahots burlati bat hitz zaharrekin kanka-kanka: Inaxio / gure patroi haundia / Jesusen konpainia... Joxepi!

         Oroitzapenen amorrua disimulatzen saiatu zen Irene, Antoniak ez zezan pentsa berarekin lotura zeukanik. Han pianoa! Udarako arratsaldeetan, leiho irekietatik behera jaisten ziren Itziar eta Arantzazu Olabeagaren sinfoniak, zerutik bezala. Bego zaharregia zen hasteko eta Joxepi...

         Antoniaren aldamenean atera zen balkoira petxua handituta. Erregina eta markesa. Jendetzaren oihuak zirela-eta, ezin aditu diputatuek esana. Lehen Monzon, gero Irujo. “Gora Euzkadi askatuta!” bukatu zuen hark ukabila estutuz, eta plazak aho batez erantzun. Esquerra Republicanako diputatuak aurkeztu zituen, haiei hitza emateko.

         Ez zen kasualitatea katalanak han egotea: Sabino Aranaren hilobia bisitatzera zeramatzaten pnvkoek, haiekiko solidaritatean utzi baitzuten jeltzaleek parlamentua, protestan.

         Diputazioetan nork agindu zen arazoaren muina. Joxe eta Xebas ez ziren konturatzen: hiru urte ditxosozko Errepublika ekarri zutela eta, artean hauteskunde probintzialak egin ez zirenez, Madrilek aukeratzen zituen hango mandatariak, Madrilen interesak defendatzeko.

         Argi geratu zen Ardoaren gerran. Lehen ministroaren tronua eskuratu bezain pronto, buru-belarri hasi zen desegiten Lerroux eskuindarra ezkerrekoek aurretik egina, adibidez erreferendumean aprobatutako autonomia estatutua. Gutxi balitz, iragarri zuten ardoaren arantzelak igo behar zituztela, eta han bota ziren gainera euskal udal pila bat, Donostiako alkate sozialista buru. Joxek zioen ardoaren arantzelak omen zirela udalen aurrekontuen erdia eta handik matxinada; Xebasen arabera, berriz, Madrilek autonomia estatutua gelditzearekin nahikoa ez eta kontzertu ekonomikoa kendu nahi zuen.

         Probintzia defendatuko zuten taxuzko diputazioek; txakurrak, ordea, zaunkarik ez jabeari eta udalek bilerara deitu zuten gobernuarekin zuzenean negoziatuko zuen ordezkaritza aukeratzeko.

         Gobernuak debekatu arren, bilera egin, egin zuten, baina hala moduz, udal ordezkari gutxik ekidin baitzituzten errepide-kontrolak eta Poliziaren trabak.

         Horixe ari zen gogoratzen diputatu katalanetako bat udaletxeko balkoian. Jendetzak eman zion oihartzuna bukaerako oihuari: “Visca Catalunya lliure! Visca Euzkadi lliure!”. Ondoren, txistulariek negar-puntuan jo zuten Agur, Jaunak eta, denak autoetara igota, sekulako txalo eta aupaden artean abiatu zen segizioa ikurrina eta senyera erraldoi bik osatutako arkuaren azpitik.

         Parentesia itxita, sentipen deseroso bat utzi zuten plazan, irreala izan ote zen, zapore gazi-gozo bat. Lanera itzuli beharra zuten, bizitzak berdin-berdin jarraitu zuen. Edo horixe uste zuten.

 

 

Ordu bata laurden gutxitako kanpaia: Joxe iristear eta, artean, mahaia atondu gabe. Geroxeago etorriko ziren Paki Begorekin eta Xebas. Azkena beti, Joxepi. Hain zaila al zen enkarguetatik zuzenean etxeratzea? Ez al zuen ama itota ikusten?

         Udararako, etxebizitza alokatu zioten koinatuek Madrilgo jaun bati, eta Joxerenean zeuden geroztik. Brigida Plantxadorak egin zituen bitartekari-lanak eta, egiak esaten hasita, sardinak latan bezala bizi ziren bi familiak, lan guztia Ireneren bizkar zegoela.

         Kalean, marruak: “‘Viva Espaρa!”; etxeko eskaileretan, burrunba. Ate-danbateko basatia: ikusiko zuen Joxepi sorgin horrek! Sukaldera, berriz, Bego sartu zen, zuzenean balkoitxoraino.

         — Udatiarrak, ama!

         Berrogei edo berrogeita hamar lagun, trajea zein albornoza soinean, batzuk serio demonio beso faxista altxatuta, besteak kalejiran irribarretsu. Ipar kaletik zetozen, udaletxerantz. Balkoitik zintzilik jarraitzen zuen ikurrin batek, goizeko ilusiotik arrasto bakarra.

         — ‘Muera la Repϊblica!

         Paki iritsi eta haiekin estutu zen balkoitxoan:

         — Han don Cesar Mendoza! —haien apopiloa seinalatuz. Gizon iharra zen, kaskamotza eta antiojo beltz potoloen azpian sudurluzea—. Eta han andrea, doρa Maria del Rosario, beti ondoan. Baietz komunean ere bakarrik ez utzi! Lepotente halakoa... Infanteen antzera jantzita zaraman semea. Ematen din Gran Hotel osorik hartu duela, itsasoari begira hamar neskame eta guzti. Baita zera ere: esan nionan Florentina Azkuek lagunduko ziola arropa garbitzen eta lisatzen... horixe egiten diten kanpotarrek, ezta? Ba doρa Maria del Rosariok ezetz, misterio handiz. Seguru nagon gauerdian joaten dela Salbideko labaderora, eta gero etxe barruan zabaldu. Lepoa egingo niken!

         Ez Irenek ez Begok erantzun zioten. Ahoberokeria baino, inkontinentzia zen Pakiren arazoa.

         Iritsi zen inbasioa udaletxe ateraino eta hango langileetako bat irteten harrapatu. Larrua jokoan, bidea libre utzi zien. Joxe barruan egongo zen; gai zen heroiarena egiten hasteko.

         Plazan, taldetxoetan sakabanatu ziren hitz eta pitz. Don Cesarrek txorien moduan mugitzen zuen burua, alde batetik bestera bixi aldatuz, emaztearen ondoan.

         Balkoiko ateek kraska, eta lauzpabost udatiar atera ziren. Ikurrina bota eta Espainiako banderatzar bat zabaldu zuten, Primo de Riveraren garaiko hori-gorri itsusia, piper potoa. Behekoak txaloka eta bibaka hastean, goikoek besoa jasoz erantzun zieten.

         Kale Nagusitik agertu zen Joxepi; eskerrak! Ezkaratzera sartu zen, noiz eta hainbat mendigoizale gazte korrika zetozenean, alkandora hutsean. Zuzenean jo zuten faxistengana.

         — Ama, Sanson Azpeitia!

         Izua don Cesarren aurpegian. Florentinaren semeak zakar baztertu eta lurrera bota zuen belar ebakia bezala, antiojoak baldosetatik arrastaka. Madrildarra lau hankatan saiatu zen haiek aurkitzen, itsumustuan: kolpe-dantza hasita, txiripaz ez zioten burua zapaldu. Doρa Maria del Rosario aingeru baten moduan sartu zen ero guzti haien erdira; antiojoak mimoz hartu eta senarra besotik gidatu zuen enbatatik kanpora.

         Irene alabaren aurrean jarri zen, barrurantz bultzatzeko. Eskerrak neskak besterik ez zituen mundura ekarri.

 

 

Udazkenak ere, lasaitik gutxi. Idiakez santuari epaiketa errepikatu eta libre irten zen. Milaka lagun zeuzkan zain Getarian; Gabriel goiaingeruari ez zioten ongi-etorri beroagorik egingo. Euforiko etxeratu zen Joxe, alaba nagusia hiltzaile hari entregatzeko gai zela. Bego koitadua, emakume-gorputz barruan artean ume.

         Eta Espainia aldean, zaharrak berri: anarkistak eta sozialistak armak pilatzen ari ote ziren, iraultza... Dendetan eta labaderoan beste konturik ez. Urriko greba, halere, ez zuen inork horrela espero. Goiz batean hasi zen eta udaletxera sartu gabe jo zuen Joxek batzokira, Beristain udal idazkariarekin eta Anjelmari Izetarekin batera. Irenek normal bidali zituen neskak eskolara, enkarguetara irten aurretik. Jainko maitea: txakurrik ere ez Kale Nagusian! Beldurtuta, etxera bueltatu eta juxtu hartu zituen alabak, pozak txoratzen eskola itxita zegoelako.

         Arratsaldean, Joxepi ohi bezala bakarrik bidali nahi ez eta harekin eskutik hurbildu zen jela-fabrikara; puska bat nahikoa, pertz handi batean jarrita jana ez galtzeko. Erregearentzat Espainiako ateak bezain itxita zegoen.

         Pakik kontatu zion herria oso-osorik geratu zela. Antoniak, gerra-hotsa aditu zela irratitik Asturias aldean. Florentina Azkuek, Mondragon matxinatu zela.

         Freskerako azken gauzekin inprobisatu zuen afaria. Joxe azaldu ere ez; batzokian ibiliko zen mundua salbatzen. Etxekoak, hor konpon.

         Bat-batean, sukaldeko bonbilla itzali zen. Kandelak bilatu zituen armairuan, txikitan bezala pizteko. Izu-zirrara: eta bitartean norbait sartzen bazen? Non arraio zegoen Joxe arlote hori haren premia zeukatenean?

         Auskalo ze ordutan etxeratu zen; berandu. Eta lehenengo argiekin, gosaldu gabe demoniozko batzokira. Egia da gauza handirik ez zegoela ahora eramateko: esnezaleak baserrietatik jaisteko beldur, okindegi eta denda guztiak itxita... mahai-zati bat jan beharko! Puskak hobeto aprobetxatzeko, otordu guztiak koinatuekin egitea erabaki zuten.

         Hurrengo egunean, labaderoan aditu zuen politikari inportanteren bat atxilotu zutela Mondragon aldean, herriak Errusia ematen zuela.

         — Hango Santa Agedako balnearioan egin zinan ederra zerak! —Florentinak. Eta kantatzen hasi zen—: Hil da Canovas, fuera Canovas! Pikaro gaizki eziya, galdu zituen gari-zelaiak, gailendu zaio sasiya...

         — Viva Angiolillo! —kastillana batek, ezkerreko ukabila altxatuta. Beti isilik, senar anarkista omen zuen.

         Salbide Txiki baserrian bizi zen Florentina, kaletik gertu. Ireneri etxera laguntzeko esan eta marmita-erdi esne eman zion. Horri esker, arratsalde osoa jardun zuten koinatek ahiak prestatzen, eta kroketak biharamunerako. Despentsan, sei patata eta lur lehorra.

         Emakume-eskuadroiak ikusten ziren, denda batetik bestera ateen zirrikituetatik barrura begira. Urdaiazpiko-hezurrekin egositako zopak laster bihurtu ziren ur bero huts. Egoera ez bazen laster bere onera itzultzen, arratoien ehizan hasiko ziren sukalde askotan.

         Patatak ere agortu eta Pakiren azkenekoekin osatu zuten laugarren eguneko bazkaria: garbantzuak. Denak mahaian zain zeudela agertu zen Joxe; lapikoa ikusi, muturra okertu eta kalera itzuli zen berriro. Xebasek ezin disgustua disimulatu: horrelakoetan berak hartzen zuen min gehien.

         Garbantzuen salda afaldu ondoren, ohean itxaron zuen Irenek luze, senarra noiz etorriko.

         — Gabon —Joxek, damu-ahotsez. Ondotxo zekien noiz eskatu barkamena!

         — Gau on? Bihar zer jatekorik ez.

         — Eta?

         — Nola “eta”?

         — Kezka handiagoak dauzkat! Kataluniako Errepublika aldarrikatu dute... bo, ez duzu ulertzen.

         Biluztu eta muturtuta oheratu zen, hormara begira.

 

 

Burua zorrozten omen du barauak: eguerdian, esperantza jarri zien alabei plateretan; gauza tristeagorik! Aukera bakarra zeukan: Miren Xales.

         Utikan lotsa, utikan erreparoak; tripak orroka zelatatu zuen ezkaratzean sartzen harrapatu arte. Bixi-bixi sartu zen haren atzetik; Mirenek salto eman zuen beldurrez.

         — Jexus, emakume!

         — Barkatu... —eta eztarrian trabatu zitzaizkion hitzak. Ez zen erregutzeko jaio; mila aldiz nahiago goseak jota hiltzea! Nola erori zen hain baxu? Ezin zien, baina, alabei hori egin. Amorruak eztanda egin zion barruan; zeini bota, ordea, desgrazia guztien errua?

         Xalesek eskua hartu zion goxo:

         — Orain ez. Etorri hadi gauerdian.

         Ireneri malkoz bete zitzaizkion begiak. Hain nabarmena zen bere beharra?

         Xebasekin hurbildu zen, kontu handiz serenoa saihesteko. Lakari bat babarrun eta zaku bat patata jaso zituzten ordainetan, eta informazio baliotsua: ze baserritan ari ziren haragia saltzen.

         Eguzkia irten aurretik abiatu zen Xebas bizkiaren bizikletan, bai eta sei haragi-puska handirekin etxeratu ere, trapuetan bilduta: nahiz eta txahalaren lepoaldekoa zen, solomilloaren pare ordaindu behar izan zuten. Irene trapuak bihurritu eta bihurritu ibili zen, odol-tantak frijitzeko. Ez ahal zen amesgaizto hura bukatuko!

         Mondragonen, politikaria erail omen zuten: karlisten diputatuetako bat zen Espainiako Kongresuan, Oreja jauna. Eta, Asturiasen, iraultza komunista piztu omen zen. Edo sozialista. Madrilek armada osatu eta Afrikako heroiari eman omen zion ardura, Franco jeneralari. Kanoikadak, tiroak, batailak. Hildakoak. Fusilamenduak. Ez Frantzian edo Alemanian, Gerra Handian bezala: gerra-hotsa kostaldetik zetorren. Etxe aldamenera iritsi gabe ere, egun gutxian erakutsia zien norberaren txarrena azaleratzen zuela. Artaldea borrokan, otso-festa. Orain bazekiten.

 

 

Pilarika egunean hasi zen atertzen. Dendak zabalik, Joxek etxean afaldu zuen aspaldiko partez, emazte eta alabekin. Gero, Joxepi geratu zen amarekin harrikoa egiten, inoiz ez bezala pentsakor:

         — Egia al da guardia bati petardoa jarri diotela buruan? Eta apaiz bat goitik behera ireki dutela txerrien moduan?

         — Joxepi —doinu serioz.

         — Ama... gu nazionalistak gara?

         — Gu euskaldunak gaitun.

         — Eta Begoren lagunak?

         Akabo! Tranpa hori?

         — Haiek ere euskaldunak ditun... baina beste ideia politiko batzuk zauzkaten.

         — Karlistak?

         — Horixe. Baina euskaldunak, igual-igual.

         Udaberrian, une batez eman zuen Olerti Eguna zela-eta adiskidetuko zirela tradizionalistak eta abertzaleak; espejismo hutsa. Ados, udalbatzak jaso zituen idazle eta euskaltzaleak, Urriza alkateak euskararen aldeko hitzaldia eman eta kale bati Lizardiren izena jarri zioten, baina koskak urrun zeuden berdintzetik.

         Alabak baietz buruarekin, lasaitu gabe. Nondik zetorkion bat-bateko interes hura? Hamaika urte pasatxo zituen; bere okerren argitan eta Begoren itzalean, oso gutxi ezagutzen zuen Irenek sortzen ari zen pertsonatxoa.

         — Erdaldunak zerura al doaz?

         — Jakina! Baldin eta merezi baditen; nork esan din kontrakorik?

         — Eta komunistak?

         — Guztiok. Tira, segi ezan ohera!

         Margaritak ziren Begoren lagunak, tradizionalista sutsuak. Nola sentituko zen Joxepi ikusita ahizpa perfektua arerioekin lerratu zela? Bata abertzalea, bestea karlista, Euskal Orria-n agertutako narraziotxo haren antzera: Mirentxu eta Loretxo izeneko bi lagun, nor bere bandokoa.

         Nazka ematen zuen politikak, nazka manifestazioek, nazka estura sentitzeak, indultuek, gezurrek. Ez, maitasunak salbatuko du gizona, eta horixe kontatu beharra zegoen, maitasunezko istorio bat, politika santuaren gainetik. Euskal Orria irudikatu zuen, bere testua erdi-erdian. Neska abertzalea eta mutil tradizionalista.

         Zirrara sabelean. Gaztetan, esku ona zeukala zioten mojek... Eta harrokeria bekatua zela; Miren Xalesek ere idazten zuen, baina urrun zegoen haren trebeziatik, urrun haren bizimodutik. Antonia behar zuen faro, ama perfektua izatea. Orduan, zer dela-eta begiratzen zion bihotzak Xalesi?

         Pixka batean utzi zion amesten bere buruari, horixe besterik ez baitziren, amets inozoak. Begira bestela zer gertatu zen ikastolako maistra-lanarekin, ez zela gai izan Xalesi ezer ere erantzuteko. Auskalo zergatik; Joxeri aurre ez egiteko? Aukeratu behar izanez gero, Joxe umiliatu ala berak lan egin, argi zeukan lanean hasiko zela, inongo eskrupulurik gabe. Orduan, zer zen? Bertigoa? Beldurra saiatze hutsari?

         Negarrez hasi eta burkoan iltzatu zuen aurpegia. Izeta eta Joxeren barre-algarak plazan; garaiz zebilen lo-plantak egiteko.