Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

9

 

 

Muga zeharkatzen ari ziren mendiz. Ederki zamatuta, arnasestuka. Lau kide komandoan: Iru zestoarra, Bilboko Agurtzane eta, Olatzekin batera, hasiberri, Karrantzako Juanmari Velarde.

         Mozkote isil bat zen mugalaria, hanketako muelleei esker aldapan gora korrika zihoana eta behera, saltoka. Ziztu bizian eta halako urduritasunez egiten zion tira taldeari; gero eta zailago omen zegoen beste aldera pasatzea. Agurrek abiadurari eusteko komeriak zituenez, haren motxila hartu eta lehenago baino are bizkorrago jarraitu zuen.

         Olatzi azkura eragiten zion izerdiak begietan. Nahiz eta xixko eginda joan, ez zuen amore emango. Behe-lainoa sartzen hasi zen, harresi ilun bat. Eskua luzatuta, behatz-puntak ere ez ikusgai. Eta, konturatzerako, Velarde falta.

         Mugalaria kabendioska, Iruri zegokion erabakitzea, bera baitzen taldeburua. Segitzea aukeratu zuen, kosta ahala kosta, atzera egitea arriskutsuagoa izango zelakoan. Gainera, denek ikasia zuten buruz nora jo. Aurrera, ba, herio batean.

         Eguna zabaltzean, pixka bat saretu zen behe-lainoa; Velarderen arrastorik ez, ordea.

         Hiru egunez itxaron zuten etxe seguruan, nerbioak dantzan, nor azalduko: edo Velarde edo txapelokerrak. Azkenean, ez bata, ez bestea. Zer egin eztabaidatzen, Iruk ez zuen garbi adierazten, Agurtzane irrikan zegoen kanpainarekin hasteko eta Olatzi berdin zitzaion. Orduantxe jarri zion “iceberg” izena buru barruan zeukan sentiberatasunik ezari. Beranduegi gogoratu zuen ur-azpian daramaten zatia ikusgai dagoena baino dezente handiagoa dela.

         Kantabriara jo zuten. Colindresera garraiatu zituen kontaktu batek, Santandertik 50 kilometro ekialderantz. Badia eder baten eztarria zen, Ason ibaiarena; Santoρa eta Laredo ziren bokaleko ezpainak. Errepide ondoan zegoen lortu zieten etxetxo zaharra, herri hasieran, apenas inor bizi zen eremu malapartatu batean. Luzeagoa zen ultramarinoserako ibilaldia, Laredoko Guardia Zibilaren kuarteleraino bizikletaz gerturatzea baino. Olatzen esku geratu ziren erosketak, garbitzea eta antzekoak; kuartela zaintzea, txandaka.

         Bizimodu apala zeraman, bai, baina ez zien dirua eskatu behar ez Alfontsori, ez aitari, ez Txumari.

         Gainera, hamaika luxu txiki zituen eskura, nahi adina txokolate erosi ahal izatetik periodikoraino. Horrela irakurri zuen Alonsotegiko Aldana tabernakoa: errepide jeneralean zegoen, herri-hasierako errebueltan; Txumak han hartu ohi zuen kafea Bilbora kotxez joaten zen aldiro. Taberna beteen zegoen larunbat-gau batean, bonba batek lau lagun zartatu zituen, beste hamar zauritu. Espainiar paramilitarrak.

         Negu gorria. Barrena izozten zuen itsasoko brisak; aitzakia ederra aurpegia bufanda bero batekin disimulatzeko. Zoriontasun xelebreak harrapatzen zuen goizero bizikleta gainean bideari ekitean, hainbat eta hainbat emakume gazterekin batera, kontserba-fabrikak helburu. Beste mundu bat zen, atsoak beltzez eta neskak hirurogeiko hamarkadako gona luzeetan preso. Haien modura mozorrotuta, Espainiako pelikula zaharkitu baten protagonista bihurtzen zen. Horrela entretenitzen zituen asperraldiak, txapelokerrak zenbatu eta galoien sartu-irteerak apuntatu bitartean. Mende bat bazen Ybarra espiatzen jardun zuela, mila urte kuartelarena egin ziotela. Horixe: oroitzapenetan hilobiratuta, “kuartelarena” zioen hilarriak.

         Erabiltzeko prest zeraman pistola, beti hotz eta astun, sabelaren kontra. Hasierako egunetan zauria eragin zion, azala zaildu arte.

         Iluntze batean, Iruk zapla jakinarazi zien zailegia zela kuartel horren kontrako ekintza eta hurrengo jomugara pasatuko zirela. Santanderren bertan zegoen eta, segurtasuna indartzeko, bakoitzak bere kabuz bidaiatu zuen.

         Olatzek arindua hartu zuen: tentsio txikiagoz egingo zuen bidaia, komando-kideekin kexaka eta elkarri mokoka ibili gabe. Kalean, beste baten larruan eta Polizia agertuko ote zen beldurrez, garrantzia galtzen zuen momentukoa ez zenak.

         Iru miresten zuen: uzkurra, hotza eta, aldi berean, eskuzabala eta zuzena, ausarta baina ez eroa. Ez zuen teoria politikoa gogoko; Trotski eta Lenin biak bizardun. Gerran ari ziren, gorrotorako lekurik gabe.

         Agur, berriz, sutsua zen, sutsuegia aukeran: ahoberoa, handi-mandia, ezjakina... Bi urtez egona zen Yeseriasen preso, 1977ko amnistiara arte, eta Gregorio Mujika Gorri mili historikoaren bikotekidea zen edo, Agurrek behin eta berriro azpimarratu bezala, Gorri berea. Alcalako kartzelan zeukaten 300 urteko zigorra betetzen, hamalau hilabete lehenago Frantzian atzeman eta sekretuan estraditatu zutenetik. Agurren arabera, laster aterako zen, hurrengo amnistian beste presoekin batera; independentzia gertu omen zegoen.

         Olatzek ezin zuen eraman. Bazekien, gainera, hizkuntzak ere zerikusia zeukala: Iru zestoarra zen, naturala zitzaien euskara biei. Agurren mutur luzea agertzean, berriz, berehala aldatu behar izaten zuten, besteak “agur Ben-Hur” ateralditik haragoko interesik ez zuelako.

         Behin batean, nazka-nazka eginda, euskaraz jarraitu zuen Olatzek, bestea sartu arren.

 

 

Santanderren, itxura ona hartuz joan zen ekintza. Laredon ez bezala, informazio zehatza zeukaten, baliagarria. Iruk egongelan bildu eta plana zehaztu zien: Olatzek gidatuko zuen lapurtutako kotxea, Agurrek zaindu metrailetarekin eta berak pistolarekin exekutatu.

         Ez zen batere ideia ona, eta Olatzek halaxe esan zien: haurdun zegoela ikasi zuen gidatzen Txumarekin eta, gidabaimena izanda ere, oso kilometro gutxi eginda zegoen. Agur gelatik joan zen, marmarrez beti tokatzen zitzaizkiolako inutilenak; Iruk ez zuen ezer erantzun.

         Bezperan, Olatzek ez zuen begirik bildu. Adostutako lekura kotxea eraman eta bigarren ilaran geratu zen motorra piztuta. Eskuak izerditan eta bihotza arrapaladan, enbragea zapalduta zeukan, primera prest. Ez dadila kalatu, ez dadila kalatu...

         Ispiluak txikiegiak ziren, perspektiba txarra. Semea oroitzeko tentazioa baztertu eta, hara non Xabiren memoriarekin topatu zen, aspaldiko partez: parrokiako lokalean, eta sutsuki goraipatzen. Koitadu halakoa.

         Metraileta-segida bat. Metraileta? Pistola-tiro bat. Beste bat.

         Isiltasun latza.

         Korrika sartu ziren Agur eta Iru; Olatz poliki hasi zen enbragea askatzen, eternitate osoa, kotxea ez zen mugitzen, ez dadila kalatu, Agur oihuka, Iru oihuka, aterahaibehingoz ostiaputajodervamos, eta kotxea mantso-mantso abiatu zen.

         Arnasa hartu zuen, ia itota.

         Irratiak laster eman zuen berria. Agur garaipena ospatzen hasi zen, jodetejodete. Iruk errespetua eskatu eta eztabaida itsusia izan zuten.

 

 

Llanesen ere errepikatu zuten eskema. Berriro hartu zuen aurrea metrailetak, baina, orduan, tiroketa luze batek jarraitu zion. Pistolak. Ezin ezer ikusi: emakumeak oihuka, gizasemeak. Tiro gehiago.

         Atzera begiratzean, Olatzek oina nahi gabe enbragetik altxatu eta, Agur sartzen ari zela, astindu batez kalatu zen kotxea. Agurrek oihu egin zion azelera zezan eta giltza biratu zuen, motorra piztu, ia segituan altxatu zuen enbragea azeleradorea zapaldu bitartean eta motorra sutan, kotxeak bultzada bat egin zuen aurrera, baina jarraian frenatu, beste bultzada bat eta frenatu eta Agurrek pistolarekin apuntatu zion burua ero moduan builaka, juxtu hurrengo bultzadaz martxan jarri zirenean.

         Iru zaurituta omen zegoen. Kalean. Pareko kafetegian gosaltzen ari ziren lau polizia nazional putakume eta haiek tirokatu zuten. Lurretik kontraeraso egin omen zien, taldekideari bizkarra zaintzeko. Txapeloker guztiak aterako ziren haien ehizan.

         Ahal bezain pronto aldatu zuten kotxez, mendian lo egiten saiatu eta, biharamunean, Alfontsori hots egitea lortuta, itzultzeko agindua jaso zuten. Iru Madrilen omen zeukaten, galdeketan. Ezin bi lagunekin komando hori osatu, are gutxiago bi emakumerekin.

         Are gutxiago. Epelak bota zituen Agurrek! Bilbora itzuli eta haren lagun baten etxean ezkutatu ziren hiruzpalau egunez. Plan bat zeukan, muga pasatu aurretik gauzatzekoa. Emakumeak zer egiteko gai ziren demostratuko zuten. Kostata, Olatz konbentzitu zuen azaρan laguntzeko.

         Goizeko zazpiak. Ford Fiesta gorri xume bat lapurtu ondoren, Gran Viara joan ziren. Olatz gidari, Agur kopilotu, metraileta eta pistolak manta baten azpian. Bizpahiru buelta eman zizkioten Espainiako Gobernu Militarraren pareko plazari, Agurri egokia iruditu arte. Espaloi ondoan geratu ziren, Agurren leihoa jaitsita. Metraileta atera eta hamaika tiro jo zizkion zaintzan zegoen soldaduari. Lurrera erori zen zerraldo, atzeraka, eta horma jo zuen buruarekin.

         Auskalo nondik erantzun zieten: Ford Fiesta kartoizkoa, balek txapa zulatu eta asfaltoaren kontra errebotatu zuten. Motorra erre beharrean urrundu ziren, mingainak lehor-lehor. Bilbotik Donostiarantz ateratzen den autopistan esnatu ziren eta, kontzientziarekin batera, mina, odola. Olatzek Jesukristoren moduko zuloa zeukan eskuineko eskuan, beltza eta ertza erreta, Agurrek izter batean. Praka odolaz blaitzen ari zitzaion. Arnasestuka, botoiak askatu eta tiroi zakarretan jaitsi zuen belaunetaraino. Balak zeharka jo, eta ez zitzaion sartu. Haragi gorrixka eta muskuluak ikusgai zituen.

         — Hanka moztuko didate!

         Olatz isilik. Ezin zuen eskua mugitu eta taupada bakoitzean labana bat iltzatzen zitzaion.

         Jertsea izter gainean jarrita ere, Agurren zauriak odoletan jarraitzen zuen:

         — Ez dut hil nahi... Konortea...

         Biak mutu. Mediku bat topatu behar zuten. Zarautzera heltzeko adina gasolinarik ez, Gernikako irteera hartu zuen, maila apaleko errepide bat. Laguntza eskatzea errazago izango zuen... Izango ahal zuen!

         Mendi baten magaletik zihoazela topatu zuten ibilgailu-ilara, baso baten erdian.

         Kontrola.

         Bide-bazterrean, bi patruila-kotxe eta hiru txapeloker bistan.

         — Joder —Agurrek, aho-ertzetan txistu lehorra.

         — Aukera bakarra daukagu —Olatzek, nahi gabe euskaraz—. Tiroka pasatzea.

         Besteak begirada galduaz heldu zion metrailetari, Olatzek pistola prestatu.

         Ez zuen hil nahi.

         Agur ozta-ozta atera zen. Metraileta altxatu eta ta-ta-ta ekin zion. Guardiak kotxe atzean gorde eta erantzun egin zioten. Olatzek, bere aldetik tiroka, babesa bilatu zuen zuhaitzen artean. Pentsatzeko astirik ez: min ikaragarria sentitu zuen ezkerreko izterrean eta herrenka bota zuen bere burua aldapan behera, herio batean jaitsi eta jaitsi, ihesean, begetazioaren altzora. Agur abandonatuz.

         Tiro bat. Aldameneko zuhaitzean jo zuen; enborrean ponk, hostoak dardaran. Sasien artean makurtu zen, hankako minak zorabiatuta.

         Mugimendua maldaren goiko aldean adituta, burua pixka bat altxatu eta beste bala bat pasatu zitzaion gainetik, larru-arras. Atzetik zetorkion, gizon bakar bat. Txapelokerrak saltaka jarraitu zuen beherantz, aurreratzeko eta ihesbidea mozteko. Olatz ez zen semearekin gogoratu, ezta ama edo etxekoekin ere. Beldurraren partez, larritasun hutsa: eskapatu egin nahi zuen, salbatu, bizi.

         Etsi-etsian jo zuen tiro bat. Beste bat. Erantzuna behetik, berriro ere oso gertu. Bulto berde bat mugitzen sumatu eta harantz bidali zuen hurrengo bala. Harrapatuta zegoen. Laster jaitsiko ziren goikoak. Tranpa estutu eta bertan akabatuko zuten.

         Urrunetik, oihu eta tiroak. Pixka bat itxaron zuen beherantz jarraitu aurretik, arrastaka. Garo artean deskubritu zuen hanka uniformeduna, gorputza ahoz gora lurrean.

         Ez zituen hogeita hamar urte. Esku zurixkekin ari zen lepoko iturria estaltzen. Taupada bakoitzak odol gorriko txorrota botatzen zuen balaren zulotik. Olatzen bala.

         Emakumea ikustean, eskua eraman zuen sabel gainera, han baitzeukan pistola. Ezin hartu. Begiak estutu zituen, amore eman beharraz haserre, graziakoaren zain. Ez zion begiratu.

         Olatz izoztuta. Akabatu egin behar zuen. Bestela, altxa eta atzetik joango zitzaion atzeman arte. Buruan merezi zuen beste tiro bat. Zer egiten zuten guardia zibil zerri horiek Euskal Herrian?

Zergatik ari ziren jendea bahitzen, torturatzen, hiltzen? Capitantrueno. Txerrimutur. Putakumeak.

         Pistolak bi tona pisatzen zuen.

         Exekutatu.

         Heroiarena egiten saiatua zen guardia zibila, bera bakarrik Olatz atxilotzen, akabatzen. Ez zuen erreparorik izango Olatz zulora bidaltzen.

         Berandu baino lehen azalduko ziren besteak; ezin denbora gehiago galdu. Geldirik, azkarrago bukatzen zitzaion indarra.

         Hots batek ihes egin zion mutilari, haserre, edo gogaituta, edo beldurrez, hitz erdi bat besterik ez, “horror” agian.

         Izua.

         Ahoa erlaxatu zitzaion: tenkatutako ezpainak askatuta, arnas hartze urduria lasaituz joan zen, odol-txorrota txikiagotuz. Zeharo desagertutakoan, kolore horixka marra batean igo zitzaion masailetatik bekokiraino.