Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

7

 

 

Urte batzuk baziren Arantzazuko Amaren egunean erromeria dantzatzen zela Inurritzako belazeetan, den-denak jantzi tradizionalak soinean. Besteak beste, Flores Kaperotxipi pintorea eta Xales bera ibiliak ziren hasiera haietan apaindutako gurdi-lehiaketa antolatzen eta ederki errotu zen tradizioa: San Pelaiotan udararen teloia altxatu eta Arantzazuko Amarenean jaitsi.

         Begok baimena eskatu zuen erromeriara lagunekin joateko eta mesedez angelusaren ondoren etxeratu ahal izateko, arratsaldeko seietan eguzkia jo eta su baitzebilen artean. Aitak bigarrenari ezetz eta amatxok ezkutuan baietz, jakinda Joxe ez zela Iρurritzaraino iritsiko. Halere, baldintza bat jarri zion alabari: iluntzen hasitakoan lagun batekin itzultzea, ez bakarrik.

         Loratua zen udaran alaba: moja izan nahi zuela aipatzetik, lagunen besotik helduta Munoan desfilatzera. Aldaketa latzagorik! Lagundu egin nahi zion metamorfosian, ez zedin bera Beasainen bezain bakarrik sentitu. Inbidia-punttu bat ere bazuen: hain izan zuen motza nerabezaroa!

         Meza nagusiaren ondoren, Joxepi eraman zuten Pakik eta biek Iρurritzara, txukun baserritarrez jantzita. Gazteak, lehengo lepotik burua: bando batean mutilak barre-algaran, komisioak erositako mutil-ardoko barrikari tragoka; parez pare neskak, distantzia segurura taldeetan dantzari eta txori urdurien moduan zelataka.

         Urrutian begiztatu zuten Bego, beti neskatxo beltzaran bat ondoan. A ze parea, printzesa eta neskamea. Kaletarrak ziren kuadrillakoak; nondik atera zen txiki ezezagun hura? Hasia al zen sekretuak gordetzeko garaia?

         Pakik gogoratu zuen azkenean: Karmele Ibarbia Lanpernas zen, Inurritzako arrantzalearen alaba. Etxebeltz baserrian omen zegoen neskame, auzoan bertan, horregatik hurbiltzen zen hain gutxi kalera.

         Galanki nekatu ziren txistulariak eta soinujolea, eta giro bikaina jarri zuten. Bostak aldera abiatu ziren kalejiran herrirantz. Ez denak, ordea: kuadrillakoak agurtu zituen Begok, baina ez beldurrez, baizik eta esperantzaz. Konpainia bazeukan, gainera, Karmele Lanpernasek bertatik bertara baitzeukan etxea. Ez zeuden bakarrik: trikitilari batzuk, dantzari ugari eta auzoko gehienak geratu ziren, mutil-ardoko barrikari bukaera emateko. Hainbat eta hainbat mutil pozak jota bazeuden ere, Silvino beti tente. Simon Iruretagoiena zen ponte-izenez eta aitona Silvinorengandik jaso zuen ezizena.

         Urruti egonagatik, erne zegoen Bego, hark zer egingo. Goizean, mutilak bitan begiratu eta dardaran jarri zizkion belaunak. Motza da, ordea, pobrearen poza. Kanpai-hotsak aimarikoa joaz: hogeita hamahiru bider dilin-dalan, Jesukristoren edadea; festarenak egina zuen. Ia gaua zen, eta buelta egin behar.

         Mutilak ganadu-feriarako bide-bazterrean jarrita, ardien antzera bildu ziren azken neskak, aurreko iji eta ajak zeharo hoztuta. Trago latza edo goxoa, zeinek lagunduko herriraino.

         Artaldea urduri. Lau neskak adostu eta abiatu dira kementsu; segituan atera zaizkie zazpi edo zortzi bele segika. Badoaz beste bost neska, gero hiru, eta, itsasoko olatuak elkarren atzetik bezala, haien itzalean agertzen dira beti mutil-lerroak, zer gerta ere.

         Larri dago Bego, erabaki ezinik. Azken-azkena geratuko ote zen? Karmelek bultzatu zuen eta, ibiltzen hasita, ezin atzera egin. Silvino ikusi gabe, beldur galantak estutzen zion bihotza. Halako batean, kamioan aurrera zihoala, konpainia sumatu zuen aldamenean.

         — Etxeraka? —Sanson Azpeitia zen.

         — Bai, berandu da eta.

         Linternaz zabaltzen zuen bidea mutikoteak, biak mutu. Atzean, gero eta urrutiago, Iρurritza eta ametsak. Agur, Silvino.

         Ez zen batere ergela Sanson. Madoz zumardian, zuhaitzek ilargia estaltzean, kasualitatez itzali zitzaion linterna. Gerrian jarri zion besoa, beregana erakarri eta Begok banatzeko saiakera lotsatiegia egin zuen, beldurrez.

         Etxeko ezkaratz parean, neskak “bihar arte” presaka xuxurlatu, eta saltoka joan zen eskaileretan gora. Sanson ez zen errezelotan gelditu: tabernara egin zuen korri, garaipenagatik lagunei txakil-ardoa, basoerdi bana, ateratzera.

         Luze itxaron zuen Irenek, zeharo ilunduta baitzegoen. Alaba kezkatuta zetorren, gainera, baina ez berandutzeagatik.

         — Ondo? —ekonomikan esnea berotzen jarrita.

         — Bai, bai; primeran pasatu dugu —irribarre faltsua nabari—. Ohera noa; nekatuta nago.

         Irenek, umea zela, ama izan nahi zuen handitan, berearen absentzia betetzeko. Bazekien zer zen ona alabentzat eta amorrua ematen zion erabaki okerrak hartzen ikusteak. Gezurra esan ondoren bidali zuten Eba paradisutik. Ez al zen Bego zilbor-hestea eteten ariko?

         Sukaldeko bonbilla itzali, eta egongelara joan zen ilunpean. Leihoa zabalik, mahaiko paperak bibratzen ari ziren. Zer ari zen ezkutatzen alaba? Mutil bat. Etxekoek onartuko ez zutena. Zergatik?

         Zirrara. Joxeren El Doradora sartu zen. Horrela deitzen zion sekretuan Irenek, ezkontzean gela hura ditxosozko oposizioa ikasteko erreserbatu eta, geroztik, bazirudielako haren sarrera ez zuela inoiz aurkitzen.

         Mahaia biluztu ondoren, orri zuri bat kokatu zuen. Xales, Olerti egunak, Euskaltzaleak, Madame Bovary. Pelikula eder bat zen; bazen garaia zinemako butaka utzi eta pantaila barrura salto egiteko.

 

 

Pare bat egunen buruan, Sansonek abisua bidali zuen Begoren bila pasatuko zela bazkalondoan. Aitak onartu eta neskak ez zuen ihesbiderik ikusi. Lore delikatu baten moduan tratatu zuen Sansonek; harrigarria zen hain handia izanda halako manera finak izatea. Izozki bat erosi, malekoian paseatu eta bost-bostetarako itzuli zuen.

         Ez zuten harremanaz hitz egin. Urriko beste hamabi egunetan errepikatu ondoren, ofizial bihurtu zen. Paki txoratzen, Florentina Azkue liluratuta eta Joxe pozik, Sansonek miretsita hitz egiten ziolako. Azkenean, Begok amore eman zuen: ze eskubide zeukan kexatzeko? Txintxoa zen mutila, debozioa zion.

         Halere, izututa ateratzen zen paseoetara, egunen batean Silvinorekin topo egingo zutelakoan. Ez zen gertatu eta eskerrak, Begok ezingo ziolako negarrari eutsi.

         Negua sartu, Gabonak ospatu eta osaba-izebarenera aldatu zen, Pakik ezin baitzuen etxeko lanik egin haurdunaldiko tripatzarra zela-eta. Agate Deunaren bezperan erditzearen minak sumatu eta Bego bidali zuen koinataren bila. Bide motza zen: Santa Marina kaletik, segi plazaraino eta hantxe.

         Korrika abiatu, baina kieto geratu zen Kale Nagusiko izkinan, ehiza-txakurren moduan. Urrutitik zetozen barre-algarak eta festa-hotsak. Torre Luzea pasatuta, Egaρareneko hormaren kontra, senargaia ikusi zuen mozkor erdi abesten erdi oihuka, beste bi arloterekin beso-katean.

         Etxerantz jarraitu zuen Begok, tximista batek jota bezala. Alkandora aterata! Balantzaka!

         Bizkiak egongelan, Maria Etxetxikik azkenean atera zion Pakiri ume bat bizirik. Indartsua, negartia, iletsua. Mutila. Haurrak baino negar gehiago egin zuen amak, aieneka San Antoniori eskerrak ematen. Andoni jarriko zioten.

         Begok, berriz, arlote lotsagabea besterik ez zuen gogoan. Ito egiten zen. Zirt edo zart, goizean bertan eman zion despedida. Etxekoek ulertu ez bazuten ere, Lazaroren larruan sentitu zen, hildakoen artera itzulia.

         Udaberriak urtu zion barruko lutoa. Txintxo lagundu zion aitari Aberri Egunean balkoia ikurrinarekin apaintzen eta, ekaineko lehenengo igandean, familia osoa igo zen Pagoeta mendira. Meza jendetsua egin zuten aurreko urtean jarritako gurutzearen ondoan eta gero, erromeria. Jeltzaleak ziren bertaratutako mutil gazteak. Jatorrak eta onak; ez Begok nahi zuena, ordea. Bazekien hilaren bukaerako San Pelaiotan izango zuela beste aukera bat.

         Azken Juizioari baino luzeago itxaron ondoren, Iρurritza aldera itzuli zen lagunekin, apain-apain igandetako soineko berria jantzita, aurreko Arantzazuko Amaren eguna gogoan. Jo eta ma geratu zen iristean. Lehengusu txikiak zirela jakin arren, ezin espero Karmele Lanpernas Silvinorekin hizketan aurkituko zuenik. Eta kasu egin zion Karmelek eskuarekin; hurreratzea beste erremediorik ez zuen izan Begok, mitxoletak bezain gorri.

         Aurkeztu eta berriketa pixka bat egin lehengusuek, Bego estatua bihurtuta aldamenean. Gertutik, are berdeago zeuzkan begiak Silvinok. Hura joandakoan, barre egin zion Karmelek:

         — Ezkontzara eramango naun, ezta?

         — Ai, neska... —zer esan jakin gabe, barruan mila tximeleta.

         Eguna eman zuen gaueko aukeraketa gogoan. Partitzeko momentuan, adarrean lerrokatu ziren txorikumeak. Karmele Lanpernasek eman zion seinalea; Begok disimuluan aitaren egin eta aurrera. Dar-dar batean altxatu zituen begiak: pixka bat harago zegoen Silvino, lagunekin elkarri zirika, axolagabe.

         Hurbil zegoela, Manuelito agertu zen. Haundiya hil ondoren, Orioko lantegian hartu zuen peoi don Segismundo Gantxegik eta gizon-itxurak egiten ibilia zen, biboteko lau ileak eskuaz orraztuaz.

         — Gau on, Begoρa.

         Erantzunik ez. Euritan bezala, burua jaitsi, besoak estutu eta segi. Bestea, egoskor esku-linternarekin bidea markatuz.

         — Nahi al duzu etxera laguntzea?

         — Ez —eta beste alderantz biratu zuen. Gizajoa atzean geratu zen, bi letratako masailekoak izoztuta; denentzako feria onik ez.

         Barreka jaso zuen dama Silvinok.

         — Ondo pasa al duzu?

         — Bai; ederra joan da.

         — Etorri, gauza bat erakutsi nahi dizut eta.

         Besotik galai hartu eta bidegurutzera eraman zuen. Han ez zion askatu, ezta Begok nahi ere. Kamioa seinalatu zuen:

         — Urtetakoak eta Urdanetakoak handik etortzen dira. Ea aurkitzen ditugun...

         — Aurkitu zer?

         — Orain ikusiko —barre bihurria. Bide ondoko sastraken artean miatzen jardun zen pixka batean—. Hara! —hiru pare abarketa atera zituen, lokarriekin txukun bilduta—. Alpargatak eskuan jaisten dira baserritarrak, ez zikintzeko; hauek joan-etorrirako ibiltzen dituzte.

         Linterna galtzetan gorde eta bota egin zituen bat, bi eta hiru pareak ilunpetara.

         — Kostatuko zaie bilatzen!

         — Zergatik...

         — Normalean, txiza egiten diegu gainean. Goazen!

         Eskutik hartu zuen eta neskak ez zuen gorputzeko lurrikara apaltzen asmatu. Gau beltza zen; Silvinok beste eskua ere hartu, erakarri eta muxua eman zion ezpainetan. Zirrara behatz-puntetaraino, zerraldo erori behar zuen.

         Ama berriro zain sukaldean. Hari gau ona eman eta ohera joan zen bi sekretuak isilduta. Zoriona borborrean eta loak hartu ezinik, oroitzapenetan olio-tanta potoloa zen txizarena.