3
— Justorum animae in manu Dei sunt, et non tanget illos tormentum mortis —hasi zuen sermoia pulpitutik Don Melitonek—: Jaungoikoaren esku daude justuen arimak eta heriotzaren tormentuak ez ditu ukituko. Nire entzule maiteak, egia falta da munduan. Egia: zer gauza beharrezkoa den jakiteko...
Ireneri ez zitzaion Zarauzko parrokia gustatzen. Ezkontza eguna gogoratzean, harri koxkor batean biltzen zitzaizkion erraiak. Hasieratik jakin zuen gurasoak ez zirela agertuko, eta halere, lehen bankuan itxaron zuen tripak jaten. Santiago aurkitu zuen erretaulan, erromesen pordoi eta kapelari esker, hanka-hutsik. Otoitz egin zion debozioz, hasten ari zen bide hartan laguntzeko. Ondoko bankuan, Joxeren aita eta haren anaiak aurpegi serioz eta harrituta, deseroso traje zakarretan, esku gogortuak izter gainean, eta Joxe atzera eta aurrera elizako pasilloan, lehoia kaiolan bezala, bikario jauna lasaitu beharrean, sartzen ziren fidelak sorpresaz ikusmiran, ezkontza bat desorduetan, andregaia negarrez, senargaia haserre, irain pertsonaltzat hartu zuen ez joatea, zertarako gehiago itxaron, ez ditugu behar, Brigidaren irribarre pikaroa, monagilloak laurdenak jo zituen eta bikario jauna sakristiatik irten zen kasulla zuria soinean, zirt edo zart egin beharra dugu, bestela meza nagusiarekin nahastuko zaigu.
Zirt edo zart. Hau urratu edo hori. Joxeren amorrua ikusita, lehen aldiz estutu zion barrutik zalantzaren hotzak, nor hartuko ote zuen senartzat, hanka sartzen ari ote zen.
Leporaino beteta zegoen eliza. Atzealdean, nor bere familiako sepultura gainean, emakumeak, aulki baxuetan. Majo beteko zuen poltsa sillerak falta ziren aulkiak alokatzen, egun handietan bezala.
Aurrealdeko bankuetan gizonak, ezkerrean jeltzaleak eta eskuinekoetan karlistak. Enbidoa jasota, ez ziren kikildu batzokikoak: hordago handira eta eutsi dantzaldiaren datari. Ze harro abiatu zen Joxe goizean etxetik! Dotore-dotore, ondo orraztuta eta bizkarra tente, konturatu gabe Joxepi baino are urduriago zegoela Bego. Zer esango zuen margaritekin dantzan ikustean? Gai zen gaixoari plaza osoaren aurrean belarrondoko bat emateko.
Irenek ederki kostata jantzi zizkien trajeak alabei. Demoniozko pa๑elua! Ilea gantxoz bete behar izan zien ondo eusteko. Paki zen horretan artista, baina etxean zegoen, leiho-ate guztiak itxita ilunpean, inor ikusi nahi ez zuela.
Berandu bukatu zuten. Beti presaka leku guztietara! Ezkaratz parean, elizatik alde eginez bezala, Miren Xales eta Arantzazu Barrena topatu zituzten, zein baino zein apainduago, batek beroki urdin iluna soinean eta besteak krema. Aurreko azaroan, beraiekin joan zen Irene botatzera, lehen aldiz bizitzan eta Estatutuaren alde. Senarra Inurritzako eskolan zegoen interbentore; bezperan brodatu behar izan zizkion presaka “eaj-pnv” letrak igandetako jakan, eta ikurrina txiki bat josi.
— Nora zoazte hain elegante! —Irenek, patxada antzeztuz.
— Badakin udaberri bukaeran ospatuko dugula iv. Olerti Eguna herrian —Xalesek—, gure Lizardi zenaren omenez. Bilera zaukanagu Donostian dena prestatzeko.
Euskaltzaleak elkarteak antolatzen zituen Olerti Egunak, urtero leku batean: 1930ean Errenterian Jautarkolen omenez, 1931n Tolosan Arreseren omenez... Jende argiarekin ibiltzen ziren Xales eta Arantzazu, haizea bezain libre. Behintzat ez zioten ikastolaz eta erabakiaz galdetu, baietzaren seguru. Hain erraza balitz!
Hotel Otamendiko gobernanta leiho batean ari zen plaza kuxkuxeatzen. Irenek kasu egin zion eskuaz, alde egin aurretik. Brigida.
— Jaungoikoak, bere errukitasun neurrigabean, bi gauza utzi zituen mundua salbatzeko: liburu bat eta gizon bat. Jesus salbatzailearen kondaira dugu liburua, Ebanjelio santua —Joxeren buru rubioa Anjelmari Izetarengana hurreratu eta txutxu-mutxuan hasi ziren—. Guztiok ezagutzen duzue gizona, leku guztietan dagoelako: apaiza da. Bera behar da jaiotzan, bera behar da heriotzan —Xebas, berriz, txintxo adi, burua penan murgilduta; bost seme-alaba lurperatuak zituen apaizik gabe—. Eta gezurra non, gure etsaia han. Horregatik diotsuet odolezko uholde batean itotzeko zorian dagoela lurbira guztia. Egungo erresumek daukaten izaera zaharra hankaz gora jarri dute batzuek. Sozialistak, anarkistak, nazionalistak... —brausta esnatu ziren eliztarrak— Kristorengandik aldendu dira, herri guztiak beldurrez eta ikaraz dauzkatela. Idatzita dago Jaun Egileak zer esan zion Israelgo herriari, lurbira horrelako mataza handian korapilatuta zegoela: non parcat oculus vester neque misereamini. Ez ezazue inoren errukirik izan, hil itzazue denak. Denak! Zaharrak eta gazteak, emakume, neskatxa eta umeak, baina ez ezazue hil bere kopetan hau daramana, gurutzearen seinalea —irribarre txiki batek ihes egin zion don Melitoni, jeltzaleak seinalatzen zituela—: Ai, nazionalistak... Zuen profeta faltsua gehiago maite duzue Eliza amaren esanak baino. Bekatu zitalagorik! Egia ahaztuz, bizkarra eman diozue Ebanjelioari. Argi ibili! Lehenengo bekatua izan ohi da egiten zailena; behin bat eginez gero, errenkadan datoz besteak. Zein izango da zuen hurrengo bekatua? Zein izango da zuen hurrengo gezurra? Enbarazu egiten diozue Jaungoikoaren nahiari, baina tempora bona veniant!
Pulpitutik jaistean, eztulak ere ez ziren aditzen.
Irteera solemnea: don Meliton irribarre beatifikoaz, monagilloak gurutzearekin eta karlistak prozesioan. Ez zen giro; senarrarengana jo zuen Irenek, lagunekin muturtuta berriketan ari zela. Begiekin erregutu arren, kasurik ez. Azkenean, besotik tiratu behar izan zion:
— Denek batera egin behar al dute dantza?
— Gureek bai, behinik behin —gogaituta.
— Bego margaritekin dantzatzekoa da.
— Hala al da? —ustekaberik ez. Nork esan zion?—. Zerorrek eman diozu baimena, eta zerorrek konpondu —Anjelmarirekin aldendu zen.
Ahoa itxi zuen Irenek garrasi egiteko gogoa irensteko. Txepel, makal, harroputz halakoa...
Kostata iritsi zen plazara; alarguna ematen zuen inurritegi hartan. Udaletxe aurreko erdia erabili ohi zen dantzarako, kioskoraino, eta hantxe zegoen parrokoa pozik, eskuak otoitzerako bilduta, eta margaritak posizioan tenk musikaren zain, tartean Bego apain-apaina, dantzari-gona, mantala eta txalekoa distiratsu.
Poxpolinak Otamendi hotelaren aurreko erdian errefuxiatu ziren, kezka bizian. Joxepik, berriz, lasai zirudien.
Hasi ziren tradizionalisten txistulariak kioskotik, baita brausta isildu ere. Liskarra eskaileretan: Haundiya erdi-erdian jarri zen, besotzarrak zabalik txistulari jeltzaleei sarrera blokeatzen. Batzokiko batzuek oihuka erantzun eta karlista gehiago azaldu ziren, denak arrazoiz gainezka, denak sutan. Urakanaren bihotzean, Florentina Azkue, Ireneren lagun bat: Brigida Plantxadora zakar baztertu eta karlista baten txistutik tiratu zuen, Brigidak berari iletik heldu aurretik.
Ahotsa altxatu zuen don Melitonek: Aita gurea, zeruetan zaudena... Zirkuko lehoiek, beste erremediorik ez eta atzaparrak otoitzerako erabili behar izan zituzten. Karlisten txistulariak keinuka jarri ziren ados: bukatzean, segi jotzen. Jeltzaleen lerroetan ere, mugimendua: Florentina Azkue desagertu eta kioskoaren atzean berpiztu zen, Sanson seme nagusiaren ondoan. Ezizena ez zen kasualitatea: hamabost urterekin, morrosko handi bikaina zen, planta ederrekoa. Amaren aginduz, txistulari abertzaleetako bat jaso zuen leporaino. Bi gizonen artean aireratu zuten bestea, Otamendi hotelera begira. Giza hesi batek erdibanatu zuen plaza.
Lau txistuak txioka, dantzan hasi ziren bi taldeak, ahal bezala. Berdin zion: zenbat eta nabarmenago akatsa, orduan eta sutsuagoa txalo-zaparrada; horixe lehia. Irenek, bihotza plazaren modura, txandaka ikusi nahi, baina bandoz aldatzean gaizki hartzen zuten denek.
Joxepiri begira zegoela sumatu zituen bulkadak: bi gizon mutur-joka, bati sudurretik odola zeriola. Baketzera sartutakoak gerran bukatu eta zurrunbilo ikaragarri bat sortu zen: oihuak, zartadak, ile-tiratze bortitzak...
Txistuak mutu, tiro-hotsak makurrarazi zituen bizkar guztiak. Guardia Zibila.
Irenek alaba bat eskutik hartu, bestea bilatu, eta ezkaratzean babestu zituen arrastaka, oihartzuna isildu ezinik. Gerra etxe parean.
Bazekien, gainera, Hotel Otamendiko gobernantari zer esango zion Brigida Plantxadora karlistaz.