Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

3

 

 

Isiltasuna Xantioko sukaldean. Gaubeilan zeudela ematen zuen, goizeko ordu txikietan zeresana iraungi eta indarrak arrosarioari eusteko juxtu-juxtu iristen direnean bezala. Ai, Arantzazuko ama: Ramiro behingoz itzultzen bada, mila pezeta eramango dizkizut.

         Agertu ez, ordea.

         Bezperan, ohera sartu partez kaleko arropa jantzi zuen. Lehenengo aldia ez zenez, Xexilik galderaz sastatu eta, azkenean, onartu zion Narrosko jauregi gainean zabaldu nahi zuela ikurrin bat. Noiz eta haurra jaiotzear zela, burugabe halakoa.

         Ixabelengana jo zuen Xexilik, Teofilorengana. Alferrik; sugeak limari hortzaka bezala. Ramiro joandakoan, sutondoaren aldamenean eseri zen, larri. Ixabel laster bildu zitzaion, gero Teofilo, eta gosea baino luzeagoa egin zitzaien gaua. Oilarrak jo aurretik irten ziren sorgorretik, sutondoa hauspotu. Hilerrian bezain isilik, hori bai, ez baitziren errezatzekoak etxe santu hartan. Lastima; hainbeste kontsolatuko zituen...

         Teofilok eutsi ez eta, behiak jezteko aitzakian, sutondoan abandonatu zituen emakumeak. Berea zen errua, berak berotu baitzion burua Ramirori gizon-hitz handiez: aberria, askatasuna, demokrazia. Eta itsuak ikusi egin nahi. Nork kutsatu zion, bestela, Joseba Elosegirekiko miresmen ustela? Ramirok bere aitak berak egin izan balu bezala errepikatzen zuen Artzain Onaren katedraleko inozokeria, 75 metroko dorrean ikurrina zintzilikatu zuenekoa. Zertarako, ordea? Kartzelan bukatu zuen eta!

         Istorioak. Trabajadoreetako lan behartuetatik bueltan, 1944an, sei urteko Ramirok ikusi omen zuen urrutian eskale argaldua, baldar zihoala kamioan gora. Ixabelek trapua behin eta berriro bihurrituz itxaron zuen atarian, iloba hanken atzean ezkutuan.

         — Hementxe gauden.

         — Ongi etorri zure etxera, Teofilo.

         Arrebaren formaltasunak pitzatu zion poza gizonari:

         — Aita?

         Ixabelek ezetz egin zuen buruaz:

         — Hogeita hamazazpian.

         — Eta hire gizona?

         — Baita. 41ean, harri koskorrak egosi behar izan genituen jateko.

         Negarrez hasi zen Teofilo, haur txikien moduan aurpegia estutuz. Ixabelek trapua luzatu zion aurpegia lehor zezan.

         — Luze iraun zinan 41ak, orduan. Eta hau, zein dinagu?

         — Ramiro, senarra zenaren iloba. Umezurtz geratu zuan; orain etxekoa diagu.

         Teofilok burua laztandu omen zion irribarrez. Ez zen makala izan Ixabelen lasaitua: Martin Aragonesaren seme-alabak ziren bai senarra, bai umearen ama. Kastillanoak.

         Pare bat egun geroago errepikatu omen zen eszena: umea atarian eta Teofilo kamioan gora, baina orduan lau hankatan eta odoletan, kartzela edo trabajadoreetatik iritsi berrientzako aparteko saria kobratuta. Behin ere ez zituen argitu jipoitu zutenen izenak, herrikoak ziren arren. Edo, agian, herrikoak zirelako. Urteetan ez zen kalera itzuli.

 

 

Gauza jakina zen bekatu ilun batek zikintzen zuela Ramiro; herrian ez zioten alferrik mojakumia esaten. Nobiotan deskubritu zuen Xexilik irainak gezurra zuela oinarri, Martin Aragonesak alaba haurdun zegoela sartu omen zuelako komentura, ez lehenago. Eta, egia izanda ere, ze erru Ramirok?

         Nerabezaroaren gaiztakeriarekin, mojakumia gero eta sarriagotan aditu behar izan zuen gizajoak, bestela Herrero abizena edo Aragonesa. Kaletik zeharo kopetilun itzuli zen batean, Teofilok eskutik tiraka igo zuen baserri atzeko muinotxora. Xantioreneko mugarri guztiak seinalatu eta sorbaldak estutuz izendatu zuen maiorazko, abizenak abizen, Ramiro Xantio.

         Astebetera, eskolara iristean, mojakumia ozen batez agurtu zuen gelakide batek, merituak biltzeko gogoz. Ramirok entzungor egin eta, hurrengo aukeran, makila potolo bat puskatu zion bizkarrean.

         Argi eta garbi, handik zetorkion erokeria, umeaz erditzeko hilabetea falta ez zuela. Parez pare zeukan Ixabel, biak oilarraren kukurrukuen zain eta hizketa-gairik ez izateagatik deseroso. Berez, emakume alaia zen: kantari ematen zuen eguna, hasi kopla zaharretatik eta bukatu Angelitos negros-ekin. Langile nekaezina, etengabe ekarri ohi zituen mundu honetatik joandakoak gogora, batik bat Pello Xantio aita eta Ramon Herrero senarra, esaldi gehienak haiei aipu eginez burutzen zituela: “gure aitak zioenez”, “gure Ramoni ikaragarri gustatzen zitzaion”... Aditzearen aditzez, ematen zuen atetik sartzear zeudela.

         Xexili pozik ezkondu zen Xantiorenera. Ez zuen inondik inora espero Ixabelek horrelako begirasun sutsuak egingo zizkionik edozein aitzakiarekin. Egiteko eta egoteko modu bereziak zeuzkaten baserrian, ρabardurak, keinu sotilak; ezin behin ere asmatu. Hitz txarrik ez: begirasun haiek, ahoa pixka bat okertuz... Zenbat negar ezkutuan, Jainkoak bakarrik zekien. Gainera, Ramirori kexatu zitzaion batean, izebaren alde egin zuen. Normala omen zen, etxeko martxa hartu arte. Hautsa kentzen ere uzten ez bazioten, nola arraio hartuko zuen, ba, martxa?

         Han bizitzen hasi eta gutxira, paperezko mantel antzeko batzuk egin zituen, sukaldeko apalak dotoretzeko, brodatuak balira bezala. Ixabelek tutik ere ez. Azkenean, oihala erosi eta brodatu ere egin zituen, letrak eta zenbakiak batean, aberea bestean... politagorik!

         Ekonomikan topatu zituen goiz batean.

 

 

Argitu zuen egunak, baina Ramiroren arrastorik ez. Lanean hasi zen Ixabel eta Xexilik ere alde egin behar izan zuen: majo damutu arren, bezperan hitzemana zion amonari goizean lagunduko ziola patroi bat kopiatzen, eta joan egin behar. Kalean, jakin-minez begiratzen zion jendeak. Ala ez? Ba al zekiten?

         Amonarenean, kostata itxuratu zuen aurpegi ona. Amona lanpetuta zegoen, eskerrak, eta, behingoagatik, oharkabean pasatu zitzaion Xexiliren estura. Di-da batean bukatu eta bueltako bidea hartu zuen. Ramiro han egongo zen ordurako... egongo ahal zen! Komeriak negarrari eusteko.

         Nuestra Seρora de Aranzazu kalean tipi-tapa zihoala, don Segismundo Gantxegiren alabetako bat ikusi zuen. Cesar Mendozaren semearekin ezkondu berria zen gazteena. Beste alabei, hirukiak ematen zutenez, “Pagoetako hiru gurutzeak” deitzen zieten. Aitarekin bizi ziren, gazte-gaztetatik itxuraz eta izanaz neskazahartuta.

         Alaba nagusia zen hura eta San Antonioren kutxa zekarren besoetan, mimo handiz. Amonaren santu kuttuna zen, besteak beste galdutako gauzak bilatzen laguntzen ziolako. Behinola, Xexili artean ume, titarea aurkitu ez eta, josi ezinik, bost durokoa agindu zion San Antoniori. Aitak topatu zuen egongelako armairuaren azpian eta Brigida pozak txoratzen eta otoizka hurreratu zen kutxara hitza betetzera, gero semeak paperezko bost durokoa fraideetara eraman zezan.

         — Neronek ekarri dizut eta —aitak, serio hitz egiteko ausardiarik gabe.

         — Baita zera ere! Herorrek? San Antoniok gidatu dik eskua.

         Armairutxoan gordeta txandakatzen zuten santua etxez etxe; ate barruan zintzilikatuta zegoen jarraitu beharreko izen-zerrenda, paper batean idatzia. Gerratean ezabatu zuten Xantio, Ixabelen penarako.

         — Buenos dνas nos dι Dios —goxo batez agurtu zuen Xexilik pasatzean, sabeltzarra dilin-dalan.

         Bestea brausta gelditu eta bihotzak salto egin zion Xexiliri. Gorri-gorri bueltatu zen, barrabaskeriaren batean harrapatuta bezala.

         Don Segismundoren hiru semeak gerrara joan eta haietako bat, Isidro, han hil zitzaion, kapitain edo auskalo ze graduazio altua zeukala. Denentzat izan zen krudela, denentzat.

         — Tori, Cecilia, eraman baserrira. Eskumuinak amona Brigidari —eta kutxatxoa eskaini zion. Ondoren, Xerrasenera sartu zen, neska artean aho zabalik.

         Beti berdin, pastelez lepo zegoen leihatila. Gabonetan, mazapanezko krokodilo erraldoi bat erakusteko ohitura zuten, bezeroek zatika eros zezaten. Gerraren ondoren, Venezuelan bizi ziren Basarriren bi anaia. Haietako nagusiak, Xegundok, krokodilo oso-osoa oparitu zion amari behin; ez zen gutxi komentatu! Venezuelan biziko ote zen amaren ahizpa?

         Etxetik gertu, ia lurrera erori zitzaion San Antonioren kutxa Ramiro balantzaka aurkitzean: begi bat markatuta, ahotik odola zeriola eta hortz bat faltan, baina etxean.