1
Denak isilik zeuden parrokiako lokalean. Xabi bakarrik zegoen zutik, amorruz negarrez. Txikiren laguna zen, Gipuzkoako tontorren erdiak igoak zituzten elkarrekin.
Ederki damututa zegoen Olatz behin esan ziolako Txiki extremeρoa zela, Euskal Herriaren alde borrokatu bai, baina euskara ez zuela ikasi. Polita jarri zen Xabi; haserrea pixka bat pasatzean, suertea zuela bota zion, euskaldun peto-petoen artean jaio zelako, eta frankistek Txiki fusilatu nahi zutela traidoretzat jotzen zutelako, ezin zutelako eraman haietako bat euskaldunen alde borrokatzea.
Orduko disgustua gogoan eta mutila horrela ikusteak hunkituta, nekez ari zen Olatz malkoak frenatzen, errespetu falta ikaragarria ez erakusteko. Xabik, aurpegia garbitu ondoren ere, beldurra ematen zuen suzko begi haiekin:
— Ez duk horrela geratuko. Fusilatzen baditek... —ukabilak estutu zituen.
Hileta-umorean itzuli zen Xantiora Olatz. Arratsaldean, manifa egingo zuten, herria hankaz gora jarri. Izututa zegoen Xabik harekin panfletoak banatzea eskatu ziolako. Harro ere bai, baina harrapatuz gero... Nahikoa arriskutsua izango zen berez manifa: Polizia erotuta bezala zebilen.
Panfletoak banatzea: Xabik lokalera eraman nahi ez zuela pentsatzea ere! Bazirudien bizitza osoa pasatu zela amore eman zuenetik. Zenbat aldiz ez ote zion errepikatu hamazazpi urte bete arte ez ziola joaten lagako. Gezurra, gainera: apirilaren 9an zuen Olatzek urtebetetzea eta maiatz bukaeran ezer ez, Koldo Arriolarena gertatu arte.
Ez zen neska bakarra izan; Mertxe, Olatzen lagunik onena ere hantxe zegoen, Karmelorekin zebilelako. Auskalo zer ikusten zion tipoari: pailazo hutsa izateaz gain, ez zen geldirik egoten, barra-barra esaten zituen txorakeriak...
Aulkiak zirkuluan jarri zituzten. Xabi-eta eztabaidatzen hasi ziren eta militarra eta eta politiko-militarra banatzearen benetako arrazoiaz. Olatzek ez zuen ulertu “fronte militarra hobestea” zer arraio zen; galdetu eta Xabik laser izpiak bota zizkion begiekin, huts egin izan balio bezala. Eta egia zen: biak bakarrik egonda galdetu behar zion, ez besteen aurrean, ergel baten moduan.
Berriketan jarraitu zuten besteek pixka batean, baina argi zegoen Xabik zerbait zeukala eta laster isildu ziren. Txisteratik bezala atera zuen panfletoa:
— Estado de excepciσn-ari buruzko notiziak dauzkat.
— Hi, nola esaten duk estado de excepciσn euskaraz? —Karmelok, Filologia ikasten ari zela erakutsi nahian.
Zeinek handiagoa bota hasi ziren mutilak: egurrezko egoera, estatu poliziala, torturatu mesedez... Olatzek “salbuespen-egoera” proposatu nahi zuen, izeba Esti gogoan, baina mihiari eutsi zion badaezpada ere.
— Egun grisak! —Karmelok.
Barre algarak entzunda, Xabi desesperatu egin zen:
— Hi bai grisa! Zenbatetan ikusi duk gris putakumeren bat herrian? Ze ostia duk Txerrimutur?
— Putakume bat? —Karmelok, aingeru-aurpegiz.
— Guardia zibila, motel —Xabik, pazientzia galduta.
Panfletoa altxatu zuen:
— Zentsura dela-eta, hauxe dugu berri-iturri edangarri bakarra —Olatzek bularra puztu zuen: hori zen hori hitz egiteko modu dotorea—. Gogoratzen Ondarroakoa? Bagenekien txapelokerrek garbitutako mutilak ez ziela erasorik egin. Hemen dio cou bukaerako afalondoan etxera zihoazela kantari ikasle batzuk eta, kuartel aurretik pasatzean, txapelokerrek haietako bat atzeman zutela. Luis Arriola. Koldo. Tiro bat aditu zuten segituan. Hurrengo goizean, gurasoei esan zieten istripuz hil zela, gorpua deposituan zegoela.
Urduri irentsi zuen Olatzek bazkaria, disimulatzen. Etxekoek ez zekiten manifara joatekoa zela. Ordurako ez zien ezer kontatzen; ez zuten ulertuko. Xantioreneko sukaldean senargaia egin zuela aitortzean, hango poza eta hango muxuak! Mutilaren izena argitu ondoren, berriz, isilune glaziarra. Amak eskutik hartu eta arrastaka eraman zuen baratzera, bekatu kapitalen aurpegiz.
Xabiren abizenei besterik ez zien erreparatzen: Mendoza Gantxegi; ezin zuen ahaztu izebak Xabiren aitarekin izandako tirabiratxoa. Zenbat urte lehenago? Faborez!
Etxeko gizonek lan egiteari laga zioten, txundituta. Elizan bezala irentsi zuten amaren erretolika. Gero, aitak aitzurra hartu zuen atzera, mutu. Zer esan behar zion, ba? Pixka bat harrotuta zebilela Donostiako Usandizaga institutura batxilergoa estudiatzera bidali zutenetik? Edo arraroa zela gau-eskolan ikastearen kontu hura? Ez ziren garai errazak, ez: zenbat eta okerrago Franco, orduan eta zakarrago itsasoa. Eskerrak Mikel seme-alabetan gazteena zen, eta ez alderantziz.
Ezberdina zen Xabi eta agerian utzi zuen zinemako aurreneko hartan. Mertxek proposatu zuen kuadrillan azkeneko funtziora joatea, gaueko hamar eta erdietan, eta ez ohi bezala zazpietan. Sekulako negoziazioen ondoren, denek lortu zuten baimena. Larunbatean, txiten moduan sartu ziren Modelo zinemara eta Mertxek gidatu zituen erdiko pasillotik zuzenean lehen lerrora. Bigarrenean, formal zeuden Xabi-eta, nesken txutxu-mutxuei entzungor eginez bezala. Argiak itzalita, berriz, iletik tiraka eta sorbaldan atximurka hasi zitzaizkien. Neskak txoratzen: buelta eman, errieta egin, haserre-plantak... Olatz izan ezik: behin besterik ez zuen burua itzuli, Xabiri begiratzeko. Denen aita ematen zuen, nodoari adi, ume-jolasen gainetik. Burua mugitu eta begira-begira geratu zitzaion.
Atera ondoren, Xabik jendetzaren artean bilatu eta buelta bat eman nahi zuela esan zion, galdetu gabe, proposatuz bezala ea biok ideia bera eduki zuten. Olatzek irribarre egin zuen, lotsatuta. Etxera itzuli behar zuen, ordea, eta hurrengo arratsalderako geratu ziren.
Orduak behar izan zituen arropa erabakitzeko, zalantzak torturatuta mutila agertuko ote zen, ahaztuta edo damututa edo auskalo. Xabi ikustean, haizearekin joan ziren beldurrak, haizearekin beste batzuk etorri: zertaz hitz egin? Ze distantziatara ibili? Nola jokatu?
Malekoiaren bukaeran eseri ziren itsasoari begira. Xabi luze egon zen isilik; gero, eskutik samur hartu eta Donostian gertatutakoa hasi zen kontatzen: bi gazte, Tupa eta Tanke, etakoak. Kontrol batean geratu omen zituen poliziak, kotxean zihoazela. Zuzenbide fakultate parean izan zen, jende pila baten aurrean.
Gazteak, armak kotxean utzita, korrika atera ziren mendirantz. Poliziek metrailetekin apuntatu eta tiro egin zieten. Ta-ta-ta-ta. Biak erori ziren lurrera. Tupari buruan eman zioten.
Kontakizuna bukatzean, Xabik muxu eman zion. Paseatzen itzuli ziren, eskutik helduta, eta nahasita etxeratu zen Olatz. Alde batetik ondoeza: nola zitekeen Poliziak inpunitate osoz jendea metrailatzea? Eta, bestetik, ezinegon goxoa: Xabi, Xabi, Xabi.
Ezin zituen bi sentimenduak banatu.
Arropa erosoarekin jantzi zen, amak eta Ixabelek ez zezaten asmatu Xabirekin egotekoa zela. Gainera, manifestazioan agian... Ez, ez zen ezer pasatuko. “Aio!” oihukatu eta bixi-bixi irten zen baserritik, berandu iritsiko zelakoan. Kanposantuko bidegurutzean itxaron zuen, Xabik esandako lekuan. Bost minutuz, hamar, hogei. Non zegoen? Leku txarra zen. Txerrimutur kapaz zen harri baten azpitik agertzeko, eta orduan... Capitantrueno ere ez zen makala. Txerrimutur ezizena ez zekien zeinek asmatu zuen, baina bestearen ohorea Karmelori zegokion, guardia zibilen kapitaina harroputz hutsa baitzen, tente-tente beti, askotan zaldiz. Halere, Olatzi ez zion Txerrimuturrek adina beldur ematen.
Motorraren zarata, eskerrak. Halere, ez zetorren errepidetik, baizik eta kanposantuko aldapatik. Ziztu bizian jaitsi zen Xabi, Olatzek oparitutako makuto polita aldean.
— Nondik etorri naizen ez duzu ikusi —Xabik, konplize-irribarrez.
Olatzek muxu eman zion. Ohiko zirrararen partez, urduritasuna sabelean. Nerbioak normalak omen ziren lehen ekintzan. Atzean eseri eta abiatu ziren, makutoa eskuineko belaunean kolpeka. Dena azkar pasatzea nahi zuen.
Plaza lepo, manifestazioa hastear zegoen. Norbaitek ikusi omen zuen Capitantrueno kuartel aurrean metraileta prest, zaldi gainean. Jendeak eutsi egin zion, ordea, Txikigatik, Otaegigatik. Eta Tupagatik ere. Olatzek lurrean irudikatu zuen, ahoan tiroa zuela eta odol-putzu baten erdian.
Oihuak: gora eta! Giroa gero eta beroago; noiz egingo zuten ekintza? Berandu baino lehen azalduko ziren guardiak egurrean eta orduan... Poliziaren partez Karmelo eta Mertxe agertu ziren, karakola eta barea, goraetaka, baina barrez lehertzen, zirkurantz bezala. Kuadrillako beste inor ez; ez ziren horrelako saltsetan nahasten. Harrituta omen zeuden Olatz eta Mertxe aspaldi ez zirelako haiekin egoten; nola, ba! Umemokoak ziren. Aurreko larunbatean Bordatxon zeuden eta, bi bikoteak afaltzera sartu zirenean, han hasi ziren barre ergeltxoarekin.
Otaegi. Zurrumurru baten arabera, etakoa bainoago, laguntzaile hutsa omen zen. Tupa larri zaurituta, Otaegi gaixoa hiltzera kondenatu omen zuten gutxienez bat fusilatzeko, baina ezin inori galdetu, batik bat ez Xabiri, ez zezala pentsa derrotista hutsa zela.
Ai, ama. Berehala egin behar zuten; Xabik, ordea, itxaroteko. John Wayne zen, lasai-lasai erasoaren aurretik. Azkenean, makutotik entziklopedia moduko sorta bat hartu eta jende artean galdu zen. Pixka bat geroago aireratu ziren han eta hemen orri-eskukadak, geiserren antzera. Makutoarekin utzia zuen Olatz, oso paskin gutxirekin. Arnasa hartu zuen, dardaran. Jendetza mugitzen ari zela aprobetxatuta, azken haiek atera eta gora! Ez al dira uxoak ere zuriak?
Beldurrak paralizatu zuen. Bat. Bi. Hiru. Txerrimutur ezerezetik azalduko zen, idi-begiak sutan...
Tiroak! Bihotzean jotzen zuten oihartzunek. Jendea korrika. Garrasiak. Plaza lehertu beharrean, sarrera guztiak itxi zituzten guardia zibilek. Ateratzean ehizatu nahi zituzten, satorren moduan. Alde batetik sartu ziren borraz joka: lasterraldiak, marruak, tiro gehiago.
Non zegoen Xabi! Bultzadak, oihuak. Nora joan? Mondragones taberna aldameneko ezkaratza ireki egin zen; Mertxek sartu zuen eskutik tiraka eta egurrezko eskaileretatik igo ziren arin-arin. Etxebizitza batean errukitu eta barruan gorde zituzten beste hamaika lagunekin batera. Isil-isilik denak, shockean. Aurpegira begiratu arren, ezin gogoan hartu. Sarraski bat egiten ari ziren plazan; Xabi gaixoa.
Negarrez hasi zen.