8
Gaizki hasten denak gaizki bukatzen du. Luisa eta German Mendozaren artekoa ez zen parte onekoa: gizon ezaguna zen, ezagunegia kontzejal postua heredatu zuenetik. Eta ezkondua, bi semeren aita. Benetan uste al zuen Luisak apartatu egingo zirela German eta andrea? Kaskarinaz gain, inuxentea.
Udarako sustoak zirela eta, herrian ez zen giro. Abuztuko Amabirjinetan, su eman zioten turismo-zentroari, agidanez etakoek. Pena zen herrira dirua ekartzeko saiakerak zapuztu nahi izatea. Xantiotarrek txalotu egin zuten, amonak-eta espantuz eta amorruz hartu.
Bost egun geroago, golfekoa. Langile batek topatu omen zuen kasualitatez paketea, eztanda egin aurretik. Txiripaz saihestu zuten triskantza. Edo sarraskia.
Gutxi balitz, grebak: baten txingarrekin pizten zen hurrengoa. Halere, herriak bizi zuen tentsioak ez zion inori ere eskubiderik ematen Luisari egin ziotena egiteko. Pilarica egunez izan zen. Kalean zihoala, Basoerdireneko atarian zegoen gizon-talde batek puta deitu omen zion. Ozen. Luisak aurrera jarraitu zuen negarrez; ezin jakin zeinek oihukatu, eta zeinek egin zion barre. Eskerrak Esti ez zegoen, buelta emango baitzuen mutur-joka hasteko.
Ez omen zion Germani kontatu nahi; Estik, ordea, hurrengo gauean bota zion, atea ixteko ere astirik eman gabe. Sekulako iskanbila izan omen zuten, Luisak ez zekiela zeinen alde egin. Azkenean, Germanek hogeita lau orduko epea eman zien etxetik alde egiteko.
Donostiako familiarekin gorde zen Luisa; nork lagundu behar zion Estiri etxebizitza husten? Tuntunak! Lapurren pare maletak iluntzean jaisten... hura lotsa. Ahizpa Xantiora ekartzea beste erremediorik ez. Ezin zion huts egin, merezi arren.
Xantiotarrak txoratzen: astebeteren bueltan, Xexili baino are etxekoago zuten. Euriko ura baino gardenagoa zen, pentsatu gabe edozer gauza botatzen duen horietakoa; horregatik maite zuen jendeak. Hura Xantion bizitzen jarri eta errotik aldatu ziren hizketa-gaiak: eliza desagertu zen, politika itzuli.
Eta ikastola. Estiri adituta, gogoa ematen zuen udaletxe aurrera manifestazioan joateko; hain zen sutsua! Probintzian eta Euskal Herri osoan azkenetakoa omen zen Zarauzkoa legalizatu gabe, don Cesar Mendozaren oposizio sutsua zela eta. Aitaren ezpalekoa, Germanek haren bandera jaso omen zuen eta ikastola kinka larrian zegoen.
Guraso-elkartea buru-belarri aritu zen koskak berdindu nahian eta, besteak beste, erabaki zuten haietako bat, Imanol Murua, kontzejal postura aurkeztuko zela familia-tertziotik, udalean infiltratzeko.
Legalizazioarena ez zen bataila bakarra; ikastola berria eraikitzearen auzia ere puri-purian zegoen: proiektua finkatzeko, eraikin bakarrean bildu behar zituzten ikasle guztiak, ezinbestez. Umeak herri osoko gela ziztrinetan sakabanatuta, eskaleen modura ibiltzen ziren irakasleak izkina batetik bestera saltoka.
Xexilik, ordea, bazeukan bere guda. Sator-lan sakonen bidez, Brigidareneko eta Xantioreneko sukaldeak lotzen ari zen Urtezaharretako afaria elkarrekin egiteko. Ospatzeko. Amildegi bat zen ditxosozko gerra, herria erdibitzen zuena. Batak eta besteak mahai beraren bueltan esertzea lortzen bazuen, zauria itxi egingo zen, orbandu, hala Espainiakoa nola etxekoa. Ama gaixoak behingoz deskantsatuko zuen bakean.
Brigida konbentzitzea, erraza: mesedea egiten ari zen, berak ez zuen eskatzen, bera nagusi. Xantion, berriz, komeriak. Horiek etxean hartu? Irailaren hogeian, aurreneko ilaran jartzen ziren beti, zela mezan, zela kalejiran, zela sokamuturrean, herriko liberazioa ospatzeko...
Barkamenaren karta jokatu zuen Xexilik: bakarrik barkatzen du ahal duenak. Miseriak miseria, xantiotarrena zen azken garaipena, azken hitza.
Gogoz kontra onartu zuten, Olatz eta Mikeltxorengatik.
Menua erabakitzea ere ez zen erronka makala izan. Arkume bat prest zeukatenez, Ixabel haragia erretzearen aldekoa zen, baina Xexili mokofinak legatza nahiago. Eta arrain-zopa, restauranteetan bezala. Majo ordaindu beharko zuten eta etxeko kutxan, armiarma-sareak besterik ez.
Bukatzeko, gelarena. Sukaldea etxeko bihotza izan arren, neguan epel zegoen leku bakarra, txikiegia zen gonbidatuentzat, ukuilutik gertuegi. Azkenean, lehenengo solairuko sala zaharra aukeratu zuten, hamarkadetan ireki gabekoa.
Sekulako lana Ixabel eta Xexilirentzat: garbitzea, mahaia osatzea, antigoaleko mantelak zuri-zuri uztea eta, batik bat, berotzea, gelak ez baitzeukan ez tximiniarik, ez hura jartzeko modurik. Afaria amesten emandako gau luzeetan, Xexilik butano-estufa bat irudikatzen zuen, berri-berria. Maiatzean Zumaian izandako butano-eztandaren ondoren, nola konbentzitu, ordea, xantiotarrak? Ezta dirua harri baten azpian aurkituta ere.
Teofilo, behinik behin, laguntzeko umorean zegoen. Aldeko baserrikoei desmuntatuta zeukaten estufa zaharra eskatu, instalatu eta hormari zuloa ere egin zion, biharamunean trastea itzuli behar bazuen ere. Beti besteen petatxuekin estaltzen.
Komedorea izenez birbataiatuta, baserriko bonbillarik onena jarri zuten, baina, nonbait, kontaktu txarren bat zela medio, ez zen beti pizten eta piztuta uztea erabaki zuten, funditu gabe eutsiko ziolakoan.
Ontziekin ez zuen Xexilik amore eman, ezin, txerrien moduan ari zirelako jaten. Linternero Txikirenera joan eta ontziteria osoa erosi zuen epeka, pagotxa ikaragarria. Halere, hori ordaintzeko lain ere ez eta mirari bat bilatu behar izan zuen. Urtero, ezkondu zenetik, amonarekin batera joaten zen Errege aurretik Donostiara, Avenida de Espaρako Gantxegi mertzeriara. Deskontuak aprobetxatu eta urte osoko arroparen oihalak erosten zituzten. Zentimoz zentimo joaten zen hilabetez hilabete dirua aurrezten, eta Brigidak beti gehitzen zuen koxka bat. Haien tradizio txikia zen, baina dena ezin. Amonak ulertuko zuen. Ulertuko al zuen diru-premia lotsagarria zutela?
Ia gauero sufritu zuen Xexilik amesgaizto berdina: zela Teofilok hasita, zela Manuelek, zela Brigidak, gerra zibilean bukatzen zuen afariak.
Mahai bueltan biltzea ez zen nahikoa: afariak ondo atera behar zuen. Kanaango ezteietakoa baino mirari handiagoa eskatzen ari zen.
Afari-bezperan, zalantzak Brigidarenean. Aitak, ea zer nolako agurra komeni zen. Xexili larritu egin zen; aita gai zen edozein astakeria botatzeko. Azkenean, “muchas gracias por abrirnos las puertas de vuestra morada” formula neurritsu eta elegantea aukeratzeko konbentzitu zuen. Ausardiarik ez euskaraz egin zezan erregutzeko. Espainolez barra-barra egiten zuen horietakoa zen Manuel, euskaraz baino dezente ozenago, gainera, eta Teofilo, berriz, irmo-irmoa horretan. Ezin ahaztu Olatzek neskatxo erdalduna ekarri zuenekoa. Santa Anako mojetan sartu ondoren, bi lagun min egin zituen: Mertxe, auzoko Zabalegi baserrikoa, eta Marifer, guardia zibil baten alaba. Behin ekarri zuen hura Xantiora eta, jakina, bazkaltzera geratu zen; Lazaro altxarazteko gauza zen Olatz! Hori bai, denek espainolez egin behar, deseroso, barregarri eta zeremoniatsu bezala, baina Teofilok ezetz. Joateko ordura arte, Mariferrek begiak zabal-zabalik behatu zuen aitona, harrituta hitz egiten ez zekielako, Babelgo maldizioak jota edo.
Kosta ahala kosta saihestu behar zuen afaria zapuztu zezakeen edozer.
Zortzi-zortzietan, Seat 850aren argi indartsuak kamio hasieran. Inbidiaren ziztada sumatu zuen Xexilik: aurrera zihoan mundua eta haiek etxe zahar hartan ainguratuta. Bolada motz batez amestu zuen bizkien etxebizitzak berreskuratu eta, Santa Marinakoa salduta, plazakoan jarriko zirela bizitzen. Ramirori ere aitortzera ez zen ausartu. Boteretsuegiak ziren mendozatarrak, eta xantiotarrak hutsaren hurrengoa. Gainera, German saltsan zebilen. Jainkoak jakingo zuen zergatik ematen zien batzuei hainbeste.
Baserri atarian ari ziren itxaroten. Teofilo, igandeko trajez, duda-mudan txapelagatik: eskuan morroi, buruan arrotz. Ixabelek seρora bat ematen zuen mantal eta batarik gabe, nahiz eta beroki beltzak urteak zituen. Eta Estik, behingoagatik, ez zuen atentzioa ematen. Gabonetan edozer gauza gerta daiteke.
Amona mantso jaitsi zen, zeremoniatsu, eta begirada sumindu batez seinalatu zion semeari aurrea har ziezaion, eta hura urrats txikitan hurbildu zen, aurpegi serioz bezain barkaberaz, Franco ematen zuela. Seinalea ote? Adostu bezala, Teofilok jaso zuen, eskua irribarretsu luzatu:
— Gabon Jainkoak deizuela. Ongi etorri Xantiorenera, Manuel; ongi etorri, doρa Brigida.
Amonari aurpegia argitu zitzaion, eta pixka bat makurtu zen Mikeltxori mila muxu emateko.
Manuel zeharo lotsatuta zegoen. Baietz bere traje berriak kaxero gaixo haiek umildu. Itxoinzak, nola zuan agurraren hasiera? Las puertas, las puertas... Kaka zaharra! Adinkideari eskaini zion zekarren poltsa:
— Ezin esku hutsik etorri...
— Xanpaina! Ez zuan beharrezkoa, motel —Teofilok.
— Cava duk, cava. Frantsesek aditzen bazigutek... Haiei baino, hobe gureei jaten ematea, ezta?
Xexilik ia konortea galdu zuen. Beldurrez begiratu zion Teofilori, baina hark ez zuen ikusi. Gizonak segundo batez hausnartu eta irribarre egin zuen, santu guztiek konbentzituta, isilik.
Barrura sartu ziren. Xexili urduri; aspaldiko partez, aurreneko aldi haren sudurrez usaindu zuen: simaur eta animalien kiratsa, lur hezea. Ingurugiro ederraren abantaila itzalita, errealitatea biluzik: etxola batean bizi ziren. Amonarentzat baieztapena izango zen mertzeriarena.
Eskailera estuek inoiz baino burrunba handiagoa eragin zuten, maila guztiak solte eta oker. Behintzat, Zeruko Jaunari esker, komedorea epel zegoen eta eguerdiko argitan bezala. Bonbillaz gain, bazter guztietan zeuden bildumenak. Nahiz eta eliza-itxura ematen zioten, inork ez zuen txintik esan.
Matriarkak mahaiburuko ohorea naturaltasunez onartu eta artzainen moduan aztertu zuen artaldea, Haundiya zenaren makila eskuartean. Hara! Plater eta ontzi politak. Buruarekin onetsi zuen eta Xexili pixka bat lasaitu zen. Eskerrik asko, Maria Jesusen ama. Mertzeriarena aipatu ezean, gogoratuko al zuen? Nola ez, ba, Brigida Plantxadorak?
Sukaldera itzuli zen presaka, zerbitzatzen hasteko. Eutsiko al zioten elkarri mokoka hasi gabe?
— Ondo? —Ixabelek.
Hain nabarmena zen bere kezka? Ezin behingoagatik baretu eta gozatu.
Lapikoak kontrolatu zituen: arrain-zopa, azalorea eta legatza. Ixabelek arratsalde osoan prestatutako ahiek sekulako itxura zeukaten; hortaz gain, postrerako konpota ere bazegoen. Hura zen hura banketea!
Harro zegoen Ixabel eta Olatzekin osatutako taldeaz. Freskeratik mahatsak atera, bi plateretan banatu eta keinu bat egin zien zopa zerbitza zezaten. Zopa-ontzi berria. Sakrifizioak merezi izan zuen. Ene, hori hotza sukaldetik egongelara! Diru pixka bat izanez gero, benetako estufa bat erosi ahal izango zuten neguan sukaldetik atera ahal izateko.
Futbolaz ari ziren gizonak, Realak Burgosi emandako sei eta bateko jipoiaz. Pilotara aldatu eta Manuelek bi sarrera eskaini zizkien Galarretan Managuako kaltetuen aldeko partidua ikusteko. Teofilori antzeman zitzaion ez zuela halakorik espero; pozik onartu zuen. Xexili gogor ahalegindu zen memorian idazten, hurrengo astean aitari gogoratzeko: ohitura zuen zirenak eta ez zirenak hitzeman eta gero ahazteko.
Denak eserita, isildu egin ziren. Berriz ere negar egiteko premia: ama besterik ez falta. Teofilok eskuarekin oparitu zion Manueli otoitza gidatzeko ohorea. Afaria hasi gabe ere dirdiratsu zituen begiak, sudurra gorri. Halere, ondo bete zuen eginkizuna eta, behin lasaituta, basoa ere bai.
Agur 72ari: 34 urte egin behar zituen Xexilik. Konturatu gabe ihes egiten du bizitzak.
Isilune luzea, tregoan bezala. Hiru gai prest zeuzkan Xexilik elkarrizketa politikatik aldentzeko; bat bera ere ez zitzaion etorri. Izu-ziztada: zerbait esan beharra zegoen; isiltasuna ere arriskutsua zen, mesfidantza elikatzen baitzuen.
— Hildakoak jaten jardun omen ziren Andeetako gaixo haiek —inprobisatu zuen. Aitak sagardoa hartu eta luze eman zien bere iritzi aditua, Teofilok harekin bat egin eta, bidea hasita, handik aurrera ez ziren geratu.
Benetako protagonista, ordea, Olatz izan zen, ordurako hamalau urteko neska koxkorra. Aho zabalik utzi zituen gizonak bere argumentuekin eta emakumeek petxua puztuta aditu zioten, disimulatu ezinik. Horrelako gazteek mundua jango zuten.
Ikasle bikaina zen, matematikak gorabehera, eta izebaren bidea hartu nahi zuen irakasle bihurtzeko, baina ez bakarrik Magisteritza ikasiz, baizik eta Filosofia y Letras, hura baitzen Estiren ametsa. Umeen gelak utzi eta ikastolako goiko geletara igo nahi zuen. Parisen pentsatu izan balu!
Ditxosozko ikastola: Xantion buruz zekizkiten ikasle guztien izenak, irakasle-zerrenda, zuzendaria, plaieroak antolatzen ere jarduten zen Joxeantonio Azpeitiaren ateraldiak, Manolo Urbieta irakaslearen abestiak... Mikel txikia txoratu egiten zen Olatzek eta Estik bi ahotsetan kantatzean.
Baserria irauli arren, ematen zuen behingoz bakean zegoela Esti, eta gaitz erdi. Halere, inoiz baino isilago zegoen gau hartan, ez?
Mahatsak jateko ordua zenbat eta hurbilago, orduan eta larriago Xexili. Topa eginez borobildu nahi zuen afaria eta ez zekien ze desio proposatu. Aukera emanez gero, Francorentzat osasuna eskatuko zuten Brigidarenekoek, eta xantiotarrek, Euzkadiren independentzia edo, auskalo, etako ero haiekin lotutako zerbait. Bakea opatzeak, berriz, gai delikatu gehiegi hurbilduko zituen eta osasuna denontzat opatzeak, ama.
Hark, zegoen lekuan zegoela, indarra bidali eta cava ekarri orduko bururatu zitzaion. Geroz eta sarriago aipatzen zuen Estik senargaia: Aldalur Derioko apaiztegian egona zela, Aldalurrek Filosofia eta Teologia ikasi zituela, Aldalurrek pare bat urte eman zituela ordenatuta... Eta, astiro-astiro, Xexilik bilatzen zuen informazio kezkagarria: Aldalurren gurasoek bertatik bertara ikusi zutela Gernikako bonbardaketa, Aldalur klandestinitatean ibiltzen zela, Aldalur hirutan egon zela atxilotuta eta bi urteko kartzelaldia bete zuela.
Behinik behin, ahaztuta zeukan Parisko txiletarra, aztia. Aldalurri esker ez zuen Estik Txileko bidea hartu, Allende eta gorrien paradisua eraikitzen laguntzeko.
— Ea aurten ezkontza daukagun! —kopa altxatu zuen irribarretsu, baina, besteen ustekabea ikusita, koldartu egin zen. Isiltasuna. Zurrut egin, aingeru-aurpegia jarri eta Estiri galdetu zion—: Zer moduz zuen liburua? Umeena.
Barruko bonbilla piztu zitzaion ahizpari azkenean. Sutsu adierazi zien umeek beraiek idatzitako ipuinekin ari zirela liburu bat osatzen, Haurra ipuin denean izenburuz, idazlan ikaragarriak zirela, talentu handikoak... Xexilik, ordea, alaba balu bezala ezagutzen zuen. Zerk kezkatzen zuen? Ez zirudien senargaiarekin zerikusia zuenik: zer ote zen?
Denek Manueli muxu eman bitartean, bakarrik geratu zen amonarekin, besotik helduta.
— Avenida de Espaρa cinco —Brigidak, bilobari zapladatxoak eskuan emanez—. Asteartean.
Bihotzak salto egin zion Xexiliri.
— Ezingo dut, amona... —aitzakiarik bururatu ez.
Matriarkak arrano-aurpegiz arakatu eta, eskumuturra estutuz, zorrotz xuxurlatu zion:
— Joan egingo gaitun. Dirua nire kontu.
Negarrez hasi zen, zoriontsu: ez zuen familia hori merezi.
Denak ohera presaka bidali eta sukaldean geratu zen bakarrik, poza gozatuz. Plateretan janaria geratzen zen artean, beste afari bat egiteko lain. Papurrik ez zuen utziko amak! Gogora ekarri zuen ezkutuan erretiluko hondarrak jaten, ezin zuelako ilar bat bera ere zakarrontzira bota. Gaixoa, ama; zenbat sufritu zuen. Xexiliren ahaleginei esker, kontsolamendua ari zen azkenean lortzen.
Logelara joaterakoan, atentzioa eman zion Estiren ate azpiko zirrikitu argituak. Sudurra garbitzen ari zen. Heldulekua jaitsi zuen kax-kax samur egin bitartean, baina irribarrea erori zitzaion: ohe gainean eserita, Estik begi gorrituta ixteko agindu eta negar mutuan jarraitu zuen, zotin eta zotin, eskuekin ahoa isiltzen.
— Zer dun, neska?
— Ikastola berriaren proiektua baztertu diten. German Mendozaren aginduz.
— Ze ba?
— Andereρoak ez omen gaitun taxuzkoak, baina nitaz ari da. Gorroto naun, eta guraso-elkartekoek bazakiten.
Zer erantzun horri?
— Gainera... Guraso batzuei ez zitzaienan ondo iruditu Luisarekin bizitzea... Esaten al zienat nik nola bizi behar duten?
Negarrez jarraitu zuen; Xexili, isilik.
— Berarekin hitz egingo huke? —Estik, ahotsa hari fin bat besterik ez.
— Norekin?
— Germanekin.
Odola borborka igo zitzaion aurpegira Xexiliri, zer erantzun ez zekiela. Gogoan zuen! Zenbat urte izango zituen orduan Estik, bost? Sei? Eta berak hamar gehiago. Luzeak, gero, gezurtxo haren sustraiak.
Oraindik ere, lotsatu egiten zen haren aurrean. German zen Ramirorengatik sakrifikatu zuen guztiaren izena.