16
Enbarazuan zegoen nonahi Miren Egaρaren sabeltzarra: sukaldean, jangelan, errekuentoan, patioan. Ziegak bermatzen zion babes bakarra, eta han Agur zegoen, egunetik egunera ahulago eta zuriago, dar-dar batean, hiltzeraino jarraitzeko tematuta.
Birritan agertu zen zuzendaria. Vis a vis politikan salbuespena egiteko prest zeuden Gorrirekin elkar zedin. Agurrek tinko ezetz, ez zuela pribilegiorik onartuko. Bestea, erdi erreguka: hil egingo zela, alferrik izango zela, beste kartzela batzuetan bertan behera utzi zutela greba, azkenean bera zuzendari-postutik bidaltzea ere lortuko zuela eta hurrengoa zorrotzagoa izango zela.
Ezetz.
Astebete geroago esan zioten Gorrik minbizia zuela. Gezur zikinak omen ziren, konbentzitzeko. Lagun batek idatzi zion berri txarra emateko; gezurra hori ere, zuzendariaren beste trikimailu bat.
Hauteskunde goizean, irribarretsu esnatu zen, itxaropenez. Olatzi eskatu zion txaboloa barruko konketaraino laguntzeko, aurpegia toalla busti batekin garbitzera. Ez zen gai izan txabolotik irteteko, baina, behintzat, irribarrea ez zuen egun osoan kendu.
Biharamunean, funtzionarioak euforiko: aldaketa gauzatua zen, sozialistek gehiengo absolutua, frankistak zulora betiko. Bat-batean, denak demokratak.
Agurrek ez zituen begiak ireki, ospitalean hiltzeko etsita dagoen amonaren moduan.
— Ezkerrekoak dira —Olatzek, animatu nahian.
— Horrek edozertarako baimena ematen die. Neofrankistak egitera ausartu ez direna, hauek egingo dute ezkerraren izenean.
Momentu batetik aurrera, ezin izan zuen jaiki, hitz egiteko ere komeriak. Ahoz gora zetzan, begi zorrotzak zabal-zabalik.
Larri omen zegoen Gorri. Zuzendaria bera joan zitzaion Agurri esatera, nahi izanez gero anbulantzian eramango zutela ikustera, ezeren truk, keinu humanitario bezala.
Ezetz.
Grebalariak tantaka hasi ziren amildegira hurbiltzen, tantaka atzera egiten. Hurrengo asteetan, bi berri mota besterik ez zituzten jaso: edo Gorriren parte medikoak, gero eta okerragoak, edo izenak, izenak, greba utzitakoenak.
Yeseriasko azkena geratu zen; atzera-bueltarik ez zeukan puntutik gero eta gertuago. Ez zuen bisitarik onartzen; Olatz zuen erizain. Gau batean, errekuentoaren ondoren ireki zuten atea. Funtzionario bat sartu zen, moja itxuraz, serio. Gorri hil zela goizean, Alcalan. Sentitzen zuela. Gutunak eta paperak utzi zituela eta biharamunean haren ziegakidea etorriko zela ematera. Eta mesedez konturatzeko arau guztiak ari zirela puskatzen, ea behingoz burugabekeria hura uzten zuen.
Bukatutakoan, Agurrek burua biratu zuen pareta aldera.
— Gracias —Olatzek.
Funtzionarioa joan eta argiak itzali zituzten.
— Eskertu egiten diozu, gainera? —Agurrek—. Gezurra da. Norbaitek kontatuko zidan nola edo hala.
— Agian mina aurreztu nahi zizun.
Begirasun amorratua egin zion Agurrek:
— Benetan hil bada, orduan akatu... —negarrak moztu zion, berak ere aukera hori sinistu ezinik.
— Jar nazazu txukun —Agurrek goizean, bere gainean Olatzen mugimenduak sumatzean.
Ez zegoen gauza handirik egiterik. Ileak faltsua ematen zuen; argal-argal, hazpegiak urtu egin zitzaizkion. Burezur baten antza zuen. Momia bat.
Eguerdia baino lehen gizona ekarri eta bakarrik utzi zituzten. Artilezko jertse gorrixka potolo-potolo bat zeraman soinean, bestela oso itxura normala zuen. Eskuartean zekarren fardeltxo bat, gutun pila bat, periodikotan bilduta eta zelo zabalarekin mila buelta emanda.
Buruaz agurtu eta mutu geratu zen ate ondoan. Agurrek doluzko isilune bat itxaron zuen:
— Ondo ezagutzen zenuen.
— Intimitatea azkar hazten da ziegan, bai.
— Eta miretsi egiten zenuen. Ezinezkoa zen ezagutzea eta ez mirestea, baietz?
— Apartekoa zen —eta Agurren begirada finkoak behartuta, gehitu zuen—: Zaila zen...
— ... ez maitatzea. Egia! Egia! Neuk ezagutzen nuen inork baino hobeto; bere konfiantza osoa neukan.
Julenek baietz erantzun zuen buruaz. Argituta bezala zegoen Agur, manta grisaren azpitik bakarrik burua ikusten zitzaiola.
— Haren laguna zinen —Agurrek—. Beharko, paketea eman bazizun. Zurekin hitz egin dezakedala sentitzen dut; behar ikaragarria daukat. Zeuk entzun zenituen haren azken hitzak... —arnasa hartu zuen kostata—. Bere mailan egon naiz. Ez da harrokeria... Bai, bada: harro nago inork baino hobeto ulertu nuelako; berak ere esan zidan!
Malkoekin borrokan ari zen. Begiak itxi zituen, ezpainak estutu. Julenek zalantza egin eta delikatuki utzi zion fardeltxoa manta gainean, gutxi gorabehera Agurren sabela zegoen lekuan.
Ahots-hari batez jarraitu zuen Agurrek, Julen ondoan belauniko. Gorri Iparraldean ezagutu zuela. Taldekideak izan zirela. Askok ez zutela haien harremana aprobatzen, Gorri goikoa baitzen eta bera, inor ere ez.
— Zorte handia izan dut, eta zoriona. Gehiegi tarte batez eta orain, gutxiegi bizitza osorako.
Literan agontzen saiatu zen. Julenek ez zekien lagundu ala ez.
— Oroitzapenak geratzen zaizkigu; bestea joan egin da: promesak, handitasuna, bihotza.
Malkoz beteta zeuzkan begiak, baina ez ziren erortzen.
— Maila eman zuen bukaeran ere.
— Eta ez nengoen berarekin —ahots apurtuaz—. Berak baino gehiago sinesten nuen berarengan. Nire beharra zuen.
— Azken momentura arte izan ninduen ondoan —lurrera jaitsi zituen begiak—. Hil aurretik... zure izena esan zuen.
Agurrek irribarre egin eta begiak itxi zituen, buruaz baiezka. Malkoak erortzen hasi ziren azkenean.
Klin-klan, atea ireki zuten. Julenek buruaz agurtu eta serio-serio joan zen.
Beso bat atera zuen manta azpitik Agurrek. Atso beltz txiki bat; zainak sumatzen zitzaizkion. Olatz gerturatu eta besarkatu egin zuen.
— Oso umezalea zen —Agurrek, negar batean azkenean.
Hezur eta azal zen, pixka bat estutuz gero erraz puskatzekoa, eta, halere, begiradan indar berria zeukan. Hiltzeraino jarraitu nahi zuen. Olatzi zirrarak sastatu zion sabela:
— Joan ospitalera, mesedez. Arriskutsuagoa zara bizirik hilda baino.
Agurrek mantso bota zuen arnasa, begiak itxita. Gero baietz erantzun zuen buruaz, esfortzuz.
— Gorrigatik.
Errege-bezperan, kabalgatatik ekarrita bezala, eskutitz bat Maria Herrero Palaciorentzat. Gutun-azalean, letra luze eta fina. Ai, ama: Jesus Maria Fuentes.
Batere testurik gabe, auskalo poliziak edo Txumak berak zentsuratuta, bi argazki. Bietan ala bietan, Haritz txikia. Batean etxeko egongelan moketan eserita, praka motz gorria soinean, alkandora koadro zuri-urdinduna, tiranteak. Eskuan, kamioi berde bat, amatxok Iparraldean oparitua.
Bestean koskortuta agertzen zen, etxepeko Caja Ruraleko petrilean zutik. Baserritar jantzita, Xexilik jositako mendigoizalea soinean, txapela, mahoizko galtzak eta abarkak, Olentzeroren atzetik irteteko prest.
Horrelako zenbat mugarri, xume zein handi. Urtebetetzeak. Hortzak erortzea. Bizikletan ibiltzen ikastea. Irakurtzea.
Ama ezagutu gabe ari zen hazten.
Sekulako aldaketak jarri zituen psoek martxan: euskarazko gutun-trukeak onartu zituzten, kanpotik libururen bat jaso ahal izatea. Bisitak ordubetera arte luzatu eta hilean bi telefono-dei egiteko baimena eman zieten, hamar minutukoak. Ustekabez onetsi zuten Egin periodikoko bi kazetarik hainbat kartzelatako euskal preso politikoak elkarrizketatzea. 1983ko otsailaren hasieran joan ziren Yeseriasera. Olatz bi argazkitan azaldu zen, kasualitatez bietan polimilien artean.
Sasi-tregoa onartu zuten polimilien viii. asanbleako zuzendaritzakoek. Ordurako, ordea, grazia-neurriak eskatzeko epea bukatuta zegoen. Patioaldi batean, Argiρek negar egin zuen: horrela ibiltzeko, hobe zazpikiekin alde egin izana.
Alaba polit batez erditu zen Miren Egaρa, lore bat zementuan. Sarri hurbiltzen zitzaion Olatzi galdezka, esperientziadun bakarra baitzen. Gainera, Olatzen besoetan hartzen zuen lo errazen. Umea amari itzuli ondoren, urduri sartzen zuen eskua patrikan semearen argazkiak ukitzeko, estanpak balira bezala. Hilero bidaltzen zion bat Txumak.
Apirilean, gosaldu aurretik sorpresa: moduluko ate aurrean bildu ziren polimili gehienak, haien gauzak poltsetan. Funtzionario batek zabaldu eta isilean irten ziren. Argiρe delikatua, Argiρe iharra: grazia-neurriak eskatu, baina ez zion Olatzi aitortu. Atzera begiratu gabe joan zen.
Kolpe latza izan zen, batik bat ezer eskatu ez zuten azken bi polimilientzat. Pare bat egun geroago ekarri zuten Agur bueltan. Zergatik mantendu zuten bi hilabetez erietxe militarrean eta zer egin zioten, ezin jakin, Agurrek ez zuelako txintik ere esan.
Olatzek prest zeukan oparia: razzian puskatutako argazkien puzzlea; gehienak txukun samar geratu ziren.
Agurrek ahoa okertuta hartu zituen:
— Lagun berriak egin dituzu, e? —zakar.
Iritsi berria zen; nola...?
— Zer da hau? Pixka bat uzten zaituztet eta...
Bi asterik behin egiten zuen hots Olatzek Xantiora eta Mikeltxok kasetean grabatzen zion elkarrizketa amari. Deirik ez zegoen asteetan, bisita. Ama beti, txandaka aita edo aitona Teofilorekin. 60 minutu, natural hitz egiteko aukerarik gabe. Gauza onak errepikatzen zizkioten, konturatu gabe Olatzi eguneroko martxa ezkutatuz etxetik aldentzen zutela. Jostorratzak murtxikatzea zen harentzat, amari zerbaitek noiz ihes egingo. Eta orduan, tzak: ziztada. Aitona Teofilorena ere horrela izan zen.
— Zer moduz aitona Teofilo?
Amak, irribarre urduria:
— Oso ondo.
Olatzek zorrotz begiratu zion aitari, nahikoa hark aitor zezan:
— Badakin nolakoa dun. Zahartzen ari dun... Baratze bazterrean ematen din eguna, Mikeltxori begira; hark bai sasoia!
— Eta?
— Aurreko batean zera... tematu zunan atzealdeko muinoaren hasierako aldapa segatu behar zuela laguntzarik gabe, garai batean bezala. Lehenengo orduan, bakarrik joan eta erori. Aldaka puskatu din.
— Ez da ezer ere —amak—. Segituan pasatuko zaio.
Ezin etxean egon. Lagundu. Eta kanpoan, bizitzaren erlojuak aurrera jarraitzen zuen.
Tik.
Tak.
Tik.
Tak.
Barruan, eternitatea bisitatik bisitara, deirik deira, Txumak bidalitako argazkitik argazkira. Pentsatzeko denbora gehiegi; batzuetan hasi eta leku beldurgarrietan bukatzen zuen. Beste era batera entretenitu beharra zegoen burua, denbora probetxuz pasatu. Ikasiz, adibidez; ze urrun Usandizaga institutua! Ez zion Agurri aitortuko badaezpada; baimena lortuz gero konbentzituko zuen. Maiatz erdialdean, funtzionario bati esan zion zuzendariari helaraz ziezaion: unibertsitatera sartzeko azterketa egin nahi zuen. Azkar tramitatuz gero, garaiz zegoen ekainean egiteko. Zer ikasgai prestatu beharko zuen? Aspaldiko partez, presa.
Biharamunean, urduri itxaron zuen erantzuna; behar izanez gero, deietako bat gastatuko zuen amari hots egiteko, liburuak lehenbailehen eskuratu eta ekartzeko.
Inuzenteagorik! Elefante handi bat zen kartzela. Hilabeteak behar ziren edozein tramitetarako, jakin gabe zuzendariak jaso ere egingo ote zuen. Isiltasun administratiboa arau, erantzuna jasoz gero, pazientzia agortuta izaten zen ordurako.
Halere, itxarotea balitz zigor bakarra! Miliek bake-negoziazioak iragarri zituzten eta gobernuak gezurtatu, gobernuak eskaini eta miliek baztertu. Itsasargiaren fokua zirudien esperantzak, jira eta bira gauean, orain bai, orain ez. Bueltaz buelta, gero eta beltzagoa zen iluntasuna.
Eman ezazue denek pixka bat gutxi batzuk kartzelan usteldu ez gaitezen. Santa Anako mojak, umetan, hortaz ari ziren ditxosozko entrega gora eta behera: pentsatu gabe ematea, mugarik gabe, atzera bueltarik gabe. Moja koitaduak; haiek ere, oinutsik.
Egunkari-zatiak eraman ohi zizkion amak. Funtzionarioek, eduki arriskutsuak moztean, leihoak zabaltzen zituzten irudimenerako. Horietako orrialde baten atzealdean kolatu zen Xabiren argazkia: Xabier Mendoza Gantxegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Industria Saileko zuzendari txit agurgarria. Ederra saltoa parrokiako lokaletik! Orduko amodioa nerabea zen, ergela ia, eta zinemako itzaletan hozten zuten desioa, haztamuka eta muxu azkarrez. Argazkiak, berriz, 27 urteko trajedun dotorea zekarren. Erakargarria.
Parean irudikatu zuen, gorbata askatzen ziola, alkandorako botoiak, gorputza laztandu, eta Xabik irrikaz erantzuten zuela, blusa altxatu, galtzak presaka jaitsi, erauzi ia, eta Olatz gainera igotzen zitzaiola eta gainean eseri.
Kraska batez itzali ziren argiak, gauero bezala. Agurren arnasketa erregularra. Kanpoan, funtzionario baten urratsak. Argazkia sabel gainean laga eta begiak itxi zituen. Poliki, eskua jaitsi eta kuleroen azpitik sartu zuen. Epela. Kizkur gogorren artean bilatu zuen koskatxoa. Handituta, sentibera. Behatz-puntak busti, beste eskuarekin kuleroko kanpin-denda altxatu eta igurtzika hasi zen.
Hankak dar-dar basatian, ezin eten eztandara iritsi arte. Bere garaian, institutuan hamaika kartel zintzilikatu zituen “Masturbazioa da soluzioa” ziotenak, emakume bat eskua aluan. Noizbehinka egiten zuen, baina, han barruan imajinazioa ere atxilo, ordura arte ez zuen hainbesteko eszitaziorik sumatu.
Xabi. Gazteak baleki, zaharrak baleza... Putzura erori zen Olatz, ohi baino altuagotik.