9
Amonaren erosketa-poltsekin zamatuta irten zen kooperatibatik. Ai, ama: udaletxeko atean zegoen German, beste gizon batekin zerbait garrantzitsua diskutitzen. Biak trajez, ministroen pare.
Burua izoztuta, hankek aurrera jarraitu zuten arkupetik, Linternero Txikirenera joan beharra zeukalako. Ezin buelta eman; Germanengana zihoan, hiru negu lehenago jositako gona soinean, ama zenaren berokia, lutoz bizi diren neskazaharren moduan.
Zenbat eta gertuago, orduan eta zatarrago, xumeago, baldarrago. Ze urruti Zelatungo erromerian hanka-puntetan dantzatzen zen oilanda!
Euria ari zuen, baina indarrik ez aterkia irekitzeko. Buru-makur gurutzatu zuen kalea eta, dendan sartzean, babesean sentitu zen azkenean. Negar egiteko puntuan, zeharo ahaztuta zuen erosi beharrekoa. Nola esango zion Germani ezer?
Iluntzean, goiz oheratu zen Esti, txoriak baino gutxiago janda. Ixabel ere kezkatuta, Xexilik ez zuen kemenik izan ahizpari aurre egiteko.
Hurrengo goizean, amonari bisitatxo bat egitera igo zen, ohi zuen bezala kalean erosketak egin ondoren.
— Hire ahizpa horrek! —amona Brigidak, atea aditzean eta nor zen ikusteko itxaron gabe. Ez zegoen akademiako gelan, baizik eta sukaldean kaiolatuta, atzera eta aurrera urduri. Besotik heldu zion Xexiliri—: Lana laga ez din, ba!
— Ikastola?
— Baietz, ba! Esan berri zidaten; txoriburu halakoa... Joan hadi etxera eta konbentzitu ezan, burutik zegon eta. Horrelakorik!
Ez zen bazkaltzera etorri, ezta arratsaldean ere. Aldalurrekin ibiliko zen negarrez, edozein bazterretan sartuta. Etxeratu zenerako, zortziak jota. Xexili korrika igo zen haren logelaraino. Atea zabaldu eta ohean eserita harrapatu zuen, buru-makur.
— Zer moduz? —Xexilik, faltsu.
Estik poliki altxatu zuen burua:
— Gogoratzen iaz Arrasateko ikastolan kaleratu zituzten irakasle haiek?
Gogoratuko ez zuen, ba! Arrasatera joan zen Esti, manifestaziora, eta beste gazte batzuekin hasi omen zen zubi bateko barandan harriekin joka. Protesta baketsuan, agidanean. Auskalo zertan ibiliko ziren; ez zen batere harritzekoa grisek eraso izana. Astakirten horiek, gainera, aitzakia gutxi behar zuten. Biharamunean deskubritu zizkion Xexilik besoko arrastada eta hankako ubeldura. Bereak eta bi bota eta printzesa traizionatuaren plantak eginez erantzun zion Estik; egoskorragorik! Hiru egunez ikastolara joan ezinik; marka da, besteen lanpostua defendatzeagatik, norberarena arriskuan jartzea.
— Ederra hartu huen... bi astez herrenka, izterra more-more —Esti mutu, idien modura aurrera begira tinko, hausnarrean—. Zer dun, neska? —eztanda egiteko zorian—. Zer egin diten oraingoan?
Ahizpak nahi zuena esatea zeukan, baina makina bat izugarrikeria adituta zegoen irakasle haien bizimodu libreaz. Eredugarria behar du izan irakasleak; hermano salletarrak eta mojak beti izango ziren egokiagoak, inondik inora.
Gainera, gauzak esaten hasita, ederki zegoen kanpokoen kontuez kezkatzea, baina, faborez, etxekoak ahaztu gabe. Xantiora etorri eta gutxira eskaini zuen Estik zerbait ordaintzea, aho txikiz eskaini ere. Normala denez, Xexilik ezetz, ezin ziola ahizpari dirua hartu etxean bizitzeagatik. Ez al zuen ikusten, ordea, premia gorrian bizi zirela? Eta berak, platera bete otorduro, gela txukun, arropa garbi... hotelean baino hobeto. Ez kolpe zorririk eta ez zentimorik; eskuak beti bero patrikan, lotsagabe horrek, eta ez zuen eskaintza errepikatu; hain zen temosoa nahi zuenean!
— Haietako batek Adela Ibabe zuen izena.
— Eta? —baietz atzera hartu ikastolan Adela santua; ea horrela Esti konturatzen zen. Luisaren modukoa izango zen: berak harria bota eta beste batek masailekoa jaso.
Estik hitz egiteko saiakera egin zuen alferrik; aurpegia estali eta negarrez hasi zen. Inuzente halakoa... ez zuen egiatan pentsatuko Xexili horrela samurtuko zuela.
— Ikastola laga omen dun.
— Ikastola eta Aldalur, duela bi hilabete.
— Erotu al haiz derrepentean? Zer egin behar dun orain?
— Ez zakinat. Pentsatuko dinat —hitzetik hortzera erabakitakoa al zen?—. Zerbait bururatuko zaidan.
— Lana gustuko huen, ordea...
— Enbarazu egiten badinat hemen, esan besterik ez daukan.
Harroputza, gainera! Bat-batean etorri zitzaion bestea gogora:
— Orduan... hemen lo egiten ez dunenean... non geratzen haiz? Norekin?
Buruaz ezetz erantzun zuen Estik.
— Zer pentsatuko dute xantiotarrek?
— Neure gorputza dun; zer esan zinaten heuri? Ezkondu aurretik eman hion-eta Ramirori.
Eta logelatik egin zuen alde, baserritik. Egin korri, bai, kalamidade hori. Xexili itsututa hasi zen orrien kaosean miatzen. Larrialdi bat zen, gerran eta amodioan araurik ez. Koaderno koloretsu bat hartu eta markatutako orri batetik ireki zuen. Non irakurriak zituen lehen lerro horiek?
Ezin izan
ama, hiritar,
emaztea, euskaldun,
emakumea: pertsona:
isila,
otzana,
ona.
Ezin estutu
hitzen barruan.
Ezin izan
hitzak hilkutxak diren
munduan.
Ordu txikitan itzuli eta astebetez geratu zen bere gelan, Olatzek eta Ixabelek otorduak eramaten zizkiotela. Xexilik, barruan sumendia: Xantiotik bidali nahi zuen; ez zeuden alferrak mantentzeko moduan. Ezta buruarinak ere.
Birritan gertatu zitzaion: erabaki, ateraino joan eta, ate itxiaren parean zegoela, barruko zotinek ito zioten asmoa.
Goiz batean bueltatu zen Esti sukaldera, mejoratuta. Kalera jo zuen, bueltatzeko ordua argitu gabe. Xexili kezkatuta; ondo egongo ote zen? Zer egiten jardungo ote zen? Afaltzeko itzuli zen pozak txoratzen eta ikasten jarraitu behar zuela bota zien, zer eta Euskaltzaindiaren D titulua lortzeko. Xantiotarrak aho zabalik:
— Euskarak ez du etxeko hizkuntzarekin nahikoa: hitz berriak behar ditugu egungo bizitzako gauzak izendatzeko, zientzian erabiltzeko, telebista bezalako asmakizun berriak izendatzeko...
— Bai, urrutizkina eta beribila; handik pasata gaude. Ba al dakizu Txirrita handiaren azken agurra, Basarriri txapela eman ziotenean? —Teofilok—: Larogei urte gaiρean ditut,/ nago anketako miρez. / Donostiara etorria naiz / erren aundia egiρez. / Bi bastoirekin txit larri nabil / pausorik eman eziρez. / Euskera ia aaztu zait eta / erderarikan jakin ez./ Maisu batekin eskolan laster / asi bear det latiρez —urteen poderioz, ahots-indarra galdu eta, gainera, mantsoegi kantatzen zuen Teofilok, baina, bukatutakoan, petxua harrotu zuen—.
— Euskarazko eskolak eman ahal izateko behar dut —Estik, mihiari eutsiz
— Txorakeria galanta —Teofilok—. Nire aitonaren aitona euskalduna zen, eta horrela haren aitona eta haren aitona, Adamenganaino —gero eta ozenago—. Euskalduna nintzelako joan nintzen gudari, euskalduna naizelako zapaldu naute bizitza osoan eta, egon seguru, euskaldun hilko naiz!
— Ez dauka zerikusirik —Estik—. Euskara batua ikasi nahi dut; euskara salbatuko badugu, batuari esker izango da. Batuak lagunduko digu gure literatura eraikitzen... Joan, bestela, Ondarroara edo Maulera, ea hangoekin elkar ulertzen duzun...
Xantion izandako errezeloak ikusita, Brigidarenean, saiatu ere ez. Amonari esan zion denbora pixka bat behar zuela etorkizunaz pentsatzeko. Gero, lasai entzun zuen haren zaparrada, itsasoak euria jaso bezala.
Xexili jakinaren gainean zegoen: batua delako hori intelektualen asmakizun arraro bat zen. Plastikozko engendro hori ikasiz gero, desikasi egingo zuten euskara. Alferrik, ordea, ahizpa egoskor hori konbentzitu nahi izatea: pazientzia berria erakusten zuen, besteak ulertzeko txepelegiak balira bezala.
Dirua ba omen zuen lanean hasi arte bizitzeko. Eutsi horri, ba. Arropa erosi ere egin zuen; bitartean, Xexilik ezin Olatzi ekarri aspalditik eskatzen ari zen modako galtza bakeroak.
Hirugarren aldiz bildu zuen kemena etxetik bidaltzeko eta, aingeru guardakoak abisatuta, han agertu zen bat-batean Esti galtza famosoekin Olatzi oparitzeko. Ez zuen pentsatuko opari ziztrin batekin aurreko guztia barkatuta zegoenik.
Gauzak zer diren: azkenean, Xantiorenean eta Brigidarenean unibertsitateko diploma baten moduan ospatu zen D titulu famosoa eta akademiako neskek isilean aditu behar izan zioten amonari euskara batuaren beharraz jarduten. Non zegoen karlisten alkandorak goiz eta gauez josi zituen Brigida? Eta, handik gutxira, gau-eskolan irakasle hasi zenean, haren poza! Ez zegoen lan beharrezkoagorik; Xexilik maila jaistea zela pentsatzea ere...
Alaba prodigoa. Tarteka besterik ez zuen lan egiten. Eta kobratu ere, hala moduz, San Judas Tadeok agindutakoan. Bitartean, parranda, erre ezkutuan, iji eta aja. Ez al zuen etxeko beste inork ikusten?
Pazko-igandekoa ere izugarria izan zen. Teofilo trabajadoreetatik itzuli zenetik tradizio bihurtuta, bazkari inportantea egiten zuten, Ixabelek jositako ikurrin zaharra mahai erdian, janariari armairuko naftalina-zaporea kutsatzen. Kafearekin batera animatzen zen Teofilo gerraz kontatzen zuen pasadizo bakarra gogoratzera: Durango aldeko bonbardaketetan, mendian gorde eta hegazkin bat bueltaka ibili omen zitzaiola, babes hartua zuen haritz sendoa metrailatzen, Jerikoko tronpetak baino ozenago, taka-taka-taka. Balak hustu ondoren, tontorra txikitu beharrean jardun omen zuten bonbaka, danba eta danba, alferrik. Bukaeran, bonbak gordetzeko egurrezko kutxekin asmatzen ere saiatu omen ziren, horraino gorrotoa.
Patxaranak, berriz, sentibera jarri eta negarrez kantatzen zuen Basarriren trabajadoreetako sorta: Nork egin du gure galde? / Aiako Arritan gaude / baina beti bezain trebe lara la / lanean gogoz aritzen gera / soldatarik jaso gabe. / Berrehun nagusi badaude / gure artaldean jabe / guk umore ona halare...
Otoitzak irekitzen ohi zuen bazkaria. Teofilo hasi zenean, ordea, Estik moztu: Txikia gudaria gogoan hartzeko eskatu zion, mainontzi eskatu ere, ederki baitzekien nahi zuenean. Txikia hori aurreko ostegunean Algortan hil zenetik, besterik ez zerabilen ahoan.
— Esti, faborez —Xexilik—, bandoleroa zunan —eta hiltzailearena isildu zuen mahaiari errespetuagatik.
— Gudari bat —Estik, Teofilo eta Ramirori tinko begira—: Iaz, Precicontroleko nagusia bahituz langileen baldintzak hobetzea lortu zutenean, etakoak ez ziren bandoleroak. Eta gauza bera aurten Huarte lapur urde horrekin.
— Burdinez hiltzen duena... —Xexilik—. Ezin dun gizasemea hil.
— Orduan Francoren txakurretako bat hil beharra zegon: lasai egingo al din lo Txikia garbitu duenak?
— Esti! —Xexilik.
— Guardia Zibilak esan zian kotxe baten barruan akatu zutela Txikia, abiatzear zegoela. Ba al hekien ez zekiela gidatzen? Giltzarik ere ez zeukan. Gerran gauden eta ez zegon erdibiderik: edo geurekin edo geure kontra.
— Bueno, nahikoa dinagu.
— Franco bera baino frankistagoa haiz.
— Jesus! Beste gairik ez dago, ala?
Teofilok solemneki bete zuen isilune deserosoa; Jose Antonio Agirre lehendakaria aipatu, gero familiako izen-zerrenda eta, bukatzeko, Eustakio Mendizabal Txikia gudaria.
Udaberriko eguerdi batean, postreko intxaurrekin ari zirela, kotxe bat hurreratu zen baserrira. Ikastolako irakasleak ziren, klaxon joka; hango festa! Liburua ekartzera zetozen, umeekin batera idatzitako hura. Umeek beraiek sinatu omen zioten; hainbeste maite bazuten, zergatik ez zen bueltatzen? Lasaiago egongo zen ordurako German Mendoza; harekin hitz eginez gero...
Kafea hartzera gonbidatu zituen Xexilik, ea, haiekin egonda, Estik ideiaz aldatzen zuen. Berehala damutu zitzaion: Xantio zaharra ez zegoen inor ikusteko moduan. Jator egin zioten uko irakasleek, arratsaldeko eskolara joateko aitzakian, eta segituan abiatu ziren, eta haiekin batera ikastola eta Esti arrastoan sartzeko ametsa.