Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

4

 

 

Eguerdian, plazara sartu orduko, zalapartaka hartu zuten umeek kamioi koxkorra. Mecanizados Garmendia. Txoferrak, zeremoniaz jaitsita, larruzko pitillera atera zuen alkandorako patrikatik. Ea seρorita Begoρa Larraρaga Garmendia non bizi zen, eta mila esku zikin biratu ziren irrikaz Irene atera berri zen balkoitxorantz.

         Piano bat! Kamioiaren atzealdean, maindireekin babestuta eta hamaika sokaz eutsita. Ia bertan urtu zen, burua ametsez beteta: nahi zuenean jo, arratsaldeetan eskola pribatuak eman... Bizitza alde azkenean.

         Plaza-ertzetik zetorren Paki, ttipi-ttapa burumakur eta beltzez. Amona bat. Harekin batera Bego; eskolatik joan zitzaion lanera bila, inork agindu gabe. Horrelakoa zen, beti besteren sufrimendua apaltzeko adi. Gainera, oso lotuta zegoen izebarekin: ume-umetatik eraman zuen hark bederatziurren, bijilia, gau-mezetara... Eta birritan Ezkioko Ama ikustera ere, hango agerpenak gezurretakoak ote ziren zabaldu aurretik.

         Begok aurpegiera zimurtu zuen: mukizu begiluzeen erdi-erdian zegoen ahizpa. Hurbildu, eskutik heldu eta tiraka igo zuen etxeraino.

         — Ama, pianoa! —Joxepik, sukaldera saltoka sartzen—. Aitona Eulogiok esan zuen!

         — Egongelan ikusi arte...

         Eta arrazoi: udaletxetik haien etxera hiru pauso zeudenez, senarra konplotaz jabetu, eta bueltan bidali zuen kamioia, ez zutela limosnarik behar. Bazkaltzera iristean, txintik ere ez: alaben protestei entzungor, mahaian eseri zen periodikoa leitzeko.

         Irene sutan zegoen; komeriak oihukatzen ez hasteko berekoi hutsa zela, bere harrokeria zela-eta kenduko ziela alabei aukera eder bat... Ez al zuen txintxo-txintxo onartzen Eulogiok emandako dirua?

         Pakirenganako errespetuz isildu zen, baina gauean, biak bakarrik egonda, asto beltzarenak botako zizkion. Piano hura bueltan ekarri behar zen.

         Bizkia bost minutu geroago agertuta, Joxek ez zion esertzeko ere astirik eman:

         — Sanjurjo amnistiatuko ditek —sardexka platerean iltzatu eta ahora eraman zuen.

         — Ze esaten duk? —Xebasek—. Estatu-kolpearen ondoren fusilatu nahi, eta orain libre? Zenbat egin dik kartzelan? Bi urte ere ez!

         — Putakume galanta duk Sanjurjo, baina...

         — Joxe! —Irenek.

         — ...politikan ez zegok gauza errazik. Fusilatuz gero, monarkikoek kanonizatu egingo liketek. Errege destronatua bazaukatek eta, gainera, santu bat ematen bazaiek...

         — Idiakezentzat ez zenuten ba ez fusilatzea, ez kartzela eskatzen—Irenek, haserreagatik ahotsa dardaran.

         — Hara bestea! —senarrak—. Ez da gauza bera zoritxarreko istripu bat eta Espainia osoa mehatxatzea, inondik inora.

         — Istripua al da gizaseme bat trintxarekin sastatzea?

         — Egoskorra zara, gero! Sanjurjok ez zuen bakarrik Errepublika kenduko. Gure bila etortzekoa zen, Estatutuaren etsaia da eta.

         — Anaia babesten ari zen Idiakez —Xebasek—; Gatxagak eraso egin omen zion...

         — Gatxaga... ale ederra! —Joxek—. Abertzale hasi, karlista egin eta, azkenaldian, ezin atera Circulo Republicanotik! Bazkide ere ba omen zuan, pentsa!

         — Non geratzen da bosgarren mandamentua? —Irenek. Sentimendu kontrajarriak zeuzkan Idiakezi buruz. Epaiketan, lekuko batzuek espainolez ez zekitenez, ez omen zuten galdeketa ulertu eta fiskalak nahi zuena egin zuen haiekin. Biktima politikotzat jo zuten arrazoiz jeltzaleek, euskararen kontrako iraina. Era berean, argi zegoen Gatxaga gizajo hura hil egin zuela liskar batean. Arotzaren trintxa batez sastatuz.

         Joxek zaldien moduan arnasotsa atera eta seltz-sifoia hartu zuen.

         — Bota, aita! —Joxepik. Basoa eskaintzean, ogia irauli eta ahuspez geratu zen. Pakik hozka egin zion beheko ezpainari.

         — Seltz-ura eta arrautzak, etxeko jaunak —Joxek, eta gizonen basoetan bukatu zuen. Emazteari erakutsi zion sifoi hutsa, hark buruaz baietz esan arte.

         — Joxepi —Pakik, ahul—: jarri ezan ondo ogia, Ama Birjina negarrez ari dun eta.

 

 

Parrokiako kanpaiak laurak jo gabe, koinataren oihua plazatik:

         — Irene!

         Bihozkada txarraz atera zen balkoitxora.

         — Hator agudo! Hire anaia konferentzian.

         Migel? Urtean hiruzpalautan egiten zuen hots Xaleseneko telefonora, ama etorri zela abisatzeko. Biharamunean zen Parisa itzultzekoa, ordea. Agurtu nahi ote?

         Kale Nagusia hartu zuen presaka, Paki mutu atzetik abiadurari eutsi ezinik. Xalesenean, bi bezero eta etxeko guztiak adi.

         — Bai?

         — Irene? —Migelek—. Aita eta ama hil dira, gaur goizean. Auto istripuz.

         — Jesus, Maria eta... Baina... Nola?

         — Esan dizut. Bihar arratsaldean da hileta, parrokian. Etorri seiak eta laurdenerako.

         Pakiren arrain-begi tristeak; ezin haren aurrean negarrez hasi. Naturaren legea zen gurasoak seme-alaben aurretik joatea; koitadu hark, berriz, bost aldiz...

         Arnasestuka irten zen kalera. Pakik besarkatzean hasi zitzaion uholdea.

 

 

Komeriak Beasaineraino iristeko; alde ederra aitaren txoferrarekin! Donostiara trenez, hango geltokian Goierrikoa bilatu, itxaron...

         Herrian, parrokia bidean, txutxu-mutxuak: don Eulogiok automobila bere kasa hartzen omen zuen lehen aldia, Ataungo luze hartan zuhaitz baten kontra jo, akats mekanikoa omen...

         Hilda ere ez ziren errua leporatzera ausartzen.

         Ordu laurden bat berandu elizan; Migel muturra luzatuta. Keinu egin zion arrebari aurreneko bankuan jar zedin, bere aldamenean; Joxe eta alabak atzean, seme eta Encarnacion emaztearekin. Hark inoiz ikusitako mantelinarik ederrena zeraman buruan, beltz-beltza eta haizea bezain gardena.

         Primerisimako hileta: hamaika apaiz, dirutza kandeletan, kantu-sorta bikaina, hiru meza batera... Bikarioak sentitu egin zuen sermoia: gizon langilea, eskuzabala, zintzoa. Ama aipatu ere ez.

         Zenbat ordu eliza ilun eta hotz horretan. Zarautzera joan arte, triangelu batean atxilo bizi zen: etxetik eskolara, eskolatik parrokiara. Pianoa zuen mundua sumatzeko zirrikitu bakarra.

         Zaldi-kotxean eraman zituzten hilkutxak kanposanturaino, segizioan ordena tinko mantenduta. Panteoia irekita zegoen. Hilkutxak sartu eta itxi ondoren, atean geratu ziren anai-arrebak. Migel ministroen antzera: flanelazko traje grisa, beroki fina patrikan zapi eta guzti, antezko zapata ilunak eta handikien sonbreroa. Zerikusirik ez Joxek eskuan biribilduta zeraman txapel beltz arruntarekin.

         Hainbat gizon igaro zitzaizkien paretik, halako sonbreroak erantzita. Migeli eskua eta doluminak eman, hark zerbait egokia xuxurlatu eta inportante aldentzen ziren. Edadetuak gehienak, seguru asko aitaren lagun edo sozioak.

         Gaixoa ama. Baketsua zen Maule sorterriko hilerria: belarra, hartxintxarra, harresi ttipiak, liliekin apaindutako hilarri zaharrak. Horren partez, monumentutzar zatar hura, zutabe handinahitsuak, marmol hotza.

         Bukatutakoan, gurasoen etxera joatea agindu zion anaiak, hango gauzak konpontzera: trago txarrak, zenbat eta lehenago, hobe. Alabak eta Joxe jardinean, aitaren bulegoan giltzapetu zen Migel. Irenek amaren gelara jo zuen, oinak arrastaka, mamu baten moduan. “Altxa hankak! Zuzen ibili! Ixo!”. Aitaren oihartzunak.

         Soineko, zapi eta oinetakoetan ortzadarra. Ezin jantzi, baina limosnan emateak lotsa ematen zion. Lurrean pilatu zituen, erretzeko. Beroki gorri eder batek jo zion begia. Odolaren kolorea: pasioa, bizitza. Hartu eta sudurrera gerturatu zuen beldurrez: usainik ez. Ohe gainean utzi zuen.

         Presaka erdibanatu zituen harribitxiak, armairu-barrenak miatu. Larruzko esku-poltsa batean topatu zuen bere txikitako argazkitxo bat, urrezko markoan. Azpian, liburu bat: Madame Bovary. Moeurs de province.

         Beroki gorriarekin estali eta Migeli egin zion hots. Ematen zuen gorpuen zatiak ari zirela banatzen.

         Lorategira irtetean, etxea agurtu zuen betiko: zertarako itzuliko zen, ba?

         — Egon lasai —anaiak, atetik—. Laster irakurriko dugu testamentua.

         Automobila bide erdian aparkatuta zeukan; aitaren txoferra ondoan firme, uniforme berriaz. Migelen etxetzarra bostehun metrora zegoen; Irene ez zen tutik ere esatera ausartu, Joxek edozein ergelkeria botako zuelakoan.

         Bueltan, zenbat eta urrunago, orduan eta bareago. Negar egin zuen azkenean. Eguzkia kentzen zion horma eroria zen, bai, baina orain bidea libre zuen haizeak ere nahi adina jotzeko.

 

 

Zarautzera iristean, tren-geltokitik aditzen zen festa. Ahaztuta zuten! Aurreko astean, kartzelako neska-mutilak artean atxilo, herriko lehenengo greba orokorra antolatua zuten batzokikoek. Gobernadoreak amore eman eta, handik gutxira, gazteak askatzeko agindua eman zuen.

         — Zergatik ez dugu Paki ongietorrira eramaten? —Joxek, Zigordia eta San Frantzisko kaleko bidegurutzean geldituta—. Ea behingoz elizatik ateratzen den.

         Irenek baietza eman zuen buruaz. Inuzentea; abiatu eta bi pausotara, Joxek norabidez aldatu zuen, urrutiko ezagunei irribarrez:

         — Segi lasai, oraintxe bertan noa.

         Alabek ere kale: Joxepik katuen antzera nasa zapaldu bezain pronto; Begok baimena eskatuta.

         Koinata konbentzitu eta plazara joan ziren. Pakik besotik hartu eta Irenek ez zuen bihotzik izan askatzeko. Aita, ama, Beasain. Mojak, pianoa, liburuak. Bizitza bidea bada, bereak kiribilak egin zituen zeruan, bukaeran koinatarekin bat egiteko lurrean.

         Jendetza kantari: Jaiki, jaiki euzkotarrak laster dator eguna; sortaldetik ageri da argi goxo biguna. Bere aurrean bildurtuta ihes dihoa iluna, ihes dihoa iluna...

         Han Arantzazu Barrena, han Miren Xales eta ahizpak, Miren Garate besarkatzen. Beste mundu batean bizi ziren haiek. Ikusle hutsa zen Paki eta baita Irene ere, haren aukera galduta. Erantzunik eman ez zuenez, Emakume Abertzale Batzak beste emakume bat hartu omen zuen ikastolarako: gaztea, polita, argia. Labaderoan aditu zuenetik, ezin Xalesekin lehen bezala jokatzea lortu eta agian bere irudipena izango zen, baina Xales ere antzera zebilen.

         Kalejira osatu eta batzokirantz jarri ziren martxan. Ezin haien atzetik ere joan: koinatari ez zitzaion egokia iruditu bere egoeran; etxera itzuli behar zuen. Halere, ez zuen besotik askatu. Bidean, Urriza alkatearen etxeak ondo itxita zeuzkan leihoak, kontrako oihuak geratzeko edo. Berrogei metro egin ez eta bonba lehertu zen. Eztandak lurrera bota zuen Irene, belarrietan makilakada jasota, non zegoen ere ez zekiela eta estura arrotz batek barrutik hartuta. Paki aldamenean zetzan uzkurtuta, sabel hustua besarkatzen eta burutik odola zeriola nazareno baten moduan, ahoa zabaltzen eta ixten arrainek lehorrean bezala, baina Irenek ezin aditu, zorabiatuta, joanda, eta esku bat zoruan jartzean, kristal-pusketek ziztatu eta ahurra odolaz bete zioten, juxtu alkatea ezkaratzetik erotuta irteten ari zela, alkandora hutsean ilea otzandu gabe eta pistola bat eskuan, seguru asko marruka, eta segituan agertu ziren korrika gizon gehiago, samur baztertu zituzten koinatak, berehala begiluzeen artean Joxe eta Xebas, izugarri larrituta, auskalo ez ote zieten esan emazteak lehertuta hil zirela.