Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

10

 

 

Segituan erori zen Beasain, Gipuzkoan aurrenetako lekua. Telefonoa eta telegrafoa lehenengo biktimak, Migelekin komunikatzerik ez; auskalo onik iritsi ote zen liberazioraino edo tradizionalista askori bezala zerbait itsusia gertatu ote zitzaion. Zer moduz egongo zen haien txikia? Haren amandrea zen Irene, baina, hiletatik, behin ere ez zuen ikusi.

         Frontekoa baino are latzagoa zen atzealdeko borroka: ilarak edozein gauza lortzeko, diru-kezkak, beldurra aldeko gizon armatuei, beldurra kontrarioei. Eta begirasunak. Emakume-eskuadroiak.

         Goiz batean, Getariako Arratoiaren atzetik azaldu zen Cervera akorazatua: har metaliko erraldoi bat, arratoitik zenbat eta urrunago, orduan eta handiago, ia badia osoa hartzeraino. Kate-txakurren gisara ainguratu zuten Donostiako bidean eta handik bota omen zituen hirira hainbat bonba. Izua lehertuta, anarkista edo sozialista edo batek daki noren talde bat Ondarretako kartzelan sartu, eta eskuindar mordo bat utzi zuten paredoian oinak hoztuta. Atxilotutako zarauztar guztiak onik irten omen ziren; Begok, halere, negar-saio luze-luzea egin zuen, kontsolaezin.

         eajk Monteagudoko villan kuartel nagusia jarrita, han jarduten ziren goizetik gauera Xales eta Juanita ahizpa, zer agindu ere. Haien bitartez hasi ziren Irene-eta gudarien alkandorak josten. Brigida Plantxadoraren eskaintza gerraren kean lurrunduta, zerbait behar zuen alabak etxean lotzeko, bizitzak egoskor arrastatzen baitzituen kalera: udara zen eta ikusi nahi zuten, aditu, sentitu.

         Egunak mapa bihurtu ziren. Matxinoak Tolosan. Matxinoak Frantziako mugan. Matxinoak Irunen. Hura ere eroritakoan, erretira antolatzen hasi ziren errepublikanoak. Nonbait, Donostia defendatzeko modurik ez eta defentsa Mendizorrotz - Zarateko Benta - Ernio lerroan finkatu zuten.

         Arratsalde batean, bandoa jo zuen pregoilariak: biharamunean, goizeko seietan, herrian geratutako gizon guztiak Azpeitiko errepidean aurkeztu behar ziren, Orio aldean lubakiak induskatzeko. Joxe lehertuta eta eskuak babaz beterik itzuli zen, egun santu osoa palari ekin eta ekin, Sanson Azpeitiarekin batera. Hark bai sasoia!

         Errekrutatzeko adinean zegoenez, beldurrak bizi zuen Florentina, eta ez zen bakarra: Brigida Plantxadorak praka motzetan omen zeukan semea etxean, giltzapean.

         Errefuxiatu-tantak korronte bihurtu ziren eta, faxistek Donostia hartu aurreko gauetan, marea. Istorio lazgarriak zekartzaten: bahiketak, bortxaketak, hilketak. Faxistentzat nahikoa omen zen susmoa gizon bat fusilatzeko. Gudarien emazteak herritik bidaltzen omen zituzten.

         Gehienak emakumezko eta umeak ziren, koltxoia buru gainean eta hiruzpalau poltsa aldean. Baserritarrak, langile xumeak, Donostiako jende fina, euskaldun ugari. Kostan hartzen zuten hotel, hondarra goxoagoa baitzen lurreko harriak baino. Bonben alarma instalatu zutenetik, herrikoek ere eman zituzten pare bat gau haiekin, zeru beltzari begira, hegazkinen orroaren zain.

         Gero eta luzeagoak ziren trenak; ezagunak alde egiten hasi zirenez, kaleko aurpegi gehienak, arrotz. Beste herri batean bizi ziren. Goiz edo berandu, Zarautzera ere iritsiko ziren matxinoak.

 

 

Iluntze batean, Joxek harro ekarri zuen Euzko Gudarosteko ofizial bat. Inprobisatutako kuartelak leporaino zeudenez, ohe bat behar. Irenek begiekin kiskali zuen: nolatan sartu etxera hain planta oneko mutila? Ez al zen konturatzen Bego bere buruarentzat ere arriskutsua zela?

         Egongelan jarri zituzten alabak, Paki eta umearekin; ofiziala, nesken logelan. Azaρa presidentearen pare omendu zuen senarrak: despentsako gutizia-hondarrak, aitak oparitutako azken purua, Xebasen patxarana, eta tabakoa, etxe osoa ketzeko adina. Afaldu ondoren, gizonak hizketan geratu ziren, koρak botila eta bi baso lagun.

         Irene ohean lo hartu ezinik, burrunba urrunengatik. Abuztuko Amabirjinetan bezala, baina etxafuegoen partez, bonbak, bum, bum-bum-bum, bum. Irun errauts-pila bat omen zen; Zarautz ere kiskalduko al zuten? Haien herentzia guztia zen etxea, haien etorkizuna.

         Eguzkiarekin joan zen ofiziala. Irene, etxeko atea aditzean, maindireak aldatzen hasi zen. Errazago lan egiteko, ohea mugitu eta ezkutuko izkribua topatu zuen, labanaz-edo marratua: “Santiago Uriz, 1936-09-09”. Arantzazuko Amaren eguna zen. Xales, Iρurritza. Beste bizitza bat ematen zuen.

         Hiruzpalau egun geroago, Xales bera bisitan, isilik inoiz ez bezala, etsian. Sukaldera gonbidatu eta ekonomika piztu zuen kafea egiteko. Ez zion aitortu aurrezteagatik asteak zirela senarrak besterik ez zuela hartzen; Joxek ere ez zekien. Nola jakingo zuen? Penatan gordeta bizitzea askoz errazagoa zen kalera irtetea baino, bizirik jarraitzeko borrokatzea baino. Hidalgo minduaren plantak egiten zituen, mundua ulertu ezinik, eta gero, nola edo hala, platera beteta.

         Miren maitea: hogeita hamahiru urte dagoeneko. Ederra ez bazen ere, hazpegi erregularrek indarra ematen zioten, seriotasuna, xarma.

         Fardeltxo bat zekarren, paperean txukun bilduta. Ireneri eman zion irekitzeko: Xalesek berak 1931n edo jasotako oparia zen, larruzko koaderno bat. Emailearen izena edo asmoa behin ere argitu gabe, maiz komentatua zuen nobela bat zegoela orri zurietan, norbaitek noiz azaleratuko.

         — Herorrek atera beharko dun, Irene.

         — Nik? Zer esan behar dinat, ba? —idazteko proiektua hasi ere ez zuen egin, bizitzari jarraitu ezinik. Madame Bovary ere... azalekoagorik! Ume-jolasak ziren haren penak. Letretatik urrun ari ziren erabakitzen munduko gauza garrantzitsuak.

         — Argazki bat izango dun —Xalesek—. Orain aterata ez zionagu zentzurik bilatuko, baina hemendik hogei urtera gogoratzen lagunduko zigun, zer ginen, zer sentitzen genuen. Herorrek idatzi; betikotu ezan gure ahalegina, gure mina. Bestela, alferrik ari gaitun sufritzen.

         — Eta hi?

         — Juanita eta ni Eusko Jaurlaritzarekin batera goazan, laguntzera. Gaur dun ebakuazioa.

         — Mitinak eta?

         — Oheak —irribarre nekatuaz—; norbaitek egin behar.

         Atarian elkar besarkatu eta eskaileretan behera murgildu zen ilunpean. Hotza egiten zuen ezkaratzean, hezurretaraino sartzen den horietakoa.

 

 

Xebasen berririk gabe, Pakik ez zuen bakarrik Bilbora alde egin nahi. Antonia, berriz, goiz batean, plazara atera eta kotxe batean sartu zen alabekin, maleta ziztrin bana zeramatela. Irenek saltoka jaitsi zituen eskailerak, negarrez besarkatu zuten elkar. Txarrena pasatu arte, Aizarnazabalgo baserri batean geratuko ziren. Bitartean, familia sakabanatuta: semeak Frantziara ihes egitekoak ziren; senarrak segurtatu nahi zuen Banco Guipuzcoanoko dirua Bilbora iristen zela.

         Joxe lasai zegoen: haiek ez zeukaten beldurtzeko arrazoirik, ez zuten ezer egin. Koinataren aurrean isildu arren, frontera joan ez izana erabaki egokia izan zen. Pare bat hilabeteren bueltan baretuko zen ekaitza, eta gero, errutinara buelta. Pakik eguna ematen zuen leihotik zelataka.

         Eguzki-izpi bakarra, Beasaingo atso bati esker: don Migel Garmendia jauna, tailerra arma-fabrika bihurtuta, txapel gorria buruan paseatzen omen zen indioilarra baino harroago.

 

 

Matxinoak Usurbilen. Orio aldean. Hurreratu ahala, herrien partez, auzoak aipatzen hasi ziren notiziak, zerrenda luzatzeak mehatxua atzeratuko zuelakoan. Laster irtengo zen azken trena.

         Orio erortzear zegoen iluntzean, oso berandu oheratu zen Joxe. Andrearengana hurreratu eta besarkatu egin zuen. Ardo-kiratsa zerion, tristezia. Azken gaua izan zitekeen. Etorkizuna inoiz baino gehiago zegoen etortzear.

         — Goizean sartuko dira —Joxek, xuxurlaka, burua Ireneren beso artera bultzatzen— eta ez naiz herria defendatzeko adina gizon izan.

         Haserrearen beroa sumatu zuen Irenek. Gerra madarikatua hasi zenetik, bere esku geratuak ziren bi familiak. Xebasek errazena egina zuen, tiroak jotzera joan, eta Joxe traba besterik ez zen izan. Nork bilatu zuen jatekoa? Nork mantendu alabak onik? Halere, ezin hori senarrari esan, behea joko luke eta.

         — Bizitza salbatu zenion don Cesarri.

         Senarrak arnasa bota zuen, erdi barrez edo:

         — Badakizu zergatik erreparatu zioten cntkoek? Argentinako kontsula oporretan zegoen Etxe Urdina-n. Gerra hasi eta gutxira, Argentinako bandera zintzilikatu eta Argentinako lurra zela deklaratu zuen, inork ezin zuela sartu. Defentsa Batzordekoek amen eta, jakina, inguruetako karlista guztiak hara korrika. Don Cesar ere saiatu zen, andrea eta semearekin. Nonbait, hangoei nahikoa handi iruditu ez, eta bidali egin zuten. Atean bertan omen zeuden cntkoak, papurren zain. Eskerrak Florentinak gorde zuen! Ikustekoa zen don Inportante han, txerri artean... Orain neronek eskatu beharko diot, ba, lekua.

         — Ez duzu ezer ere egin.

         — Ba omen dago zerrenda bat...

         — Gezurrak!

         Emaztearen gainean jarri zen animoso. Kuleroak zakar jaitsi, baina hasteko modurik ez: kemena bezain biguna. Koltxoian etzan zen, aurpegia burkoan iltzatuta eta negarrez, lo hartu arte. Orduan igo zituen kuleroak Irenek.

 

 

Orioko zubia dinamitaz puskatu zuten. Leherketak leiho guztiak jarri zituen dardaran. Hainbat kamioneta igaro ziren erretirako gudari eta milizianoez lepo, porrota mozorrotzeko nekatuegi. Tren bat bete zuten, mendekua bezain luzea, eta hura joandakoan, isiltasunak konkistatu zuen herria.

         Milizianoek elizei su ematen omen zietenez, gizon apurrak bildu ziren parrokia aurrean, Joxe tartean. Han gordetzekoa zen Anjelmari Izetarekin, faxistak etortzean. Etxeko besteak sukaldean zeuden, arrosarioari bueltaka.

         Urrutitik kotxe bat ziztu bizian. Plazatik igaro eta parrokia inguruan geratu zen. Balkoiko leiho-ateak ere itxiak, Irenek tentuz ireki zituen kristalezkoak, egurrezko xaflen artean begiratzeko. Ezin ikusi, ordea, parrokiaraino.

         Joxe builaka protestatzen, hiruzpalau miliziano mehatxuka eta, azkenik, don Meliton bidaltzean bikario geratutako don Luis oihuka:

         — Sua ematen badiozue, ni barruan nagoela izango da!

         Defentsa Batzordekide baten ahotsa: Joxe Leon Mitxelena. Bere hitz irmoak, milizianoen erantzunak amorruz, kotxeko ateak danba-danba, motorra berriro abiatu, badoaz, hizketa lasaiaren zurrumurrua, kamioi bat pizten eta Getariarantz iraungi ziren hots guztiak.

         Balkoitik urruntzeko astirik gabe, beste kotxe bat Donostiako errepidetik. Udaletxe parean frenatu, eta lau gizon jaitsi ziren gasolina-bidoi handi bat garraio. Udaletxeko sarrera bortxatuta, haietako bat kanpoan utzi zuten, harroputz erretzen. Korrika irten, eta kotxean ihes egin zuten ziztu bizian.

         Irenek atzera egin zuen, eta eskerrak: eztanda izugarri batek txikitu zuen mundua, eta harekin batera, balkoiko kristalak. Hamaika pusketa sakabanatu ziren airean, lurrean, etxeko guztiak oihuka, Andoni txikia marraka, Irene hauts zurixka batek estalia.

         Negar batean, Bego eskobatzen hasi zen, jaso ondoren ere histerikoki zoru garbia trapuaz belauniko igurzten. Joxepik maitekor besarkatu zuen, ahizpak trapua utzi arte. Irenek balkoiko marko hutsak itxi zituen. Kristalak jarri beharko zituzten... dirua bilatutakoan.

         Udaletxea sutan. Joxek eta auzoko batzuek aurre egin zieten garrei, ondoko eta plazako eraikinetara zabal ez zitezen.

         Klank: argindarra moztu zen; ilunpea sukaldean. Paki eta Bego angelusa xuxurlaka hasi ziren, eta besteak gogotsu batu. Behinik behin, infernuko suen kraska ezkutatzen zuten.

         Berehala etorriko ziren faxistak, eta Joxe burugogorra elizan. Jakingo al zuten ez zela miliziano bat?