15
Amaren arabera, sekulako jaia egin zen Zarautzen Realak bigarren liga irabazi zuenean, azken partiduan zein eta Athletic menderatuz. Hango poza! Mundua Espainiara begira jarriko zen ekainaren 13tik uztailaren 11ra arte. Ez zuen aipatu ekainaren 13an bertan bost urte beteko zituela Haritzek.
Bizitza erreala gero eta gehiago zen pelikula bat: futbol-kopa arrakastaz bukatu zen eta, ospatzeko, viii. asanbleako polimiliek ia hogeita hamar bonba jarri zituzten uztail erdialdean, koordinatuta.
Kartzelan, berriz, egunero zen egun bera. Abokatuen bisitek ekarri zieten saltsa pixka bat, abuztuko Amabirjinetan. Milien artean, Agurrek jaso zuen lehena. Beste gose-greba bat antolatu beharra zegoen, politikoa; eguna ere finkatu zuten: irailaren 27a, Txiki eta Otaegi gogoan.
Presoek patioko batzarretan eztabaidatu zuten nork hartuko zuen parte.
— Gure txaboloak bai —Agurrek. Begiekin bilatu zuen boluntario gehiago, eta berehala topatu: lau, bost, zazpi, hamar.
— Nik ezin dut —Iruρeko Miren Egaρak. Bigarren urtea ari zen betetzen zortzitik—. Haurdun nago.
Txaloak, besarkadak, zorionak. Martuteneko kartzelan zeukaten senarra; ederki baliatu zituzten vis a visak! Azken asteetan, petoak eta jantzi zabalak hasia zen janzten; nola ez ziren konturatu?
Olatz ondoezik, jakina. Ama izatera ausartuko zen kartzelan. Umearekin bizi. Hazi. Abandonatu gabe. Nahiz eta gurasoek isildu herrian bolo-bolo zebilena, bazekien: haurtxo bat izan arren, tiroak jotzera sartu zela, ama txarra zela. Alferrik gogoratzea Txomin eta Txapela aita zirela, Txikia ere izan zela. Ordurako, berak ere sinesten zuen: ama txarra.
Nola bete denbora? Nola ito burua lanean? Mirenen tripak disolbatu zizkion ezkutu guztiak: egiten zuena egiten zuela, burmuineko hemisferio oso bat zebilen semearekin pasatutako garaian arrantzan. Haritzen irudiak, Haritzen ahotsa, Haritzen usaina.
Txarrena gaua zen, argiak itzali ondoren: errealitatea saihesteko babesik gabe, loak askatu arte egiten zuen negar. Galdua zuen Haritz.
Lau argazki ekarri zizkion amak. Bat: gurasoak bakarrik. Bi: Mikeltxo San Silvestre iluntzean korrika. Hiru: gurasoak, Ixabel, aitona Teofilo eta Olatz bera, umetan. Lau: Olatz nerabea amona Brigida besarkatzen, aldamenean aitona Manuel eserita zegoela, lehenengo Gabonak elkarrekin Xantiorenean. Literako paretan itsatsi zituen, mantaren alturan, ohean sartuta soilik ikusteko.
Greba hasi zuten. Egunetan ezer ez jan. Asteetan. Energia aurrezteagatik, gehienetan, txaboloan geratzen ziren etzanda; eguzkiak jotzen zuenean besterik ez ziren jaisten. Asperdurak gogorragoa egiten zuen gosea. Agurrek diskurtsoka ematen zuen denbora, txaboloan eta kanpoan. Sarri aipatzen zuen Crespo Galende izeneko grapo bat, Kepa ezizenez, euskal herritarra eta hiru hilabeteko gose-greban hila. Eta Bobby Sands. Hiltzean, zubi bat altxatu omen zuen kartzelako hormen gainetik. Malvinetako gerra bukatuta, Sands eta beste bederatzi irakide presoen sakrifizioek gehiago lortu omen zuten Argentinako diktadurak baino.
Goiz batean, petateekin zamatuta desfilatu zuten zazpikiek. Sarrerarantz. Poz-izpirik ez; tolosarra negarrez. Berandu ulertu zuten besteek: etapm-k disoluzioa iragarria zuen, vii. asanbleakoek behintzat, eta Euskal Herriko kartzelaren batera zeramatzaten, edo zuzenean etxera. Moduluko ateak sekulako danbatekoa egin zuen egun horretan.
Dar-dar egiteko indarrik ere ez zuen Olatzek; nahiz eta hiru manta gainean pilatu, Ipar Poloan zegoen. Gurasoek bazekiten grebarena; Xantioko sukaldean egongo zen ama, bijilian. Egiten zuena egiten zuela, amari min, Ixabeli eragin zion bezala, aitari, aitonei, amona Brigidari, Mikeltxori... Sodupekoei.
Bere esku zegoen suizidio hura etetea; ez zen hain erraza, ordea. Joan eta esplikatu Agurri amore eman nahi duzula. Olatzekin maitekorra zen eta, ama-papera hartuta, mantak txukuntzen zizkion, ura ekarri, burko hobea lortu... Kwai ibaiko zubia pelikularen doinua irribarrez txistukatzen zuen etengabe, bera ere greban ez balego bezala.
Ziegatik kanpo, halere, sarjentua atera eta izen-zerrendak errepikatzen zituen letanietan: ekintzetan eroritakoak, espainiar talde paramilitarrek eraildakoak, Poliziak hildakoak. Hauteskunde orokorrak izango ziren urri bukaeran; mezu argia bidali behar zitzaion herriari, botoekin ere garaitzeko. Denok bat. Kaleko mobilizazioek aterako zituzten presoak kalera.
Hamaseigarren egunean, gaueko errekuentoaren ondoren, razzia: zarata eta oihuak, kolpeak hormaren kontra, negarrak. Txaboloz txabolo ari ziren. Badatoz. Burrunba gero eta ozenagoa, ondoan zeuden. Espero arren, ezin beldurra uxatu.
Giltza sarrailan. Ostiko batez ireki zuten; danba! Hiru polizia sartu ziren korrika, tregoarik ez: Olatz iletik tiraka bota zuten literatik lurrerantz; Agurrek oihu egin, eta gizona bultzatzen saiatu zen. Olatzek ahoarekin jo zuen porlana eta kanpora arrastatu zuten, ezpain eta hortzak odoletan. Agur borrekin astindu zuten, makurrarazi, lurrarekin berdindu. Gero, koltxoiak irauli, mugitu, arropa miatu, desordenatu, zapaldu, argazkiak paretatik erauzi, txikitu.
Biafrako emakume bat zen Agur: besoak alanbre, indarge. Zutitzeko esfortzua egin zuen, baina albo batera erori zen. Literen barrei eutsita eskalatu eta Olatzen bila irten zen urrats ahulez. Eskua luzatu zion altxatzen laguntzeko; Olatzek ezin. Ondoko txaboloan ere jipoia: kolpeak, oihuak. Ez zen beste inor pasilloan: guardiek haiek han topatuz gero, beste errepaso bat emango zieten. Laster pasatuko ziren hurrengo txabolora, baina Olatz xixko eginda zegoen.
Aurpegia hartu zion Agurrek, ilea kopeta bustitik laztan batean baztertu. Kwai ibaiarena hasi zuen, xuabe-xuabe, masail bat more-more. Olatzek barre egin eta goiko ezpainak arantza-akorde bat itzuli zion.
Bat, bi, hiru, eup. Poliki-poliki sartu ziren ziegara. Argazki pusketak lurrean; Agurrek ez zuen txintik ere esan. Ile izerditua itsatsita zeukan hegal batean, bestean harrotuta. Konketan freskatu zion aurpegia, ahoa enjuagatzeko ura eman. Kolpea handitzen ari zitzaion. Baietz azkenean aurpegia zeharo deformatzea lortu, kabroi nazkagarri horiek.
Ispiluan, berrogei urteko atso bat; 24 besterik ez zituen. Kartzela, deserria, tiroak, mina. Bizitzaren zigarroari zupada sakonegiak, nonbait.
Bere koltxoia bultzatu zuten litera ondoraino. Ezin bien artean ere jaso. Burdinazko azpiegituran bermatu zen Olatz arnasa berreskuratzeko. Hantxe amak ekarritako lau argazkitxoak, biluzik koltxoi faltan eta mirariz beren horretan. Mimo handiz kendu, musukatu eta kulero barruan ezkutatu zituen.
Agur bere koltxoitik ari zen tiraka, amorruz. Nondik ateratzen zuen kemena? Lortu zuen igotzea, lortu zuen ohea taxuz egitea. Olatzi seinalatu zion:
— Sartu.
— Zurea da. Non...?
— Lurrean, beste koltxoian. Itzultzen badira... zuk ezingo duzu aguantatu.
Manta batetik tiratu eta lurreko koltxoian etzan zen. Hasperen egin zuen, hilda bezala geratu.
Eztulak ere ez ziren aditzen; razzia pasata zegoen. Olatz Agurren ohiko literara sartu eta torturako atsedenaldietan sumatzen zuen plazer berdina itzuli zitzaion. Eta hutsunea. Dar-dar batean ari zen, hoztuta.
Sentiberegi zegoen Haritzengan pentsatzen kontsolatzeko; Ramon Perez Ocaρa etorri zitzaion gogora. Parean izanez gero, hamaika tiro joko zizkion.
Gorrotoak energia gehiegi eskatzen zuen, loak ere bai. Sorgor arin batera irristatu zen azkenean, furgoian zegoen eta Ramon Perez Ocaρa zen gidari, bokadiloa eskaini zion eta Zarauzko hondartzan gelditu ziren dunetatik paseatzera, marea behe-behean zegoela, txikitan bezala, aitarekin hondartza muturreraino ibiltzera joaten zenean, baina han beste gizon bat ikusi zuen semearekin, Ramon Perez Ocaρa bera zen eta Haritz zeraman eskutik helduta, biak Kwai ibaiarena txistuka...
Biharamunean, ordubetez eraman zuten Agur zuzendariarengana, mesedez greba utz zezan. Harro itzuli zen politikariak urduritzen ari zirelako. Hauteskundeetan asko omen zegoen jokoan.
— Maria Herrero Palacio!
Astelehena zen; bisita? Kristalaren alde zabalean abokatua aurkitu zuen, zain. Lau sumario omen zeuzkan zabalik; saiatu ere ez zen egin krimen guztien aurretik “ustez” gehitzeko: atxiloketan guardiak tirokatu zituen, Txerrimuturren hilketan kolaboratu, kupulatik gertu jardun, dinamita-lapurretak... Eta hildakoak: Ramon Perez Ocaρa, Vicente Zorita Alonso, Jose Manuel Perez Perez, Eladio Gorriaran Seto, Segundo Ferro Yaρez.
Ainara Garmendiaren bahiketaz, arrastorik ez. Sumarioko epaiketa bana egingo zioten eta, arruntena ez izan arren, bat izan ezik, denak jarraian egingo zizkioten.
Ziegan bueltan, Agurri kontatu eta hark hartu zuen erabakia: greba utziko zuen Olatzek, epaiketarako joan-etorriek akabatuko ez bazuten.
Pozik bai pozik obeditu zion. Mediku baten kontrolpean, pureak jaten hasi zen. Polimili batzuek prestatzen zizkioten, eta sukaldean hartzen zituen, Agur ez molestatzeko. Halere, itzultzean, janari-kiratsak jarraitu egiten zion. Txabolora sartzen zen aldiro, besteak begiak ixten zituen isilik.
Txandal zaharrak ziren Amak Xantiotik ekarritako jantziak; bestela ere ez zeukan kabitzen zitzaion gaztetako ezer. Zer jantzi epaiketan? Agurrek kolekta bat agindu zuen. Olatz, kaleko baten moduan mozorrotuta, beste pertsona bat zen.
Goizeko errekuentoa egin ondoren etorri ziren bere bila. Furgoian zeharkatu zuten Madril, sigi-saga zakarretan, hainbat patruila-kotxeren sirenak zarataka, Juan Carlos Borboikoaren segizioan bezala. Eskuburdinak behinik behin eroso, gela batean itxi zuten luze, areto barrura bota aurretik. Bota-edo: kristalezko kaiola batera sartu zuten, txikia, aulki bat erdian, guardia bat tente.
Publikoan, jendea barra-barra zirkua noiz hasiko. Lehenengo lerroan, gurasoak, Mikeltxo gizonduta eta aitona Teofilo, traje zaharraz duin eta Olatzek begiratzen zuenean adi irribarre egiteko. Egunero 800 kilometroko erromesaldia.
Epaile jauna togaz iritsi zen, serio, garrantzitsu, bele zahar. Don Fermin Beloqui Montalban zuen grazia, 1952tik epaile eta frankismoko zenbait epaiketa sonaturen buru. Defentsako abokatua urduri, fiskala irrikaz. Lehenengo egunean, ez zioten galderarik egin, nahiz eta desiratzen zegoen Ramon Perez Ocaρa nola hil zuen kontatzeko.
Akusazioak bezain faltsua zen antzezlan guztia; inolako lotsarik gabe eman zuten frogatutzat Olatz egon zela inoiz egon ez zen mila lekutan, egin zituela bereak ez ziren beste mila krimen. Noizbehinka, beste etako batzuk ere ekarri zituzten kaiolara, baina hitz egiterik ez.
Behinik behin, periodikoetan kanpaina elektorala arintzeko balio izan zuen: milien kupulan giltzarrietako bat omen; Ramon Perez Ocaρa guardia zibil heroikoa lurrean torturatu eta errematatu omen; gupidarik gabe beste bost biktima errudun odol hotzez eta odol-gosez erail omen; kotxe-bonba batek gutxigatik huts egin omen; semetxoaren bisitarik ez omen nahi; frigida omen; ninfomana omen... Eta epaileak, amen: lehen aldiz ezarri zitzaion emakume bati gizaseme baten besteko zigorra, 413 urte.
Olatzek zigorrik luzeena hartu eta balizko deskontuak aplikatu zituen: gehienez 20 urtez espetxeratuko zuten. 44rekin irtengo zen, 2002an. Haritzek 25 urte izango zituen. xxi. mendea, hurrengo milurtekoa; beste galaxia bat ematen zuen.
Epaiketa guztiak amaitu eta bueltan espetxeko egunerokora, eskeleto tankera hartu zion Agurri. Olatzen mundua ere, horrelakoa: geroz eta meheagoa, ahulagoa, kolorgeagoa. Hilkutxa barrutik ari zen aditzen nola botatzen zuten lurra hilobira, hilarria nola finkatzen zuten.
Grebalariak gehienetan ohean, besteek kanposantua baino isilago mantentzen zuten modulua. Olatzek patioan paseatzeko ohitura hartu zuen, gehienetan polimili argal bat lagun. Argiρe, Villabonako musika-maistraren alaba, sei hilabetez kartzelaldi prebentiboan, auskalo noiz arte. Gorputz-atalak txori-hanka antzekoak, hain neska delikatua eta isila izanda, harrigarria zen adreiluzko tiradera hartan topatzea. Oso abila zen bonben kableak konektatzen. Ustez.
Moduluko bi eraikinek mugatzen zuten patio luzea eta beste muturrean horma altu bat zegoen. Hango garitako zaindariek Radio Nacional de Espaρa jarri ohi zuten, behetik ere aditzeko moduan. Arratsalde batean, berriz, piano baten melodia iritsi zitzaien.
Argiρek ezpainak estutu, brausta frenatu eta negar mutuan hasi zen:
— Chopin... Bigarren nokturnoa, opus bederatzi.
— Pena ematen al dizu? —besarkatzera ausartu gabe.
Behatz finak luzatu zituen Argiρek, airezko teklatu baten gainean jo.
— Nire kanta maitea da. Egunen batean ateratzen banaute, ezin izango dut inoiz aditu pareta zahar hauen artera bueltatu gabe.