2
Ez zen liburuen artean ezkutatzen diren horietakoa; aukeran, nahiago amonaren ondoan geratu lanean. Hura gerra-garaian soldaduei uniformeak konpontzen hasi eta, esku trebeari esker, gerra bukatu aurretik pantalonera izatetik jostun izatera pasatu zen. Harro zegoen eta ez zen gutxiagorako. Irakatsi ere egiten zuen: lehenik errainari, etxean hartutakoan, eta geroago, hainbati. Arratsaldero, bizpahiru neska txintxo joaten zitzaizkion etxera; bazen Aizarnatik etorritakorik ere. Lanbide ondradua zen, eraman erraza. Gainera, jardun bitartean berriketarako aukera ematen zuen edo, behinik behin, txandaka otoitz egiteko, horixe baitzen amonarenean gehienetan egiten zena.
Xexilirentzat oztoporik ez: oso fededuna zen, eta arrosario santua errezatzean edo jakulatoriaren bat errepikatzean, ametsetan arintzen zitzaion burua, eskuak mekanikoki beren kabuz jarduten zirela. Ematen zuen bizitza osoa pasatu zela josten hasi zenetik. Zortzi urterekin, igande arratsalde batean eraman zuen amonak zeremoniatsu josteko gelara. Oihal koloretsu bat hartu eta ertzak erakutsi zizkion, hari bertikalak eta hari horizontala, irazkiak eta bilbea. Azken horrek, nahiz eta besteak bezalakoa izan, denak ehuntzen omen zituen. Xexilik baietz erantzun zuen buruaz, kontzentratuta; amona zerbait garrantzitsua esaten ari zitzaion eta, ulertu ez arren, ez zion huts egin nahi.
Asteetan, gogor jarraitu zuen lanean, harik eta akademiako nesken maila gainera iritsi zen arte. Orduan sartu zuen amonak besteekin batera, eta geroztik bere eskuineko eskua izan zen.
Berari aitortu zion emakumeen zera berandutzen ari zitzaiola. Amonak serio begiratu zion:
— Portu aldera joan al haiz iluntzean?
Galdera espero izanagatik ere, ez zen samurragoa izan erantzutea. Burua makurtu zuen, aurreneko malkoak ihesi.
— Haragiaren bekatua egin al dun? —amonak besotik heldu eta goitik behera astindu zuen—: Erantzun, neska.
Masailak kiskaltzen, baietz onartu zuen, Ramiro Xantiori eman ziola. Ezin jakin amona zerk gogaitu zuen gehiago: bekatuak edo bekatukideak. Xexili negar-zotinka hasi zen; zikin halakoa, lizunkeriatan ibiltzea ere... Barrutik irudikatu zuen lizuna, berdexka eta iletsua. Botalarria eragin zion.
— Utzi negar egiteari; Santa Luziaren babespean gauden eta Santa Luzia egunean hasten dun eguna luzatzen.
Tinko lotuta gidatu zuen amonak kaletik, bailararen magalerantz, Xantio baserria helburu. Lehor-lehorra zegoen kamioko lurra, arrakalatuta; udarako eguzkiak bete-betean jotzen zuen. Sabai zaharra bide-buruan ikusgai zegoela ireki zuen ahoa behingoz amonak:
— Eutsi goiari. Hemezortzi urte dauzkan; Jaungoikoak harresi guztietan zabaltzen din atea.
Arnasestuka ari zela disimulatzeko, mututu egin zen atariraino. Ahoa okertuta behatu zuen baserri zaharra. Kate-txakurrak zaunka, ahotsa altxatu behar izan zuen:
— Xantio!
Parez pare zegoen zabalik egurrezko atearen goiko orria, behekoa maratilaz itxita. Ixabel etxekoandrea irten zen, eguneroko bata soinean eta musugorrituta, atzean behien silueta handiak zituela. Ileko hariren bat grisa, mototsa txukun eta estu zeraman.
— Etxeko jauna? —amonak.
Ixabelek zorrotz begiratu eta aldamenerantz egin zuen oihu:
— Teofilo! Hator agudo!
Mutu itxaron zuten bi emakumeek, oilarren moduan elkarri behatuz eta Xexilik satorrekin gorde nahi zuela. Etxeko jauna berehala etorri zen atzealdetik, berrogei edo berrogeita hamar urte, paρelua buruan. Kendu eta izerdia lehortu zuen patxadaz. Maratila goratu zuen beheko orria bultzatzeko. Besoak gurutzatu zituenean, arreba haren atzean kokatu zen, serio hura ere.
— Esan.
— Hitz egin behar diagu.
Aurpegia atzera ere lehortu eta amona aztertu zuen:
— Goazeman barrura.
Brigidak lasaiago erantzun zuen baietz buruaz. Sukaldera igotzeko, ukuilu hotza zeharkatu behar izan zuten, behi axolagabeak ezker eta eskuin. Simaurra. Baserri handia zen, garai hobean etxekoez gain hiruzpalau morroi izandakoa. Haritzezko altzariek ematen zuten orduko berri.
Esertzeko eskaintzarik ez, etxeko jaunak paretari bizkarra emanez antxumatu zituen berriro besoak. Amonak ez zuen ingurua kuxkuxeatzeko hanka-sartzea egin.
— Zuen mutilak sabela bete ziok —Xexili seinalatuz.
— Seguru hago?
Xexilik ezin burua kokots azpian sakonago lurperatu. Amonak ez zuen erantzun; Teofiloren sudurreko arnas hotsa besterik ez zen aditzen.
— Egin beharrekoa egingo dun.
— Lehenbailehen komeni; garaiz gaudek oraindik.
— Garaiz? —Ixabelek. Emakume handia zen, anaia bezain altua. Aurpegia, ordea, txikiegia zuen, seguru asko gaztetan atsegina. Parrokiara goitik behera lutoz joaten zen, baina behin ere ez meza nagusitan.
— Zazpikia izateko —amonak, gogaituta.
Teofilok baietz.
Ramiro Xantiori aurpegia izoztu zitzaion bisita ikustean, eta sukaldeko atea gainditu zuen ezbaian. Hemeretzi urte zeuzkan; Xexiliri, ordea, inoiz baino gazteagoa iruditu zitzaion, osaba-izebaren aldean baxua, argala, iluna.
— Bagaude denak —Teofilok.
Lau hilabete lehenago hurreratua zen Xexili lehen aldiz Xantiorenera. Ramirok abisatu zion haien aurreneko urtemuga zela-eta, San Jose egunerako opari berezia zeukala. Neskak hamaika gauza irudikatu zituen; behin ere ez mutilak igandetako trajez eta elizarako ondo orraztuta osaba eta izeba ezagutzera eramango zuenik. Aurreneko hartan isil samarrak iruditu zitzaizkion, onberak.
Teofilok ia hasieran galdetu zion ea norena zen. Xexili gogotik ari zitzaion mingainari eusten, tuntunak hitzontzi hutsak direlako.
— Manuel Palaciorena —eta, ahal bezain fin—: Haundiya zenaren semea —esperantza zuen Teofilok galduta egingo zuela keinuren bat eta Xexilik harro gehitu beharko zuen inoiz huts egiten ez zuen oharra: plantxadorarenekoa.
— Ze esaten duzu, Joxe Bizkiaren alaba gaztearekin ezkondutakoa?
Joxe Bizkia? Joxe Larraρaga zen amaren aldeko aitona. Anaia bizkirik ba al zuen?
— Hau duk hau tema hirea —Ixabelek. Eta Xexiliri—. Besterik ez du galdetzen, sinistea ere. Gehiago nahi al duzu, Cecilia?
— Etxean Xexili deitzen diote, izeba.
— Ondo duk; guretzat, orduan, hala izango zara.
“Joxe Bizkiaren alaba gaztearekin ezkondutakoa”. Ez zuen bizitzan ahaztuko. Bizkia. Eta gainera, aitona horrek gutxienez beste alaba bat ere izan zuen.
Xantiora ezkondu berritan, goiz batean Xexili gosaltzera sartu, eta Teofiloren bizkar handia aurkitu zuen sukaldean, ekonomikaren aurrean. Kafe-zopa beroaren usainak botalarria eraginda, ahoa estali behar izan zuen. Amonak eguzkia ateratzean egin ohi zuen kafea eta, esnezaleak ekarri bezain pronto, esnea berotu. Ixabelek, ordea, bezperako salda marroixka esne jetzi berriarekin nahasten zuen sutan jarri aurretik.
— Ondo? —Teofilok, kezkatuta. Maitekor eta goxo tratatzen zuen kaletarra, tripontzia kristalezkoa balu bezala.
— Bai, bai —pixka batean eseri zen flakia pasatu arte—. Goizero gertatzen zait —eta sabela laztandu zuen nahi gabe.
Teofilok talo-zati bat ahoratu, eta gosaltzen hasi zen mahaiaren beste aldean, txakurrek baino hots handiagoa ateratzen zuela.
— Nahi al duzu?
— Ez, geroago; eskerrik asko. Orain ezin dut.
Hainbeste “faborez” eta “eskerrik asko” zirela-eta, ezin saihestu finegi agertzea. Agian horregatik ez zion Ixabelek ezer egiten uzten; halere, amorrua ematen zion besteek pentsatzeak ez zuela kolpe zorririk jotzen.
Isilune deserosoa. Joxe Bizkia mahai bueltan ari zen flotatzen, kafesnearen lurrunean bueltaka. Teofilok eztarria garbitu eta ahoa lehortu zuen mahukaz:
— Zuk... zuk ba al dakizu ezer zuen aitonaz?
Xexilik ezetz, jakin-minetik beldurrera.
— Frankistek... —burua astinduz. Lotsatuta eta urduri, alde egin zuen.
Frankistek zer, ordea? Kuadrillan hiru bazeuden osaba edo lehengusuren bat gerratean galdu zutenak. Soldadu hilko ote zen aitona? Orduan, zergatik “frankistek” hura? Gorriekin joango ote zen? Horrelako familiak ere ezagutzen zituen; zama ikusezin bat zeramaten, baina inork ez zituen sekula santan plantxadorarenekoak seinalatu.
Jakin beharrekoa zekien, eskolan eta kalean ikasia: bi bando egon zirela, anaia anaiaren kontra jardun zela. Eta aitak etxetik ihes egin zuela Francoren alde borrokatzeko, San Inazio tertzioan. Urtean behin besterik ez zuen aipatzen, Orioko Marrotarekin bazkaldu aurretik, hain zuzen. Amonaren aurrean nabarmentzen zuen harrotuta, konturatu gabe amari irabazitako desafio bakarrak ageriago uzten zituela galdutako beste guztiak.
Edonola ere, Marrotak salbatu omen zion bizitza, Zarautzen zaurituta zegoela. Frontean luze jardundakoak uxo-pasan bezala erortzen omen ziren, goiz edo berandu; Marrotak aholkatu zion sendatu bitartean txofertzan ikasteko, eta horrela bukatu ahal izan zuen gerra kamioi-gidari.
Egongelan, amonaren ezkontza-erretratu bat bazegoen, aitonaren beste bat, gazte-gazte mahukak bilduta harritzar bat leporatzen. Gurasoen ezkontzaz, berriz, ezer ere ez, gerra zela eta. Horixe jakin-minaren panazea: “gerra etorri zunan”, “gerra zegonan”, “gerran ezin”. Auskalo gerrak zer egin ote zion amari.
Ezkonduta ere, amonarenean josten jarraitu zuen, arratsaldero. Ederrak ziren lauzpabost orduak, mundua otoitzen marmarrera geldotuta, kontutxoren bat arin-arin eta amona, lasaitasunaren zaindari. Pandoraren kutxa irekita, ordea, josi eta josi, baina burutik ezin uxatu beste aitonarena.
Behin batean, aitak ohi baino lehenago bukatu zuen erronda lagunekin. Xantiorenera itzuli aurretik, hari muxua ematera joandakoan, Xexilik bakarrik topatu zuen egongelan. Seinalea.
— Aita, zer gertatu zen gerratean? —gizonari berehala tenkatu zitzaion irribarrea bibotetxoaren azpian—. Aitona Joxerekin —izenik ere ez zeukaten amaren aita aipatzeko.
— ΏQuiιn te ha dicho? —ezinegonez.
Zer axola zeinek esan zion? Aitak begirada jaitsi eta ezpainen ertz zurituak garbitu zituen, zerbait kontatzear zegoenean bezala. Damututa, keinu motza egin zuen buruaz:
— Gerra oso gaiztoa izan zunan... denentzat. Hobe bakean uztea.
Haserre gorde zen logelan.