Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Love for sale
Nora andrearen despatxukoa zen Alaskan burdin sarerik ez zuen leiho bakarra. Nora ia beti egoten zen bere despatxuko talaian, leihotik begira. Bitartean, behean, erizainak batera eta bestera ibiltzen ziren patioan, noiz edo noiz, erizainburuak bere lekuan geldirik jarraitzen ote zuen ziurtatzeko eraikuntzako azken pisuko leiho hartara begiratuz. Nora andreak bulegoan jarraitzeak zera esan nahi zuen: ez zuela erizainburuak gainerako erizainen laguntzaren premiarik, eta lasai jarrai zezaketela zeuden lekuan, edo areago, lasai jarraitu behar zutela zeuden lekuan, bakean utz zezaten gustuko izaten baitzuen Norak. Erizainburuaren lorratza leihotik desagertzen zenean, ordea, presaka zuzentzen ziren erizain-laguntzaile guztiak barrurantz, zer gerta ere.
Egun hartan, Bob Ieregik erizainburuaren deia jaso zuenean, ez zion Nora andrearen eskaerari batere traza onik hartu.
Nora andrea bere mahaian eserita zegoen. Aurpegian zerbait berezia sumatu zion Ieregik, hiena izan zela aurreko bizitzan, hori aspaldi idoroa zuen, baina beste zerbaiti igarri zion egun hartan: makillaturik zeukan aurpegia.
— Eser zaitez, Bob, mesedez —Bobek otzan obeditu zion, inolaz ere abandonatzen ez zuen feltrozko sonbreiru beltza kendu eta magalean jarriz—. Hara, Bob, egia esango dizut, ez zaitut hemen ongi ikusten. Hau ez da zure lekua, ez duzu uste? Zuk kanpoan behar zenuke, musika jotzen. Badakit zure eromen hori itxura hutsa dela.
— Ez dakit zer esan gura duzun, Nora andrea.
— Argi dago, bada. Nik daukadala zu hemendik aterako zaituen giltza. Eta nik esandakoa egin besterik ez duzula askatasuna erosi nahi izanez gero, Bob maitea. Horixe besterik ez.
— Zer egin dezaket, bada, nik zugatik?
Azken hitzak esaten zituen bitartean, Nora andrea zutunik jarri eta Boben atzealdean kokatu zen, esku biak aulkiaren bizkarrean bermatuz.
— Inor desiratu ez duzun eran ni desira nazazun nahi dut. Niganako sentitzen duzun gorroto guztia sexu gose bilaka dezazun nahi dut. Zure fantasia bortitzenak nigan asetzea. Hori bakarrik, Bob.
Norak gortinari tira eta ateko kisketa itxi zuen. Ondoren, banan-banan askatu zituen bata zuriaren botoiak, horretarako ezker eskua erabiliz, eskuin eskua izterrartera biltzen zuen bitartean, bata zuria hankarterantz bilzimurtu eta bere izterren bolumen neurtua agerian utziz. Bob atearen aurka bultzatu eta bataren artetik mediadun belaunburuaz gogor laztandu zuen haren izterra, zakilerainoko bidaia zirkularra iradokiz eta lepoa atzerantz erortzen utziz, Bobek hozkatu zezan. Bobek, bien bitartean, bere burua ur- jauziaren menpe erortzen utzi zuen. Nora inoiz baino erakargarriago zitzaion, galtzetako botoiak askatu eta hatz puntez zakilaren inguruko biloak kiribiltzen hasi zitzaionean. Norari sorbaldaraino heltzen zitzaion ile beltzarana arabiar zaldi batena begitandu zitzaion. Botoiek zarata lehorra atera zuten bata portzelanazko lurrera erori eta Nora erabat biluzik geratu zenean. Bobek banan-banan laztandu zizkion bizkarrezurreko koskorrak, ipur-ildora heldu eta bi izterren artean atzetik aurrera esku biak barrurantz bilduz alga lehor haiek hatz puntez sumatzeraino. Norak izterrak estutu zituen une horretan. Boben eskuak bere hankartean harrapatu eta irribarre lizun bat erne zitzaion. Musu luze batean kordokatu ostean, Bob, erabat ur-jauziaren menera jada, Noraren bular mamitsuak milikatzeari lotu zitzaion, bi aho izatea desiratuz, bular bakoitzarentzat bana. Hankartetik gero eta urrunago, plazer iturri izugarri zuen marrubia egosten sentitu zuen alga ilunez babesturiko labearen atakan. Noraren gerria esku biez oratu eta bereganantz erakarri zuen.
Lur axedrezatuaren gainean, erregina eta zaldia, biak horizontalki eroriak, korapilaturik lurrean. Anabasaren silueta mugikorra. Bridarik gabeko zaldiak.
Geroago, ohatilan lo hartzear zegoela, Mrs. Nora T. zioen plakatxoa josita zeukan bataren azpian biluzik, Nora andrearen bularrei begiratu zien, izara zuriaren aurka zapalduak. Ordura arte ohartu ez zen arren, Doktorearen baratzean sartu zen. Barroterik gabeko leihoaren gardentasunak eskaintzen zuen ikusmiraz gozatzen saiatu zen arren, urduri zegoen oso.
Klararekin gogoratu zen. Une hartantxe Klara ere beste norbaitekin ohean egon zitekeela pentsatu zuen. Bere gogoeta hura luzatzen saiatu zen, Klararekin ohean zegoenaren aurpegia ikusten. Piqueras bera akaso. Ezin bereiz zezakeen, burua jiratu zuen arte: Vincent Van Gogh zaharraren aurpegia ikusi uste izan zuen orduan bere irudimenean, Klararekin ohean. Maitasuna labezomorroak bezalakoa da: jaio, hazi, Niagarako ur-jauzi bilakatu, eta Cruz Verderekin, hil eta desagertu egiten da. Sirenots urrunak sumatu zituen murruaren bestaldean. Errudun sentitu zen. Sirenots haiek nondik etorriko ote ziren galde egin zion bere buruari, entzun ahal izango ote ziren Klararenean sirenots haiek, eta hala balitz, Klararengan ere erruduntasun sentipen berbera piztuko ote zuten beragan sortua zuten bezala, ala estasi une hartan egin zezakeen gauzarik onena estasi hartaz gozatzea zen sentipenak garaituko ote zuen Klara ere, bera garaitu zuen bezala.