Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Tximeleten hegoak dira
tabakoa liatzeko papera

 

— Joe! Joe, itxaron, hator. Uf, edozeinek harrapatzen hau sokasaltoan jakinda ere. Galdera bat nian hiretzat, zera, zera, hik ba al dakik, jakingo duk noski, baina, zelako galdera ez? Mundu osoan ibili ez haiz bada, tira, Joe, mundu osoan ibili haiz jo eta ke eta, zera, ba al dakian galdezka, baina noan angoraz eta turkesaz ehunduriko harira, zera, jakingo duk noski, Joe, hariaz egin zian izebak txaleko bat gorria eta motatxo urdinekin, motel-motel, eta zelako katu usaina zian emakume hark, zaila duk gero hiri hika hitz egitea, jartzen dituan begi horiekin, errespetua eta zereko zera, tira, zuk, Joe Panda, zera... oraintxe dut gogoan hona etorri zinen egun urdina, urtarrileko egun hotz eta garbia, horko ate horretatik sartu zinen, ni Joe naiz, esan zenuen, Joe Panda, boxeolaria, baina ez ikaratu, nahi izanez gero golfera jolas dezakezue nire begizuloetan... eta guk barre egin genian, Joe, gogoratzen al haiz nola egin genian barre, Joe? Hura izan huen hura egun, ezin urdinagoa, Alaskan gutxitan bezalakoa. Panda Jauna esatea nahiago al du berorrek? Berorrek, berorrek, berorrek ez, apur bat jasoegia duk, apaizentzakoa ezta, ze hi, Joe, tira, lagunak gaituk eta hainbeste esango al didak, hi, Joe, hi gaztetan ganberro galanta izango hintzen ezta, ikusi al duk hozkailuaren anuntzioa? No-Frost, No-Frost... baina ez duk, ez duk hori galdetu nahi niana, Joe. Hik, ze uste duk, Joe, baietz uste al duk, baietz ala ezetz, Joe, txaleko bat gorria eta motatxo urdinekin turkesaz noan harira, Joe... Aspaldiko lagunak gaituk, lagun zaharrak, zenbat green egin ote ditiagu guk batera, e Joe, zenbat green, harrapatzen didak ezta? Green, golf, begizulo... Ona duk, e? Mesedez, erantzun iezadazu benetan pentsatzen edo uste duzuna, ez ezkutatu niri ezer, mindu egingo ninduke horrek, Joe, ba hori, esaten ari nintzena, hire ustez, Joe, serio, Alaskan... Alaskan, hainbeste elur eta izotz artean erlerik egon daitekeenik uste al duk benetan?