Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Ilargiko erlauntzak

 

Erietxea psikiatriko izan aurretik, ospitale arrunta izana zen gerra garaian. Eraikina eta bere inguruko zelai-patio zabala bi metro t'erdiko zementuzko murru batez zeuden inguratuak. Murruaren ondoan, kanpoaldeko hormaren kontra, marmol zurizko dozenaka irudi, zein baino zein osagabeago: ia denek besoak zituzten faltan, beste batzuek hankak, eta gehienek burua ere bai. Garai batean, umeak ibiltzen ziren estatua haien ingurumarietan jolasean. Burua falta zuten estatuak zituzten gogokoen umeek, eta hauen atzean beren buruak jarriz egiten zuten, noski, makina bat barre algara. Baina azken hilabeteetan ez zen hara batere umerik gerturatzen. Gurasoen kontuak ziren, mutil kozkorrak harri tartean ibilita min har zezaketelakoan, estatua haiek gerra garaian preso hartutako etsaiak zirela kontatu baitzieten; ospitalean gaixo zeudenek gangrenaren eraginez galdutako gorputz atalak etsaiei kendutakoekin ordezkatzen zituztela garai batean, gero erietxearen atzealde hartan soldadu etsai haien giza-hondakinak abandonatzeko, urteen poderioz harrizko bilakatuko zirenak eta ume jolastien kilimek berriro ere bizitzara ekar zitzaketenak.

        Psikiatrikoko sala nagusian botika eta alkoholaren usaina zegoen. Bozgora entzuten zen telebistako esatariaren ahotsa. Azetilenoz igurtzitako gauak bazuen lixiba kutsu bat, pasillo garbitu berrien kutsu bat.

        «— ...uneotan Neil Armstrong eta Edwin Aldrin Apolo 13 modulo espazialetik irteten ari dira. Zazpigarren eskailera jaitsi du jada, zortzigarrena ere bai, azkena baino ez zaio falta, jaun-andreok, bederatzigarrena... badoala, badoala, eta bai!, hanka ilargian pausatua du eta ez da hondoratu! Ez da hondoratu jaun-andreok! Zutik darrai! Ilargia hunkiberagoa zelakoan geundenok galdu egin dugu goizean jokatutako apustua, harrigarria zinez! Arroka baten gainean pausatu balitz bezala izan da... Estudioetatik ba ote eranstekorik zerbait, Joan J?

        »— ...Txundigarria zinez Mario Z, lehen urratsak ilargian, historian zehar egin den konkistarik garrantzitsuena, espazio eremuen geureganatzea...».

        Hitzek, txuri-beltzezko telebistatik salara hedatuz aurrena eta korridore luze hutsetara gero, oihartzun adiezin bat osatzen zuten. Esatariaren hitzen pean, Houstongo baseko ingelesezko elkarrizketak suma zitezkeen nahas-mahas. Telebistaren inguruan begiak beren zuloetatik ateratzear zituzten egurrezko aulkietan eserita zeuden figura zurrun eta zurbilek. Salako isiltasun lixibatsua ahots zorrotz eta ia eme batek hautsi zuen azkenik.

        — Ilargira? Nola iritsiko ziren ba ilargira? Ez zenuten kontu hori sinetsiko, ezta?

        — Ez noski. Inolaz ere ez. Hori ez da ilargia, Afrikako basamortu bat da hori, hortxe egin nuen nik soldadutza... Kendu aurretik Galileo, ez diat eta ikusten! Sahara-edo izan behar du horrek. Edo Aljeria aldea, beharbada? Ez al duzue ikusten hondarra besterik ez dagoela? Ilargia? Bai zera, ilargia zuria da, jelazkoa. Ez al duzue hozkailuaren anuntzioa ikusi? No-Frost, horixe da ilargia. Zer uste duzue, ilargira iritsiko balira guk telebistan ikusiko genukeela? Kiaa, mesedez, ez zaitezte hondarra baino sandalioagoak izan. Hemen norberak ezkutuan gordetzen ditu bere petrolio aurkikuntzak. Ibiliko da gaur ere norbait zirkuituak eta dinamoak nahasten... Kia-kia, ilargia... Hoa kaila jotzera atariko brisari motel...!

        Anatol mintzatzen zen bitartean, Galileo telebistaren alboa ari zen miatzen, zulotxoetatik ateratzen zen argi zuriari mesfidantzaz begiratuz. Gainerakoek eutsi egiten zioten Galileori, honek telebistaren atzealdeko torlojuak deskiribiltzeko zuen grinan etsi zezan.

        — Bada irratiko erleek ere sesio ederra eman dute, ilargira zihoazela eta ilargira iritsi behar zutela eta nik ba al dakit zer gehiago. Zerbait izango da.

        — Kia-kia, atera hadi leihora eta konturatuko haiz. Ikusiko duk. Zer? Ikusten al duk hor goian lodikote ergelen bat saltoka erlezainez jantzita? Aljeriar sandalio hauek nire kabutatik ateratzen naitek. Hau jendea, Saharan ezti bila ibili egin behar duk gaueko ordu hauetan...

        — Saharan ba al dago ba erlerik?

        — Saharan erlerik badagoen? Hi haiz hemen erle bakarra, mokasin halakoa! Ukuiluko erlea! Erlamandoa!

        «— Hau pauso txikia izan da gizakiarentzat, baina izugarrizko pausoa humanitatearentzat...».

        — Erlezain inozo hori. Zelako txorakeria. Humaaanitateaaa, humanitateaaa. Humanitatea krokodiloen atzetik zangetan arrastaka. Humanitatea zizare bat bezala kiribiltzen lokatzetan. Humanitatea pikutara oilo saldatan itotzen.

        — Zelako mokadua! —entzun da urrunetik, eta denak bildu dira mahaiaren inguruan—. Humanitatea, uuum, zein usain gozoa...! Xaboi marka bat besterik ez dela jakingo ez bagenu. Humanitatea, ez zaidazue barrerik eragin. Ikusi al duzue hozkailuaren anuntzioa? No-Frost, hori da humanitatea.

        «— Ikus dezagun zelakoa den jendearen erreakzioa. Gure unitate ibiltaria erdiguneko taberna batean dago, zer giro da hor, Vincent K?

        »— Hemen denetarako iritziak, Mario Z, une bat-une bat, telebistarako mesedez, zuzenean gaude, zer deritzozu gizakiak ilargira iristearen kontu honi?

        »— Kiaa, ez dakit, baa nahiko gauza historikoa izango da, kubanoak iritsi direlaa, eztaa? Baina zer nahi duzu baa esatea, ni langabezian nago, baa astronauta kubanoek lana izango dute, baina baa, nik? Lanik izango ote dut baa nik? Tiraaa, zuzenean al gaude? Baa zera esan nahi nuke norbaitek deskuiduan etxeko konponketak egiteko, delaa pintaketa lanaa, dela hoditeriak konpontzeaa...

        »— Tira, tira, bazterrak nahastu gabe, garbi utz ditzagun gauzak bederen, je-je, enfin, estatubatuarrak direla alegia ilargiratu direnak, ez kubatarrak, kubatarrak ez dira ilargira iritsi, ez oraindik behintzat...».

        Telebistan euliak akabatzeko Cruz Verde aerosolaren iragarkia bota eta ospitaleko salan eztabaidan ari ziren haiengandik apartatuta, medikuek aerosol bera darabiltela otu zaio, ertz batean eserita dagoen Joe Panda boxeolari ohiari, leihotik begira, zigarroari azken sakatuak emanez. Leiho alanbratutik bete-betean ikusten zen ilargia eta ez zirudien bertan inor paseatzen zebilenik. Joe Panda ziur zegoen halere, egia zela, irratien barrualdeetan bizi diren erleek —aerosolaz erail ezin daitezkeen bakarrek— ez dutela gezurrik esaten. Bideragarria zela amerikano haiek ilargira heldu izana. Ondotxo ezagutzen zituen Joek amerikanoak Chicagon emandako urte luze haiei esker, eta ilargian erlezain maskarak jantzita bazebiltzan, zerbaitegatik izango zen.

        Telefonoaren hotsa entzun ote zuen errezeloa izan zuen Joek. Burua jiratu eta ez zuen salan batere telefonorik ikusi, ordea: zutabeetan zintzilik jarritako apargailu gorriak baino ez, eta korridorean apargailu gehiago, gorriak hauek ere, mediku putaseme haiek —errepikatzen zuen behin eta berriz Joek bere baitarako—, mediku putaseme haiek bere bistatik ezkutatzen zituzten telefonoen kolore bereko apargailu gorriak. Eta azetilenoz igurtziriko gauaren usaina, pasillo garbitu berrien kutsu hura, jarabearen usainarekin eta morfina lurrunduarekin nahasian.

        Kanpoaldean, astero legez, arropa garbitzera zeraman labanderiako kamioiak. «Zarama kamioia ematen dik», otu zitzaion Joeri. Eta hala zen: gizon bi zihoazen kamioiaren atzealdean zutunik jarrita eskularru beltzak soinean, zaborra jasotzen zuten kamioietan legez. Kamioia erietxeko atariraino inguratu eta bertan pilaturiko plastikozko edukiontzi biribilak kamioiratzen zituzten atzealdean zutunik zihoazenek, hauen ordez arropa garbidun edukiontziak utziz. Kamioiaren arrastoa galdu ahala, egongelan mamitzen zen elkarrizketara lerratu zuen berriro Joek entzumena.

        — Eta Alaskan? Alaskan ba al dago erlerik?