Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Kentuckyko zaldiak
Alaskara eraman zuteneko bere estreinako oroitzapenak forma geometriko jakin batekin zuen lotura: hexagonoa. Beira lodiko leihoetan, barroteak ez ezik, hexagono formako alanbreak zeuden, paisaia erabat kaiolatuz. Burura etorri zitzaion hurrena berriz, arrazoi jakinik gabe itxuraz, bere buruko ahanzturaren amapola landaketatik harrigarriro bizirik ateratzen zen hitz bat izan zen, umetan ikaragarri beldurrarazten zuen hitz bat: kontserbatorioa.
Izan ere, Bob txikitandik zaletu zen musikara. Bob Ieregi, Kentuckyko euskaldun baten eta Jamaikako emakume ezin ederrago baten seme zen, eta bere aita —Teo Ieregi— herriko klub bakarreko atezaina izanik, berau arduratzen zen gauero klubeko sotoan musika tresna guztiak garbitu eta distirant utzi ostean afinatuta gordetzeaz. Umetatik ikusten zuen Bobek aita musika tresna bakoitza zegokion zorroan jaso eta kontu handiz garbitzen, tronpetei pistoiak kendu eta olioa nola ematen zien, swahiliaren hain antzekoa zen hizkuntza bitxi hartan abesten zuen bitartean, siouxek euriari etor dadin erregutzeko erabiltzen dituzten errezo horietakoren bat murmurikatzen ariko balitz bezala. Ez zuen, ordea, Teok Euskal Herriko argazki, ez oroigarri, ez bestelakorik ere etxean, ez Bobek zekienik behintzat. Aberria, zapataren hondoko harri kozkorrarekin alderatzen zuen beti bere aitak, Bob sekula erabat ulertzera heldu ez zen metafora bitxi baten bitartez. Aberria oroitzeko ez zela ezer askorik behar-edo, traba egiten zuen zerbait zela, halako zerbait adierazten zuen hark. Berak behintzat hala uste izan zuen beti.
Zazpi anaiaren artean gazteena izanik, bera baino bi urte zaharrago ziren anaiarekin konpartitzen zituen arropak. Hortik zetorkion arropa eroso eta zabalak erabiltzeko zaletasuna. Garai hartan Hego Carolina aldean aurki zitekeen jakirik merkeena, Kentuckyko zaldi haragiz betetako kontserba latak ziren, hori beilegi bateko etiketadunak, eta familia behartsukoa izanik, halako franko dastaturikoa zen Bob. Zaldiaren isatsa suertatzen ez bazitzaion, pozik.
— Kontrabaxuetarako arkuen sokak zaldiaren isatsaz egiten ditiztek bada, hara bestea... Pozik egon haiteke Bobby, horrelako asko janez gero egundoko jazzlaria izanen haiz egunen batean —esan ohi zion txantxetan semea kexatzen zenero aitak, txantxak egiteko zeukan era berezi harekin, aurpegia beti bezain serios, haserre ia, zirkinik ere mugitu gabe, benetan ala gezurretan ari ote zen jakiterik ez zegoela.
Gurasoek, semeak zuen musikarako zaletasun setatia ikusirik, neke handiz bazen ere, diru apur bat aurreztu eta kontserbatoriora bidaltzea erabaki zuten. Bob izuak, ordea, ez zuen batere begi onez ikusi kontserbatoriora joatearen kontu hori, kontserbatorioa, umeak zaldi haragiaren gisan kontserbatan sartzen zituzten lekua ote zen ustea baitzeukan. Eta bata zuridun gizon bik, bortxarik gabe baina tentsio handiz, alkandora hertsagarria jantzarazi ondoren Alaskara sarrarazi zuten egun hartan ere, kontserbatorio, hitz huraxe izan zen ezer baino lehen burura etorri zitzaiona.
Ordurako, diru pixka bat pilatu eta Kentuckyko zaldi haragi potoak, Kentuckyko haritzezko upeletan zaharturiko bourbonarekin ordezkatu zituen. Eta bourbonik ezean CSW, Castro Scotch Whisky. Baina ez zen hain justu haritzezko upeletan zaharturiko bourbonarena Bob Ieregik Alaskan sumatu zuen usaina: kontserba poto gisakoetan kaiolaturiko jarabearen usain horia baizik. Erizainburu zen Nora delako hankaluze beltzaranak lepoa gorantz jasoa zeukan beti, neurrigabeki jasoa ere, ostruka bailitzan: beso-hankak lotuta putzu ilun batean itotzen ari denak lepoa uretatik atera nahian egingo lukeen azken keinua imitatuz bezala. Aurpegia, ordea, hienarena zuen.
— Beraz, Ieregi jauna, zer ikusten duzu marrazki honetan?
— Partiturarik gabe larrutan ari diren bi gazte. Musika lehen konpasean sar dadin saiatu behar dute beti.
— Ikustagun... Eta beste honetan?
— Zaldi beltz bat, bridatik aske dagoen zaldi beltz bat, galop infernalean trenbide amaigabe batean gaindi.
— Tximino aurpegia ikusten al didazu, akaso, Bob?
— Ez zehazki, andereño, gehiago esango nuke hiena eta ostrukaren arteko nahasketa bat dirudizula.
Kontserbatorio. Hitz hark etsiarazi zuen bereziki Bob, fitxa bete, marrazkien test zentzugabe hura egin eta bere gelara zuzendu zutenean. Leiho alanbratuetako hexagonoek berriz, erlauntzak ekartzen zizkioten gogora. Eta erlauntzek, bide batez, hiriko buzoi publikoetan bizi ziren erle madarikatuak zekarzkioten bere buruko amapola landaketen tartetik begietaraino.
Eta amapola landaketen tartetik trostan zihoazen Kentuckyko zaldiak. Klarari hau azaltzen zion aldiro neskak barre egiten zion arren, garbi zeukan Bobek: hildakoan bere gorputza erraustua izan zedin nahi zuen, izugarri ikaratzen baitzuen kanposantuetako hilobi-lapurren batek bere gorputza ebatsi, eta arropa zabalen barruan ohitutako bere haragi samurra, zaldiena balitz bezala, envased in Kentucky zioten etiketa beilegidun kontserba itogarrietan saldua izan zitekeela pentsatze hutsak.