Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Euria negutegietan

 

— Zergatik kendu ziguten telebista, horixe jakin nahi nuke nik.

        Inork ez zekien zergatik erretiratu zuten Alaskako salatik telebista, baina iheserako saiakera frustratu hartaz geroztik, ez zuen tramankulu hark gehiago piztu nahi izan. Kutxa haren barruan argia ematen zuten ipurtargi guztiek hegan ihes egin zuten hexagono formako burdin saretik, gauren batean, oharkabean, denak lo zeuden bitartean. Anatolek, beti bezala, bazuen bere teoria: negua inguratu ahala, Alaska inguratzen zuten harresiek itzala egiten zutelako zen. Hura zen telebista ez ikustearen arrazoia, itzalak argia jaten zuela.

        «Argi ibil hadi, aixkide, kale hauetan zutunik dabiltzanak itzalak dituk, espaloietako mantxa koipeztatu horiek dituk bertoko biztanleak, norbaitekin traturik egitekotan, itzalekin egin beharko duk berba». Norbaitek, noizbait, nonbait ikusiriko film hartako aholkua, bonbilla zurien inguruko oroitzapenak osatzen.

        Handik denbora luzera, hilabete askora nahiz eta Alaskan egonik denbora neurtzea zaila zen, erizainburuak telebista erretirarazi eta sala bazterrean zegoen egur iluneko irrati tzarra egongela erdiko mahaian jartzeko agindua eman zuen. Geroztik, irrati hura bihurtu zen grabitazio zentro, haren inguruan biltzen ziren denak. Denak, Bob izan ezik, honi jasanezina baitzitzaion inguruko zoro haiek guztiak, elkarri begira, irratiak esaten zituen inozokeriak entzuten zituzten bitartean zorionaren aduanatik gertu zeudela ikustea; jasanezinak zitzaizkion helduen aurpegietan umeenak ematen zuten irri inuzente eta aldi berean inozo haiek. Irratiaren inguruan lerdea zeriela pasatzen zuten denbora ero koitadu haiek. Ezin zituen pairatu.

        Ez zuen Klararen bisitarik jaso. Hura ere itzulia izanen zen, ziur aski, senarraren arrimura. Burua tomate kontzentratu poto batean sartu eta bertatik ostera atera baliote bezala sentitzen zuen: hiru elektroshock eman zizkioten Bobi ihes saiakeraz geroztik. Baina azkena eman ziotela baziren hamabost egun. Erizainburua maitekor zebilen berarekin azkenaldian. Ez berarekin bakarrik: Joeri, esate baterako, lorategi ingurua zulatzen utzi zion; inguru haietan telefono lurperaturik topatuko zuelakoan zebilen boxeolari gaixoa. Gainerakoak pasieran ibiltzen ziren bitartean, hazbete bat ere arakatu gabe uzteko asmorik gabe, lorategia zulatzen aritzen zen Joe, automata bat bailitzan.

        Nora andreak Ieregirekiko zuen jarrera abegikorrari susmagarriegi irizten zion, ordea, azken honek.

        — Ieregi jauna, zer duzu?

        Bobi su lamada batek argituko zizkion une batez begiak, eta gero, bere sudurraren aurretik euli edo erleren bat uxatu nahi duenaren keinua egingo zuen eskuaz, ez du garrantzirik, inozokeria bat, uztazu, nire gauzak, txoratzen hasita nago, edo, ez egin kasurik, esan nahi duenaren imintzioa; eta, umore onez baldin bazegoen, gezurren bat botako zuen gehienera, Nikolas katagorriaren begikera betizuaz.

        — Deus ere ez, andereño. Euria entzun dut negutegiko plastikoen kontra eta norbait txaloka ari zela iruditu zait.