Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Van Gogh kristalaren kontra

 

Hirugarren astearen buruan, Sonny agurtzeko asmotan inguratu ziren Belunara, goizean goiz. Doktore lepogabeak ez zituen, ordea, musikarien asmoak begi onez ikusi. Isiltasun luze baten ostean, zigarroari sakatu eta luze bota zuen kea, bere eskrituarreko bonbilla hautseztatua —eta hau bai, mugiezina— desagerrarazteraino.

        — Ezin duzue alde egin.

        — Ez dut ulertzen, Sonny —arrapostu zuen Bobek.

        — Kontratu bat sinatu zenuten, ahaztu egin al duzue? Aspertzen naizen arte nireak zarete —Doktoreak bere mahaiko tiraderatik Colt errebolberra eta tabako pakete bat atera eta mahai gainean utzi zituen, kaxoian beste zerbaiten bila jarraituz—. Hemen nonbait behar dute egon... Hementxe. Hementxe daude kontratuak.

        Sonny Piquerasek hirugarren paragrafoa seinalatu zien hatz erakusleaz. Lehendabiziko astea aproba gisakoa zen eta musikariek alde egiteko aukera zuten gustura sentitu ezean, baina bigarren astea osatuz gero, kontratua mugagabeki luzatzen zen Sonny Piquerasek bale-nahikoa esan arte.

        — Zintzoki hitz egingo dizuet. Nik ez dut musikaz gehiegi entenditzen... baina zer nahi duzue esatea, jada izen bat duzue hirian, egunkariko kritikariek ere hitz gozoak, eta areago, koipetsuak erabili dituzte zuekin. Ongi doakit, Bob, lehengoekin baino kaxa lodiagoa egiten dut zuekin, nabarmen gainera, eta ez dizuet orain hain erraz alde egiten utziko.

        — Begira, Sonny, eskertzen dizugu gugatik egin duzuna, ezin gusturago gaude Belunan, baina hasiera-hasieratik gure asmoa laster samar itzultzekoa zen, ezin dugu hemen askozaz ere gehiago luzatu.

        Sonnyk kea hartu zuen berriro eta ilea atzerantz lisatu zuen eskuaz. Eskrituarretik altxatu eta oinez ibiltzeari ekin zion bere gelan batera eta bestera, bere krokodilo pauso txikiez. Errebolberrak mahai gainean segitzen zuen. Bere danborrak ate birakor bat zirudien, balaren batek habitatuko ote zuen oldoztu zuen Ieregik. Baiezkoan zegoen, Sonnyri buruz entzundakoetatik erdiak egia baziren behintzat, ezin zuen hori zalantzan jarri.

        — Gauza bat egin genezake. Billar partida bat jokatuko dugu. Zuek irabazten baduzue, hamar mila dolar emango dizkizuet eta aske izango zarete nahi duzuenean alde egiteko. Nik irabazten badut, ordea, geratu egin beharko duzue. Nork jokatuko du?

        Nikolasek Bobi berak jokatzeko esan zion begiradaz. Urteak ziren billarrera jokatzen ez zuela, baina bazuen abildaderik hartan. Sonbreirua kendu eta bizkarrean min egiten zuten aulki haietako batean utzi zituen bai hau, bai gamuzazko gabardina. Parisko deskalabrutik salbatu zen gabardina bakarra zuen gamuzazkoa. Sonnyk makila eta hirukia helarazi zizkion Bobi.

        — Har ezak, Bob. Jar itzak herorrek bolak.

        Bob Ieregik marradunak eta marrarik gabeak egokiro kokatu zituen, beltza ere bere lekuan, baina erpineko bola falta zitzaiola ohartu zen. Sonny Piquerasek, mendekuaren inguruan grabitatzen zuen irribarre gaizto bat egin zien Boben begi erikor eta galdetzaileei: begi distiratsuak zituen Doktoreak, denbora guztian malkoei eusten ariko balitz bezala begi argi haien estetika mantentze hutsagatik, edota agian krokodilo izan zelako bere aurreko bizitzan, eta kosta egiten zitzaiolako ohitura zaharrak baztertzea, nork daki. Berrogei urte ondo beteak eduki arren, deseroso eta berri zitzaion agian bizitza hura, aurrekoan zingira narrasetan ibili ondoren.

        — Ez hadi kezkatu, Bob, bola hori aspaldiko kontu bat kitatzeko erabili nian. Hemen bola bat gutxiagorekin jokatzen diagu. Marradun bat falta duk, hala duk etxeko ohitura, eta norberaren etxeko ohiturak ezin aldatuko ditiagu... ez zaik hala iruditzen, Bob?

        Bob Ieregik Van Goghek bere buruari eginiko erretratua irudikatu zuen. Begiak gorriturik zituen, baina oraingoan, argi urrakoan ez bezala, lepoa nabarmenki puztua zuen Vincent zaharrak, eztarrian zerbait sartu izan baliote bezala, billar bola baten antzeko zerbait. Orduan jakin zuen Bob Ieregik ez zeukala zereginik krokodilo zuri haren aurka, eta irabazteko aukerarik izanez gero ere, ez zitzaiola komeni Sonny Piquerasen aurrean garaile atera eta hau haserrarazterik. Kontrako eztarrira joan zitzaien hiri hartatik ihes egiteko lehen baldintza bizirik irautea zen. Baldinbaitere hiria izango ahal zen kontrako eztarritik joango zitzaien gauza bakarra. Tipo arriskutsua zen Doktore lepogabe hura. Ez zen Bob izango etxeko ohiturak aldarazi eta bi bola gutxiagorekin billarrera jokatzekoa jarriko zuena Doktorearen etxean, ez horixe.

        Aste batzuk gehiago luzatu beharko zuten beren egonaldia, ispiluek marihuana erretzen zuten hiri hartan.