Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Zeru puska handiagoa
— Jendeak hemendik autoz pasatzen jarraituko dik noski, baina inork ez dik Alaska faltan botako. «Zeru puska handiagoa ikusten duk gaur» pentsatuko ditek koitaduek eraikuntza erraustu eta desagertu denik antzeman gabe, zeru puska handiago bat, zeru puska handiago bat, pentsa zenbat axola zaien... Inozente hutsak dituk hor kanpokoak, mokasin hutsak. Baina gu hemen arriskuan gaudek, Bob. Hik nik bezain ongi dakik, isilik hagoen arren.
Egongela nagusian eserita, bazkalosteko abagunea baliatzen zuten gaixoek eguneko konfidentzietarako. Erizainak kafea hartzeko bildurik zeuden eta lasai hitz egin zezaketen orain gaixoek inork entzungo zituen beldurrik gabe. Batzuetan, egongelako egurrezko irrati handia piztu eta irrati barruko zomorroek zer esango atezuan geratzen ziren; ez zuten zalantza izpirik, han barruan zomorro-profeta hizlariren batek —ziur aski bat baino gehiago ziren, ahots molde ezberdin haiek guztiak nola egiten zituzten ulertzea gaitza zen bestela— egon behar zuen kaiolatuta. Egun hartan ez zuten ordea irratirik piztu, Anatol oso hiztun zegoen. Arrazoi ezezagunengatik basamortua hartzen zuen aspaldi hartan hizpide, basamortua eta hondarra. Bere lotarako sendagaien dosia handitu bazuten ere, azken gauak esna igaro zituen, idazmakinarik gabe makinaz idazteko imintzioak egiten, eta goiz hartan, shockaren bidetik jotzea komenigarria ote zen aritu ziren sendagileak eztabaidatzen.
— Hemendik urte batzuetara desagertu egingo duk leku hau. Inor ez duk ohartuko. Zer uste duzue? Baietz dena hondar bihurtu! Jendeak goizeko seietan jarriko dik orduan ere iratzargailua eta erdi lo irekiko dik izozkailua, ardien buruetako begi tristeak ikusiko ditik apalean... Eta muzin egingo ziotek zenbaitek gosaltzeari, beste batzuek berriz ez; arrunta iritziko diote ardiaren begiradari. Eta horixe da gizaki on eta gaiztoak bereizten gaituena. Izozkailu ireki baten aurreko jarrerak egiten du on eta gaiztoen arteko hautapen naturala.
— No-Frost izozkailua, ezta?
— Horixe duk, Bob, No-Frost, hik behintzat ulertzen duk.
— Ardiez ari garela, behin ezagutu nian ardi bat. Écolier kalean bizi zuan, zazpigarren pisuan. Charlie Parkerren disko bilduma osoa zeukaan eta oso kafe ona prestatzen zian gainera, hori bere alde.
— Hago isilik, Joe... Ez duk txantxetakoa. Ez pentsa, ez dituk hainbeste urte behar izango. Dena bihurtuko duk hondar. Berunezko gauzek baino ez ditek iraungo, «ei mesedez lagundu» esanez bezala harea artetik, pentsa, berunezko oasi txikiak —hitz egiten zuen bitartean, Anatolek besoak zabaldu eta keinuak egiten zituen harat honat, benetan esaten duena sinesten duenaren keinuak; zaila zen zehazki deskribatzea, baina politikari batek ez zukeen sekula halako keinurik egingo—. Kafetera eta erradiadoreek. Haiek bakarrik iraungo dute dena hondar bihurtzean. Basamortu bat dena kafeteraz betea.
Bobek ahalik eta ahalegin handiena egiten zuen elkarrizketa haietan ez sartzeko, egunetik egunera ero madarikatu haiek esaten zutena gero eta gehiago sinetsi egiten zuela iruditzen baitzitzaion. Egunetik egunera handitu egiten zitzaion errealitatearekiko amildegia, eta gerturatu egiten zen, halaber, zoro koitadu haiengana. Gero eta indar handiagoa erabili behar izaten zuen bere senean zegoen Bob Ieregiren eta txoro aldra haren arteko etena mantentzeko, ero haiei kasu gehiegirik ez egiteko, txorakeriak esaten zituenean txorakeriak nahita esaten zituela ohartzeko, eta bere buruari inozokeriak saihestu eta errealitateari branka emateko gai zela baieztatzeko. Hainbeste clorpromazina eta reserpina pastillak nahastu besterik ez zuten egin.
Gauza bat garbi eduki behar zuen une orotan: haiek guztiak erotuta zeuden eta bera ez. Berak handik ihes egin behar zuen, hori zen dena, zerbait asmatu behar zuen lehenbailehen. Ez zen batere ideia ona izan isolamendu hark bere alde joka zezakeela pentsatzea.
Baina halere, elkarrizketa hartatik urruntzen saiatuagatik, erdi-erdian zegoela ohartu zen, eta berak ere, nahi ez izanda ere, gogoetak egiten zituela gaiaren inguruan. Ezin izan zuen bere buruko tabako landaketen artetik pentsamendu batek ihes egitea saihestu. Eszena irudikatu zuen: dena bihurtuko zen hondar, basamortu... erradiadore bat imajinatu zuen burezur bat kaiolatuz. Eta burezurraren gainean dortoka bat, oinez: Galileoren dortoka. Arraioa, burua galtzen ari zen, horixe behar zuen ba! Pentsatutakoa baztertzen saiatu zen, Cedar Waltonen bluesa bere buruko amapola landaketetatik berreskuratzen. Ezin zuen horrela segi. Batzuetan, benetan erotzen ari zela iruditzen zitzaion, eta bere burua hartara abandonatzea zuela ihesbide bakar. Indartsu izan behar zuen, arraioa, indartsu. Cedar Walton, Cedar Waltonen bluesa. Blues, hori zen tren baten onomatopeia posible bakarra.
— Troiako zaldia ere hondar bihurtu zen, Anatol.
— Nik ez dut hala uste. Troiako zaldia ez zen hondar bihurtu. Troiako zaldia egurrezkoa zen eta handiegia, inondik ere, hondar bihurtzeko. Kiskali egin zen Troiako zaldia. Baina gu ezin kiskal gaitezke —paretaren alde bietara zintzilikaturiko apargailuei begiratu zien zeharka—. Litekeena da, dena den, erietxea hautsontzi bihurtzea ere. Hautsontzi bat, orube bat, dena errautsez betea. Jainkoen hautsontzi esan nahi dut. Begira ezazue era honetan: jainkoak beren gurutziltzatuetatik jaisten dira eta zigarro bana erretzen dute, garai batean hil-hurren ukatu zitzaien desioa... Zer gutxiago, ezta? Ez al da bidezkoa? Zigarro bat erretzen dute, markakoa noski, Winston, Picayunnes, hori da gutxienekoa, baina jainkoek markako zigarroak erretzen dituzte, eta gero zigarroa hartu eta gure gainera erortzen utziko dituzte errautsak. Gure bizkar gainean amatatuko dituzte zigarrokinak.
— Troiako zaldia kiskali egin zen beraz. Arraioa, ez nuen sekula usteko horrelakorik!
— Horixe da, Joe, kiskali.
— Elektroshocken baten ondorioz, akaso, Anatol?
— Hago isilik, sandalioa!
Denak isildu bezain pronto, Galileok hartu zuen hitza, Joe eta Anatolen arteko elkarrizketaren norabidea apurtuz. Eskua kokotsean paratu eta pentsakor agertu zen.
— Ez. Ez diat uste hori benetan horrela gertatu zenik. Troiako zaldiari kafetera bat erori zitzaioan buru gainera eta konortea galdu zian. Hori duk. Jendea hil egiten duk eta zaldiak ere bai. Jendeari kafeterak erortzen zaizkiok buru gainera, hori egitate egiaztagarri bat duk, gaur niri eta bihar hiri... Hori duk legea. Alaskak hemen jarraituko dik, baina guk ez, horretaz arduratuko dituk kafeterak; oreka homeostatikoa lortzean zatzak gakoa. Ez zagok aterkirik zerutik erotzen diren kafeteretatik babestuko gaituenik. Jaiotzen garen egunetik denok diagu geure kafetera propioa amildegiren baten gorenean zain. Eta ez itzazue zeuen buruak engaina, inork ez gaitik faltan botako. Troiako zaldiak irrintzi egiteari utzi zionean ohartu al zen akaso inor?
— Nik behin ezagutu nian zaldi bat. Écolier kalean bizi zuan, zazpigarren pisuan. Tira, egia esatera, konfiantza gehiegirik ere, izan ez genian. Kaixo egin elkarri kalean eta abar, hori bai, noski. Edukazioa edukazioa da. Ez genian sekula kaferik hartu tamalez, Kolirioren aurkako konbatea prestatzen ari ninduan garaian izan zuan eta...—Joe Pandaren bekainak gorantz arkutu ziren, pentsamendu lausotuen artean galdutako aukeraren bat hausnartu eta begizuloetan putzu ilunak ziruditen itzalak proiektatuz.
Bob isilik zegoen, erretxinduta apur bat. Eramanezina zitzaion jainkoen eta zigarroen kontu ergel hura, zer arraio; hirurogeita hamarreko koefizientea zuen edozein eskolaumek zekien jainkoek Gauloises erre izan dutela betidanik, baina laga egin ziotela erretzeari filtrorik gabekoak egiteari utzi eta agintariek tabakismoaren aurkako kanpainari ekin ziotenetik, birika kartoitu eta belztuak jasotzen zituzten argazkiak agerrarazten hasi zirenean autobus geltokietako markesinetan, Birika hauek bizirik zeuden duela 24 ordu mezuaren pean.
Eta hori gutxi balitz, Troiako zaldiaren hura. Berak bazekien Troiako zaldiaren istorioa. Baina alferrik zen haiekin. Erotuta zeuden denak. Boliviako paretak baino pitzatuago zeuden haien buruak. Ez zegoen bakar bat ere itoginik gabe. Ondotxo zekien jakin berak, baina nola hasi haiei azaltzen, nola adierazi Troiako zaldia ere, Kentuckyn hankamotz jaiotzen ziren zaldi guztiak bezala, txiki-txiki egin eta envased in Kentucky zioten lata horitan zabaldu zutela mundu guztiko ghettoetako harategirik merkeenetara.