Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Gaul

 

Estreinako pausoetan gaizkiegi joan zitzaienik ere ezin esan. Beluna Moonen hilabete bete zutenerako Nikholai & Ieregi Banden izen ona polbora arrastoa bezala hedatu zen hiri osoan. Eskualdetik ateko kazetariak ere agertzen hasi ziren Beluna aldera, Amsterdam hiribururaino ere heldua omen zen jam session haien oihartzuna. Jotzen zutenero, leporaino egoten zen lokala. Asteburuetan goizeko laurak edo bostak arte luzatzen ziren saioak eta Sonny ere bere baitan ezin kabiturik zegoen giro harekin, eta batez ere, hark ematen zituen etekinekin, garagardoaren prezioari ehuneko hogeiko gehigarria jartzen baitzion saiorik zegoenetan. Laster baino lehen, diskoetxe batek diskoa grabatzeko eskaintza luzatu zien, bai eta azkar asko onartu ere.

        Zoritxarreko grabaketa hartan eman zituen Bobek bere nahasmenduaren lehen seinaleak.

        Grabaketa, alderdi musikalari dagokionez, ezin hobeto joan zen. Bobek jotzeko era berezia zuen, beste gauza bat zen, puntu eta aparte, trenaren abiadura handiarazten duen lokomotora ikusezin bat berezko lokomotoraren aurretik jartzen zena, beste erritmo bat zeukan, beste erlauntza batetik etorritako erlea zirudien. Beste zer bat zen, eta kitto. Ordea, grabaketa hartan, denak harrituta utzi zituen zerbait gertatu zen. Pinocchio zoragarri bat eta Confirmation kantua jo ostean, Girl called Iceland grabatzera zihoazenean, denak jo eta ma utzi zituen esaldi bat esan eta estudioa utzi zuen Bobek.

        — Zaldiari jaten ematera noa, oraintxe nator.

        Bobek Sonny Piquerasen morrontzapetik askatzeko eroarena egitea erabaki zuen. Klara eta Nikolasek ez zuten oso begi onez ikusi, arriskutsuegi irizten zioten bide hari, eta baita bide hura urratzeko edaten zituen whisky botilei ere. Berehala bete zuen pentsioko telebistaren gaina CSW botila hutsez. Bobek, ordea, Piquerasek burua galtzen ari zela ikusten bazuen tximeletak ferratzera bidaliko zituela uste zuen ziurtasun osoz. Beste bide bat, sormena agortu zitzaiela esan eta ohe elastiko bateko malgukiak bezala jotzen hastea zatekeen, jendea asperraraztea. Piquerasek berak aitortu zien ez zela musikan entenditua, baina ez zuen Bobek uste Doktoreak halako sasisartzerik sinetsiko zuenik. Eta gainera, beraien izen ona sobera hedatua zenean ez zitzaien barregarri geratzerik ere komeni. Horrela bada, ostiral hartan, grabaketaren ondorengo kontzertuan, bi kantu jo orduko esaldi bera errepikatu zuen berriro ere.

        — Zaldiari jaten ematera noa, oraintxe nator.

        Jendeak ez zekien ateraldi hari nola heldu: trufatzat hartu zuten, beraz. Ordea, gauez gau, Ieregik gero eta sarriago errepikatzen zituen behin eta berriz hitz berak, bariazioren batekin batzuetan, hala nola: «Zaldia egarri izango da honezkero; Gaul zain edukiko dut; atzo Paradiso Abenidan trostan nindoala semaforo batean moja batek halako esan zidan, ea bataiatu al nuen zaldia». Edo antzekoren bat.

        Entzuleek baina, showaren zatitzat jotzen zituzten ateraldiak.

        Nikolas eta Klara seko haserretu ziren Bobekin grabatzera joan ziren bigarren aldian, grabaketa estudioan gertatu zen deskalabruaren ondotik. Estudioan debekatuta zegoen erretzea, baina Belunan jotzen hasi zirenetik ohikoan baino marihuana gehiago erretzeari lotu zitzaion Bob, eta estudioan bertan ere, arrainontziaren bestaldeko soinu-ingeniari, bisigu eta teknikarien aurpegia adiskidantzazkoa izatetik urrun zegoen arren, marihuana kiribildu eta Nikolasen esanei entzungor, erretzen hasi zen. Porroa erdi errean utzi zuen atrilaren gainean eta inoiz baino indar gehiagoz ekin zion Churchill eta Moreyren Someday, my prince will come hari. Berehala ordea, bere tronpetaren tinbrea ezin hobe mantentzen zen arren, keinu bitxi haiek egiteari lotu zitzaion, ikusezin bilakatu zaion zaldiari eutsi ezinik dabilen zalduna balitz legez.

        Bere mugimendu bortitz hauetako batean behintzat, atrila hankaz gora bota zuen. Bertan zegoen marihuana porroa lur moketatura erori eta honek su hartu zuen. Ohartzeko betarik izan zutenerako, ketan zegoen arrainontziaren barruko aldea. Arrainei kea zerien ahotik. Sua bafleetan gora hedatu zen, berehala sabairaino helduz. Eztulka atera ziren denak arrainontzitik. Bob, ordea, arrastaka atera behar izan zuten, berak, ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzen baitzuen jotzen, begiak hertsita, bafle sutuen alboan, ke artean. Deskalabrua ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Doktorearen manupeko zirenez, hark ordaindu behar izan zituen galerak. Sonnyren pazientziak noizbait behar zuen agortu. Bob Ieregik gertu ikusten egun hori.

        Handik astebete ingurura, gau batez, Sonnyrengana inguratu zen Bob. Marihuana gehitxo erre izanaren begiak zituen eta propio erakutsi nahi zizkion, gainera, krokodilo lepogabe hari; bere itxura penagarria begien aurrean jarri zion. Hiruzpalau egunetan luzatzen utzitako bizarra zuen, hortzak gero eta horiago, alkandora erdi aterean. Goizegi zahartutakoaren itxura zuen, eta ahotsa ere nahikoa erlastua.

        — Sonny, baduk unetxo bat? Hirekin hitz egin nahi diat.

        — Noski, Bob. Dirurik behar duk? Ez daukak batere itxura onik, aixkide.

        — Dirua baino areago, kontratua berritzea nahi nuke, Sonny.

        — Zer diok baina, kontratua berritu? Ez al huen bada duela bi aste hemendik hanka egiteko gogoa? Nolatan bat-batean kontratua berritu nahi hori?

        — Bai, Sonny, badakik, zaldiagatik.

        — Aja, hori duk orduan. Zaldi lasterketetan dirua galdu duk, ez duk?

        — Ez zehazki, Sonny, nire zaldia duk.

        — Hire zaldia? Zein zaldi baina? Zertaz ari haiz? Heroina hartzen al duk, Bob?

        — Ez didak ulertzen, Sonny...

        — Zer duk orduan zaldiaren hori?

        — Badakik, Gaul, nire zaldia, jaten-eta eman beharra zagok, mehar samar zagok eta, ba hori, dirua eskuetatik hondarra bezala irristatzen zaidala bateko hau eta besteko beste hura, albaitaria dela eta zaldiaren bataioa eta ez zakiat zer kakazahar.

        — Zaldi bat erosi al duk?

        — Erosi ez, Sonny, erosi ez. Nirekin eduki izan diat beti, apartamentuan zeukaat, baina badaezpada isilpean, armairuan. Aireportua ere ezkutuan pasa nian. Badakik, Sonny, aduanan ez ditek animaliarik onartzen, eta...

        — Gehiegi edan duk, Bob, hoa ohera eta argi urrakoan hitz egingo diagu honetaz.

        — Baina Gaul mehar zagok, Sonny, jatena behar dik, jatena behar dik lehenbailehen.

        — Hoa ohera, Bob, har ezak dutxa hotz bat eta hoa ohera.

        Bobek gero eta gehiagotan aipatzen zuen zaldiaren hura, edozein unetan, obsesio bilakatzeraino. Zaldia gora eta zaldia behera, ez zuen besterik ahotan izaten. Tronpeta jotzean ere, keinu bitxiak egiten jarraitu zuen jendearen harridurarako, trostan doan zaldun baten keinuak. Entzuleak apur bat aspertzen hasi ziren inozokeria zentzubako eta betiberdin haiekin. Klarak berriz, ez zion Ieregiri hitz egin ere egiten, Beluna aurreko zuhaitzera igota adar batean zaldiko-maldiko jarri eta jam session bakarti bezain zoragarri bat eskaini zuen egunetik haserre baitzegoen harekin. Nikolas hura kontsolatzen arituko zen une hartan ere. Baina Bob Ieregi hantxe zegoen, tinko berean, arrabioendako tranpa bat baino ez zen hiri itogarri hartatik lehenbailehen alde egiteko txartelaren zain.

        Sei hilabete zeramatzaten han, baina hura azkar bukatuko zen. Belunako barran te konfidentzial hark kamuflatzen zuen CSW kikaratxoa hustu ahala te berri bat eskatuz, zain jarraitzen zuen berak, ziur baitzegoen, une batetik bestera, Sonny Piquerasek Belunako ate birakorretik sartu eta hitzaurrerik gabe esanen ziola akabo-nahikoa-da, kalean zeudela. Bitartean, zaldiaren ateraldi berriei buruz pentsatu, bere oroitzapenak errepasatu eta ahal zuen neurrian ahazteko beta zuen. Horixe egiten zuen arratseroko te hotzen artean.

        Bobi ez zitzaion sekula burutik pasa ere egin, Sonny Piquerasen ezizenaren zergatia hura medikuntzan lizentziatua izatea izan zitekeenik. Horregatik deitzen zioten Doktorea. Hau guztia gutxi balitz, Piquerasen emaztegaiak ere medikua behar zuen izan, hiriko psikiatriko bateko burua baitzen, postua Sonnyren botereari esker lortua izango bazuen ere, ziur aski. Horrela bada, arratsalde hartako bere hirugarren te konfidentziala husterako, Sonny bere neskarekin eta bi bizkartzain zuriz jantzitakorekin azaldu zen Belunara. Elkarri hitz erdirik ere esan gabe, bakelitazko telefonoa baino beltzagoa zen autoan sarrarazi zuten Bob Ieregi, Now's the time haren ahaire latatua entzuten zela Belunako gramola gero eta urruntzenagotik.

        Alkandora hertsagarri zuri batez lotu zuten. Autoko leihatilatik, ilunabarreko bizikletak ikusten zituen Ieregik putzuak gainezkatzen. Jendea korrika zebilen ganibetak bailiran erortzen ziren euri tanta zorrotzen pean ezker-eskuin mugituz bizkortasunez, euri tantek beren gabardinak zula ez zitzaten eginahalak eginez. Galtza motzez jantzitako mutiko bat ikusi zuen eta hura bere zaldia ebastera zihoaneko sentipen batere ez lasaigarriak zeharkatu zuen Ieregiren garuna, bere buruko tabako landaketetara heltzeraino. Orduan ohartu zen Bob egin zuenaren larritasunaz. Benetan erotzeko bidean jarri zuen bere burua, eromenaren mugetarako arrastoa zulatu besterik ez zuen egin azken asteetan. Bere zaldia ebastera zihoan mutikoak sobre bat zeraman eskuetan. Zubi altxagarriaren ondoan, ibaiertzean zegoen buzoian sobrea bota zuenean, lasaitu egin zen Bob Ieregi. Finean, hiri hartan ere bazen, bera bezala, biktima zenik anitz. Buzoietako erleen biktima.

        Erronbo itxuran alanbraturiko zubi altxagarria beheraturik zegoen. Azkar zeharkatu zuten honenbestez, gurpilen pean hosto erori berrien kraskatakoak entzunez. Klarari bere gutunik jaso ote zuen galdetzea ahaztu zitzaiola konturatu zen. Bere erleen teoria benazkoa ote zen jakin gabe geratuko zen berriro ere. Klarak ez zion azken asteetan hitz erdirik ere zuzendu, eta bere egoera zen bezain penagarria izaki, litekeena zen, berriro bere begietako trena sekula gehiago bueltan ez ikustea. Zubi altxagarriaren bestaldera heldu zirenean, bertan ere beste buzoi bat zegoela ikusi zuen Ieregik. Buzoiaren ondoan, beltzez jantzitako gazte bat ikusi zuen zigarroa pospoloaz pizten. Zigarroa piztu ondoren, pospolo oraindik izekia buzoiaren ahotik bota zuela iruditu zitzaion.

        Auto arrotz hartan, soinean zuen alkandora hertsagarri hark bere egoera animikoa ezin hobeto islatzen zuela konturatu zen. Bakarrik zegoen, bere buruari besarkatuta, ez baitzuen, hala nahi izanda ere, besarkatu ahal izango zuenik beste inor.