Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Galileok iradokizun bat egiten du
gorpu bat ezkutatzeko
Barealdiko elkarrizketa baten arrastoak
Bobek kartoizko pakete urdina zabaldu eta gauloiseak banatu zituen gaixoen artean. Haiei zigarroak ematea ume bati jostailuzko tren bat ematea bezala zen. Inori ez zitzaion zigarroari su ematerik bururatu. Batek hozkaka jango zuen zigarroa, bestea zigarroa sudurretik sartu eta «adarbakarra naiz!, adarbakarra naiz!» oihukatzeari lotuko zitzaion korridorean garrasika.
Galileo, Anatol eta Joe zeuden zokora bildu zen azkenean. Eroen artean ere, graduak eta graduak zeuden, eta hiru haiek ziren bere antzik handiena zutenak. Zigarroa pizten bazekitelako bakarrik bazen ere.
— Gauza da —hitz egiten hasi zen Galileo zigarroari nola heldu oso ongi ez zekiela, erdi eztulka; hitz egiten zuen bitartean, ihesi zihoan keari eskuaz eragiten zion bere ahora itzul zedin, kea airean linburtzea lurrin preziatu bat alferrik galtzea bailitzan—, gauza da Poliziak gorpua ez aurkitzeko leku aproposak gutxi direla. Noski txakurreria inozo samarra dela, baina gero eta ikastaro gehiago egiten dituzte. Esan nahi dudana da, zama gisara lastairaren bat jarri eta ur sakonetara botatzea ez dela jada garai batean bezain segurua, eta are gutxiago ibai batera botatzea biktimak, zuk egiten zenuen bezala, Anatol. Batzuetan, aurkitua izan ez dadin, hildakoa leku nabarmen eta ageri batean uztea izaten da onena.
— Orduan, zera, onena erronbo itxurako burdineriatik zubi altxagarrian zintzilik uztea nuen, arropa balkoiko hedagian lehortzen uzten den era berean zintzilikatzea biktimen gorputzak zubian, ageri-agerian, eta Gabonetako zorion-txartel bana jarrita gainera, etiketa moduan. Hori al da esan nahi duzuna?
— Horixe. Adibidez, horixe bera. Dena den, hildako baten gorpua ezkutatzeko erarik onena, zalantzarik gabe, beste hildako baten ondoan da.
— Nola beste hildako baten ondoan?
— Ez zitzaizuen sekula bururatu, ezta? Izan ere, hiltzaile profesionala izatea ez da dirudien bezain erraza. Entzun: hildakoa akabatzea izaten da errazena, baina behin akabatu duzunean, zer? Hor hasten dira komeriak. Hona zer egin behar den: autoan sartu eta gauerdian kanposantu bateraino karriatu. Behin kanposantura heltzean, ahalik eta aspaldien hildako baten hilobi desanparatu bat bilatu, hilobiko marmolezko xafla altxatu eta gorpua bertara bota. Ondoren, jauzi zalu batez hilobira jaitsi, zerraldoa ireki eta bertan sartu gorpua. Eta kitto. Zerraldo hori ez dute sekula gehiago irekiko; eta deskuiduan, egunen batean irekiko balute ere, aspaldi hildako baten zerraldoa aukeratu dugunez, orduko erraustua legoke lehen hildakoa, bigarrenaren hezurdurak lehenengoaren errautsak ohantze hartuta...
— Ez da metodo makala.
Anatol zen zigarroa dotoreen erretzen zekiena, xuabe, ezpain ertzean sostengatuz filtroa artetsu; Joe ostera, ezinean ari zen, eta honengandik ihesi zihoan kea bereganatu nahi zuen orain Galileok, bere zigarroaren kearekin aski asetuta ez, itxuraz.
— Ikusi nuen behin antzeko zerbait film batean. Kartzelan zegoen tipo gazte baten istorioa zen. Kartzelakideek pribilegiatutzat zeukaten gazte hau, espetxe hartan bizi osora kondenaturik ez zegoen bakarrenetarikoa zelako. Berak, ordea, gauzak beste era batera ikusten zituen: gaztea zen, odolberoa, eta ez zegoen bere bizitzako sei urte zuloan galtzeko prest. Kartzela hartatik mila eratara irteten saiatu ostean, beti harrapatu zuten, bere zigorra areagotzea baino ez zuen lortu. Konturatu zen handik ateratzen ziren bakarrak hildakoak zirela, handik zerraldo baten barruan bakarrik ateratzen zirela presoak, gaixotasun ezezagunen batek edota lupu gaiztoren batek jota hil ondoren. Hala bada, kartzelako medikua sobornatu eta hurrengo hildakoarekin batera, bera ere hilkutxan sartzeko tratua egin zuen, behin kanposantura heltzean medikuak berak kutxa ireki eta ihes egiteko asmoz. Garai hartan, itxuraz, kartzelako medikuak pertsonalki arduratzen ziren presoak kanposantuaren harresiaz bestaldean, hildako arruntengandik aparte, ohorerik ez zutenen esparruan lurperatzeaz. Horrela, kartzelatik atera eta kanposantura heltzean, medikuak zerraldoa irekiko zion, bera zerraldotik atera eta kitto, aske izango zen behingoz eta betiko. Plana biribila zen. Ez zen nahi ordurako heldu hurrengo hildakoa, baina azkenean behintzat zendu zen norbait. Hainbeste denbora igaro zen, ze jada, hiru hilabete baino ez zitzaizkion kondenaren osotasuna betetzeko geratzen. Zalantzan ere egon zen, itxarotea ez ote zen hobe, baina bere planak huts egitea ezinezkoa zenaz ziur, aurrera jarraitzea erabaki zuen. Ezkutuan, zerraldoan sartu eta hor atera zen kartzelako harresien bestaldera zerraldoaren barruan, hildako oraindik beroa kide zuela. Egundoko beldurra eta higuina ematen zion hildako batekin bizkarrez bizkar joateak. Ez zion begiratu ere egin nahi izan kanposantura bidean. Behin hara heltzean, ordea, hilkutxa zulora nola jaisten zen sumatu zuen izu laborriz. Hasieran, medikua adar jotze makurrean ariko zitzaiola iruditu zitzaion, baina lurra eta harri-txintxarrak palakadaz palakada zerraldoaren goiko oholaren kontra talkatzen sumatu zituenean, erabat larritu zen. Oihu batean lehertu zen. Kartzelako medikuaren hitzaz fidatu izanagatik inozo hutsa izan zela otu zitzaion. Pospolo bat piztu zuen hilkutxa irekitzeko moduren bat aurkitzeko itxaropenarekin, eta une hartantxe, zurbiltasunak jan zion azala, pospoloaren argipean, bere ondoan zegoen hildakoaren aurpegia bistatu zuenean: berak sobornaturiko medikua zuen zerraldoan lagun.
— Beldurgarria, alajaina! Zer uste duzu zuk honetaz, Bob?
— Nik? Ba... nire ustez Cadillac zaharrak ez dira inoiz hiltzen, gertatzen dena da Ogasun Ministerioak konfiskatu egiten dituela ezerezean utziz. Lastima da. Eta gero zaldiz ibili beste erremediorik ez zaigu geratzen.
Denak isildu ziren orduan, begi pare pentsatiak bakoitza norabide batera begira, kea sabaian esekita zegoela. Geldirik zeuden denak, Galileo salbu, zeina aulkiaren gainean zutitu eta sabaiko kea bereganatu nahian baitzebilen, hura ere irentsi nahian. Orduan, irratian, betiko blues baten ahots kementsu baina kexatiak urratu zuen jarabearen eta lixibaren usaina, pasillo garbitu berrien kutsua zuen egongelako isiltasuna hautsiz.
Bakarrik nago ez dudalako
sekula zu bezala inor maitatu
begira nire ametsa esku artean hautsita daukat
petalo horiaren lorautsa bazina ere
haizeak zaitu barreiatu
zergatik taupatzen du nire bihotzak orain
zu ez bazauzkat
ez du eta zentzurik taupada batek
Bakarrik nago ez dudalako
Joek zigarrokina hartu, lurrean belaunikatu eta telefono bat marraztu zuen lur axedrezatuko koadro zuri baten barruan. Errebolber bat ezkutatzea erraza zen. Gorpu bat ezkutatzea erraza zen. Baina errazagoa zen beti telefono bat ezkutatzea, gorriz lakatutako telefono elektriko bat ezkutatzea munduan zegoen gauzarik xinpleena zen, «eskolume batek ere erraz egingo lukeen zerbait» pentsatu zuen Joek, telefonoaren xerka etsian begiekin sabaia eta pasilloko apargailuak ikustatuz. Gorriak ziren apargailu guztiak, Alaskako erizain aluita haiek ezkutatzen zituzten telefonoak bezain gorriak. Eta bera dei garrantzitsu baten esperoan zegoen aspaldi. Eta non arraio, non arraio ote zegoen etengabe eta gauero esnarazten zuen telefono madarikatu hura.
Ttu egin zuen Joek lur axedrezatuan trazaturiko telefonoaren gainean. Euriak kristalak erasotzen zituen, eta noiz edo noiz, bonbilletako argiak dardara egiten zuen, erle batek betazalak kliskatzen dituenean bezala.