Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
— Ea bada, Anatol, hitz egin dezagun emakumeez.
— Ez, Nora andrea, hori ez. Nire liburuetan ez nuen sekula emakumeez idatzi.
— Zergatik ez, Anatol?
— Ez daukat esatekorik gai horri buruz. Esatekorik batere ez.
— Beldur diezu emakumeei? Gaiztoak direla irizten diozu agian, Anatol?
— Ez. Hondar bihurtuko dira Alaskako paretak, hondar bihurtuko dira.
— Ez erroak utzirik adarrei lotu, Anatol, emakumeez ari ginen.
— Adarrik ere ez da geratuko ordea, Nora andrea, ez al duzu ulertzen? Dena bihurtuko da hondar, erro eta adar...
— Hitz egin dezagun erizainez. Ez dituzu erizainak gustuko, Anatol? Zer esaten didazu Anari buruz? Azkenaldi honetan asko begiratzen diozula esango nuke.
— Ana hegoaldekoa da, Nora andrea.
— Hegoaldekoa, ongi. Besterik?
— Hegoaldea oso leku idorra da, andrea, hegoaldean hondar asko dago, ikaragarri. Saharan egin nuen nik soldadutza eta sinets iezadazu, Saharak ez du ilargiarekin zerikusirik. Ezta hurrik ere. Horregatik esaten dizut laster hau ere hegoaldean egongo dela, neoizko hizkiak jarriko dituzte laster: ONGI-ETORRI HEGOALDERA; HAU HERRIALDE LIBREA DA; ZERGARIK GABEKO ARDI LARRUA SALGAI. GEHIENEZ ERE HIRU PARE. Baina sandalioa ez den edonork daki Waterloon behar zituztela ardi larruz eginiko jakak. Guk ez dugu horrelakorik behar. Hegoaldea etengabe handitzen delako, eta iparraldea berriz txikitu, Alaska urtzen ari da, Nora andrea, eta horixe da Napoleonek ez zekiena.
— Zer esan nahi duzu horrekin? Alaska... urtzen?
— Bai, hegoaldea handitu egiten da eta zerua aldatu, zerua handitu. Brujula berriak egin beharko dituzte erradiadoreekin. Orain modan dago birziklatzearena, ezta? Ba hori, erradiadoreak birziklatu eta brujula berriak egin beharko dituzte hegoaldea hobekiago, zehatzago markatu dezaten. Gu ordea ezingo gaituzue birziklatu, Nora andrea, gure norabidea zuzenduko duen iparrorratz izan nahi duzue, baina ai, hori ezinezkoa da. Gure eromenaren norabidea ez dago brujula horien menpe. Brujula horiek ezin dute gurekin nahi dutena egin. Brujulak ez dira emakumeak bezalakoak, Nora andrea. Bai, brujulak emakumeak bezalakoak balira, lortuko lukete gura dutena. Baina ez. Brujulak ez dira emakumeak bezalakoak, ezta hurrik ere. Emakumeek beti irabazten dute, edozein delarik ere jokoa, irabazten utzi nahi dizutenean ere, nahi gabe, haiek irabazten dute beti. Baina brujulak ez dira emakumeak, hortxe dago gakoa.