Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Paradiso Radio
Ezagutzen duzue aho-soinua jotzen zuen itsuaren istorioa? —ahots sudurkari hark isilune luzeak egiten zituen esaldi batetik bestera—. Eskean ematen omen zituen egunak eliz atarian, harik eta norbaitek aho-soinu berri bat oparituko ziola esan eta aho-soinuaren ordez ganibet zorrotz bat ezpainetaratu zion arte...
Eta gure ezpainak ere, ez ote dira, antzinako borroka bateko zauri, zauri gorri, zauri bikoitz...
Kontsola zaitezte: ziur badagoela beste nonbait, beste ezpain bikiren bat zuengan jarrita dauzkana bere pentsamenduak. Nik adibidez... zugan... bi sahats badira munduan, gure lorategian dago elkartuko dituen hamaka... Goizeko bostetarako hamalau minutu doi falta diren honetan, laztan bat bidaltzen dizuet kariñoa zer den ahantz ez dezazuen. Eta muxu bat ere bai. Hortxe. Gehien maite duzuen zauri bikoitz gorri horretantxe. Gogoratu 22.2, hiru zisneen irratia dela hau, Paradiso Irratia.
Susana Qrekin hitz egin dezakezue hala nahi izanez gero. Gogoan izan gure lorategira sartzeko kutxa blindatuaren konbinazioak: 31269 eta 42344. Amodiorik bada gure parkean, hemen, Paradiso Irratian, zu entzuteko gaude... Smithers anderearen lorategian noski, non bestela.
Charlie inoiz baino hobeto ari da jotzen
mutikoa ezkutatu da billar mahaiaren azpian
(mutikoak badaki zer egin, badaki zer egin)
eta Smithers andereak ezin du lorik egin
o, ez, Smithers andereak ezin du begirik bildu
kontrabaxuak behin eta berriro dio:
zenbat tren leihoan insomnio guztiak dastatzeko ere
Zer den jazza erranen dizut:
betikoa whiskya den hiztegi bat, den hiztegi bat...
Billar mahaiaren gainean larrutan ari diren
bi emakume,
disimuluan non dago takoa? galdetzen duen agure zelatia
konturatu orduko oinen azpialdeetatik
gorputzaren barrua zeharkatuz bortizki
bururaino igotzen den begirada bertikal
tren abiadurako bat
begi elektrikoz betetako zoru batean oinez ibiltzea
oinez ibiltzea hogei zentimetro zoruaren gainetik
zure buruan zaldi karrerak egiten direla sentitu
apustu egin eta zerbait irabazi edo dena galdu
funerariako kotxe beltz bat baino beltzagoa den
bakelitazko telefono baten ondoan zain egon
(zure deiaren zain, ulertzen duzu)
O Mrs. Smithers' flowers, Mrs. Smithers' poor flowers
Gure sintonia eten beharrean gaude: berrien txanda da orain. Atzo, agentzien arabera, Marcos Vicente Machado, hogei urteko gazteak bere buruaz beste egin zuen Brasilgo erdigunean dagoen Goianian. Hil aurretik idatzitako gutun batean adierazi zuenez, bere asmoa, Mamonas Assassinas, joan den larunbatean Brasiliatik Sao Paulora zihoazela hegazkin istripuz hilik suertatu ziren rock taldeko kideekin bat egitekoa zen. «Mamonas taldekoekin eta Edsonekin (bere lehengusu berriki hilaren izena zen Edson) elkartzera joan naiz. Ez negarrik egin. Elyne eta Kellen maite ditut», idatzi zuen Marcos Vicente Machadok aizto elektriko batekin bere buruaz beste egin aurretik.
Bitxikeria bezala erantsi, igarkizunetan trebe den astronomo batek rock talde honetako kideek hegazkin istripua izanen zutela aurreikusi zuela, eta halaber aurreikusi duela Brasilgo presidentearen hegazkin istripu molde bertsuko bat gerta daitekeela ondorengo egunetan. Fernando Henrique Cardoso, Brasilgo presidenteak, ez du, ordea, igarkizuna aintzakotzat hartu eta 1958an eraikitako bere aireplanoan bidaiatuz jarraituko duela adierazi du.