Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Lo kamutsa versus bisturi zorrotza
Lobotomia ebaketa hasteko orduan, garun ireki batek azalore gorri eta irristakor distirati baten antzeko izan behar du mediku esperimentatu eta ohitu baten begiendako. Lehenengo urratsa, burua makinilla batekin soiltzea, noski. Gero anestesia. Bisturiarekin buruan alderik alde ebaki luze bat egitea da hurrengo pausoa, eta gero, latexezko eskularru meheekin, ebaketan gidari den zirujau esperimentatuak buruko azala banatzen du garuna den azalore gorria agerian utziz. Garunaren hemisferio biak elkarrekin komunikatzen dituzten hariak ebaki beharko ditu gero, eta kitto. Ebaketa honen ostean, ero arriskutsu zen hura hitz egiteko gaitasuna galdurik eta ia mugitzeko gauza ez dela geratuko da. Dozenaka aldiz egin du medikuak ebaketa berbera; gogorrak dira oso lobotomizatzearen ondorioak, bai, ezin uka, baina behar beharrezko direnetan baino ez dira halako ebaketak egiten.
Oraingoan, ordea, mediku esperimentatu eta ohituak burua ireki duenean, ez du inolaz ere azalore gorririk topatu.
Buru barruan erabat ezohikoa zaion ikusmira topatu du kirofanoko sabaian alderantziz zintzilikaturiko entsaladera metaleztatu haren argipean. Espejismo bat zela uste izan du hasieran, baina bere inguruko erizain eta laguntzaile harrituek ikusten zuenaren egiazkotasuna baieztatu diote: paisaia bat ikusten da buru barruan. Garunaren alde batean amapola landaketa gorriak, egundoko zabalera duten landaketak, ehunka eta ehunka hektareatan zabalduz, haize leun batek astinduriko amapola zelaiak. Eta garunaren bestaldean berriz, tabako landaketak. Bi landaketok banatuz, ibai bat, alkohol kirats izugarria daramana bere auskalo norako isurian behera. Ibai ertzean hildako zakur bat. Bat-batean, ibaiaren ondotik datorren biz-biz zarata ezeroso bat sortuko da, gero eta jasangaitzago. Ibaiaren kontrako norakoan eta hemisferio bien artetik txiki lehenik, kirofano zurian barneratuz handiago gero, ehunka eta ehunka erle matxinatuk inbadituko dute kirofanoa, ebaketa egiten zutenen artean izu laborria sortuz. Azkenean behintzat, kirofanotik erleak uxatzea lortuko dute zirujauek, bata zuri eta latexezeko eskularruen tarteetan zein azulexu zurietan borrokaren zeinu zulatuak present geratuko badira ere.
Orduan medikuak josi egingo dio berriro ere burua gaixoari, josteko makina batekin baino arinago, presaka, seko ikaratuta, erlauntza bat josten ari den sentipenaz. Lasaitu, latexezko eskularru berriak estreinatu eta ikusitakoa ahazten saiatuko da. Medikuntza liburuetan agertzen ez den oro, hobe ahaztea.
— Hamaika ikusteko jaioak garela baina, halako azalorerik, arranopola.