Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Aurkibidea
IN THE TRAIN THROUGH YOUR EYES
Trena hartuko nuke (zure begietan) estaziorik balego
INOIZ EZ DA BERANDU SALTO EGITEKO
Beluna Moon, te konfidentziala
Anatolek zazpi aholku ematen ditu pistola bat desagerrarazteko
Tximeleten hegoak dira tabakoa liatzeko papera
Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman
Anatolek emakumeei buruz hitz egiten du
Someday, my princess will come
Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak
Galileok iradokizun bat egiten du gorpu bat ezkutatzeko
Zer eternalagorik lore artifizial bat baino
Paperezko hegazkinak
Euriak ganibetak bezala zulatzen zituen Belunako leihoak. Ezarian-ezarian, teak oroitzapen gozoak ekartzen zizkion Bob Ieregiri.
New York utzi zuten hartan, diruz estu zebiltzan. Hegazkin txartelak ordaintzen xahutu zituzten sos denak. Billeteak faltsuak ziren, ordea; kopia txar samarrak, gainera, eta emakume lepo-luze hura billeteen eite susmagarriari begira jarri orduko, Bobek, tronpeta-zorroa mostradore gainean pausatu eta musikariak zirela esan zion zikoina lepoa zuen neska hari. Jiran zihoazela Europara.
— Zure izena esaten badidazu balada bat idatziko dizugu.
Emakumea xaramelatuta geratu zen, eta dolar faltsuak kutxaratuz, pasajeak eman zizkien.
— Seduktore putaseme bat haiz —esan zion Nikolasek ahapeka.
— Hala uste diat, bai —arrapostu Bobek bere irribarre, errespetu guztiarekin, putaseme batena zirudien harekin.
Hori gutxi ez nonbait, eta hegazkin berean bi eserleku ez zeudela-eta, Nikolas Holoborodko bere aurretik abiatu zen Europarantz. Bakarrik egin behar izan zuen Bobek bidaia, beste hegazkin batean. Amazoniako sugeei buruzko aldizkari monografiko bat eta toffee poltsatxo bat erosi zituen aireportuko kioskoan. Niko berarekin ez bazihoan, Nikoren hain gustuko ziren toffee haiek konpainia egingo ziotelakoan zegoen. Abioira igotzerako, aho-sabaian itsatsirik zituen hiruzpalau karameluren kondar kafe zaporekoak.
Gorrotatu egiten zituen hegazkinak. Azafaten kortesia gehiegizkoa, ia klinikoa. Alferrik esango zioten berari altzairu kizkurtuzko laminaz eginiko traste zilarreztatu haiek seguruak zirela, hegazkina pilotatzen zuten haiek guztiek otordu ezberdinak egin behar izaten zituztela derrigorrez, janari txarrik egokituko balitz tartean, komandantea edo komandante ordea, bietako bat bederen, osorik egotea komeni zelako; aireportuetatik kontrol estu baten pean gordetzen zituztela hegaldi oro. Bob izugarri beldurtzen zuten hegazkinek. Motorren arteko zuloak eta hegoen barrualdeak betetzeko egunkari orriak eta kartoi puskak sartzen zituztela entzun zuen behin. Klarak ere bazuen hegazkinekin makina bat istorio, baina ezin ba Klarak esaten zuen guztia sinetsi. Klararen senarraren lan bidaia luze bat baliatuz bertatik bertarako hegaldi batean biak elkarrekin Ieregiren kontzertu baterantz zihoazela, komandante jaunak aurpegi txarra zeukala komentatu zion Klarak Bobi. Ziur aski, emaztegaiak utzi egin izango zuela egun horretan bertan, triste ematen zuela benetan.
— Eskerrak bi pilotu egoten diren beti.
— Bai, bat deprimituta balego ere, badaezpada.
— Deprimituta?
— Bai, motel. Marokon gertatu zuan behin, duela bospasei urte.
— Zer gertatu, baina?
— Bertako hegazkin konpainia batek, diruz estu samar zebilela-eta, plantillako pilotuen erdia bota zian kalera, hegazkin bakoitza pilotu bakarraren esku utziz. Berez ez duk hain zaila, hegazkin bat manejatzea bizikletan ibiltzea bezalakoa duk...
— Eta?
— Horixe ba, behin pilotu bat emaztegaiak utzi eta egundoko depresioa harrapatu zuela gizarajoak... Zer okurrituko eta, Casablancarantz zihoan hegaldi erregular batean bere buruaz beste egitea, bere bizkarrean zeramatzan hiru tripulaziokide eta ehun eta hirurogei bidaiariak ere suizidaraziz, bide batez. Lege inperatiboz ezarritako suizidioa.
— Casa... Casablanca esan al dun?
— Bai, tira, badakik ezta?, beti geratuko duk Paris eta lelokeria horiek denak. Baina Paris ez duk inoiz geratzen, horixe duk egia gordina. Paris ez duk sekula geratzen, Bob.
Hau guztia lasai demonio bota ondoren, Klarak egun hartan egin zuen keinua jaso zuen Bobek gogoan. Eskuaz muturraren aurre-aurretik igarotzen zen erle bat uxatzen ariko balitz bezalako keinu ondulatua. Nondik begiratzen zen, keinu hura hegazkin baten amiltze goxotzat ere har zitekeen. Klara bere bizitzatik desagertu ondoren, nahi gabe bere bihurtuko zuen Bobek keinu hura. Emakume harekin ez zegoen jakiterik noiz ari zen gezurretan eta noiz egiatan, istoriorik sinestezinenak trebezia izugarriz amarauntzeko gai zen-eta. Askotan pentsatu izan zuen Bobek, Klararen aingeru aurpegiaren pean, gaizkiaren makabrotasunaren erpin potentzial zorrotz bat ezkutatzen zela. Gezurra zen dudarik gabe komandantearen aurpegi txarraren hura; Bobek hegazkinekiko zuen izu-laborria ezaguturik eta kaila jotze hutsagatik bota zituen Klarak, ziur aski, asmatu ahala esandako guztiak. Baina bidaia hartan ere eskuak izerditan eduki zituen hegazkinak lur hartu zuen arte.
New York utzi eta hegazkin metal xafla elkarlotuz osatu hark Amerika lurruzten zuen hartan ere, bakar-bakarrik zihoala, eskuak izerditan zeuzkan. Izter gainean jarri zioten afariko azpila lurrera eror ez zedin nahikoa lan eduki zuen; garbiro gogoratzen zuen hori izan zela bidaiako lehen pausoetako bere ardura nagusia. Erlauntzetako erle andanen ziztuak sumatzen zituen abioiaren hegoen azpietan. Leihatilatik ez zuen behin besterik begiratu. Hegalen barrutik, haizagailuek eraginik, egunkari pusketak ateratzen zirela iruditu zitzaion. Bat bestearen atzetik irentsi zituen geratzen zitzaizkion toffeeak.
Bidaiaren bigarren aldea ez zitzaion Bobi batere aspergarria suertatu. Gogoan zuen. Bidaiarien keinuei eta aurpegikerei beha egin zuen zati hau, aireplano batean zihoala ahaztu nahian, hegazkinaren motorretako erleak amapola landaturik zeukan garunaren aldera baztertu nahian. Ahanzturaren aldera. Taberna batean bakarrik eta beste norbaiten zain zegoenetan ere, oso gustuko zuen Bobek inguruko jendearen keinuak eta hizketa moduak behatzea. Belunan askotan jolastu izan zuen horretara, baita jotzen ari zen bitartean ere, bere aurrean eseritako entzuleekin. Bazuen Bobek, tronpetajole trebe izateaz gain, beste abildade berezi bat: berehala hartzen zion jendeari bere aurreko bizitzan zer izan ote zenaren antza. Zenbaitengan oso nabarmena zen. Bereizten errazenak beren aurreko bizitzan katagorri izandakoak izaten ziren: begi beltz tunel izandakoetara eta hortzetara begiratzea nahikoa horretarako. Horietakoa zen Nikolas. Hegazkineko bidaiarien artean, ez zuen, ordea, katagorririk batere sumatu. Amazoniako sugeen aldizkari monografikoko argazkiak bere inguruan eseritakoekin parekatuz igaro zuen denbora, parekatze haietatik emaitza ikusgarririk lortu gabe, halere.
Parisko aireportuan ordubete eman zuen okerreko rendez-vous batean Nikolasen bila. Jende izugarri zebilen, baina Nikolasen arrastorik ez. Azkenean, maletak eta ekipaiak biraka zebiltzan zinta mugikorrera igo, eta bertan biraka tronpeta jotzeari lotu zitzaion, istantera Niko ikaratu aurpegiarekin korrika inguratu zitzaion arte. Hitzez hitz zuen gogoan harekin izandako elkarrizketa.
— Bob, eroa! Heltzea besterik ez diagu egin eta estradita gaitzaten paperak betetzen? Jaitsi hadi hortik!
— Nire burua noiz edo noiz erokeriaren bat egiten ikusteko plazer hau ez banu, hermano, aspaldi egin nuen nire buruaz beste.
— O, izan ere —txantxa aurpegia jarri zuen Nikolas Holoborodkok besoak teatralki zabalduz— norbere buruaz beste egitea baita heriotzari diogun beldurra gainditzeko era bakarra...
— Miles Davis?
— Ez ba, William Shakespeare.
— Shakespeare? Zer jotzen dik, saxoa? Illinois aldekoa ez duk behintzat, izen horrekin.
— Hoa mingainarekin igelak lehortzera.
Gogoetaz gogoeta, Beluna klubeko leihotik haraindira, betun beltzez janzten ari zen arratsa.
Oraindik gogoan zuen Miles Davis ezagutu zuen eguna. Artean hamazortzi urte baino ez zituen, Manhattan Bridge izeneko lokal ttipi batean egiten zuen lan Bobek. Idolo handitzat zeukan Ieregik Davis, eta aurrez aurre ikusi zuenean izan zuen estreinako aldiz orduan oraindik kontrolagaitz egiten zitzaion bisio horietako bat: Miles Davis ikusi beharrean, bere aurreko bizitzan izan zen gepardo beltza ikusi zuen begien aurrean. Sudurrean nabari ziezaiokeen bereziki bere aurreko bizitzako nortasuna. Baita ezpainetan eta begi erasokor geldietan ere. Bere azala mila urteko zuhaitz beltzez osaturik zegoen, baso kiskalietatik bizirik ateratako adarrak ziren haren hatzak. Oso zen nabarmena Milesen baitako gepardo beltza. Bere idoloa aurrez aurre ikustean konortea galdu zuen —lehenbiziko aldiz eta azken aldiz bere bizitzan—; horrela, Miles Davisi honen kantuen gainean Bobek zuen inprobisatzeko gaitasuna erakusteko aukera paregabea galduz. Konortea berreskuratu zuenean, ordea, Miles berbera zen eszenatokian Bob Ieregiren lekua hartu eta Bobek konposaturiko Telephone booth in the sky kantua jotzen ari zena. Bere bizitzako arratsalderik ederrenetakoa irizten zion egun hartako hari. Gepardo hura.
Goizero, bizarra moztean, bere aurpegiari ere begiratzen zion, baina luze saiatu arren, oraindik ez zion bere buruari aurreko bizitzan izan zena antzeman. Gauza bat ziur zekien: hegan egiteari zion beldurra ikusirik, ez zen hegaztia izan, bederen. Ala agian, hegazti izan zelako zion beldur hegan egiteari? Auskalo.
Kikara ezpainetaratu, neurrigabeki irauli eta tearen kondarrarekikoak egin zituen, berriro ere bere burua New Yorketik Pariserako hegazkin bidaian irudikatuz: abioiak lur hartu aurretik, norbaitek inguratu zion egunkari bateko letra ttipia irakurtzeari lotu zitzaion. Atzera ere urduriarazi zuen berri bat atzeman zuen berri bitxien tartean. Egunkaria begien aurrean balu bezala oroi zezakeen: T. Bernhard delako kronikari gosekila izan behar zuen batek izenpeturiko berria zetorren egunkarian. Postari bat lanetik kaleratua izan zen, lau urtetan zehar berri txarren eramaile izan zitezkeela susmatzen zuen gutunak, edota eskela nahiz berri tristeak jakinarazten zituztenak banatzen ez zituelako, karta hauek guztiak bere etxeko beheko suan erretzen zituela, bere lana arduraz egiteko modua hura zelakoan. Postari gizarajoa eroetxe batean omen zegoen orain, non postari uniformeaz etengabe ibiltzen baitzen eroetxearen alde batetik bestera gutunen karreiuan, eroetxeko administrazioak helburu horrekin espresuki jarri zion buzoira bildu eta gaixoen artean korrespondentzia banatuz. T. Bernhard delakoak argitzen zuenez, eroetxera sartu bezain laster eskatu zituen postariak bere postari lanerako trajebuzoa eta kapelua «osterantzean erotu egingo zela» argudiatuz. Denboraldi luze hartan, jaso ote zituen Klarak bere gutunak? Zalantzan zegoen orduan eta zalantzan jarraitzen zuen orain, ez baitzion sekula galdetu.
Abioia lur hartzera zihoala, sakelan zeraman azken toffeea ahoratu zuen Bobek. Gustura botako zukeen une hartan karamelua biltzen zuen papertxoa hegazkineko kristal lodiko leihatilaren bestaldera, leon-kastillo zotz eginez, txikitan bezala, txanponik ezean karameluaren papertxoan zeuden marrazkien arabera erabakiz baiezkoa ala ezezkoa, nau ala ez nau. Maite, alegia.
Baina orain, Belunako kristalaren bestaldean egunak begiak betunez zikindu zituen une hartan, hark guztiak ezer gutxi axola zuen. Ezer gutxi axola zuen Parisko zazpi pentsiotatik ordaindu gabe ihes egiteko erabili zuten sistemak (maletak leihotik bota, nola izena duzu?, musikariak gara, jazzekoak bai, zure izena esaten badiguzu balada bat idatziko dizugu, nola idazten da hori, aja, bi u-rekin, gure kontu...). Gutxi, ezer gutxi axola zuen orain horrek guztiak. Klarak gutunak jaso ez ote zitueneko aferaren jakin-mina berriz, oraindik ase gabeko hipotesi bat zen.