HOGEITA BAT
Amaitu da espazioaren eta kosmonauten sasoia.
Gorputzak inmentsitatera jaurtitzearen lilurarekin
hazi dira aurreko belaunaldiak, eta
irudikatzen ditut telebistari begira,
desertu batean espaziotik objektu bat
nola erortzen den ikusten,
eta hunkitzen ere bai, objektu horren barrutik
gizaki ņimiņo bat ateratzen delako
eta agurtzen duelako itxaropentsu
eskuarekin mundua, eta akaso oraindik
soinean daramalako igarotako zabaltasunaren
arrastoren bat ere.
Agur keinu hori jasotzen dut
eta iraulita jaurtitzen dut bueltan,
blokeen gerra disolbatu baita jadanik
bestelako gerra batzuetan, eta orain
gure baitan topatu dugulako
miresmenerako eta beldurrerako materiala.
Partikulen mendea heldu da, eta gugan dago unibertsoa.
Gure baitara heldu da amildegia.
Surrealisten objektuen errebelioaren promesa dakar
nazioarteko jihadismoak, batetik,
eta zelula amen mirarian eta errore genetikoen
horroreetan hazi gara, bestetik.
Partikula itsaso batean diluitzen goaz,
eta tarteka igartzen dut nik neuk ere
geure baitan ezkutatzen den ezerezaren laztana:
ez daukagu txakurrik gure aurretik horra bidaltzeko.
Galtzerdiei bezala eman zaio buelta
etorkizunaren esperantzari,
eta enpresa multinazionaletan psikologia tailer
boluntarioak eskaintzen dizkiete langileei,
erakusteko arazoei aurre egitea norbere
ikuspegi kontua besterik ez dela.
Zoriontsu izateko ezgaitasun pertsonala zamatu digute.
Orain norabide guztietan goaz guztiok
aldi berean ihesi, etorkizunari geure kontu
korronteen mugimenduez koreografia kaotiko
global eder baten trazak utzita.
Heldu da digituen eta bakardadearen urtaroa
humanitatearen historiara.
Makinen utopiatik sareko pentsamenduaren utopiara
pasa garela diote baikorrek, baina
izerdi isotoniko bera botatzen ikusten ditut nik
ofizina unipertsonaletan itxitako langileak,
beren gurasoen aulki gurpildunak
azal iluneko emakumeek soldata eskasen truke
bultzatzen dituzten bitartean.
Esaten didate ez gauzak nahasteko,
gauza batek ez duela loturarik bestearekin,
eta nik, aldiz, lotuta ikusten dut dena
lurpeko korronte ikusezinen bidez.
Plazeraren antsietate azeleratuak
obsoleto bilakatu du desiraren denbora,
eta geure baitan ximeltzen sentitzen dut
zoriontasunaren pipil intimoa loratzeko aukera.
Anarik tristuraren industria deitzen dio
horri guztiari bere kantetan,
eta egia da nire gertuko lagun guztiak
daudela, egon direla edo egongo direla
modu batera edo bestera
medikatuta beren bizitzako uneren batean.
Errudun sentitzen dira, eta triste daude,
eta errudun sentitzen dira triste egoteagatik.
Akaso horregatik nahi ditu mundu guztiak
bere egitekoak behingoz utzi eta kreatiboa izan
euskal mendebalde zuri dirudun moduko honetan.
Denek dute nobelaren bat aspalditik buruan bueltaka,
disko baterako kanta sorta bat
edo erakusketa bat osatzeko emango lukeen
kontzepturen bat.
Batera doaz amets pertsonalen inflazioa
eta prekarietatearen kolektibizazioa.
Eta onartzen dut: ni neu ere errudun sentitzen naiz
nire poemengatik tarteka, baina jarraitu behar dudala
errepikatzen diot neure buruari, eta jarraitzen dut.
Sateliteek eta kamerek anikilatu dituzte
poloa zabaltzeko abenturak.
Ez dago zuritasun posiblerik jada,
eta gizatasunaren jario historikoarekin
eten dugu horrela.
Gure kode genetikoetan zikinduta
jaio gara mende honetara.
Zuk ere ez duzu entzuten nola kolapsatzen den guztia
guztiaren baitarantz zaratarik egin gabe?
Digitalitatean ito da bizitzeko leku erreal baten
bilaketaren antsia, baina jarraitzen dute
gorputzek itsasoa zeharkatzen.
Atzoko albistegian ikusi nituen gorpu beltzak
metatuta Mediterraneoa gurutzatzeko
puztutako plastikozko txalupa horiztetan.
Decathlonen 30 euro balio ditu txalupa horrek Europan,
eta Decathlonen 300 euro balio ditu
txalupa horrek berak Ceutan eta Melillan.
Lehen ez dut esan, baina surrealisten objektuen
errebelioaren promesa betetzera dator
nazioarteko kapitalismoa ere.
No ideas but in things.
Abisatu zuten: gizakiaren aurka itzuliko dira gauzak.
Aurrez ere iltzez beteta zegoen plantxa bati
iltzeak jartzen asmatu zuen Man Ray artistak,
eta abiaduraren eta txikizioaren sasoi betean
esan zuen Filippo Tommaso Marinettik
ederrago zela lasterketa automobil bat
Samotraziako Venusaren garaipena baino,
baina aurreko mendeko kontuak dira horiek guztiak,
ze orain, automobilen ordez, automobilen ideiek
garraiatzen gaituzte gu immaterialtasunerantz.
Gustuko duzu gidatzea?
Galdera entzute hutsarekin, ez duzu sentitzen
haizea zure esku ahurra laztantzen?
Bagoaz oin puntak bustitzen
ezerezaren ozeano inmentsoan.
Umetan traktore marka ahalik eta gehien aipatzera
jolasten ginen eskolan, eta haien zarata iristen zait
oraindik iraganaren zirrikituren batetik,
eta haien jauziak ere bai uda garaiko
soroetarainoko bidean:
John Deere, New Holland, Lamborghini, Ford, Pascuali...
Orain markak baino ez zaizkit gelditzen,
eta harro jaurtitzen dut nire fantasma sarea airera,
plazer hutsez, soilik ikusteko zer dotoreziaz
erortzen den ezer harrapatu gabe.
Poetak heriotzatik salbatzeko izendatzen ditu gauzak,
Takis Varvitsiotisen hitzetan.
Baina nik orain aipatzen dut Takis Varvitsiotis,
eta Takis Varvitsiotis hilda dago.
Egia esan, pentsatzen baduzu,
jende gehiago dago hilda bizirik baino,
baina inor ez da gai hildako guztien izenak gogoratzeko,
eta oraingoz nahikoa zait, besterik gabe,
portzentualki gehiago direla pentsatzearekin.
Hogeita bederatzi hildako, bizidun bakoitzeko,
azken datuen arabera —eta umeak dira gehienak—.
Izan ere, portzentajeen mendea da hau.
Adibidez.
Biztanleriaren % 100ek dauzka hemorroideak
baina erdiak soilik sufritzen ditu.
Hemorroideen aurkako sendagai enpresa baten ikerketa.
Biztanleriaren % 75ek uste du nahikoa dela
jostailuak xaboiarekin eta urarekin garbitzea.
Umeentzako jostailu enpresa baten ikerketa.
Biztanleriaren % 50 baino gehiagok
arrakala bat izan du mobilaren pantailan.
Mobil etxeek egindako ikerketa.
Biztanleriaren % 25ek depresioa eta antsietatea ditu.
Industria farmakologikoak egindako ikerketa.
Biztanleriaren % 0,7k dauka munduko ondasunaren % 45,2.
Credit Suisse finantza zerbitzu etxeak egindako ikerketa.
Biztanleriaren % 0,0000000135135135 da
gutako bakoitzaren bakardadea.
Munduko biztanleria osoaren % 0,0000000135135135 batek
egindako gutxi gorabeherako kalkulua.
Igartzen duzu nola doan trinkotzen
zeure baitan desagerpenaren lanbroa?
Bakarrik doa autoan lanera biztanleriaren
ehuneko handi bat eta beldurtuta ere bai,
alboko autoan lanera bakarrik doan
biztanleriaren beste ehuneko batek
bere aurka egingo ote duen.
Mendekuaren zain bizi gara, eta akaso horregatik
betetzen dira gure etxeetako pantailak
gizakirik gabeko autobide paisaia
post-apokaliptiko nuklear ederrekin,
egungo imajinazioaren proletarioei
errazagoa baitzaie planetaren suntsipena irudikatzea,
bestelako planeta bat amestea baino.
Galdera globala, letra larriz idatzita, jadanik ez da
nora goaz, baizik eta noiz arte.
Arte katalogo batean irakurri nuen ideia
eta gustatu zitzaidan formulazioa.
Wolf Vostell eskultoreak XX. mendean esan zuen
autoa zela XX. mendeko eskultura.
Baina nik orain jakin nahi dut zein den
XXI. mendeko eskultura, eta logotipoak
baino ez zaizkit agertzen bilkurara.
No ideas but in things.
Ez al da liluragarria ikustea nola joan diren
objektuak objektuen ideietan desintegratzen?
Neure buruari galdetzen diot, XX. mendean
produkzio industrialak pop kulturaren agerpena
ekarri zuen bezala, ez ote zuen akaso
objektu artistikoaren urratsez urratseko
desagerpenak ere bere modura iragarri
produkzioaren kapitalismotik
esperientziaren kapitalismorako trantsizioa.
Publikoa irudikatzen dut konferentzia gela imajinario
erraldoi batean gehienez ere eztul egiten,
eta badakit jarraitu beharra dudala, halere,
eta jarraitzen dut.
Denek esaten dutelako jadanik ez dutela inporta
jatorriak eta helmugak, lekuek jadanik
ez dutela iraganean bezainbesteko garrantzirik,
eta, hain zuzen, horregatik pentsatzen dudalako
nik lekua dela gure mendearen gaia.
Bizitzaren ekoizpena ere deslokalizatu dugu.
Kolpe bakar batean kendu nahi luke gainetik
gorputzen eta lekuen zama mende honek,
eta zehazki horregatik diot nik orain
gorputzak eta lekuak direla erresistentzia esparrua.
Transferentzien aroa da. Marketinarena. Ideiena.
Eta ni ez naiz fio ideiez, gauzez fio naiz ni.
Irudikatzen ditut objektuak bidaia eternoan
beren sorleku industrialetatik
beren deskontudun helmugetara eta
Kartagoko armadek jaurtitako gezi masa
erraldoi baten pare ikusten ditut mundua
beti norabide berean zeharkatzen,
etenik gabeko kontsumo jario batean.
Zuri eta nabarmen, objektu horiek erakusten didate
beste ezerk baino argiago mende honen eskeletoa.
Esan dut: heriotza ezkutatzen da objektu guztien atzean.
Adibidez.
Ehunka pertsona hil ditu jihadista batek
kamioi soil bat erabilita,
eta berriz galdetzen dut horregatik:
gustuko duzu gidatzea?
Mercedes, Isuzu, Volvo, Man, Scania, Hino, Ford, Hummer.
Hildakoak. Hildakoak. Hildakoak. Hildakoak. Hildakoak.
Ze markatakoak dira hildakoak?
Hain dago merke hildakoen produkzioa,
ez dutela markarik ere behar.
Eta halere kontu jakina da marka handiak daudela
beti markarik gabeko salgaien atzean.
Gaua izarrez argitzeraino uzten ditut orain
distira egiten emakumez betetako
ehun-fabriken suteak nire garuna
populatzen duten zentro komertzialen
diseinuzko ilunpeetan.
Lagun batek metroan esan dit zerbaitetan
eroso sentitzen hasten den aldiro
piztu ohi zaiola mesfidantza,
eta zuzen dabilelakoan nago.
Gauza guztien atzean dago heriotza.
Adibidez.
Nevadako desertuan leihorik gabeko gela itxi batean,
milaka kilometrora dagoen familia baten patua
erabakitzen du hogei urteko mutiko zintzo
eta ametsez bete batek bere hatzaren
mugimendu minimoarekin.
Mutiko horrek Coca-Cola bat edaten du,
eta mutiko hori ez da inor.
Eta, halere, are gutxiago da oraindik mutiko horrek
gidatutako dronaren itzala ikusi ere egin gabe
lehertu den indibidualitaterik gabeko jende multzoa.
Zuzenketa: gorpukin multzoa.
“Zeinen erraz bilakatzen den
bizidun bat hildako”. Yannis Ritsos.
Irudikatzen ditut beren etxea apaintzen zuten
objektu guztiak kalean hedatuta,
heriotzak mundura loratu balitu bezala,
eta banaka jasotzen ditut orain
poema hau gauzaz goraino betetzeraino.
Stalinek esan zuen kapitalistek salgai jartzen dutela
baita beren burua urkatuko duen soka ere,
eta egia da.
Kaleak bideo-bijilatuta daude horregatik
segurtasun kamera oihanez
eta gure milioika fotoez ere bai:
Europa osoa irudikatzen dut Europa osoa zelatatzen.
Bartzelonako turista guztien argazki-kamera guztien
flash guztiak aldi berean piztuko balira
sortuko litzatekeen argitasunarekin amesten du
Mireia Calafellek bere poemetako batean.
Bere gezurrak ezkutatzeko itzalik gabe
geratuko litzateke hiria.
Igartzen du bere ezereza mende honek eta saiatzen da
haren aurka nolabaiteko neurriak hartzen.
Horregatik du halako obsesioa dena gordetzearekin,
dena fotografiatzearekin, dena grabatzearekin,
dena betikotu nahi duelako, gero, hartzailerik
gabeko eternitate baterantz jaurtitzeko,
ezerezak bere altzoan har dezan.
Suntsipenaren egunerako janzten du
bere oparotasuna aro honek.
Mina anakronikoa bilakatu zela esan zuen
Orlan artistak XX. mende amaieran.
Nik herren ikusten ditut oraindik pobreak kalean.
Agure bat lurrera erori zen aurrekoan:
negar eta oihu egiten zuen.
Asmatu behar dut agian gauzei beste modu batera
begiratzen, baina txikiegia da nire enpresa
psikologia tailerrak antolatu ahal izateko,
eta jarraitu beharra dut horregatik,
eta jarraitzen dut.
Esate baterako, Angelica Liddell antzerkigileak dio
inbentarioa dela horrorea deskribatzeko
ezagutzen duen modu zintzo bakarra eta
horrorez beteta dagoela XX. mendea.
Gustatzen zait ideia.
Nik Ikeako katalogoak jasotzen ditut
eguberri guztietan postontzian,
irakurtzen ditut patxadaz,
eta susmoa izan ohi dut ez ote naizen ari
XXI. mendeko demonio guztiak banan-banan
beren benetako izenez egongelara konbokatzen:
Godmorgon, Tolken, Törnviken, Hemnes, Rättviken,
Voxnan, Vitemölla, Lillangen, Istad…
Formarik gabeko horrore zerrenda bat irudikatzen dut
altzari leun horietako bakoitzaren
itzaleko alde ezkutuan.
Jon Gerediagak aipatu zidan esaten dudan honek guztiak
baduela garraztasun puntu desatsegin bat,
baina akaso halakoa dela gure mendea ere,
eta seguruenik, gehitu zuen, gizakion mende guztiak.
Horregatik, niri ere, Idurre Eskisabeli bezala,
lasaigarria suertatzen zait ozeanoaren
hondo ilunenetako zefalopodo ia kanbrikoen
migrazio bigunak irudikatzea.
Tarteka nik ere sentitzen dut
berandu heldu naizela neure mendera.
No ideas but in things.
Gauzez bakarrik fio naizelako izango da.
No ideas but in things.
Behin eta berriz nator
William Carlos Williams poetaren hitzetara:
ideiarik ez, ez bada gauzetan.
Erandion nago, ni ere Coca-Cola bat
edaten ari naiz, eta 2017. urtea da,
itxitako fabrikak begiratzen ditut leihotik,
eta ibaiertzean geldi jarraitzen duten
garabiak ere bai,
eta horregatik esaten dut hemen jada
amaitua dela gauzen erreinua.
Gauzek utzitako oihartzunen artean nabil
haztamuka ez dakit oso ongi zeren bila.
Beņat Sarasolak bere poemetako batean dio
jadanik ez duela ikusten kerik tximinietan,
edo ez dela gai egungo tximinietatik
ateratzen den kea ikusteko,
eta ni ere ez naiz gai.
No ideas but in things.
Gauzez inguratuta bizi naiz ni neu ere,
gauzak eta gauzak, eta zer gauzaz?,
fosilen gainean bezala gabiltza gauzen gainean,
ematen du geure buruentzako diseinuzko
sarkofago bat eraiki nahian gabiltzala
hainbeste gauzarekin,
eta orain gogoratzen dut hortzak nola joaten ziren
pixkanaka-pixkanaka desegiten
eta azkenean erabat desagertzen
Coca-Colaz betetako edalontzietan.
Sentitzen dut desagerpen zehatz
hari buruz ari naizela orain ere.
Hortz horrek iragarri zidan XXI. mendea
gure haurtzaroko sukaldea gobernatzen
zuen formikazko mahai gainetik.
Ez nintzen ikusteko gai izan orduan,
eta orain ere apenas naizen kapaza.
Horregatik begiratzen diet gauzei
haietaz mozkortzeraino.
Gauzen artean bizi naiz ni ere,
eta kasik pentsaezina behar luke horrek,
bizitzak esan nahi dut, hainbeste gauzaren artean,
eta akaso bada pentsaezina, baina, halere,
ezin naiz gauzen kontra egon.
Ez naiz Coca-Colaren ideiaz fio,
ni Coca-Colaz fio naiz soilik,
Coca-Cola enpresak azpikontratatutako
markarik gabeko benetako fabrika bateko
benetako langileen benetako eskuak
benetan okertuz benetan findutako lataren
benetako leuntasunaz bakarrik fio naiz,
une honetan gai naiz leuntasun horretan
mende honek sortuko dituen munstro guztien
sabelalde otzana laztantzeko.
Maiz sentitzen dut nire poemetan ez dakidala
ukitzen dudanaz harago joaten,
baina ez al zituen ba gure amonak ere Arrasateko
Cerrajeran giltzarrapoak kontabilizatzen,
giltzarrapoak eta giltzarrapoak, eta giltzarrapo
gehiago bata bestearen gainean pilatzen,
bere aita fusilatudun frankismo beteko
etxeko harriduran, hainbeste eta hainbeste
giltzarrapo, sinetsi ezinik nork izan zitzakeen
etxean hainbeste gauza gordetzeko,
bada harridura horrekin berarekin mintzo naiz
ni orain inguratzen nauen guztiaz.
Ez naiz fio Coca-Colaren ideiaz.
Tontoa naizela esango dute akaso,
baina esan beharra dut:
Coca-Cola bat Coca-Cola bat da,
eta proklama bat da esaldia orain nire ezpainetan,
eta errepikatuko dut behar bestetan
munduko egiarik handiena bihurtuko den arte.
Ez light. Ez Zero. Ez sugar free. Ez ezer.
Coca-Cola lata soil bat.
Hortzak desegiten ditu haren xuxurla gaseosoak,
mende honek bere burua partikulatan
desegiten duen bezala,
eta orain edaten dut
mundu honen tristezia guztiarekin batera.
Coca-Cola zaporea dauka Coca-Colak
eta zapore horretan desegiten dut mundua.
Badakit Coca-Cola honek beste edozein lekutako
Coca-Cola guztien zapore bera duela,
eta munduko Coca-Cola guztiez ari naizela
nire Coca-Cola honetaz ari naizenean.
Baina nik hemen eta orain edaten dut:
2017a da eta Erandion nago.
Errepikatu beharra diot datu hori neure buruari,
mende honen labirintoan ez galtzeko,
eta errepikatzen dut:
2017a da eta Erandion nago.
Asteburuan izan den manifestazioaren afixak
ikusten ditut kaleko txoko guztietan oraindik.
Mobilizazioan 78.000 pertsona batu direla
dio egunkariak, eta ikusten ditut argazkietako
jende masa erraldoi horretan diluiturik guztiak.
XX. mendearen ikurtzat aipatzen ditu jende masa
desenfokatu horiek Asier Mendizabal artistak.
Baina berriz diot zein da XXI. mendearen ikurra?
Zoom in. Zoom in. Zoom in. Zoom in.
Manifestazioko jende masa elkarren arteko loturarik
ez duten indibiduo segida etengabe batean
desegiteko modua eskaintzen dit
azken belaunaldiko teknologiak,
eta ez dut aukera galtzen.
Begi niniak ikusteraino etxekotu dugu sumina.
Agian ez nuke jarraitu behar gauzak nahasten, baina
jarraitu behar dudala xuxurlatzen dit zerbaitek
oraindik ere, eta jarraitzen dut.
Sinetsita nago, diseinuak irentsitako sasoi honetan,
txatalka eta alanbrez lotutako mendiko
behin-behineko korten logika konstruktibo
hauskorra jarraitzea dela kontatu nahi dudana
kontatu ahal izateko daukadan
babesleku posible bakarra.
Adibidez.
XX. mendeko poeta zela esaten zuen
Sarajevoren setioa kantatu zuen Izet Sarajlic poetak,
eta, horren ondorioz, XXI. mendera iritsi zenean ere,
gehiketa modura datatuta bidaltzen zizkien
eskutitzak lagunei:
1999+1, 1999+2, 1999+3…
Nik ere errepikatu beharra dut, eta errepikatzen dut:
2017a da eta Erandion nago.
Behin blues abeslari bat ikusi nuen kantuan,
zaharra zen eta oso famatua eta gaixo zegoen,
eta bera zen halere musikari izarra,
bera gabe hasi zuen kontzertua taldeak,
eta berehala etortzekoa zela
esaten zuten musikariek,
berehala dator,
behin eta berriz, berehala dator,
baina bera ez zen etortzen,
eta bukaerako bi kantetarako soilik
igo zen agertokira, herrenka, zimurturik,
eta baita txalo artean ere.
Maiz egiten zuen eztul, eta oraindik ikusten dut
nola apartatzen zen mikrofonotik
eztul egin behar zuen aldiro,
eta nik orain sentitzen dut bere eztul hori
jaso eta mikrofonoari jaurtitzen diodala
bueltan mendeku ariketa difuso batean.
Izan ere, gertatu ere egin ez den mende oso bat
deskribatu nahi dut txakurrentzako
eta umeentzako mintzaira honekin.
Eztul egiten dut nik ere horregatik, eta zaunka,
eta ulu, eta guztia besarkatzen duten
uhin ikusezinen sarean desegiten
igartzen dut neure burua.
Bizilagunen mugimenduak ere igartzen ditut,
eta isilik agurtzen ditut banan-banan:
Heavya, Oinarina, Muskulatua eta Txinatarra.
Ulertezin zaien hizkuntza batean mintzo naiz
haiei buruz beren etxe atarietatik metro gutxira.
Gauzak konpartitzen ditugu.
Ur karbonatua, azukrea, E150d kolorantea,
E338 azidulantea eta aromak. Kafeina.
Hori dute gauzek: iraun egiten dute.
Milurtekoen hizkuntzan mintzo da gure zaborra.
Orain nik ez dut zerbait eternoa ukitu nahi,
ordea, hiltzen den zerbait ukitu nahi dut,
ukitzen dut, ukitzen naiz, Diego.
Aurrean dudan lata batean jartzen du Lucia,
eta aurrean dudan beste latan jartzen du Diego.
Zuek ere ez zarete inor,
baina badakit nazioarteko publizista talde handi batek
herrialdez herrialdekako izenik ohikoenen
zerrenda oinarri hartuta egindako kalkulu
matematiko zainduen emaitza ere bazaretela,
eta horregatik errespetatzen zaituztet.
Esan dut, oihartzun gudaroste batekin ari naiz borrokan.
Baina nik orain diot nire lagunak zaretela,
eta horregatik nire lagunak zarete,
zinez, Diego, Lucia.
Ze esan zuten masen mendea amaitu zela,
eta manifestazioko argazkiak ikusten ditut.
Esan zuten gizonen sasoia amaitu zela,
eta gizonez beteta jarraitzen du denak.
Esan zuten historia amaitu zela,
eta historia ikusten dut setati, kripto-finantzen
zenbakizko ur jauzi horien arteko
zirrikituetako bakoitzetik irristan.
Eta horregatik esan behar dut, niri dagokidanez,
amaitu direla amaierak,
baina XX. mendearen genetikaren arrastoekin
jaio da XXI. mendea, eta ezin dut neure burua
erabat libratu inguratzen nauten milaka pantailek
elikatzen dizkidaten bisio post-apokaliptikoez.
Lekukorik gabe mara-mara doaz elurrez estaltzen
jadanik inork zeharkatzen ez dituen
irudimen kolektiboko autobide erdi suntsituak.
Diego eta Lucia, zuek zarete
nire mendeko Gilen eta Anton.
Ahoskatzen ditut zuen izenak orain,
eta igartzen dut geure baitan ezkutatzen den
ezerez horren laztanak nola betetzen didan ahoa.
Diego, Lucia, Diego, Lucia, Lucia, Diego, Lucia...
Herrialde ekoizleren bateko
benetako langileren batek benetako eskuak
benetan okertuz hartzailerik gabeko
eternitaterako txertatu ditu zuen izenak
lataren leuntasunean, eta prozesu horren
uneren batean interzeptatu zaituztet nik.
Hitzek badakite hilko garela, susmatzen zuen
Oteizak hori, baina akaso gauzak
oraindik ez dira enteratu.
Edo kontrara izango da agian:
beharbada, benetan, zuek zaretelako
ni interzeptatu nauzuenak.
No ideas, but in things.
William Carlos Williamsen hitzak dira,
eta nik eztul egiten dut, eta zaunka, eta ulu.
Aita izango naizela jakin berri dut,
eta bata bestearen gainean pilatzen
imajinatzen ditut partikula geldoak
nire maitearen umetoki haragitsuan,
existentziarantz itsu-itsuan igerian doan
aingira digital eder bat osatuz,
ikus dezaket haren itzala mugitzen
ospitaleko pantailen argilunen artean, eta
hunkitu egiten naute koderik gabeko bere dantzek.
Ez dakit ezer iragartzen didaten, baina badakit
instintu hutsez egiten dutela aurrera mende honen
desagerpenerako korronte orokorraren kontra,
eta bat-batean iruditzen zait bere suntsipena
ugaritasunez mozorrotzen kontzentraturik dagoen
mende honetako ospakizun nagusiaren erdian nagoela.
Jaiotza bat.
Gorputz txiki ahul odoldu bat
leku zehatz honetara oinazez eta esperantzaz sortzen.
“Zure ez den min batera esnatzen zara”. Sylvia Plath.
Izututa nago, Diego, Lucia.
Izututa nago, baina topa egiten dut halere,
neure maitearen umetokiko partikula
eta zelula itsaso nahasi horretan ikusten dudalako
gure mendeko inmentsitatearen fantasma,
eta unibertsoa zeharkatu duen astronautaren
itxaropen inozo eta garaiz kanpoko berberaz
agurtzen dudalako eskuaz.
Hemen gaudela adierazi nahi nioke jestu horrekin,
zainduko dugula denon artean, ez estutzeko,
eta badirela aski gauza eder,
guztiak jadanik izena jarrita dutenak,
elkarrekin izenda ditzakegunak, halere.
Baina oraindik ez dakigu nola deituko dugun ere,
baldin eta inoiz jaiotzera heltzen bada,
eta, bat-batean, jaioko dela jakiteak
bezainbeste beldurtzen nau pentsatzeak
akaso ez dela jaiotzera ere helduko.
Eta orain topa egiten dut beldur horiengatik,
jarraitu behar dudala sentitzen dudalako,
eta jarraitzen dudalako.
Apenas heltzen naizen ulertzera
inguruan gertatzen den ezer,
baina saiatzen naiz mende honen nondik norakoak
irakurtzen ekografiaren ilunpe zopa horretan,
eta badakit gu guztiok hil egingo garela,
eta zuek iraun egingo duzuela,
atzera sekula begiratu beharrik gabe
infiniturako prestatu zaituztetelako,
eta inoiz ez zaretelako izan etorkizuna
xuxurlatzen duten fantasma izen batzuk salbu,
eta halere, Diego, Lucia, egia da, maite zaituztet.