OPUS DEI
Desira eta errukia. Bitxia da biek
ukitzeko era antzekoa piztea.
John Berger
Sexuari uko egin dioten mutilek
orain errugbiaren lege bihurrietara
moldatzen dituzte beren gorputzak.
Nire hirian da, harresien ondoan.
Inork ikusten ez duen lehia bat
ari dira jokatzen. Airearen aurka
entseatzen dituzte blokeoak,
eta soilik beren ihesaldiez
marrazten dituzte aurkariak.
Barreiatzen dira belardian eta
gotortzen dira berriz baloi inguruan.
Errepikapenak egingo ditu perfektu;
gaur baldarrak dira eta zoriontsuak.
Besarkatuta agurtzen dute elkar
hurrengo entrenamendura arte
atzerriko epela dakarten azentuez
eta elkarren azaletan errekonozitzen dute
sakrifizio isil eta bakartiago bat.