POETEN JATORRIA
Historiaren apetez mintzo zaizkit
maite ditudan poeten jaioterriak.
Lviv, gaur egun Ukraina.
Adierazten didate
lurrak izen aldaketa bakoitzean
eskatu ohi duela bere odol zerga.
Strumica, gaur egun Ipar Mazedonia.
Laino artean paseatuak dira batzuk
judutarren hilerri bihurgunetsuetan
eta ikasia dute horrorearen hiztegia.
Praga, gaur egun Txekia.
Bidaia erdian inork galdetu die
ea hori al zen autobusa.
Haiek erantzun dute bai
baina esan nahi zuten ez dakit.
Bagdadi, gaur egun Georgia.
Pista bila irakurtzen ditut,
baina ezerk ez du iradokitzen
sasoi lasaiagoak etorriko direnik.
Trieste, gaur egun Italia.
Badakit Chopinen Nokturno-etan
bilatu dutela haiek aurrez
nik orain bilatzen dudana.
Szetejnie, gaur egun Lituania.
Baina hemen eguna da oraindik eta
leihotik datorren trafiko hotsarekin
nahasten utzi ditut orkestraren notak.