HARIA
Trenak harrapatu zuen emakumea
azkenean
hil egin dela dio egunkariak.
Egun batzuk joan dira istripuaz geroztik
eta harrigarria da
tragediaren kolpearen ondoren ere
nola ez den desagertzen
gorputza
eta nola gelditzen den hor
gertakarien eta historiaren
bazter batean bezala
atzera bere baitarantz biltzen.
Hala irauten du minak,
eta beldurtzen nau iraupen horrek
guztiongan igartzen dudalako
haren arrastoa.
Hatzekin laztanduz
jarraitu nahi nioke haria
jatorriaren mugetaraino
eta liluraz
zabaldu begiak
lehen itsasoaren ertzean
han zauria seinalatzeko
apenas
inorena izaten hasi ere
egin ez den bizitzan.