BUELTATZEA
(Herrira datoz bueltan, Ricardo Baroja,
1938, Bilboko Arte Ederren Museoa)
eta azkenean nolazpait
iritsi egiten da bat
eta fantasmen modura
zeharkatzen du dena
eta sukaldera sartzen da
—edo beharbada logela da?—
apartatzen ditu oinaz
zoruko harri koxkorrak
barrurago jarraitzeko
—ez al da joango kanporantz?—
eta negarrez sentitzen du
horma baten arrastoen kontra
bizilagun izandako andrea
kalean —ez da agian etxe bat?—
baina inork ez du ezagutzen
inoren manerarik inorengan
momentu hau osorik delako
zeruaren domeinukoa eta
gehiago izango ez diren
norbaiten itzal bilakaturik
datozelako herrira bueltan
—eta hori al da ba bueltatzea?—