Analfabetoa
Analfabetoa
2019, poesia
88 orrialde
978-84-17051-29-7
Azaleko irudia: Asier Mendizabal
Azalaren diseinua: Lander Muñagorri
Iñigo Astiz
1985, Iruñea
 
2024, narrazioa
2012, poesia
 

 

KRONOLOGIA

 

Jaio zenetik 59 urtera, aita hil zitzaionetik 32ra,

    eta amaren heriotzaz geroztik hamarrera,

“elikatzaile ofizial bat” instalatu zuen Milosz poetak

    bere gazteluko lorategian 1936an,

txoriek bertatik jan ahal izan zezaten.

 

Gerren, iraultzen, argitalpen daten eta

    senideen heriotza oharren artean,

datu hori aipatu nahi izan du antologoak

    oraindik ez dakit ongi zergatik.

 

Kronologiako daturik biziena da.

 

Aditz pasiboekin dator, esaterako,

    Lituaniaren independentzia adierazpena,

1918ko otsailaren 16 hartan ezerk

    ekintzarik eskatu izan ez balu bezala,

nahiz eta zehazten denez, egun hartan

    lituaniar hiritar bilakatu zen Milosz.

 

Konparazioan, hegaldiz populatua dirudi

    lorategiko edozein egun baketsuk.

 

Guk isilik begiratu dugu telebista lehen,

    beste hainbatetan ohi dugunez,

ezeri arreta berezirik jarri gabe, akaso,

    laztanen baten salbuespenarekin,

lagunen baten mezuei erantzunez.

 

Egun arteko egun bat gehiago.

 

Baina badakit, ikusia dudalako mina,

    une horiek faltako nituzkeela gehien

—ez dezala zoriak halakorik nahi— inoiz

    biotako bati ezer gertatuko balitzaio.

 

Jaio nintzenetik kasik 34 urte direnean,

    eta aurrera esan genuenetik ia bi urtera,

kontatzen ez duen egun zoriontsu bat joan da,

    Miloszen txorien kantuek apaindua.