HONDARRETAN
Ohartzerako ikasi genuen begiratzen
bortizkeriaren ñabardura ilunetan,
baina gurasoen sasoiak hiltzen dira
seme-alaben sasoietan aldiro
eta beti datoz esplikazio berriak
betikoa berriro ere berri ikusteko.
Gerrak ez dira sekula amaitzen
gerra bizi izan dutenen gorputzetan,
eta bagoaz ikasten bakea ere ez dela
fokua oker daukan erretratu bat baizik.
“Gas farolek erauzi zituzten izarrak
hiriko zerutik”. Walter Benjamin.
Gizaldi guztiak sentitzen dira
aldaketa handiren baten atarian,
eta gu ere ez ote gabiltzan halatsu
sasoi berrientzako hitzen bila,
katuak bezala eguzkitara ehizan
eroritako zibilizazioen hondarretan.