INIZIATUAK
Su-etena da
elurrak bailaran idazten duen mezua.
Garai batean
neguak ezinezko egiten zuen
ez heriotza,
baina bai eraginkortasuna,
eta eten egiten ziren gerrak
udaberrira arte.
Orain uda da
eta historia liburuetan soilik
jarraitzen dute
soldaduek
ilaratan pasatzen bailara honetatik.
Bost mende dira horretaz.
Izan dira gerra gehiago geroztik,
nahiz eta
ez duten denek gerra izendapenik izan,
eta ez da
apenas haien arrastorik geratzen lurrean.
Iniziatuek dakite oinazea irakurtzen.
Nekazariak
belarretan dabiltza lanean orain:
fardotan
biltzen dute zelaia bere baitarantz,
pleguz plegu,
hurrengo baterako
tolestutako mapa bat bailitzan.