GAUZEN IZENAK
(Paradisuko paisaia Jainkoarekin
Adami animalien izenak irakasten,
Jan Brueghel Zaharra, 1594,
Palazzo Doria-Pamphili, Erroma)
Lanbro gisako batean bildu ditu
marrazteko zailenak zaizkion piztiak
—enkarguak ez dira galtzekoak—,
baina zehatzak dira izaki guztiak
Brueghel Zaharraren koadroan:
paradisua irudikatu du.
Adam eta jainkoa bazterrean
detaile bat besterik ez dira, eta
koadroaren tituluari kasu egitera,
gauzek ezarri gabe dituzte izenak:
oraindik ihesi dabil edertasuna
giza gogoaren kaioletatik.
Otzana dirudi denak.
Baina pintoreak —berak badaki—
lehen lerroko lehoien bidez
gaztigatu nahi gaitu
nola dagoen mundua
hain sortu berri oraindik
eta jadanik hain zain
bere horrore guztiak
guganaino noiz hedatuko.