ESANAHIA
Bizi dugun sasoiari buruzko tratatu bat
idazten dute hiriko argiek zeru urrunean.
Gutxienak piztuko zituen sexuak, baina
fede moduko honi eusteko nahikoa zait
iluntasunean gorputzek beste gorputzak
haztamuka bilatzen dituztela gogoratzea.
Halako zerbait ikusiko zuten garai batean
konstelazioak deszifratu zituztenek, eta
kaosari tarteka gurdi itxura topatu arren
ez ziren sentituko gu orain baino ziurrago.
Xamurragoa behar luke elkar desio dutenek
gauez elkarren laztanak topatu ahal izatea,
baina ez dut uste utziko dietenik gure irritsei
sekula mundua oinazetik urrun gidatzen.
Lo ere hegan jarraitzen dute zenbait hegaztik
nahiz eta ilunean ezin diedan hegaldia irakurri;
bestela ere ez naiz gai zain ditugun zeinuetan
biharamun osoago baten zantzua bereizteko.
Oraingoz bare noa ikasten zu zarela ohe alboan
mintzo zaidan zure arnasaren esanahia.