PROMESA
(Mutikoak hondartzan, Joaquin Sorolla,
1910, Museo del Prado, Madril)
Pintura historikoei atondutako
aretoen izkina batetik
zeharka soilik ageri dira
hiru mutiko uda beteko hondartzan
eguzkitara biluzik etzanda,
zorion hutsezko irribarrez.
Urdinkara eta gorrizta da
euren mundua han.
Iraganik eta izurik gabe
aurrez aurre begiratzen diote itsasoari
eta nigan berritzen dute
sasoi lasaiagoen promesa,
artean urruna dirudien
beren argi puruko galeriatik.
Oraindik okela zakuak bezala
erortzen dira gorpuak hemen.
Fusilamenduei eta liburutegien
asperduran hildako erregeei
iskin eginez topatu behar du
haienganainoko bidea begiak,
epela eta erraza nahi lukeen
etorkizun baten egarriz.