Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Dorrea eta metrailadorea edo Freud praktikan

 

Bazen behin mutiko on bat.

Mutiko bertutetsu on horietako bat.

Haurra zenean, amak

ez zuen ukitu, Edipo

konplexurik ez sortzeko..

Aitak ez zuen ukitu

homosexuala

izan ez zedin gero.

Eskolan lagunek

ez zuten ukitu, ezta

berak lagunak ere,

inork ez zezan pentsa,

ezta beraiek ere,

homosexualak zirenik. Mutikoak

ez zuen bere burua ere ukitu

lohikeriaz ez zikintzeko.

Neskalagunekin, ukitzekotan

“petting to climax” eta

muxuekin bakarrik pozik, eskuak

gutxi erabilita (etxean

gero galtzontziloak erantzi hatz puntekin

eta dutxa hartzen zuen, ukitu gabe).

Neskalagun asko izan zuen. Egun batean

metrailadore bat erosi zuen,

kanoi luzeari punta koipetu,

eta dorre batera igo zen (gauez

kupula gorriz argiztaturik zuena)

unibertsitatean, ikasle

zintzoenetako bat zen, eta

hurrenez hurrengo balak eiakulatuz,

bi sexuetako zazpi pertsona hil zituen, eta hogeita hamar zauritu.

Poliziak bertatik bertara

tiroz hil egin behar izan zuen.

(Hemeretzi urte besterik ez zuenez,

esan ahal da asmatu egin zuela

kontuekin, lotsa izugarria

ematen zion amets hezeetan

isuritakoa kenduta).

Eta benetan ez zuen inoiz

inor ukitu, ezta inork bera ere. Zeren,

heriotzaren arrazoiak argi izanik,

ez baitzioten autopsia egin behar izan.

Garbitu eta prestatu zuen ehorztetxeko langileak,

hankarteaz ere arduratu ez zenak,

aurpegiera odolgabeari bizitasun pixka bat emate aldera

makillaje gorri apur bat jarri zion begitartean

eta karminak bizitu zizkion ezpainak.

 

1970 Urtarrila