Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Chopin — inbentario bat

 

Ia hirurogei mazurka; hogeita hamar estudio inguru;

bi dozena preludio; hogei bat nokturno;

hamabost bat bals; dozenatik gora “polonaise”;

“scherzo”, impromptu eta baladak, launa;

hiru sonata pianorako; eta bi kontzertu piano eta orkestrarako,

“berceuse” bat, barkarola bat, fantasia bat, tarantela bat eta abar,

gainera hamazazpi abesti inguru ahots eta pianorako; tuberkulosi hilgarri bat;

bakarlari talentu bat; arrakasta mundutar asko; pasio zorigaiztoko bat;

izen handiko emakume batekin harreman ospetsu bat; beste harreman asko;

muga segururik eta independentzia jakinik gabeko aberri bat;

Erromantizismoaren Europa frantsesa; famako gizon batzuekiko adiskidetasunak;

eta bizi, hogeita hemeretzi urte bakarrik. Beste batzuk gutxiago bizi ziren, gehiago idatzi,

erbestearen ogi klasikoki mikatza mikatzago jan, baztertuak

edo erasotuak izan ziren, abandonaturik hil, ez ziren logela

edo areto hotsandikotan ibili, hobekien menderatzen zuten instrumentuaz gutxiago fidatu ziren,

aberrigabekoagoak ere izan ziren existitzen ez zen aberriaz minduta.

Horretaz gain, bera ez bezala, ia guztiak libreago gelditu ziren aukera nardagarri hauek izatetik:

birjinen melodia, irenduen erritmo,

merkezurreko konplimendu, eskolagabeen larrimin,

eta arrunkeriaren beste hainbeste gauza erdipurdiko eta zikoitz. Edo

kontzertuetan zati ez-nagusi izatetik bakarlarientzat, musika gustatzen zaiela uste duten jendeentzako,

baina ez dute atsegin, jotzen dutenean. Horrez landa,

handinahi bat zen, pedante bat, ez zeukan aristokrazian sinetsita zegoena,

erreakzionario bat, Poloniako oligarkiak, koitaduak, eta beste batzuk,

askatuko zituzten iraultzen irrikaz. Eta hori guztia gutxi balitz,

jendea hasi da mesfidati pentsatzen erromantikoa ere ez zela,

ez behintzat berak antzeztu edo sinetsarazi nahi zuen moduan.

Musika ontzeko arte bat, poema bat idazten den bezala,

makaltasunaren mozorroarekin dabilen indarra, egitura estaltzen duen

inprobisazio aire bat, ironia melodikoaren gainetik

malenkonia harmoniatsu bat (edo alderantziz), erritmoen magia

pentsamendua estaltzeko erabilia — eta hainbeste estali zuen,

non oraindik jenio astakilotzat jotzen duten pentsamendua hatzetan zeukan gizon hau,

bere burua sortu ahal izateko, sentimenduaren edo forma askeen maskara

erabiltzeko ausardia izan zuena. Hain trebea bere sukaldean non zerbitzatu ahal den

epel, saudadearen eta larriminaren orduetan,

bero, bizitza arrakastatsuaren okasio handienetan,

eta hotz, musikak bakarrik hitz egingo duenean

munduan pianoa eta ezer ez gehiago izatearen etsipen hutsalez.

 

Madison, 1966/12/19