Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Monasterio-bizitzaren laudorioa

 

Behinola, pertsona bat mundutik baztertzen zen,

hil-jantzia hartu bizirik zegoela eta fraide egin,

bizitzak dena eman eta hilzoria zetorkiolako

edo bizitzaren aurka borrokatzeari uzten ziolako inoiz ez baitzen ezer etorri

(ezta hilzoriaren formaz ere gauzak errazte aldera).

Gero, gogoak zerbaitez arduratu beharra duenez,

pertsona bere arima salbatzen saiatzen zen,

gorputza zigortu eta heriotzarako prestatu

(istripu bat, jaio izanaren zori hutsez

pertsona batek, baliabiderik gabeko garai hartan,

beti prestatuta, bizirik egoteagatik zeukana).

Erretiro errespetagarria zen, begirunez ikusita,

bakardadea nolabait betetzen zuena,

jendeak eta amodioak bizitza bete ez zuten moduan.

Bakarrik egotea, baina giza beroak inguratuta,

elkarbizitzak berez dakarren

desabantaila eta deserosotasunik gabe,

sentimenduetatik gehiegi zentzumenetara gutxiegi,

edo, egoera negargarria, maite dugunak nahi genukeen bezala

usaintzen ez duenean: arrosa eta sexuaren arteko nahasketa bat,

amodioak nola usaintzen duen apur bat irudikatuz

 

Gaur, ez dago mundu gehiagorik

norbait bertatik baztertu ahal izateko.

Mundua gugandik baztertu da. Eta bakardadea

monasterio erraldoia da non,

kalean, garraio publikoetan, ohean,

ondokoei begiratzen diegun

karmeldar oinutsek erakusten zuten sineste sendo berberaz

klaustroan topatu eta elkar agurtzen zutenean esanez

hil beharra zegoela.

Minean, alaitasunean, atseginean, guztian,

fraide laikoak bezalakoak gara, eta heriotza

edozein modu ergeletan datorkigu gatzgabe.

Eta gure izu begirada ez da ustekabean

harrapatu dutenarena arima salbatua izan baino lehenago,

arima salbu baitago mundua gugandik

erretiratu zenetik. Funtzionario publikoaren izu begirada da

dakienean, erretiro urteak kontatzen dizkiotelarik,

ez dela inoiz ordainketa orrietan egon,

ezta funtzionarioen kidegoan erroldaturik ere,

ez eta langabezi bulegoetako

zerrendetan ere. Ez dute

hilzoria izateko eskubiderik ere,

sentitzen dena oraindik ere aspaldian

sentitzen zen bezala eta dena justifikatzen zuena:

bi gauzaren artean erabakitzeko plazera:

joatea ala geratzea, egotea ala alde egitea,

 

edo jokatu eta galtzeko arima bat edukitzea.

 

1965/9/26