Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Chartres edo bakeak egiten Europarekin

 

Chartres-en, oi Péguy, bakeak egin ditut

Europarekin. Zapuztuta ez,

baina nekatuta nengoen. Lehendabizi

bazkaria plazako hotel txiki batean,

luxuzkorik ez, eta hala ere,

igande burgesean familiak

“déjeunant en ville”, hain “vieille France”,

zerbitzariak pozik haien lan onarekin,

jendea pozik horrela bazkaltzeaz, denboraz,

gustura, atseginez, dotoreziaz. Réserve

Couronnée-k, edo eguerdi oparo eta distiragabeak

malkoak isurtzeraino hunkitu naute.

Agure-xahartzen ari naiz, “tout doucement”.

 

Gero, Andre Maria, Chartres, Erdi Aroa,

eta ariman saudade honen bakea,

eta mundu honek zabarkeriari

aurre egin behar dion ziurtasuna — eta aurre egingo dio —

eta astakirtenei, arrunkeriari, jendilajeari, guztiari,

“veau flambé”k bezala, loriazko beirateek bezala,

Beauce-ren gainean tente dagoen gezi honek bezala,

Nôtre-Dameko irudi arra

soro amaigabeen erdian,

menderen mendetan zapalduak

harik eta plano horizontal bihurtu arte non,

maiestatearen atariak, fedearen konkrezioa,

gure gizateria harri den natura formagabera

itzulerarik gabe. Ama Jainkosa

kriptaren barruan

beirazko igoera dardarti hau bilakatzen den bezala,

kolorezko, argiak piztu baina igaro ez duena.

 

Hemen aurkitu zaitut, Europa, ene lurra,

horrela aurkitu dut gure gizateria, zeharrargi

eta, zutabe ilunetan, hain harrizko.

 

Chartres, 1968/11/10